BERRIAK"Itzultzailea gortinaren atzekaldean dagoena da, eta hor egon behar du"

“Itzultzailea gortinaren atzekaldean dagoena da, eta hor egon behar du”

Gerardo Markuleta poeta eta itzultzailea da. Cortázarrekin hasi zen bidaia profesional honetan, hainbat itzulpen literario egin ditu euskarara.

Argazkia: Jon Usual

Oñatiar gasteiztartua, poeta eta itzultzailea. Lau hitz behar izan ditu Gerardo Markuleta Gutiérrezek bere burua aurkezteko.

Aita euskalduna eta ama erdalduna, 5-7 urterekin euskara galdu ondoren, 18-20 urte zituela berreskuratu zuen, eta euskaraz moldatzen zela ikusi zuenean, aitaren hizkuntza berreskuratu eta literatura euskaraz egiten hasi zen. Eta gaur arte, non euskarazko liburuak gaztelaniara itzultzen dituen bakarrenetakoa den.

Itzultzaile lanetan, Julio Cortázarren Oktaedroa (Ibaizabal, 1992) itzultzeko aukera suertatu zitzaion Literatura Unibertsala Bildumako itzulpen-lehiaketan hautatua izan zenean, eta geroztik, gazte zein heldu, dozenaka libururen itzultzaile gisa aurki dezakegu Markuleta abizena.

Literatur itzulpen ugari egin du frantses, katalan, galego eta gaztelaniatik euskarara. Eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) Zuzendaritza Batzordean izan da baita ere, kolaboratzaile gisa, ikastaroak antolatzen eta, hasiera batean, Literatura Unibertsaleko lanak aukeratzen zituen batzordean parte hartuz.

Itzulpengintzan lehen urratsak.  Zer ikasi zenuen gaur egun zure lanbidea den itzulpengintza literarioan aritzeko?

Hispaniar Filologia ikasi nuen lehenengo eta gero Euskal Filologia. Itzulpengintzari buruzko berezko ikasketarik ez daukat. Adin bat badaukat eta nire garaian ez zegoen orain dagoen Itzulpengintza eta Interpretazio Gradua.  Gure garaian lizentziatura zen eta bazegoen Granadan adibidez, baina euskerarik ez, noski. Ikastaroak jaso izan ditut, eman ere bai. Baina azkenean praktika da irakasten dizuna, eta praktikarako ez dago eskolarik. Gainera, hemen gazteak Itzulpengintza eta Interpretazio Gradutik ateratzen dira, ezer aldatu ez bada, literatura ikasi gabe. Asko harritzen nau horrek. Lan-aukerarik handiena ez den arren, lana egon badago, eta lanbideari beste esanahi bat eman nahi badiogu, graduan bertan hasi beharko litzateke literatura irakatsiz eta labindeari, itzulpengintza literariori, beste kolore eta gustu bat emanez. Hala ere, baten batek literatur zaletasuna badu, Literatura Unibertsala elkarteak, EIZIEk, argitaratzen duen SENEZ izeneko aldizkaria lanbidea ezagutzeko eta ikasteko oso bide ona da, bertan formakuntzarako aukera desberdinak eta artikulu oso interesgarriak aurkitu ditzakezu.

Noiz eta nola heldu zitzaizun lehenengo enkargua?

Lan guztietan gertatzen da, ikasketetatik ateratzen zara eta arlo espezializatu batean sartu nahi duzu, baina oso zaila da hori. Hasieran, nire poemak euskaratzen hasi nintzen. Hori izan zen nire lehenengo praktika, hain zuzen ere. Hala ere, zorte handia eduki nuen nik, Literatura Unibertsaleko lehiaketara aurkeztu nintzelako, eta hori bilakatu zen nire lehenengo itzulpen lana. EIZIEk, sustatzen duen itzulpen bilduma da Literatura Unibertsala. Bildumarako itzulpenak lehiaketa publiko baten bidez hautatzen dira, non itzuli beharreko lagina Elkarteak proposatuko itzulgaia den. Nik Julio Cortázarren ipuin bat euskaratu nuen. Honen lagina aurkeztu eta epai-mahaiak laginik onena saritzen du, liburu osoa itzultzeko enkarguarekin. Eta hala lortu nuen nire lehenengo enkargu profesionala. Itzulpen-lehiaketa honetan edonork parte har dezake. Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak, ez dute esperientziarik edo curriculumik eskatzen. Baldintza bakarra, lagin on bat aurkeztea da. Beraz, atea da askorentzat. Baina konfidantza izan behar da norberarengan. Agian 6 hilabete ematen dizkizute lagina prestatzeko eta, jende andana aurkezten ez den arren, zure lagina aukeratua izateko oso fin itzulita egon behar da.

Argazkia: Jon Usual

Konfidantza bai, baina zenbait ezagutza ere bai, edonor ezin daiteke itzulpengintza literaioan aritu, baditu bere xehetasunak. Itzulpen on bat egiteko, zer ezagutza izan behar dituzu?

Hori garrantzitsua da bai. Egilearen beste lanen bat ezagutzea, egileak bizi izan zuen giro soziopolitikoa, hizkuntza horrek daukan bilakabidea…Baina hau guztia ideala da, gero enkargua ailegatzen zaizunean 4-6 hilabete dauzkazu, urtebete kasu onenean, itzulpena egiteko. Ezagutza hori aurretik badaukazu oso ondo, baina bestela zaila da. Eta gaur egun eskuragarri daukazu informazio mordoa, baina lehen ez zegoen halakorik. Baina nik horri baino garrantzi gehiago ematen diot hizkuntzaren ezagutzari eta zeure hizkuntzan, hau da, helburu hizkuntzan daukazun senari. Bietan da oso garrantsitzua, jatorrizko testuak esaten duen guztia jasotzeko eta zeure hizkuntzara ekartzeko gai izan behar zara. Eta zeurera ekartzeko literatura sentsibilitatea eta hizkuntzarekiko zera hori, kariño hori, izan behar duzu. Hori bai dela ezinbestekoa. Jatorrizko hizkuntza erabat menperatzea baino, garrantzitsuagoa iruditzen zait helburu hizkuntza ezagutzea.

Itzultzaile literario on bat izateko idazlea izan behar zara?

Galdera ona da, baina ez dago erabateko erantzuna. Badirudi ezetz. Badaude, narratiban batez ere, sortzaile ez izanik, edo behintzat ageriko sortzaile ez izanik, itzultzen dutenak, egoki eta egoki baino hobeto. Egon badago, baina oso zaila da ondo egitea. Hala eta guztiz ere, irakurle amorratua izan behar duzu. Ez badaukazu berezkoa, jasoa behar duzu leku askotatik. Alde batetik, itzulpenarekin jartzen zarenean zugan konfidantza izateko, lan hori egiteko gai zarela sinisteko eta, bestetik, lanari ekiteko eta zure lana duina dela pentsatzeko. Irakurketatik hasten da itzulpena beti. Eta idazketan amaitzen da.

Eta poesia itzultzeko, poeta?

Poesiarena konplexuagoa da. Nik uste dut poeta ez den poesia itzultzaile oso gutxi dagoela. Narratiba behintzat ordaindu egiten da, baina poesia normalean musutruk egiten da, ez bada itzulpen instituzionala edo sariketaren bat. Oro har blog baterako, aldizkari baterako edo adiskide batentzako itzultzen da poesia, eta hori ez dago ordainduta. Poesia bazterrekoa kontua da. Zerua da, baina zerua bazterrean dago.

Zein hizkuntza itzultzen dituzu zuk?

Euskaldunok azken mendeetan irakur ohi ditugun hizkuntzak itzultzen ditut nik: euskara, frantsesa eta gaztelania, eta gero, katalana, galegoa eta asturiarra. Euskaratik gaztelaniara egiten dut asko eta hori oso jende gutxik egiten du. Normalean argitaletxeek zuk kanpoko lanak euskaratzea da nahi dutena, baina kontrakoa egiten da ere. Frantsesetik gaztelaniara egin ditut itzulpenak baita ere. Frantsesa institutuan eta fakultatean ikasi nuen eta aurrerago bertan, Frantzian, pasa izan ditut bolada batzuk, benetako erabilera egin ahal izateko eta ezagutzeko. Katalanarekin ez dut hori egin, adibidez. Jende asko ezagutzen dut, eta giroa, baina ez daukat halako kultura katalanaren ezagutza izugarria.

Atzerriko hizkuntza bat menperatzen duen pertsona bat itzulpengintzan aritu daitekeela pentsatzen duzu?

Hizkuntza bat aipatu duzu, baina gero beste bat behar da, ezta? (Barre artean) Bat behintzat ama hizkuntza izan behar da, edo ama hizkuntzaren mailakoa. Eta hori oso zaila da. Eta gero, menperatu hitza definitu beharko genuke. Gauza bat da eguneroko bitzitzan menperatzea, hau da, dendan, taberna baten edo medikuarekin aritzeko, eta beste kontu bat da testu zuzen eta erakargarri bat idazteko gai izatea. Sentsibilitate apur bat behar da horretarako, ez bakarrik itzulpenerako, idazterako orduan ere bai. Izan ere, oso komunikazio modu berezia da idatzizkoa eta itzultzaile batek hizkuntza menperatzen duen pertsona batek baino zerbait gehiago behar du. Ez da nahikoa hizkuntza menperatzea.

Argazkia: Jon Usual

Itzultzailea eragile literarioa al da? Berak bilatzen al du zer obra itzuli eta argitaletxeari aurkezten dio? Gertatu al zaizu hori?

Egia esan, oso gutxitan. Esango nuke euskal literaturaren kasuren bat ezagutzen dudala baina ez gehiegi. Uste dut hori gertatzen dela esku artean dituzun hizkuntzak exotiko xamarrak direnean. Esaterako, Espainia mailan literatura nordikoaz dakiten lau katu ezagutzen dut, eta horietako bat bazara, orduan bai, baliteke zuk zeuk hemen funtziona dezakeen eleberri batekin editorearengana jotzea, eta honek zugan konfidantza edukitzea itzulpena aurrera joateko. Baina normalean enkarguak dira. Editoreak jotzen du zuregana eta zuk lana hartuz gero, aurrera doa.

Zure ustez, itzultzailearen izenak eta lanak entzute handiagoa izan beharko luke?

Itzultzailea gortinaren atzekaldean dagoena da, eta hor egon behar du. Normala da batzuk bereziki nabarmentzea eta ezagunak izatea, Francisco J.Uriz adibidez. Badakizu tipo horrek itzulitako liburu bat erosteak merezi duela, kalitate berezi bat emango dio eta. Baina itzultzailea bigarren mailan dago, jatorrizko testurik gabe ez dago zer itzultzerik. Eta itzultzailea ez dabil horren bila, ez dabil ospearen bila. Lan baldintza duin batzuen bila ari da. Eta hori lortzeko irakurleek ere badaukate zer egin, hasteko itzultzailea nor den irakurtzea. Baina gehien bat editoreen eta argitaletxeen ardura da, haiek dira itzultzaileoi lan baldintza duinak eskaini behar dizkigutenak, gure lanbidea benetako lanpostu bihur dadin eta bertatik bizi ahal izan dadin.

Argazkia: Jon Usual

Zein itzulpenekin gozatu duzu gehien? Esan badaiteke, noski.

Bai, bai, esan daiteke. Eta, harro. Ángel Gonzálezen Antologia (SUSA Literatura, 2016). Oso kritika ona jaso zuen, bat, bakarra, baina oso ona, euskal literaturentzako oso garrantzitsua. Itzulpen hori nik proposatu nuen gainera. Poeta bat aukeratzea proposatu zidaten eta nik, dudarik gabe, Ángel González esan nuen. Oso poeta kuttuna da niretzat, eta nik idazten dudanarekin zerikusi handia du, soziala eta politikoa neurri batean, eta maitasunaz benetan aritzen dena. Eta Cortázarrekin hasi nintzen. Cortázar ere oso berezia izan zen.

Badago egileren baten testua itzuli nahiko zenukeena? Idatzita dagoena edo idaztear dagoena.

José Agustín Goytisoloren Antologia, bai, bere zalea naiz. Eta Xuan Belloren hurrengo poema, bihotzeko laguna da. Egilea hurbilekoa izateak eta bere zalea izateak, itzulpen-lan berezia bihurtzen du horrek, noski.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar