“Gure lana dantza eskola bati laguntzea da. Irakasleek ezartzen dizkiguten ariketetara egokitzen den musika jotzen dugu”. Horrela deskribatzen du Irsael Ruiz de Infantek berak eta bere lankide Marta, Marian, Marixa eta Cristinak Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan egiten duten lana. Pianista laguntzaileak dira, “lanbide oso ezezaguna”.
Egunero joaten dira kontserbatoriora, pianoan esertzen dira eta inprobisatzen dute. “Jo nahi duguna aukeratzeko erabateko askatasuna dugu, garrantzitsuena musika horrek mugimenduari eta klasean egiten ari den ariketari laguntzea da”, azaldu du Irsaelek.
Kontserbatorioko pianista guztiek bai ikasle txikienei bai Irakaskuntza Profesionaleko 6. mailako ikasleei laguntzen diete. “Umeek hazten ikusten dituzu. Gurekin ezartzen den harremana oso ezberdina da irakasle batekin ezartzen denarekin alderatuta, hurbilagotzat jotzen gaituzte eta hori oso atsegina da“, esan du Marixa Fernandez de Monjek.
Biak bat datoz zuzeneko musika ordezkaezina dela esatean. “Tempoak eta dinamikak une horretan bertan mugitu ahal izatea da garrantzitsuena, bai ikasleentzat, bai ariketarako baita ere dantzarako. Disko batean zu egokitu egin behar zara. Zuzeneko musika luxua da eta kontserbatorioko pianista laguntzaileak ere bai“, adierazi du Marixak.