Otazako bidean kokatua, Ozaetako auzotarrek duela 60 urte baino gehiago, urtegiko urak estali arte Garaio herrira heltzeko zeharkatzen zuten igarobidea berau, Erdi Aroko etxe bat ikus daiteke. Bananondo handiak etxe-aurrea estaltzen badu ere, goikaldean dorrearen estalkia agerian da. Amaia Gabilondo eta Julia López, Garaion Sorginguneko egungo kudeatzaileek, beso zabalik hartu gaituzte sorkuntza espazio eta gazteentzako aterpetxe den honetan. Pergola modura abuztuko eguzkitik babesten duen zumezko egitura baten azpian, lekuaren hastapenei eta ibilbideari buruz hitz egiten digute.
Euskararen eta kulturaren arloari lotuta dago bien ibilbidea. Amaia Gabilondok hamabost urtez lan egin zuen hizkuntza-normalkuntzaren arloan: “Gogoratzen dut orduan ikuspegi klasikoago batetik bideratzen zirela gai hauek eta niri sormenarekin eta euskararekin esperimentatzea gustatzen zitzaidan. Konturatu nintzen jokoak ikaskuntza lasaiago eta naturalagoa egiten laguntzen duela, gatazkarik, traumarik, inposaketarik gabe… “. Bere jarduera guztiaren zeharkako ardatza izaki, Garaionek, bereziki, euskarazko sorkuntzaren bultzada du helburu, “Ziur nago sorkuntza-espazioak oso ingurune egokiak direla euskarazko sorkuntza normalizatzeko”. Bere aldetik, Julia López Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan ikasia eta Londresen egindako zinema eta irudietan gradua emanda, urte askoan lan egin zuen ikus-entzunezkoen arloan. “Garaion ezagutu nuen Auzolan bati esker, eta handik aurrera, proiektuarekin bat egin nuen, duela jada 10 urte baino gehiago”.
Hastapenak
Gaur egun Garaion Sorgingunea izenaz ezagutzen denaren historia duela 25 urte hasi zen, 1994ean, Mondragon Korporazioaren baitako Erkoop kooperatibak, Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteari etxea erabiltzeko aukera eskaini zion akordio baten bidez. Trukean sormen-jardueren bidez gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko ardura hartuko zuen proiektuak. Hori gertatzen zen antzeko beste ekimen batzuk abian jarri ziren garaian, esaterako, Barria edo Zuhatzako aterpetxeak: “Kalitate estandar horiekin ezin genuen lehiatu. Orduan, espazioa erabiltzeko aukera mantendu genuen, bainu batzuekin eta gela pare bat literekin”, esan digu Amaiak. “Zalantzaz beteriko hasiera izan zen, ez genuelako finantziazioa aurkitzeko modurik ikusten, eta ez genekien zenbat denbora eman genezakeen, eta, beraz, udan zehar gazteak ekarri ahal izateko konponketa gutxi batzuk egin genituen etxean”, gaineratu du.
Ez da 2006ra arte izango, gaur egun proiektuak duen tankera izaten hasi zuela ” Urte eta erdi Mozambiken pasa ondoren, nire bizitza profesionalari bira ematea erabaki nuen Garaion sortzeko egitasmoa hartuz”, gogoratzen du Amaiak. Hasieran, bakarka, gero bi pertsona gehiago batu zitzaizkion: “Nik proiektua diseinatzen nuen: bere idearioa, izateko arrazoia… Gero, psikologian eta pedagogian trebatua zegoen beste kide bat sartu zen hezkuntza proiektua egiteko, eta arkitekturaren aldea garatu zuen beste lankide bat ere gehitu zitzaidan. Askatasun osoa eman genion azken honi dorretxeari balioa ematen zion proiektu bat diseinatzeko eta lurpeko espazioak proposatzeko. Sorgune ederra zen, lorategi japoniarrekin eta guzti… eta aurrekontua bi milioi eurokoa zen”. 2008ko ekonomia-krisialdia iritsi zenean asmo handiko proiektu hori gelditu egin zen eta ordutik aurrera eman diren pausoek, pixkanaka-pixkanaka, erabilerak definitzera eta finantzaketa-aukerekin bat datozen espazioen egokitzapenak egitera eraman dituzte Garaion Sorgingunearen sustatzaileak.
