LEKUAK“Ona litzateke hiriko eragileen artean lotura estuagoa izatea”

“Ona litzateke hiriko eragileen artean lotura estuagoa izatea”

Javier Alcorta 'Txortas'-ekin hitz egin dugu, Gasteizko Eszena-Arte Tailerrari buruz, antzerki-irakaskuntzaren zentro aitzindaria Euskadin.

Ikasle batzuk TAEko eskoletan./Endika Portillo

Duela lau hamarkada baino gehiago hasi zen Gasteizen Antzerki Eskolaren formakuntza-lana. Denok Kooperatiba izan zen duela hogeita hamar urte baino gehiagotik Porpol Teatro konpainia gidatzen duen irakaskuntza eszenikoaren hasierako bultzatzailea, Eszena-arte Tailerra (TAE) izenpean.

25 pertsona hasi ziren Denok elkarteak bultzatutako lehen ikastaro hartan, eta gaur egun ia 300 pertsona joaten dira astero TAE-ra jolastera, ikastera eta sortzera. Ikastaroen artean helduen, gazteen, haurren eta haurtxoen taldeak daude.

Go Gasteiz Kulturak Javier Alcorta ‘Txortas’-ekin hitz egin du TAEren jaiotzaz eta bilakaeraz.

Javier Alcorta ‘Txortas’ eskolako sarreran./Endika Portillo

Gasteizko antzerki eskolak, orain TAE denak, 40 urtetik gorako ibilbidea du. Nolakoa zen eskola hura hasieran?

Eskola Gasteizen ezarri zen Denok antzerki kooperatiba iritsi zenean. Antzerki proiektu oso handia zen, konpainiak ikuskizunak ekoizten zituen eta Espainia osoan zehar biratzen zuen. Oso jende trebea zuen barruan, kudeaketa-gaitasun handikoa, ekoizpenetik hasi eta ikastetxeekin lan egiten zuen lan-talde bateraino. Gasteizko antzerki programazio osoaz eta Nazioarteko Antzerki Jaialdiaz ere arduratzen ziren. Magma horren barruan Antzerki Eskola zegoen. Eskolak gaur Legebiltzarra den horretan ematen hasi ziren, eta gero Ajuria Eneako lorategietan. Lehendakaritzaren egoitza bihurtu zenean, konpainia Errege Katolikoen kaleko lokal honetara iritsi zen.

Eskolan ikasle gisa hasi zinen. Nolakoak ziren eskolak? Zer ikasten zen garai hartan?

78an hasi nintzen ikasle gisa, eta irakasgaiak gaur egun ematen diren berberak ziren gutxi gorabehera. Lan pedagogikoan funtsezko bi alderdi daude: batetik, aktoreak bere gorputza eta ahotsa beste lan-tresnarik ez duela, eta, bestetik, guretzat antzerkia jolasa dela, agertokian gertatzen den ezer ez dela egia. Gorputza, gorputz-adierazpena, ahotsa eta interpretazioa lantzen genituen eta lantzen jarraitzen dugu.

Zer bilakaera izan du eskolak urte hauetan guztietan?

1984an Denok desegin zen eta Porpol Teatro sortu genuen. 1986tik kudeatzen dugu eskola, urteroko deialdi publikoekin. Urte hauetan guztietan une ahaztezinak izan dira, Fernando Arrabal edo José Luis Gómez hitzaldiak ematera ekarri genituenean bezala. Performance ikastaro bat ere antolatu genuen Marcel·lí Antúnezekin. Dirua zegoen, jarduera oso potenteak antola genitzakeen eta leku guztiak betetzen ziren. Pixkanaka aurrekontuak izoztu egin ziren, gero jaitsi eta 2012an %40a murriztu ziguten; kolpe latza  izan zen. Gaur egun ez gara 2009ko zenbakietara iristen.

Eskolak 3 urtetik aurrerako haurrei eskaintzen dizkie klaseak./Endika Portillo

Gaur egun, zein ikastaro ematen dituzue eta nori zuzenduta daude eskolak?

Helduentzako, gazteentzako, haurrentzako eta haurtxoentzako ikastaroak eskaintzen ditugu. Txikienen kasuan, prestakuntza hiru adin-tartetan banatzen da, 3 eta 5, 6 eta 10, eta 11 eta 14 urte bitarteko taldeekin. Ikasle gazteek 15 eta 18 urte bitarteko neska eta mutilentzako antzerki taldeetan sar daitezke edo Antzerki Musikalean izena eman.

Eszenaren mundua ezagutu eta praktikatu nahi duten helduek Aktoreen Prestakuntzako ikastaroaren bidez egin dezakete, antzerki-teknika eta sail guztiak ezagutuz; edo hurbilketa arinago bati esker, Antzerki Hastapeneko ikastaroaren bidez, kasu honetan. Antzerki Musikalean ere treba daitezke, eta kantua eta dantza dira ikaskuntzaren osagai nagusiak. Noizean behin monografikoak ekartzen ditugu, unean uneko irakasleekin.

Zuen lan-tresnetako bat gorputza da. Zein harreman dute pertsonak bere gorputzarekin? Zer da, egiten duzuen lanean, konplexuena?

Oro har, ez gara jabetzen gorputzak dituen gaitasunez, ez eta nola erabiltzen dugun ere. Hala ere, guk ez dugu ezagutzak eskuratzeko prozesu baten bidez irakasten, ez dago metodorik, ikasle bakoitzaren lan pertsonala da. Irakaslegoaren lana da pertsona bakoitzaren esperientzia erraztea eta bakoitzak bere esperientziatik abiatuta ondorioak ateratzea. Prozesuak oso hunkigarriak dira.

Antzerkian adiskidetasuna eta talde-lana lantzen dira, sormena garatzen da eta irudimena sustatzen da

Zer gaitasun lantzen dira antzerkiaren bidez?

Amaigabeak dira. Haur eta gazteekin konturatu gara antzerkiak guk inoiz landu ez dugun alderdi terapeutiko bat dauela. Gainera, adiskidetasuna eta talde-lana lantzen dira, energia bideratzen da, sormena garatzen da eta irudimena sustatzen da.

Helduek beren bizitzarako balio dieten tresnak aurkitzen dituzte, antzerki-jarduerarekin zerikusirik ez dutenak; irakasleentzako ahots-lanetik hasita, Hezkuntzara eraman daitezkeen estrategietaraino. Gure izatearekin, jokabidearekin, mugekin, beldurrarekin eta aurreiritziekin zerikusia duten elementu ugari lantzen dira.

Eskolako banbalinak./ Endika Portillo

Nola lantzen da hori guztia? Zein dira haur, gazte eta helduentzako eskolen arteko aldeak?

Antzerkia guztiontzako jolasa da, baina eskolak adin bakoitzera egokitu behar dira. Jolasei modu desberdinetan heltzen zaie eta exijentzia-maila desberdina da talde bakoitzean.

40 urte hauetan, eskolak eboluzionatu egin du. Ikasleek ere egin al dute?

Ikasleak aldatu egin dira, baina hiria ere bai. Gaur egun, lan-espektatibarik ez dagoela ikusten ari gara. Gasteiz Bilbokoaren alderantzizko prozesua bizitzen ari da, gaur egun arte eta kultura borborka ari baita bertan; Pabellón 6 dago, ederki funtzionatzen duena, edo Arriaga, tokiko jendearen eta tokiko ekoizpenen aldeko apustua egiten ari dena, bitarteko askorekin. Harrobia, BBK eta beste hainbat kultur talde eta ekimen ere badaude. Inbidia handia ematen dit, duela urte asko galdu zen aukera delako. Hala eta guztiz ere, Gasteizen jende asko dago gauzak egiten, baina biltzeko gaitasun hori falta da, apustu indartsu baten falta sumatzen dut, bat-batean norbaitek esatea: nik aktore izan nahi dut, eta ez dut Madrilera joan beharrik izango.

Nola definituko zenuke antzerki-formakuntza Araban eta Euskadin? Zenbat espazio daude irakaskuntza arauturako?

Dantzerti bakarrik dago, ez dago besterik, eta arazo bat da. Objektiboki ez dago arrazoirik TAE erdi-mailako hezkuntzatzat ez jotzeko. Jose Uruñuela Kontserbatorioak erdi-mailako hezkuntza maila jaso zuenean norbaitek pentsatu izan balu antzerki eskolak ere merezi zuela apustu hori, agian gauzak aldatu egingo ziren. Luis Aranbururekin gertatzen den bezala, kontserbatorio bat izateagatik bakarrik izugarrizko eskaria dute, eskola batek duena baino askoz handiagoa.

Ikasle batzuk TAEko eskoletan./Endika Portillo

TAE-n ere eman dituzue antzerki-eskolak ikastetxeetan. Zuen ustez, arteek presentzia nahikoa dute ikasgeletan? Zer uste duzue egin daitekeela hori hobetzeko?

Egoerak okerrera egin zuenean, gure irakasleen soldatak jaitsi behar izan ziren, eta haiei lan gehiago bilatzeko eta ordu gehiago emateko konpromisoa hartu genuen. Ikastetxeetan eskolaz kanpoko hezkuntzaren aldeko apustua egin genuen, eta talde pila bat izatera iritsi ginen. Baina oso desberdina da arte eszenikoen lana zentro batzuetan eta besteetan. Iruditzen zitzaigun ikastetxe batzuetan antzerkia haurrak kontrolpean izateko bakarrik eskaintzen zutela; beste ikastetxe batzuetan, berriz, gurekin zebiltzan buru-belarri. Baina, bat-batean, kirol-jarduerak jorratzen zituzten enpresak antzerkia eskaintzen hasi ziren, guk egiten genuenaren erdi prezioan, eta intrusio horren ondorioz lana erori zitzaigun.

Tokiko politika publikoei dagokienez, zuen ustez, zeintzuk dira jorratu beharreko premiazko gaiak?

Oro har, kulturaren esparruari nola begiratzen zaion aldatu behar da. Alde batera utz daitekeen gauza hori izateari utzi behar diogu, irudia saldu behar denean horretara jotzen baita. Apustua egin egiten da, ala ez da egiten. Aldundiak egiturazko gastuetarako, inbertsioetarako eta proiektuetan berrikuntzarako laguntza-ildo bat onartu du duela gutxi, hiri honetan inoiz egin ez den apustu ekonomikoa. Udalean ez da horrelakorik gertatzen, kulturaren ekonomia suspertzeko estrategiei dagokionez,. Ekonomia suspertzeko programa baten barruan sartu beharreko sektoretzat hartzea kultura pentsaezina da hiri honetan. Perspektiba aldaketa hori da falta dena. Izan ere, norbaiti axola zaio kulturak ekartzen duena edo kulturak dakartzan lanpostuak?

Zuen beste lan-arloetako bat publikoak garatzea da. Zer estrategia erabiltzen duzue horretarako? Lankidetzan ari zarete hiriko beste eragile batzuekin?

Ona litzateke hartu-eman gehiago izatea. Guztiok dugu gurea babesteko joera, eta beste batzuekin elkarlanean arituz gero, badirudi haien lana errazten ari garela eta gure kaltetzen. Hori oso negatiboa da eta denok erortzen gara pentsamendu horretan. Gure kasuan, TAE-ra etortzen den jendearen esperientzia aberasteko eta ikasleek antzerkia ikus dezaten errazteko, Principal Antzokiarekin elkarlanean aritzen gara. Gainera, funtzio baten aurretik aktore edo zuzendari batekin topaketa bat antolatzeko aukera baldin badago, egin egiten dugu, baina zaila izaten da. 2020 honetan Principal Antzokiko ikuskizunetarako 500 sarrera baino gehiago erosi ditugu. Uste dut hori estrapolatu egin daitekeela eta beste jarduera batzuekin ere egin daitekeela.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar