«Txikitan beti esaten nuen itzultzaile izan nahi nuela»

Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina

Ignacio Aldecoa kulturetxeko liburutegian egin dugu topo Itziar Otegi idazlearekin. Oso berea sentitzen duen lekua, denbora ematen baitu bertan liburu interesgarrien bila; izan ere Itziar literatura emakumea da. Baserri giroko haurtzaro batetik abiatuta zientzien bidetik egin zituen lehen ikasketak, baina urteek itzulpengintzara eraman zuten, eta handik literatur sorkuntzara. Jules Renard, Flannery O’Connor edo Etgar Keret bezalako autoreak euskarara ekarri ondoren, 2020an Lorerirk gorriena haurrentzako liburu ilustratua argitaratzen du, eta2024an orain arte bere azken liburua den Ezer ez dago utzi nuen lekuan ipuin bilduma. Ordutik bere ahots literarioa gero eta nabarmenagoa da.

Txikitatik izan zenuen harremana literaturarekin?

Etxetik datorkit neurri batean seguru, baina ez zuzenean. Nire etxean oso liburu gutxi egon izan dira. Nire gurasoek ez zuten ikasteko aukera handirik izan, eta liburuak gutxi ziren. Aitak bertso-paperak eta bertso liburuak bazituen, eta ahozko literatura bai, hori oso presente egon da etxean, batez ere amonaren bidez: haren kontakizunak, pasadizoak… Hortik etorri zitzaidan segur aski kulturarekiko lehen hurbilketa.

Liburuekiko zaletasuna, ordea, eskolako liburutegian sortu zen. Hori izan zen niretzat bigarren etxea. Egunero joaten nintzen. Oraindik ere gogoratzen naiz nolakoa zen. Baserrian bizi ginen, herritik pixka bat aparte, eta nik sekulako gogoa nuen eskolan hasteko. Segituan deskubritu nuen liburutegia eta oso txikitatik zaletu nintzen irakurtzera.

Zientzien bidetik hasi zinen, ez literaturatik. Nola iritsi zinen itzulpengintzara?

Beti gustatu izan zait ikastea. Edozer. Literatura gustatzen zitzaidan, baina baita zientziak ere. Ikasketak aukeratzeko garaian filosofia izan zen nire lehen aukeretako bat, baina azkenean biologiarekin lotutako zerbait aukeratu nuen. Seguruenik norbaitek esango zidan etorkizun hobea izango nuela zientzietan.

Elikagaien Zientzia eta Teknologia ikasi nuen eta laborategi batean hasi nintzen lanean. Hasieran gustura nenbilen, baina halako batean aldaketa behar bat sentitu nuen. Eta orduan gogoratu nintzen txikitan beti esaten nuela itzultzaile izan nahi nuela. Ahaztuta neukan ideia hori, baina berriro heldu nion. Lanean ari nintzela hasi nintzen ikasten eta gero jauzia egin nuen.

Literatura itzultzea zer da zuretzat?

Erronka handia. Azkenean literatura pentsamenduaren forma bat da, eta itzultzailearen lana beste norbaiten pentsamendua ulertzen saiatzea da, hori beste hizkuntza batean berreraiki ahal izateko.

Gainera, hori estilistikoki baliokidea izan daitekeen zerbait sortuz egin behar da. Oso jardun zaila iruditzen zait. Orain pixka bat idazten hasi naizenean, are gehiago errespetatzen ditut itzultzaileak.

Bidaia bat Itzultopiara ” testuan esaten zenuten literatura itzultzea ezinezkoa dela, baina hala ere egiten dela. Zer esan nahi du horrek?

Hori da ideia nagusia. Ehuneko ehunean baliokidea izango den zerbait ezinezkoa da, literatura hizkuntza baten barruan sortzen delako. Hizkuntza horretatik atera eta beste batera eramaten duzunean, nahi eta nahi ez beste zerbait ateratzen da.

Batzuetan alderdi batzuk errazago pasatzen dira hizkuntza batetik bestera, baina beste batzuetan galera bat dago. Eta hori ez da itzulpenaren aurkako diskurtso bat. Alderantziz. Gauzak diren bezala onartzea da.

Hizkuntza bakoitza material bat bezala da. Material batetik bestera zerbait eramatean, emaitza ezin da berdina izan. Hori onartuta ere, itzulpenak ezinbestekoak dira. Bestela ezin izango genituzke hainbat obra irakurri.

Itzultzailearen lanak merezi duen onespena al du?

Ez. Esango nuke azken urteotan gainera prestigioa galdu duela. Teknologia gailendu denetik, itzultzailearen figura pixka bat lausotu egin da. Idazleak beti izan du nolabaiteko prestigio handiagoa, baina orain diferentzia nabarmenagoa iruditzen zait.

Eta ez zait justua iruditzen. Literatura itzultzea oso jardun zaila da, eskakizun handikoa, eta onura ikaragarria dakarrena. Errekonozimendua, ordea, oso txikia da.

Nola jaso duzue adimen artifizialaren etorrera itzulpengintzan?

Ez dakit etorkizunak zer ekarriko duen, eta ez zaizkit profetak gustatzen. Baina uste dut teknologiaren inguruan inflazio moduko bat dagoela gaur egun. Badirudi dena egingo duela, baina oraindik ez zait hainbesterako iruditzen.

Gizakia oraindik guztiz beharrezkoa da. Eta gainera ez zait iruditzen joera hau ona izango denik langileentzat, gaur egungo dinamikak aldatu ezean.

Kuriosoa da gainera: urte luzez esan izan da hizkuntza dela gizakia gizaki egiten duena, eta orain justu hizkuntzaren eremuan ari dira garatzen adimen artifizialaren aplikazio handienak. Hizkuntza, giza ezaugarri funtsezkoa izatetik, merkantilizatutako tresna bihurtzen ari da.

Eta hori arriskutsua da. Teknologia tresna bat da, ez gehiago. Tresna izaten jarraitu behar du.

2024an argitaratu zenuen Ezer ez dago utzi nuen lekuan, Kutxa fundazio Donostia 2024k saritutako lana. Nolakoa izan da liburuaren bidea?

Oso polita. Hasiera bera oso berezia izan zen, saria irabazi eta gero argitaratzea. Ez da izan sekulako zalaparta sortu duen liburu bat, baina bere bidea egiten ari da.

Zer aurkituko du irakurleak ipuin bilduma horretan?

Bidean dauden pertsonaiak. Egoera batetik bestera trantsizioan dauden pertsonak. Aldaketa horretan beren burua berriz kokatzen saiatzen direnak.

Batzuetan egoera gogorragoetan, beste batzuetan argiagoetan, baina esango nuke badela nolabaiteko bizigogo bat ipuinotan. Bizitzen jarraitzeko eta norberaren izaerarekin koherentziaz bizitzeko bidearen bila dabilen jendea.

Ipuina da zure lurralde naturala?

Bai, zalantzarik gabe. Gehien gustatu zaizkidan idazleak ipuingileak izan dira beti, eta ni idazten hasten naizenean ere ipuinak ateratzen zaizkit.

Ez dakit inoiz eleberririk idatziko dudan. Agian egunen batean ipuin bat luzeegia egingo zait eta eleberri bihurtuko da, baina berez ipuina da gehien interesatzen zaidan generoa.

Zer ematen dizu ipuinak?

Bere laburtasun eta zehaztasuna. Ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esatea. Horrek erakartzen nau gehien.

Esan nahi duzun hori esateko modurik eraginkorrena aurkitzea da niretzat ipuinaren funtsa.

Eta hemendik aurrera zer?

Bi proiektu ditut esku artean, biak irudidunak. Bata haurrentzat da eta bestea helduentzat. Testuak nahiko aurreratuta daude eta irudiak sortzen ari dira orain. Haurrentzat idaztea ere asko gustatzen zait. Nahiz eta batzuetan zalantza egiten dudan zer den benetan haur literatura eta zer ez.

Azkenaldian bueltaka darabilt ideia bat: agian ez dugu barruan daramagun haurrarentzat idazten, baizik eta haur hori etorkizunean izango den helduarentzat.

Eskerrak Ignacio Aldecoa Kultura Etxeari bere espazioak lagatzeagatik.