Nerea, zer dira kultura-politikak?
Administrazio publiko batetik datozen ekimenak izango lirateke, araututa daudenak eta kultura herritarren bizitzaren parte izatea sustatzen dutenak. Hori gerta daiteke erakundeak berak egiten dituen ekintzen bidez edo finantzaketa publikoko lerroen bidez, guztia herritarrek behar dutenarekin bat etorriz.
Nire ustez, kultura-politika ez da estatu-politika, baizik eta eguneroko politika; izan ere, kultura erabat dinamikoa da, bai eta kultura-gustuak eta -kontsumoak ere, eta horrek eskatzen du politika-mota hori malgua izatea eta arintasunez egokitu ahal izatea.
Zeintzuk dira Gasteizen behar espezifikoak kultura-politikei dagokienez?
Gasteiz ez dago kontsumo eta ekoizpen kulturaleko zirkuituen mapan, alde handia dago gure inguruko beste hiri batzuekin alderatuta. Eta Kultura eta Sormen Industriei buruz hitz egiten badugu, oso atzetik gaude, eta hori tokiko talentu handia izanda, baina ez zaio balioa ematen.
Erronka komunak daude beste hiri batzuekin, parte-hartze kulturala esaterako, baina esango nuke, Gasteizen kasuan, irisgarritasunari erreparatzea lehentasunetako bat dela.
Eta Arabako lurraldeari begiratzen badiogu, uste dut funtsezkoa dela kultura publikoa landa eremura hurbiltzeko lan egitea.
Zure tesian murgilduta zaude. Zer ikertzen ari zara?
Lan hau kultura-politiken eta migrazio-politiken ingurukoa da, eta bien arteko gurutzaketa nola gertatzen den aztertzen du. Kultura-espazioek kulturarteko bizikidetza sor al dezakete? Nik baietz uste dut, baina frogatu egin behar dut. Erromantizismo handia dago ideia horren inguruan. Kulturak botere eraldatzaile izugarria duenaren defendatzaile sutsua naiz, baina ondo ari al gara?
Eta gai horri dagokionez, zure ustez, zein litzateke gure hirian esku hartzeko modurik onena?
Gizarte zibilarekin estu-estuan lan egiten saiatuko nintzateke. Nire ustez, funtsezkoa da elkarteekin, meskitekin, parrokiekin lan egitea, kulturalki edota espiritualki behar partekatua duten pertsonak biltzen dituen espazio edo kolektibo ororekin. Uste dut funtsezkoa dela hauei proposamenak eskatzea, ohiko programazioetan lekua egitea, haientzako ad hoc ekitaldiak sortzea baino gehiago.
Zaharraz Harro proiektua gertutik ezagutzen dut, eta perfektua ez bada ere, uste dut lotura asko lortzen ari direla, eta gauzak horrela egin izan ez balira, gurutzaketa hauek sekula ez lirateke gertatuko. Nola egin da? Pertsona horiek biltzen diren guneetara joanda, egiten duguna kontatuz, parte hartu nahi duten eta nola parte hartu nahi duten galdetuz.
Funtsezkoa iruditzen zaidan beste gai bat proiektu kulturalen finantzaketa publikoa eta bere planteamendua da; izan ere, deialdiak egon arren, beti egongo dira kanpoan geratuko diren herritarrak. Arrazoiak? Askotarikoak izan daitezke: elkartuta ez egotea, hizkuntza ondo ez hitz egitea, prozesu burokratikoa ez ulertzea, garrantzitsua da ekimenak baliabide ekonomikoz hornitzeko mekanismoak eskuragarri jartzea.
Nazioarteko eremua ezagutzen duzu. Munduko zein lekutan ari da kulturartekotasuna ondo lantzen?
Mexiko eta Kolonbia arlo horretan erreferente diren bi nazio multinazional dira. Kultura asko dituzte Estatuko kulturaren barruan, eta jakin izan dute beren beharrak eta nortasunak entzuten. Beren Kultura-politikak ikasteko kasuak dira.
Europako testuingurura mugituko gara orain. Nazioarteko hainbat proiektu kudeatzen dituzu. Zertaz hitz egiten da Europan kulturari dagokionez?
Badira urte batzuk European Creative Business Network-erako (Enpresa Sortzaileen Europako Sarea) lan egiten dudala, eta gaur egun esango nuke bi gai lantzen ari garela buru-belarri: kulturako profesionalek izan behar dituzten trebetasunak eta trantsizio berdea.
Europa berrikuntzari, diziplinak gurutzatzeari eta kulturak kultur ekoizpenetik haratago nola izan dezakeen erabilgarritasuna deskubritzeari begira dago. Adibide batzuk jartzearren, aztertzen ari gara ikerketa artistikoaren metodologia desberdinek nola susta dezaketen trantsizio berde bat edo nola azter eta sistematiza daitezkeen prozesuak Kultura eta Sormen Industrietatik, plastikoa lantzen duten enpresak green-ago izan daitezen. Beste proiektu bat artisautzari eta bere lan-prozesuei esker zenbait jakintza jasangarriago berreskuratzeko moduari buruzkoa da.
Gauza horietan inbertitzen ari da Europa baliabide ekonomikoak. Galdera litzateke zer iritsi zen lehenago, horrelako proiektuen garrantzia edo horietan inbertitzen den dirua…
Ba al dute Europako proiektuek suposatzen zaien eraginik?
Europako proiektu batzuek kontzeptualizazio zoragarria dute, ikerketa ikaragarriak egiten dituzte, baina ni eszeptiko samarra naiz, ez baitakit makineria hori guztia benetan funtzionatzen ari den, herritarrei modu eraginkorrean (positiboan) eragitea lortzen ari den. Bai, open calls (deialdiak) egiten dira proiektuak ireki nahian, baina errealitatea da mundu guztiak ez duela ingelesez hitz egiten, mundu guztiak ez dituela Europako erakundeak ezagutzen, mundu guztiak ez duela super megaformulario horiek betetzeko gaitasunik.
Europako proiektuak, baita argitaratzen diren lizitazioak ere, aukera bat dira, baina oraindik lurreratzea falta zaiela uste dut, betikoak direlako azkenean horietan sartzen direnak. Nire ustez, nazioartekoan lan eginda ere, tokikoak hobeto funtzionatzen du.
Herritarrek badakite Kultura-Eskubideak izeneko zerbait dutela? Eta zer gertatzen da kultur betebeharrekin?
Ez dut uste jendeak Eskubide Kulturalak existitzen direla dakienik. Eta bai, egia da, eskubide bat dagoen guztietan betebehar bat dago. Esango nuke, herritarren partaidetzarako eskubidea dagoen bezala, horren parte hartzeko betebeharra ere badagoela. Horrela, zuk kulturalki adierazteko eskubidea duzu, baina kultura-adierazpen guztiak onartzeko betebeharra ere egon beharko litzateke. Interesgarria da honetaz guztiaz pentsatzea.
Hezkuntza-esparrua kulturarekin nola erlazionatzen den, adibidez, funtsezkoa da. Ni horren froga naiz; orain lantzen ditudan gai horien guztien txinparta, neurri handi batean, nire ikastetxeak emandako esperientzia kultural bati esker sortu zen. Gogoan dut, DBHn ikasten, egun batean zinemara eraman gintuztela Hotel Rwanda ikustera. Film hark hunkitu egin ninduen, eta diplomatikoa izan nahi nuela erabaki nuen zinemarekin izandako topaketa horren bidez. Horri esker, Politikak ikasi nituen, eta gero etorri zen gainerako guztia.
Nola sortu da zure nazioartekoarekiko lotura hau?
15 urterekin gurasoek Hegoafrikara bidali ninduten ikastera; beste esperientzia batzuk izatea nahi zuten, eta hark buruari buelta eman zidan. Heldua nintzela, praktikak egin nituen Trinidad eta Tobagoko enbaxadan, eta kultura sailean lan egin nuen. Tokiko elkarteekin harremanetan egoteak ohartarazi zidan ez zela diplomazia interesatzen zitzaidana, jendearekin harremanak sortzea baizik. Esperientzia horren ondoren, Washingtonera joateko aukera sortu zitzaidan, Greenpeacekin lan egitera. Asko ikasi nuen, erakunde ikaragarria da, baina pertsonekin kontaktua falta zitzaidan, eta, beraz, Giza Eskubideetan espezializatzea erabaki nuen. Orduan, Eskubide Kulturalekiko interesa piztu zitzaidan. Kultura gaietan UNESCOrekin lan egitera joan nintzen, eta orduan esan ikusi nuen hori zela nire bidea.
UOCeko Kultura Kudeaketako Masterrean ere irakaslea zara. Zer profil dute zure ikasleek?
Bi irakasgai ematen ditut: kultura-politikak eta kultura-eragileak gizarte-eragile gisa. Nire ikasleak kulturan aritzen dira, baina sorkuntzatik datoz eta kudeaketan trebatu nahi dute. Gainera, ikasle asko ditut udaleko kultura sailetako oposizioetarako prestatzen. Latinoamerikako ikasle asko ditut, eta horrek atentzioa eman dit.
Hainbeste lan eginda, zer egiten duzu deskonektatzeko?
Bada, gustatzen zaidana kulturarekin lotuta dago (barre egiten du). Irakurtzea asko gustatzen zait, zinema izugarri gustatzen zait. Liburu bat jazz pixka bat entzuten izan liteke niretzako unerik gogokoena.
Hauetako argazki batzuk Hibridalab, Arabako Berrikuntza Irekiko eta Sormen Transferentziarako Zentroan egindakoak dira.