Hiru sagar eta konpota bat
Garaion Sorginguneak oinez jarraitu zuen, eta 2008an zabaldu zituen bere ateak: “Lanbideren laguntzari esker lan tailer bat egiteko aukera izan genuen, eta bertan hamasei lagunek parte hartu zuten, espazioaren hiru ardatz nagusiak dinamizatuz”. Urte osoan zehar, irudimen kolektiboko prozesu bat egiten aritu ziren, eta aukera eman zuen martxan jarri beharreko jarduera motak diseinatzeko.
Garaionen hiru sagar handi bezala ikusten dituzte hiru lan-ardatz handi horiek: “Hiru sagar haundi hauei esker, jarduera ezberdin asko bere baitan dituen konpota bat egiten dugu”. Lehena sormenaren garapenarena da ”ez bakarrik sorgunearen ikuspegitik begiratuta, ideario zabalago batetik baizik, pertsona guztiengan pentsatuz eta barruan daramagun irudimenaren eta sormenaren txinparta esnatzeko ideiatik”, diote. Bigarren sagarra naturarekin zerikusia duena da; hirugarrena, gizarte ondarearen balioa aintzat hartzen duena. Ildo horretan, antzinako ofizioen berreskurapenaren lana nabarmentzen da, hauei aukera berriak emanez eta horietatik abiatuta balio berriak sortzearen alde eginez.
Kasu paradigmatikoa da zestagintza garaikidearen arloan garatzen dutena, izan ere, zume bizizko eraikuntzan egindako lanak estatu mailako erreferente bilakatu du Garaion: “Natura, artea eta gizarte ondarea uztartzen zituen programa bat jarri genuen martxan. Land Art-arekin esperimentatzen hasi ginen, auzolanaren bidez, eta kolektiboki imajinatzen genituen zumezko egiturak eta eskulturak sortu genituen”.
Prozesu honetan pertsona garrantzitsuen aholkularitza eta laguntza izan dute, besteak beste, Lugon saskigintza eskola bat duen Carlos Fontales ikerlari eta maisu saskigilearena, edo Joan Farrérena, zume biziaren eraikuntzan aditua: “Carlos edo Joan bezalako pertsonekin egin dugun lanari esker, teknikak ezagutu eta osatu ahal izan ditugu. Horrez gain, nazioarteko topaketak antolatzen ditugu eta honek Land Art-en artista espezializatuak edota erreferente diren artistak -Lois Walpole britainiarra kasu- Garaionera hurbiltzea ahalbidetzen digu”.
Garaionera hurbilduko dena, arkitektura berdearen hainbat proposamenekin gozatzeko aukera izango du, hala nola, Cuencatik ekarritako 10.000 zume biziz eraikitako 250 metro linealeko labirintoa, hiru pergolak, zume bizizko bost elementu eta bi zume lehorrezko. Zumearen bi landaketa daude 8 bariazio ezberdinekoak, abendu eta martxo bitartean landatzen direnak: “Saskigintza Araban bizi izan da duela berrogeita hamar urte arte. Agurainen fabrika espezializatu bat zegoen, eta bertako jendeak esan digu Legutio eta Aizpuruko zonaldeetan landaketak zeudela “.
Sorgunea eta gazteentzako aterpetxea
Gaur egun, Arabako Foru Aldundiarekin ari dira lanean, gazteentzako aterpetxe gisa ziurtagiri ofiziala lortu ahal izateko. 2016an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak “Sorgune” bereizketa eman zion, izen bereko laguntza jasoaz. Laguntza hau artista eta sortzaileak sortzeko eta ekoizteko prozesuetan laguntzeko programak garatzen dituzten kultur gune independenteak sustatzeko sortua izan zen. “Laguntza honek egonkortasuna ematen digu gure jarduera garatzeko, baina argi dago diru-sarrerak beste laguntza publikoekin osatu behar ditugula eta baliabide propioak sortu, esaterako, kanpamenduen bitartez”. Lautadako espazioarekin batera, Araban hiru leku daude “Sorgune” bereizketa jaso dutenak: Azala, Lasierra herrian; Abetxukon kokatua dagoen Kunarte, Berrikuntza Artistiko eta Lehen Haurtzarorako Zentroa; eta Baratza aretoa, Arabako hiriburuan egoitza duena.
