Paco San Miguelen lantegi-etxera iritsi ginenean ekaitza zen. Haizeak eta euriak atzeko lorategian argazki batzuk ateratzeri uko egitea nahi zuela zirudien. Han, ordea, Pacoren eskultura mordoxka bat agerian zen mendi-hegal txiki hartan, magnetismoak eta energiak kontenplaziora gonbidatzen zuten. Beraz, euri-jasari aurre egin eta argazkiak kanpoan egitea erabaki genuen. Han, lurrarekin eta zeruarekin hitz egiten zuten forma geometriko eta bolumenen artean, natura irakurtzen eta bere aliatu egiten ikasi duenaren patxadaz hartu gintuen Pacok. Horrela hasten zen gure elkarrizketa berarekin.

Ibilbide autodidakta izan duzu, baina Arte eta Lanbide Eskolan eta Italian ere ibili zinen. Nolakoak izan ziren prestakuntza garai horiek?
Valladoliden hasi zen dena, lehen aldiz buztina ukitu nuenean. Arte Ederretan ere eman nuen urtebete, baina han denbora galtzen ari nintzela sentitzen nuen. Angel Garraza eskultore eta zeramikagilearekin egindako praktikak soilik gogoratzen ditut interes pixka batekin. Gero, Espinoza Dueñas eskultore zeramikoarekin ikasi nuen. Egunero marraztu behar nuela esan zidan. Nik esaten nuen: “Ez dakit marrazten”, eta berak erantzuten zidan: “Zuk ekarri marrazkiak”. Eta horrela hasi nintzen marrazketa garatzen, errebelazio bat izan zen hura.
Gero, Arte eta Lanbide Eskolan ibili nintzen, eta Aurelio Rivasekin zura eta harria zizelkatzen ikasi nuen. Erizain lanbidea utzi eta eskulturari ekitea erabaki nuen. Enkargu garrantzitsu baten diruarekin, Italiako Carrarara joan nintzen, mundu mailako eskultura-zentro batera. Han tailer bat alokatu nuen, artistak ezagutu nituen eta ahal nuen guztia xurgatu nuen. Jugoslavia ohira ere joan nintzen, eta han nire lehen eskultura-sinposioan parte hartu nuen, eta han utzi nuen nire bigarren eskultura publikoa. Ikaskuntza eta aurkikuntza handiko garaia izan zen.

Italiako bigarren egonaldian, harrobi batean bizi izan zinen. Nolakoa izan zen esperientzia hori?
Bai, Toscanan izan zen, Sienatik gertu. Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu nuen eta han urtebete ematea erabaki nuen, trabertinozko harrobi batean. Harriarekin lan egiteko aukera ematen zidan ikastaro batean eman nuen izena. “Podere” batean bizi nintzen, nekazal etxe zahar batean, Siziliako eskultore batekin eta Italiako beste artista batekin. Italiera ikasi nuen gaueko elkarrizketa luzeetan eta ingurune naturalean murgildu nintzen. Beti esaten dut lau urtaroak basati batek bezala bizi izan nituela. Liluratu egiten ninduten altzifreek, herrietara doazen bideek… Sorkuntzarako eszenatoki ezin hobea zen.
Uste duzu naturarekiko harreman horrek eragina izan duela zure eskulturan?
Bai horixe. Gasteizera itzuli nintzenean, mendira joan nintzen, naturarekin bat egitera. Beti sentitu dut lotura sakona berarekin. Modernoa eta betierekoa da aldi berean. Lehen labar-pinturetatik teknologiarik aurreratueneraino, dena naturan inspiratuta dago. Intsektuei, forma mikroskopikoei edo zuhaitzen egiturei begira, konturatzen zara dena adimen ikaragarriz diseinatuta dagoela.

Eta une horretan sortzen da Isinohana. Nola erabaki zenuen lantegi-etxe hau eraikitzen hastea?
Leku hau aurkitu nuenean, etxea hemen egin behar nuela sentitu nuen. Niretzat, hura eraikitzea beste eskala batean zizelkatzea bezala izan zen. Beti gustatu izan zait langileek nola lan egiten duten ikustea, prozesutik ikastea. Nere gain hartu beharreko erronka zela sentitzen zuen. 1986an baserria zaharberritzen hasi nintzen eta 1987an Isinohana eraikitzen hasi nintzen nire anaia Tomas eta arreba Silviarekin batera, biak musikariak. Lan luzea izan zen, baina sinbolismoz betea. Hasieratik sua erdigunean egotea nahi izan nuen, hainbeste miresten dudan japoniar arkitekturan bezala. Hemen lo egin genuen lehenengo gauean, hormak bakarrik zeudenean.
Leku honek babesten nau. Eta, aldi berean, oso bizirik dagoen leku bat da. Asko gustatzen zaigu zaintzea eta hemendik dabilen jende askori harrera egitea. Espazioa topagune bihurtu da. Jendea nire obra ezagutzera, tailerretan parte hartzera eta sorkuntzaren esperientzia partekatzera dator hona.



Zure eskulturak oinarri geometriko sendoa du. Nola azaltzen duzu geometriarekin eta abstrakzioarekin duzun harremana?
Prozesu intuitiboa da. Jendeak azalpenak behar ditu, baina nola azaltzen duzu abstrakzioa? Hodeiei begiratzea bezala da: beti aldatzen dira, baina zentzua dute. Ez zait interesatzen nire obrei esanahi itxi bat inposatzea. Nik energia bat bideratzen dut, hizkuntza bat, eta hori adierazten dut. Gero, pertsona bakoitzak bere erara interpretatzen du. Gustatzen zait nire lanei begira daudenen iruzkinak jasotzea, batzuetan nik neuk ere sumatu ez ditudan gauzak ikusten dituztelako.

Zure eskulturetako asko espazio publikoan daude. Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke ikusleen eta zure lanen arteko harreman hori?
Bizi ditzatela, senti ditzatela. Nire eskultura asko ludikoak dira. Haurrek, adibidez, hobekien ulertzen dituztenak dira. Sansomendin, txirrista inprobisatua bihurtu den eskultura bat dago. Haurrek bere egin dute. Pentsatzen dut helduak direnean, harreman berezia izango dutela obra horrekin, bertatik bertara esperimentatu dutelako. Horrek ilusio handia egiten dit.


Artea, egunetik egunera, digitalalaren eragin haundiagoa du. Non geratzen da eskultura tradizionala testuinguru horretan?
Ez dut uste eskuz eginiko eskultura desagertuko denik. Eskuekin lan egitea funtsezkoa da gizakiarentzat. Material bat modelatzearen, zizelkatzearen eta eraldatzearen asebetetzea paregabea da. Eskulturan pasio ikaragarriarekin aritzen diren pertsona jubilatuak ikusten ditut. Pentsaezina da hau galtzea. Baina egia da ere belaunaldi berriak oso sartuta daudela pantailetan eta dena berehalakoa dela. Prozesuaren balioa, pazientzia eta behaketa erakustea da erronka.


Baduzu egiteke duzun erronkarik edo etorkizunean garatu nahiko zenukeen proiekturik?
Niretzat, sorkuntzan aritzearen gauza zoragarria zera da, bizirik zauden bitartean, imajinatzen, asmatzen, eta hunkitzen jarraitzen duzula. 70 urte ditut eta ilusioa eta energia sentitzen jarraitzen dut. Pandemian zehar hiru eskultura handi egin nituen, 67 urterekin. Ez dakit eskala handiko proiektu gehiago egingo ditudan, baina badakit sortzen jarraituko dudala. Horrek mantentzen nau etengabeko mugimenduan.


