Jump The Line proiektua 2019an jaio zen Ane Cabello gasteiztarraren eskutik. Helburua da gizarte-eraldaketa bultzatzea bazterketa-arriskuan dauden komunitateetan, eta, horretarako, artea eta kirola erabiltzen dituzte tresna gisa. Proiektu horren bidez, kirol-espazio publikoak birsortu eta komunitatea inplikatzen dute prozesu osoan, arte parte-hartzailearen bidez.
Jump The Line Mondragon Unibertsitatean jaio zen, Lidergoa, Berrikuntza eta Ekintzailetza ikasketetan. Bere lankideekin San Franciscora egin zituen bidaietako batean, Dan Petersonen Proyect Backboard proiektua ezagutu zuen, non saskibaloiko kantxak margotzen zituzten bazterketa-arriskuan zeuden auzoetan. Ideia horrek liluratu egin zuen, eta Atlantikoaren alde honetara ekartzeko apustua egin zuen.
“Espazioak berroneratzeko beharraz eta arteak komunitate batean izan dezakeen eraginaz ohartu ginen. Gainera, saskibaloia maite dugunez, kirolaren aldeko apustua egiten dugu interakzio soziala sustatzeko. Artea eta kirola gizarte-eraldatzaile gisa nahastea erabaki genuen”, azaldu du Anek.
Proiektua martxan jarri zenetik, Gasteizko El Pilar auzoan kantxa bat eta Indiako Pune herriko Ness Wadia Collegen beste bat berritu dituzte, unibertsitatearekin egindako beste bidaia batean. Gaur egun, Aquilino proiektua garatzen ari dira, Bolivia kaleko parkean, Gasteizko Txagorritxu auzoan. “Gure plataformaren bidez konektatutako zelaien nazioarteko sare bat sortzea eta komunitateak indartuko dituzten ekitaldiak antolatzea da gure helburua”, gaineratu dute.
Komunitatea inplikatzea
Espazio bakoitza identifikatu eta ezagutzeko, eraldatzeko eta epe luzera mantentzeko, tokiko artistekin eta auzoko jendearekin egiten dute lan. Lehenengo urratsa landuko den komunitatea ulertzea da. Txagorritxuren kasuan, Pompa945 proiektuaren laguntza izan dute, El Pilar auzoko kale hezitzaileen proiektua: “Beraiek ezagutzen dute komunitate honen benetako arazoa, aurretik auzoko hainbat eragilerekin lan egin dutelako. Haiekin harremanetan jarri ginen auzoa proiektuan sartzeko ekarpen gehien egin zezaketenak direlako “, azaldu du Cristina Gomez talde digitaleko zuzendariak.
Bigarren urratsa auzoko eragileen mapaketa egitea eta haiekin harremanetan jartzea da, sormen prozesuan parte har dezaten. “Arte partehartzailea komunitatea gure lanaren fase ezberdinetan inplikatzeko modu bat da, espazioaren azken erabiltzaileak haren jabe senti daitezen”, adierazi dute.
Horretarako, eztabaida-taldeak eta gizarte-hezkuntzako jarduerak antolatzen dituzte. Izan ere, Luis Dorao ikastetxeko ikasleek eta Txagorritxuko Adinekoen Zentroko erabiltzaileek parte hartu zuten Aquilino proiektuan, eta beren diseinuak egin zituzten kantxako pintagarri baten gainean. Gainera, adinekoek parkeari buruz zituzten oroitzapen eta bizipen guztiak partekatu zituzten.
Jarduera horien bidez, sormen taldeak ideia eta testigantza desberdinak biltzen ditu, eta horiek gero azken diseinua sortzeko erabiltzen dituzte: “Kantxa komunitatearen islada izan behar du. Diseinatzailea koloreen eta formen psikologian oinarritzen da, egunetan zehar kontatu diguten guztia islatzeko. Horrela, jendeak espazioarekin elkarreragiten duenean, berea dela sentitzen du, eta inguruarekin duen elkarreragina erabat aldatzen da. Ez da kantxa bat bakarrik, bere kantxa da”.
Gainera, Anek eta Cristinak azaldu dutenez, komunitatean bizi diren pertsonen egunerokotasuna ere aldatu egiten da: “Ez da gauza bera espazio gris, abandonatu eta zikin bat ikustea, edo artelan bat ikustea, kolorez betea eta zurekin erabat identifikatzen dena. Hori da artearen bidez bilatzen dugun inpaktua “.
Jump The Line-en taldearentzat zailena proiektuak aurrera ateratzeko finantzaketa aurkitzea da. Orain arte, hiru kantxak erakunde publiko eta pribatuen babesei eta diru-laguntzei esker berreskuratu ahal izan dira, baina funtzionamendua eta eguneroko lana donazioen mende daude.
Ane, Cristina, Jon eta Marinaren asmoa elkarte gisa eratzea eta honetan buru-belarri aritzea da. Izan ere, Mallorcako Udalarekin hitz egiten hasi dira dagoeneko, eta Zaragozatik ere harremanetan jarri dira haiekin, etorkizuneko esku-hartzeei begira. Nazioartean, Nepalen proiektu bat egitea eta Indiara itzuli ahal izatea da euren asmoa. “Ez dugu espazio berriak esploratzea baztertzen, nahiz eta oraingoz kirol gune asko dauden berroneratzeko”.