Garaionek bere espazioa eta dotazioa eskaintzen ditu sortzaileek egoitza artistikoak egin ditzaten urte osoan zehar deialdi irekiaren bidez. Horrez gain, bertoko egoiliarrak ere badaude, besteak beste, Unai Saenz malabarista, de Nai imajinazioak, Ameztu Taldea haur-antzerki konpainia edo Bapatean clown konpainia. “Zirkoko jendeak oso balorazio ona egiten du, batez ere nabeagatik. Ortzi Acosta eta Pablo Ibarlucea bezalako artistak aritu dira lanean; azken honek urte amaieran lau zirko konpainia ezberdinen zuzendaritza egingo du” azaldu dute. Baina egoitza hauek ez dira arte eszenikoen arloko artistei bakarrik zuzentzen, izan ere, euren proiektuetan lan egiteko espazioa eskatu nahi duten diziplina guztietako artistek ere badute lekua: “Egutegia koadratu baino ez da egin behar, gure ateak beti irekita daude”.
Urtean zehar, Garaionen 30 konpainia eta 120 artista ezberdinek hartzen dute parte: “Bertako, estatuko eta nazioarteko profesionalei erantzuteaz gain, arte-hastapenerako leku gisa definitzea gustatzen zaigu; guretzat oso garrantzitsua da bere jarduera hasten duten gazte edo artisten sorkuntza etxea izatea hau”. Izan ere, Garaionen sorkuntza emergentearen sustapenaren aldeko apustua egiten dute, eta batez ere, emakume sortzaileak ezagutzera eman eta bultzatzeagatik dira ezagun, etxekoei arreta berezia eskainiz; “egun oso gauza interesgarriak egiten ari diren Arabako emakumeak” nabarmentzen dute.
Garaion osatzen duten espazio ezberdinen – dorretxea, lastategia eta ondoko etxea – konponketak azken urte hauetan egiten joan dira auzolanak eta enplegu-tailerrak uztartuz, nazioarteko lan-esparruen antolaketa, bioeraikuntzako ikastaroak eta kudeaketa-lantaldearen lanaren bitartez. Garaionetik adierazi dutenez, “auzolana beti izan da lan egiteko modu bat: hasieran, baliabiderik ez genuelako, eta baliabidea ingurunea eta proiektua babesteko ilusioa eta gogoa zuen jendea zelako; baina denborarekin konturatu gara modu horretan lan egiteak plus bat dakarrela, pertsonak proiektuaren parte sentitzen direlako”.
2011n konpondu zen teilatua, eta ganbara horretan sortu ziren bi solairu, non 50 metro koadroko lau gela dauden eta literadun gelak dituzten bi areto: “erabaki genuen bideragarriena zela aretoak garbiak izatea eta erabilera anitzekoak, esaterako: ikastaroak, erakusketak, tailerrak, entseguak, mahai lana etab. egiteko” Aldi berean lanak eraiki eta erakusteko guneak dira. 2016an eskailerak eta etxerako sarrera konpondu zituzten. Eta garrantzitsuena, negua luzea eta gogorra den testuinguru batean, bero-sistema modernizatu egin zen: “urte hauetan zehar oinarrizko moldaketak egin ditugu, gure finantzaketa-ahalen arabera, baina beti erabilera anitzeko espazio bat sortzeko asmoarekin”, azaltzen digute.
Lastategia da beste espazio handia, eta bertan sorkuntza-egoitzak daude; batez ere arte eszenikoei lotutako diziplinak lantzen dira bertan, eta, azken urteotan lanean dihardute espazioa antzoki txiki batean bilakatzeko. “Lehenik eta behin egin genuena, Gasteizko Ariznabarra kiroldegiko lurzorua ekartzea izan zen. Desmuntatzeaz arduratzen zen enpresarekin akordio batera iritsi ginen hura berraprobetxatzeko, eta hemen instalatu genuen: ebakitzen irakatsi ziguten, piezaz pieza muntatu, eta lurrari atxiki, nola tratatu, eta mantenua egin, etab.” Duela urte eta erdi, antolatzen dituzten bioeraikuntza ikastaroetako batean, lastozko 500 fardel jarri zituzten horman, segurtasun berme guztiek zituen isolamendu sistema bat, eta bero-sistema berria eraiki zuten.
Lastategia antzerkian birmoldatzeko bidean egin den azken ekimena, hain zuzen ere, ALE (Aretxabaletako Lanbide Eskola) Lanbide Heziketako Ikastaroko ikasleek eta Debagoieneko Errementari eskolak eginiko harmailaren eraikuntza izan da: “harmaila batzuk eraikitzearen erronka jarri genien, azken produktu gisa zer nahi genuen esan genien eta beraiek egin zuten proiektu osoa, diseinutik eraikuntzara.” Orain, Garaionen burdinezko bost harmaila mota ezberdin dituzte, “horiek garbitzea, margotzea, suaren aurkakoak egitea tokatzen zaigu… guk geuk egingo dugu antolatuko dugun hurrengo auzolanean”. Sabaiko isolamendua bakarrik faltako da, eta etorkizun hurbilean udaberri eta udazkeneko programazio egonkorra egin ahal izatea ahalbidetuko duen sistema tekniko guztia jartzea.
Irailean, langabetuei zuzendutako hilabeteko iraupena izango duen bioeraikuntzako beste ikastaro bat egingo dute, Gasteizko eraikuntza eskolako ikasleen laguntzarekin: “guk hildo honetan lanean jarritzen dugu, kasu honetan, Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin. Auzolan honek gauzak amaitzen jarraitzeko aukera emango digu: kanpoko etxearen isolamendua, etxe txikia haundiarekin lotuko duen bero sistema bat eta kanpoaldean egongo den komun lehor bat” kontatzen digute.
Landa eremuan dagoen Sorgunea
“Nekatu hartu esango dut hemen jarraitzen badugu guregatik apostu egin zuten Ozaetako amonengatik dela” dio Amaia irrifar haundi batez. Izan ere, bere testuinguru hurbilenean egin duten lanak bizilagun eta auzokideen onarpena ekarri die: “garrantzitsua da non zauden jakitea” dio Juliak. Orain dela urte batzuk Ozaetan ekonomato bat eraikitzen lagundu zuten, eta honek jende asko ezagutzeko aukera eman zien: “tartean adineko pertsona asko, ekonomatoari esker sozializatzeko gune bat lortu zutenak, non erosi, joan-etorri handiak egin behar izan gabe”.
Barrundia inguruan martxan jartzen ere lagundu zuten Etxeako sormen eskola ibiltaria, gaur egun guraso elkarteak kudeatzen duena. “Nekazal munduak sormen, kultura eta topaketa guneak behar ditu, hiriak behar dituen bezalaxe, eta are gehiago Arabako herriak, oso bakartuta daudenak gaur egun”. Eta baieztapen hori begibistakoa da inguruko haur, guraso eta aitona-amonek dakarten biziari erreparatzen zaionean: “pertsona horiek guztiak dira Garaionen benetako jabeak, hemen sartzen dira eta etxean bezala daude. Jendeak asko eskertzen digu espazio hau izatea, baina guk ere eskertzen dugu egiten utzi eta guri konfiantza eman izana” aitortzen dute. Gizartearen erantzuna oso positiboa bada ere, beti ez da bide erraza izaten. Ezaugarri horietako gune bat mantentzeko finantzaketa eguneroko borroka bihurtzen da kudeatzaileentzat: “zubiak falta dira, eta ematen den guztian sinestea falta da. Guri, beste hainbeste kideri bezala, irudimena asko lantzea besterik ez zaigu geratzen bizirik jarraitzeko, erabateko krisia bizi izan dugulako, eta orain ziurgabetasunez bizi garelako, eta hori oso gogorra da.”
Oraindik Garaionera hurbildu ez direnentzat, ikasturte berri hau aukera ona izan daiteke ingurune zoragarriaz, arteaz eta kulturaz gozatzeko. Datozen hitzorduak, irailean zehar egingo den Ipuinen eguna eta Zirko Eguna, urriarekin batera iritsiko dena.