SAKONEAN“Kultur ekintzek jende gehiagorengana iristen laguntzen digute”

“Kultur ekintzek jende gehiagorengana iristen laguntzen digute”

Gorka Belamendia Atariako koordinatzailearekin hitz egin dugu, Salburuako Interpretazio Zentroan ingurumenaren gaineko ezagutza zabaltzeko estrategian kulturak duen lekua ezagutzeko.

Gorka Belamendia, Salburuko Interpretazio Zentroko koordinatzailea. /Endika Portillo

Ataria naturaren atea da. Ingurumen-ekipamendu honen helburua da Salburuako hezeguneak ezagutzen lagundu eta hezegune horien balioa erakutsi, bai eta biodibertsitatearen eta natura-ondarearen garrantzia ezagutzera eman ere. Gasteizko Eraztun Berdearen txoko berezienetako bat da.

Publikoari irekitako gunea da, eta, izaera anitzeko 400 jarduera inguru hartzen ditu urtero: biodibertsitatearen inguruko aisialdia, entretenimendua, interpretazioa, dibulgazioa, komunikazioa eta ikerketa, besteak beste. Ekintza horien % 50 kulturara jotzen duten jarduerak dira, pertsona gehiagorengana iristeko eta, horrela, Gasteizko herritarren artean ingurumen-ezagutza sustatzeko.

Go Gasteiz Kulturak Gorka Belamendia Salburuko Interpretazio Zentroko koordinatzailearekin hitz egin du, kulturaz hitz egiteko, hain zuzen honek, bitartekaritzarako eta ezagutza zabaltzeko estrategia modura duen balioaz.

Atariara etorri gara, ingurumenarekin lotutako proiektua den arren, eduki eta formatu kulturaletatik gertu zaudetelako, kasu honetan, dibulgazio-estrategia gisa. Zergatik jotzen duzue kulturara, artera? Zer ematen dizuete hauek?

Herritarrak jasangarritasunaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntzaren eremura gertura ditzakegu. Ingurumena eta kultura lotzen ditugunean, naturara soilik hurbiltzen direnak baino pertsona gehiagorengana iristea lortzen dugu. Gainera, natura guztia dela uste dugu, modu ekologikoan eta naturalean landu daitekeela edozein sektore ekonomikotan.

Erakusketa Atarian pandemia baino lehen./Ataria

Zer motatako proposamenak programatzen dituzue Atarian?

Gure jardueren agenda bost eremu handitan banatzen da. Lehenengoa da erakusketena: Ataria erakusketa-aretoa izan dadin saiatzen gara, naturaren inguruan zerbait erakutsi nahi duen edonork egin ahal dezan, ikusgarritasuna ematen diogu beraz. Bigarrena hitzaldiak dira: Zientzia maila praktiko batera jaisten saiatzen gara, edonork ulertzeko modura, eta hitzaldiak egiten ditugu, bai lagunarteko esparruan, baina baita arlo teknikoan ere. Hirugarren jarduera ikastaroak izango lirateke: batzuk ikertzaileei zuzenduta daude, eta beste batzuk publiko orokorrari, haien ezagutzak handitzeko eta ingurumen-ekintzetan parte hartzeko aukera izan dezaten, gure herritarren zientzia-sarearen bitartez. Laugarren esparrua publiko orokorrari zuzendutako ibilbide naturalak izango lirateke, familiakoak zein belaunaldien artekoak. Eta, azkenik, familia-jarduerak egongo lirateke. Hemen, aktoreak inplikatzen saiatzen gara, antzezlanak, rapsodiak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak eta abar eskainiz. Horrela, hasiera batean ingurumenetik urrun daudela diruditen sektore batzuekin komunikazio-kanalak irekitzea lortzen dugu.

10 urte bete ditu Atariak. Aurrerapausorik izan al da kulturarekiko hibridazio horretan?

Izugarri. Atarian lanean hasi ginenean konturatu ginen konbentzituak konbentzitzen ari ginela. Orduan hasi ginen ingurumen-kultura publiko orokorrari hurbiltzeko estrategia bat aztertzen. Hasteko, artisten zertzelada batzuk txertatu genituen gure jarduera-espektroan, eta ikusi genuen funtzionatzen zuela, eta horrek motibatu gintuen horrelako ekintzak ugaritzeko. Gaur egun, 400 jarduera programatzen ditugu urtean, eta horien % 50 kultura-ekintzak dira.

Gorka Belamendia Atariako hainbat hegaztirekin. / Endika Portillo

Zer ematen dizue artista horien begiradak? Eta zer ekarpen egiten die horiei Atariarekin lan egiteak?

Artea ingurugiroan txertatzen laguntzen digute. Paper askotan irakurtzen genuen zerbait zen,  baina nekez lortzen genuen tartekatzea. Artistei etiketa berde hori duen ikusgarritasuna ematen die, eta beren curriculuma garatzen laguntzen die, espazio sinboliko eta berezi baten barruan.

Eta nola egiten duzue lan haiekin?

Pertsona askok gure atea jotzen dute beren piezetako bat eskaintzeko, ingurumenarekin guztiz lotuta dagoela ulertzen dutelako. Baina guk ere deitzen diegu zenbait artistari, obra jakin bat presta diezaguten edo haien piezetako bat antzeztzera etor daitezen.

Magia ikuskizuna Atarian./ @vg_ataria

Zer publiko mota joaten da jarduera kulturaletara? Zuen jardueretako beste batzuetan parte hartzen duen publikoa al da?

Ekintza kulturalenetara jotzen duen publikoa ez da ekologismoaren edo naturaren esparruan egon ohi dena. Hori dela eta, kultur ekintzak programatzea hain da aberasgarria, biodibertsitatearen esparrura soilik mugatuta baino jende gehiagorengana iritsi ahal garelako.

Kulturaren arloan asko azpimarratzen da hezkuntzaren esparruarekin etengabeko lankidetzan aritzearen garrantzia, haur guztiak artera eta kulturara iristen direla bermatzeko eta sormena gaur eta bihar beren bizitzaren parte izateko. Zuen lan-eremuan, nolako garrantzia ematen diozue ikastetxeekin lankidetzan aritzeari?

Gure eskola-kanpainan Gasteizko ikasleak gurera etortzen dira ingurumenaz gehiago ikasteko. Gure talde hezitzailearekin hainbat antzerki-emanaldi ere egiten ditugu, naturak pertsonekiko izan behar duen hurbiltasun horretan sakonago murgiltzeko.

Ehunka ikasle gerturatzen dira urtero Atariara./ Endika Portillo

Lehen jarduerak doakoak ziren eta orain batzuek prezio bat dute. Zergatik aldaketa hori?

Jardueretan izena ematen duen jendea hauetara joan dadin. Jarduera batek 20 plaza baditu eta 700 pertsona kanpoan geratu badira, garrantzitsua da izena eman duten guztiak bertaratzea. Dohainik zirenean, bazeuden planak aldatzen zituztenak, ez zetozen eta ezin genituen hutsune libre horiek bete. Prezioa sinbolikoa da, baina ohartu gara izena ematen duen jendea etorri egiten dela.

Baieztapen bat egingo dizugu eta eta ados zauden ala ez ala ez esan: “Jakintza-arloak gehiegi zatitzeko joera dugu (ingurumena ingurumena da, filosofia filosofia da, artea artea da, etab.), baina maizago gurutzatuko bagenitu, askoz gehiago aberastuko genituzke edukiak, lan-metodologietan, dibulgazio-estrategietan eta publikoak gurutzatzean”. Ados zaude?

Jakina. Gu saiatzen ari gara gauza guztien arteko erlazio hori lortzen. Gure helburuak eskura ditugun edozein kanal edo tresnaren bidez lortzen baditugu, errazagoa izango da jendeari ulertaraztea eta barneratzea.

Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroa./ Endika Portillo

Atarian Herritarren Zientzian Parte-hartzeko Sarearen Proiektuan parte hartzen duzue. Zer da zehazki?

Zientzia demokratizatzean datza. Zientzia beti egon da baremo teknokratiko batzuen mende, non zientzialariak ziren ikertu zezaketen bakarrak. Urteak daramatzagu ezetz esaten, kulturari eta ingurumenari dagokionez hezitako hiritargoan oinarritzen garenean etekin handiagoak lor ditzakegula.

Aldez aurreko ezagutzarik ez duen edonork parte har dezake herritarren zientziako gure programetan. Guk, hasteko, ezagutzaren oinarri labur baina sendoa izateko behar diren tresnak jartzen dizkiogu. Hortik abiatuta, haren parte-hartzea aberasgarria izan dadin sustatzen dugu, bai berarentzat bai taldeko pertsona guztientzat, haren zalantzak eta galderak erantzun eta partekatu egingo baitira. Horrela, parte-hartzaile guztien ezagutza handitzea lortzen dugu.

Zenbat arte dago naturan?

Natura artea da. Armiarma batek bere ehuna ehotzen duenean, bere arbasoengandik genetikoki jasotako modu batean ehotzen ari da, baina armiarma sare hori benetako artelana da. Oreinen berrea soinu-kantu bat da. Hegaztien habiak eraikuntza artistikoak dira, eta edozein espezietako segizio-errituak benetako antzezlanak dira. Soinu-paisaiak ere hor ditugu, naturak eskaintzen dizkigun kontzertu handiak dira eta, beraz, artetzat hartu behar ditugu.

Egibideko Hezkuntza eta Ingurumen Kontroleko Graduko ikasleak Atarian zikoina bat askatzen (pandemia baino lehen). /Ataria

Pertsona asko ari dira azken hilabeteetan kulturaren balioa berraurkitzen. Gauza bera gertatzen ari al da naturarekin?

Konfinamenduaren ondoren, jendeak ingurumena eskatu du eta gure ondare naturaletik paseatzera atera da. Gasteizen, txapela kentzeko moduko hiritargo bat dugu; badakigu ingurumena baloratzen, eta badakigu gure bizi-kalitatea eta osasuna hobetzen dituela eta estresa kentzen digula.

2021ari begira, zer aurkituko dugu Atarian kulturarekin eta ingurumenarekin lotuta?

Lanean ari gara jendeak ekintza eta proposamenetan berritutako Ataria aurki dezan. Jarduera berriak sortuko ditugu, desberdinak, eta 180ºko  bira emango diegu.

Gainera, pandemia hori ondo etorri zaigu ohartzeko ez dela beharrezkoa ingurumen-gaietan aditu handiena Gasteizera ekartzea; aitzitik, bere etxetik hitzaldia egin dezake eta, horrela, karbono-aztarna murriztuko genuke. Halaber, sareen bidez, entzuten duten pertsonen espektroa zabaldu dezakegu, jada ez baita beharrezkoa izango Atariara etortzea.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar