Alfer eta Maleantesen legea “la gandula” izenarekin ezagutzen ohi zen, eta erregimeneko agintarientzat non grata-tzat jotzen ziren pertsona guztiak jazartzen zituen: gaizkileak, arloteak eta artistak! Lege hori argitaratu eta ia mende bat geroago, Getari Del Bosque Castrenanak eta Víctor Arrobo Olivesek izen hori hartu dute Arabako hiriburuaren erdigunean oasi kultural txiki bat sortzeko.
Victor Arrobo, sukaldaritzan eskarmentu handikoa eta argazkizale amorratua, bere jaioterrira, Granadara, itzultzear zegoela, Getarik iritzia aldaraziko zuen proposamena egin zion, eta proiektu pertsonal eta profesional berri bati ekin zion. Getari izan zen ideaiaren sortzailea, “egun batean etorri eta konturatu gabe proiektuaren parte nintzen”, Victorrek barre artean kontatzen duenez.
Getari del Bosque Castresana, Filologiako ikaslea da literatura arloan, eta artea, kultura eta liburuak maite ditu. Madrilen ikasten ari zela, kafetegi-liburudendak ezagutu zituen. Espazio horiek bisitatzeko ohitura zuen, eta bake eta baretasuna aurkitu zuen bertan. Bere ametsen artean liburu-denda bat irekitzea zegoen, eta hostalaritzan emandako urteekin eta Madrilen maiz bisitatzen zituen lokalen oroitzapenarekin batera, Victorri botako zion ideiari forma eman zion, orain La Gandula bilakatu dena. Victor-engan aurkitu zuen proiektu-lagun ezinhobea.
Biek espazioa leku eroso gisa deskribatzen dute, non lasaitasuna, aniztasuna eta kultura arnasten diren, edozein formatutan. Kafetegia, liburu-denda eta kultura-gunea. Hiru batean.
Liburu-denda
Irakurle sutsua izaki, Getari arduratzen da kafetegiko apaletan dauden liburuen aukeraketa egiteaz. “Nire gustu pertsonala eta ohiko liburu-dendena baino publiko alternatiboagoa egon daitekeenaren ustea dira gidatzat hartzen ditudan erizpideak”.
Irakurle gisa beti bilatu izan du zerbait desberdina, beste liburu-denda batzuetan aurkitzen ez zituen argitaletxeak edo oso neurri txikian aurkitzen zituenak. Ikertu, kuxkuxean ibili eta hariari tira egiten dio bilatzen ari zen liburua aurkitu arte. Ez da konformatzen edozein azalera handitan aurki ditzakezun best seller-ekin, horietatik ihes egiten du argitaletxe txikiak aurkitu arte, nolabaiteko interesa sortzen dioten gaiak edo hain ohikoak ez diren generoak, hala nola poesia, fikzioa edo saiakera.
“Asko dago esploratzeko, beti gauza berean geratzeko” kontatzen du Getarik obren hautaketa prozesua nolakoa den galdetzean. Aukeraketa horrek askotan harritzen ditu espazioara hurbiltzen direnak, eta beran murgiltzeko istorio berriak deskubritzen dizkie.
Hurbilen duen zirkulua eta bezeroak ere ikerketa-iturri, gomendio eta eskaera bereziak izan ohi dira liburu-dendarentzat.
Kultur gunea
Liburu-denda bat berez gune kulturala izan bada ere, La Gandula, gainera, “proposamen artistiko batekin datorren edonorentzat irekita dago”, Victorrek azaltzen duenez. Orain arte honako hauek hartu dituzte: liburuen aurkezpenak, erakusketa erregularrak hainbat formatutan, idazketa-tailerrak eta eragileen arteko topaketak.
Udaberri honetarako beste urrats bat eman nahi izan dute eta kultur agenda txiki bat antolatu dute, larunbat eta igande txandakatuetan zuzeneko musikarekin eta girotze doinuekin vermouth-a hartzeko. Datorren hilabete eta erdiko larunbat edo igande guztietan La Gandulan plana aurkitu ahal izatea ez da kasualitatea izango. Getari eta Victorrek argi dute: “ohitura sortu nahi dugu, jendeak jakin dezala asteburuetan La Gandula irekita dagoela eta plan bat dugula eskaintzeko”.
Musika-programazioa duen kartel bat merkaturatzea beraientzat berria dela diote, baina ziur daude kalitatezko proposamena dela, erakargarria, eta gustu guztietarako.
Getari eta Victor hiriburuan potentzial handia eta kultura- eta arte-aberastasun handia ikusten duten pertsonetakoak dira; “ikusgarritasun handiagoa ematea eta kultura gure egunerokotasunaren parte dela ulertzea baino ez da behar”.
Hori izan da, halaber, topaketarako, erakusketarako eta kultura bera, pertsona bakoitzak nahi duen moduan bizitzeko gune hau sortzeko arrazoietako bat. “Gure ekarpena kulturari, ekarpen txikia da, baina gu motibatzen gaituena; jendeak lasai, bere erara, aurreiritzirik gabe eta bakoitzak nahi duen mailan gozatzeko espazio da”, erantzuten du Getarik proiektu honetan kulturak duen balioaz galdetzen zaionean. Victorrek gaineratu du arte eta sormen-adar desberdinetako pertsona askok aitortu dietela espazioak sortzeko gogoa ekarri diela, eta “gure kafetegia norbaiten sormena pizteko gai izatea oso berezia da guretzat”.
Kafetegia
Badakite beren indarra teetan eta kafean dagoela, baina horrek ez du esan nahi garagardo edo ardo on bat hartu ezin duzunik Manuel Iradier kaleko lokal txiki honetako barran. Hasieratik tokiko eta kalitatezko produktuak eskaini nahi izan zituzten, eta denborak arrazoia eman die. Bere ohiko bezeroak ez dabiltza joan-etorrian, baizik eta Gandulan erlaxatzeko eta tea, kafea edo kalitatezko garagardoa hartzen denbora luzez egoteko. Horrez gain, eskaintza gastronomiko gozo eta gazia ere dute. Xehetasun bakoitza zaintzen eta bezeroek bilatzen duten kalitatezko produktua eskaintzen saiatzen dira beti.
Laster, udaberri honetarako kultur programazioa iristearekin batera, ostegunetik igandera bitartean mokadu-karta bat eskainiko dute barran dauden pintxoak osatzeko. Jakina, pertsona beganoentzako aukera barne, Getari eta Victorrentzat garrantzitsua baita La Gandula bisitatzen duen pertsona oro etxean bezala sentitzea.