Iratxe Aguilera 24 urteko gasteiztarra da, musikazalea eta irakasletzan lizentziatua. 2019an, Durangoko Azokako sortzaile berriei laguntzeko bigarren Sormen Beka lortu zuen, ‘Euskal Herrian ere badugu zer esaterik musika urbanoaren inguruan!’ proiektuari esker.
Proiektuak musika urbanoa Euskadira hurbiltzearen aldeko apustua egiten zuen, baina estereotipoen aurrean emakumearen rola aldarrikatuz eta, gainera, euskaraz, gazteen artean hizkuntza sustatzeko.
Urtebete geroago, eta pandemian murgilduta, Iratxek ‘Baimenik Gabe’ diskoa kaleratu zuen, Kai Nakai izen artistikoarekin. 9 abestiz osatutako diskoak, Dupla, Xsakara, STR eta Mikel Urdangarinen kolaborazioak ditu. “Esperientzia honetatik gehien gustatu zaidana artista ezberdinekin elkarlanean aritzea izan da”, dio Kai Nakaik.
Musikaren sektorea zailtasunak izaten ari den arren, Kai Nakai eszenatokira igo eta diskoa aurkezteko aukera izan du dagoeneko: “Arraroa da mundu guztia eserita ikustea, dantzarako sortutako kantak abesten ditudan bitartean. Oraingoz hori da daukaguna, eta artistok aurrera jo behar dugu, egoerari aurre eginda. Iritsiko da dantza egiteko, perreatzeko eta ondo pasatzeko unea”.