PROIEKTUAK“Saiatzen gara jendeak gaur egun Gasteizen gertatzen diren gauzak testuinguruan jar ditzan"

“Saiatzen gara jendeak gaur egun Gasteizen gertatzen diren gauzak testuinguruan jar ditzan”

Orbain kultur elkartea duela 5 urte ari da Arabako hiriburuan punk rocka aztertzen, mantentzen eta zabaltzen.

Iker Zubia eta Asier Langaran./ Endika Portillo

Duela bost urte, kultura alternatiboa eta punk rocka maite zuten 20 lagunek bat egin zuten Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian ateak ixtera zihoan espazioari jarraipena emateko. Lokal hau beti egon da punk kulturarekin oso lotuta; lehenengo MK izan zen, gero Kriselu; eta Kaxkabarrak pertsiana jaitsi zuenean, Orbain jaio zen, bere bosgarren urteurrena bete berri duena. Punk rockaren ikerketa, zaintza eta hedapenean lan egiteko eta sorkuntza alternatiboa bultzatzeko sortu zen elkartea.

Orbain proiektu asanbleario eta autogestionatua da, 80 bazkideren ekarpenekin finantzatzen dena. “Kultur elkarte baten alde egiten dugu, gure ardatz nagusia kultura delako. Gainera, gauzen gure ikuspegia eta ikuspuntua eman nahi genuen, eta horretarako garrantzitsua da inoren menpe ez egotea. Kudeaketa honek erabat independenteak izateko aukera ematen digu “, azaldu du Iker Zubia Orbain Kultur Elkarteko kideak.

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Bildutako diru guztia lokala kudeatzeko eta kultura sustatzeko erabiltzen da. “Bazkideen laguntzarik gabe oso zaila izango litzateke proiektu hau aurrera ateratzea”, adierazi du Asier Langaran, Orbaineko beste kide batek. Gaur egun 80 bazkide dira, baina duela pare bat urte 120 izatera iritsi ziren. “Lokalak edukiera mugatua du eta ez dugu nahi jendea jarduerez gozatu ezinik geratzea. Urtean behin, izandako bajen arabera, kupoa ireki eta jende berria sartzen da. Beti dugu itxarote-zerrenda”, esan du. Hala ere, jarduera guztiak zabalik daude eta nahi duen edonork har dezake parte.

Iker Zubia eta Asier Langaran elkarrizketa bitartean. / Endika Portillo

Bazkideen proposamenak

Bost urte hauetan Orbain sendotu egin da eta erreferente bihurtu da mundu alternatiboaren barruan. 100 kontzertu baino gehiago, 20 erakusketa, punkaren edo LGTBIQ mugimenduaren inguruko 8 hitzaldi eta jardunaldi programatu dira, baita diskoen, liburuen eta dokumentu-erakusketen aurkezpenak ere, proiektua sortu zeneko filosofiari leial.

Jarduera eta ekimen guztiak bazkideengandik abiatzen dira. “Orbain, berez, ez da existitzen, kideak daude, eta horiek bultzatzen dute; Orbain ideia horien aterpea da”, dio Ikerrek. “Egutegi bat dugu eta bakoitzak bere proposamenak idazten ditu. Elkarteak ez du inolako mugarik jartzen; aitzitik, gonbidatuen joan-etorria, bazkaria edo ostatua ordaintzeko inbertsio ekonomiko bat egin behar bada, egin egiten da “. Aretoan eszenatokia, diskoak jartzeko mahaiak eta erakusketak, hitzaldiak, aurkezpenak eta solasaldiak egiteko lekua dago.

Orbaingo erakusketa-gunea./ Endika Portillo

Punka jarrera gisa

Orbainen esanetan, punkaren ikerketa eta kontserbazioa elementu garrantzitsua da gaur egungo gizartean gertatzen dena ulertzeko. 70eko hamarkadaren erdialdean sortu zen genero musikal hau, eta jarrera independente eta kontrakulturala du ezaugarri. Baina Ikerrek eta Asierrek diotenez, “Musika baino askoz gehiago da, gauzak ikusteko, inguruan gertatzen den guztia zalantzan jartzeko eta irakurketa propioa egiteko modua da“.

40 urte igaro dira ordutik, baina punk jarrerak bere horretan jarraitzen du. “Lehengoan Haizea, gasteiztar gaztearen abestiak entzuten egon nintzen. Ez ditu ileak puntetan, ez koloreetan, baina punka ikusten dut bere letretan. Letra oldarkorrak, erradikalak, inkonformistak eta eztabaida bilatzen dutenak. Hori mugimenduaren barruan sartzen dudan jarrera da niretzat, duela 30 urteko jendearen antzeko jarrera”, dio Ikerrek.

Izan ere, Orbainen jarduerak, musikarekin lotuta egon edo ez, kultura alternatiboaren eta punkaren ikuspuntutik abiatzen dira. “Gaur egun Gasteizen gertatzen diren gauzak testuinguruan jartzen saiatzen gara”, diote bazkideek. “Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea, non gauden jakiteko. 76ko martxoaren 3an zer gertatu zen ez dakienak nekez egingo du Gasteizko egungo egoera sozio-ekonomikoaren irakurketa zuzena. Ezinezkoa da Gasteizko okupa mugimendua ulertzea ez badakizu nolakoa izan zen Zapateria kaleko batzarra, nola okupatu ziren Zaramagako lokalak eta nola amaitu zuen 88an horrek guztiak, Gaztetxearen okupazioarekin. Ikuspegi anitzek testuinguru bat ematen dizute eta zure irakurketa propioa egiten laguntzen dizu”.

orbain-concierto
Kontzertua Orbain Kultur Elkartean./ Endika Portillo

Erakundeen laguntza

Orbainek, gainera, sinergiak ditu Hell Dorado eta Jimmy Jazz aretoekin: “Jarduera paraleloak antolatzen ditugu. Jimmyn hardrock talde bat arituko bada 22:00etan, bi ordu lehenago genero musikal horri buruzko dokumental bat proiektatuko dugu, jendea lehenik hona etorri eta gero kontzertura joan dadin. Garrantzitsuena da gure burua ez kontraprogramatzea, ez zapaltzea, laguntzea”, adierazi du Ikerrek.

Laguntza falta sumatzen dute erakundeen aldetik. “Gazteek jotzeko, erakustaldiak egiteko edo eztabaidatzeko espazioak behar dituzte, eta Orbainen eskaintzen dizkiegu. Egiten uztea besterik ez dugu eskatzen. Ez dugu dirurik nahi, gu kontuan izatea baino ez”, esan du Asierrek.

Orbain Kultur Elkartearen lehen jardueraren kartela./ Endika Portillo

Atzera begiratu eta elkartearen lehen jarduera gogoratu dute bi bazkideek, barrez eta harrotasunez. Hitzaldia antolatu zuten Lucio Urtubiarekin Aldabe gizarte etxean, 200 lagunentzako gela batean. Aretoa bete egin zen eta 150 lagun kanpoan geratu ziren. “Kriston hasiera izan zen, dudarik gabe”, diote. Pixkanaka, kontzertuak eta jarduerak programatzen hasi ziren, funtzionatzeko modua hobetzen eta “kolpeka” ikasten.

Bere helburua, orain, pertsona gehiagorengana iritsi ahal izatea da, eta tokiko taldeei, musikari zein beste diziplina batzuei, aurrera egiten laguntzea. Ez dute lokala handitzeko edo aldatzeko asmorik. Beste sektore eta adierazpen kultural batzuk jorratzea nahi dituzte. “Lehen 5 urtekoari eutsi badiegu, bigarrena askoz errazagoa izango da”.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar