SAKONEAN“Musika-tresna bat jotzeko ez dira urteak behar”

“Musika-tresna bat jotzeko ez dira urteak behar”

600 ikasle inguru joaten dira astero Talde Gune Musika Eskolara, eta bertan uztartzen dira prestakuntza, praktika eta musika ekoizpena.

Haurrak 3-4 urte dituztenetik has daitezke Talde Gunen./ Endika Portillo

Irakurtzen eta idazten ikasi aurretik, gizakiak inguruan dituen helduak imitatuz ikasten du hitz egiten. Talde Gune Musika Eskolan musika hizkuntza bat gehiago da. Horregatik, lehendabizi musika-tresna bat jotzen ikasten da piezak entzunez eta irakasleak imitatuz, eta aurrerago irakurtzen eta oharrak eta partiturak idazten ikasten da. “Metodo honekin ikasleak motibatuta daude lehen egunetik”, adierazi du Marcio Padoan, Iker Barrientos eta Aitor Ruiz de Arbulorekin batera proiektuaren bultzatzaileetakoak.

Talde Gune Musika Eskolak zortzi urte daramatza martxan eta 600 ikasle ditu. Hiru musikari hauek Betoñoko Talde Gune entsegu lokaletan elkar ezagutu zutenean hasi zen guztia: “Haurrentzako musika irakaskuntza ezberdin eta praktiko baten beharra ikusi genuen”. Orduan hasi ziren beren seme-alabei eta hauen lagunei musika modernoko eskolak ematen Betoñon. “Familiak mobilizatu egin ziren eta areto bat lortu ziguten Salburuako Auzo Elkartearen egoitzan”, kontatu du Aitorrek.

Aitor Ruiz de Arbulo eta Marcio Padoan Zabalganako Talde Gune Musika Eskolako sarreran./ Endika Portillo

Irakaskuntza-metodoa

Ekimena 12 adingaberekin hasi zen, baina hilabete gutxiren buruan 60 ziren. Bigarren urtean 90ek eman zuten izena, eta lokal handiago bat bilatzea erabaki zuten, beren prestakuntza-zentroa bertan jartzeko eta, horrela, eskaera guztiei erantzun ahal izateko. Orduan, Talde Gune Musika Eskola ireki zuten Zabalganan, eta beren irakaskuntza metodoa garatu zuten: Musikhasi.

Metodo hau Marciok sortu du bere irakasle esperientziatik abiatuta. Helburu nagusia ikasleei lehen klasetik musika egiteko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak ematea da. Haurrak modu natural eta dibertigarrian sartzen dira musikaren munduan. “Taldeak abesti bat aukeratzen du, irakasleak jotzen du eta ikasleek lagundu egiten diote. Lehen klaseetan erritmoari eta konpasari buruzko oinarrizko ezagutzak irakasten dizkiegu, oso akonpainamendu errazekin has daitezen, baina aurrera egin eta ikasi ahala, gero eta gehiago zailtzen dugu”, azaldu du Aitorrek.

Haur batzuk irakaslearen argibideei erantzuten./ Endika Portillo

Ikasle bakoitzak bere erritmoan egiten du aurrera, horregatik Talde Gune Musika Eskolan ez dago mailarik. Eskolak adinaren arabera banatzen dira eta matrikula urte osoan irekita dago. Taldeak 6 lagunekoak dira gehienez, eta guztiak musika-tresna modernoak probatzen eta jotzen ikasten ari dira, hala nola bateria, baxua, perkusioa, teklatua edo gitarra. “Hasten den ikasle bat urtebete daraman beste baten talde berean egon daiteke. Irakasleen lana akonpainamendua bakoitzaren mailara egokitzea da. Ikasleen arteko integrazioa eta adiskidetasuna lantzeko modu ona da”, esan du Marciok.

Eskolak 3-4 urtetik aurrerako haurrei zuzenduta daude. Musika-tresna bat baino gehiago probatzen hasten dira, gero baten alde egiteko, hala nahi izanez gero. “Gure asmoa taldean jotzea da. Musikarekiko, jendea ezagutzeko eta harremanak izateko dugun grina transmititzen saiatzen gara“, adierazi du Marciok. Izan ere, Talde Gune Musika Eskolaren arabera, musikari esker ikasleek entzuten, partekatzen eta harremanetan jartzen ikasten dute, eta, horrez gain, kontzentratzeko eta psikomotrizitatea lantzeko gaitasuna hobetzen dute.

Ikasleek musika-tresna bati buruzko eskolak eman ditzakete./ Endika Portillo

Marciok eta Aitorrek azaldu dutenez, “Irakaskuntza klasikoarekin musika-tresna bat jotzen hasten diren pertsona gehienek utzi egiten dute. Gure metodoarekin berdin motibatzen eta ikasten dute. Teoria aurrerago aztertzen da”. Azpimarratzen dute haur batzuek ez dutela gustuko musika, partiturekin lotzen dutelako. “Ikastetxeetan musika-tresnak daude, baina inork ezin ditu ukitu. Oso ondo dago musikaren pertzepzioa lantzea, baina hesi hori gainditzen saiatu beharko litzateke. Musika-tresna bat jotzeko ez da beharrezkoa urteak ematea. Musikaz goza dezakezu aldez aurreko ezagutzarik izan gabe”.

Bat egiten duten hiru espazio

Talde Gunek formazioa, praktika eta musika ekoizpena uztartzen ditu. Zabalganako lokala ireki ondoren, eskolak gela berriak ireki zituen Salburuan. Bertan, ehunka haurrek musikaz gozatzen dute egunero musika-tresnen bidez. Ikasleak hazten direnean eta beren musika-taldea osatzen dutenean, Talde Guneko entsegu-lokaletara joateko aukera dute, arte-sorkuntzako jarduerarekin jarraitzeko. 2015. urteaz geroztik, espazio horrek lankidetza-programa bat du Gasteizko Udalarekin. Programa horretan, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren bidez, entsegu-aretoen % 60 diruz laguntzen da, hiriko taldeek beren musika-ekoizpenak sortu, entseatu eta grabatu ahal izan ditzaten.

Talde Gune Musika Eskolak hainbat gela ditu eta adin guztietako ikasleak joaten dira./ Endika Portillo

Horrez gain, Talde Gunek audio eta bideo grabaketa eta post produkzioko bi estudio ditu. “Eskolan jotzen ikasten dute, gero lokaletan entseatzen dute eta gainera euren abestiak grabatzeko aukera dute. Ikasleek eskolak eman ditzakete gero eskolan, helduarora iristen direnean. Zirkulu ia osoa da, eta atzeraelikatzen da”, azaldu du Aitorrek.

Izan ere, hiru bazkideek autoenplegu gisa sortu zuten eskola. “Dakiguna partekatuz bizi nahi dugu, baina ez aberastu. Familiei gutxienekoa kobratzen eta irakasleei ahalik eta gehien ordaintzen saiatzen gara“, azaldu dute. Izan ere, modu altruistan laguntzen dute hiriko hainbat ekitaldi eta jardueratan: “Salburua eta Zabalganako jaietan aritzen gara, kontzertuak antolatzen ditugu, tailerrak ematen ditugu eta Olentzero egunean ikastetxeetara joaten gara. Auzoan parte hartzea gustatzen zaigu. Haren parte gara”.

Beste kultur eragile batzuekin ere sinergiak sortu dituzte, hala nola Jimmy Jazzarekin (urtero antolatzen dute ikasturte amaierako kontzertua) eta Mendialdea Music Festivalarekin (urtero aritzen dira). “Ikasleek asko gozatzen dute agertokira igotzen eta ikasturtean zehar ikasitako guztia praktikan jartzen. Gure helburua beti izango da musikaz lehen egunetik gozatzea“.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar