PROIEKTUAK“Gure nortasuna galtzen badugu, galduta gaude”

“Gure nortasuna galtzen badugu, galduta gaude”

Maiatzaren 11n irekiko da Udal Folklore Akademiaren 2020-2021 ikasturteko eskaera berrietarako izena emateko epea. Roberto Alvarez bere zuzendariarekin hitz egin dugu

1990/1991 ikasturteaz geroztik, Udal Folklore Akademiak, Musiketxean duen egoitzatik, euskal musika eta dantza tradizionala irakasten eta zabaltzen jardun du Gasteizko herritarren artean. Baina bere historia duela hamarkada batzuk hasi zen.

Bere hasiera 60ko hamarkadan izan zen, Udal Dantza Akademia Txirinbil Elkartearen esku utzi zenean. Elkarte honek Udalaren ospakizun seinalatuetan protokolo lanak egiten zituen eta, era berean, dantzari harrobi bat zen. 1989an, akademiaren funtzionamendua berrikustea erabaki zuen Udalak, eta Indarra Elkarteak irabazi zuen lehiaketa publikorako deialdia egin zuen.

Gasteizko Udal Txistulari Banda./Endika Portillo

Urtebete geroago, Udalak bertoko dantza eta instrumentu akademia bat osatzeko oinarriak idatzi zituen baina inor ez zen lehiaketa publikora aurkeztu, eta horrekin batera Kultura Sailak bere gain hartu zuen ekimena. Horrela, hezkuntza eskaintza zabaldu egin zen, eta dantza klaseei alboka, trikitixa, txalaparta, txistu eta gaita eskolak gehitu zitzaizkien, gaur egun Udal Folklore Akademia bezala ezagutzen duguna eratuz.

138 ikasle lehenengo kurtsoan

1990/1991 ikasturtean ateak ireki zituen akademiak, eta guztira 138 ikaslek hartu zituzten eskolak diziplina desberdinetan. Gero, urtez urte, instrumentu-eskaintza zabaltzen joan zen; hala, bigarren ikasturtean perkusio-eskolak hasi ziren, hirugarren urtean panderoa eta txirula gehitu zituzten, laugarrenean musika-lengoaia sartu zuten eta seigarren urtean talde-eskolak ematen hasi ziren (instrumentala, korala eta dantza).

Udal Folklore Akademiak./ Rafa Gutierrez

Gaur egun, Udal Folklore Akademiak 800 matrikula ditu batez beste urtean, eta 24 langile enplegatzen ditu. 2020/2021 ikasturteko eskabide berrietarako izen-emate epea maiatzaren 11n hasi eta 24an amaituko da.

“Bi ildotan egiten dugu lan”, azaldu du Roberto Alvarezek, akademiako zuzendariak. “Alde batetik, 18 urtetik beherakoen eskolak daude, eta, bestetik, adin nagusikoenak“, dio. Ikasle gazteenak 6 urterekin has daitezke dantzekin eta 8 urterekin instrumentuekin. 7 urteko haurrek musika hastapenetan izena eman dezakete instrumentuak ezagutzeko eta, horrela, 8 urterekin gustukoen dutena aukeratu ahal izango dute. “Gehienak aitek eta amek animatuta etortzen dira”, dio Robertok.

Roberto Álvarez, akademiaren zuzendaria. / Yone Estivariz

Helduentzako eskolen helburua zale mailako musika edo dantza-gaitasuna lortzea da, gehienez 2 urteko epean pandero irakasgaian, 3 urteko epean euskal dantza eta txalaparta irakasgaietan, eta 5 urteko epean gainerako instrumentu-irakasgaietan. “Ikasle hauek oso fidelak dira eta asko ikasten dute. Benetan ikasi nahi dutelako apuntatzen dira, eta eskolak euren gaitasun eta jarrerara egokitzen direlako”, dio Alvarezek. 18 urtetik gorakoek, gainera, abesbatzarako izena eman dezakete.

Txistua eta trikitixa dira izarrak. Pop-folk taldeen boomak neska-mutil askok instrumentu horiek jotzen ikasi nahi izatera bultzatzen ditu, eta dagoeneko 100 ikasle ditugu horietako bakoitzean”, dio akademiako zuzendariak.

Zabalkunde lana

Udalaren Folklore Akademiak urtero egiten duen lan pedagogikoak Gasteizko ikastetxeetako ehunka ikasleri musika eta dantza tradizionala hurbiltzen laguntzen die. “Hiru jarduera desberdin egiten ditugu. Alde batetik, Lehen Hezkuntzako 2. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleei zuzendutako ‘Kontzertu pedagogikoak’ daude. Bi astetan zehar egiten dira, urria eta azaroa bitartean. Egunero bi saio egiten dira eta saio bakoitzean, bataz beste, 250 ikusle joaten dira. Bigarren jarduera udal haur-eskoletako haurrei zuzenduta dago. Festa txiki bat egiten dugu, eta tresnak erakusten dizkiegu. Eta azkenik ‘Dantza-tzen’, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoei zuzenduta. Saio bakoitzean 25 ikasle baino gutxiagoko talde batek parte hartzen du, eta hiru dantza erraz jartzen dira praktikan “, azaldu du Robertok.

Akademia San Anton egunean ateratzen da kalera.

Adierazi duenez, ikasleek oso modu positiboan erantzuten diete jarduera horiei, “Asko inplikatzen eta motibatzen dira. Txikienak erotu egiten dira instrumentuekin “. Kontzertu eta irakaskuntza horietatik akademiako ikasle berri asko ateratzen dira.

Baina duela 30 urte proiektua martxan jarri zenean, irakasleek ez zuten ikasgaiak emateko inolako material pedagogikorik. “Klaseak ia partikularrak ziren, eta maisu bakoitzak bere partiturak sortu behar zituen”, dio Robertok. Urteekin, sail bakoitza bere material eta irakasteko metodo propioa sortuz joan da. Partiturak informatizatzeko eta katalogatzeko lan handia geratzen zaie aurretik, etorkizuneko irakasleek lan egiteko materiala izan dezaten.

Dantza Plazan. Gasteizko Zortzikoa, abuztuak 5.

Akademian duten helburuetako bat herri tradizioak berpiztea da. Zuzendariak kontatzen du nola lortu duten, adibidez, San Anton jaian hiriko ikastetxeek parte hartzea. “Urtarrilaren hamazazpian betetzen dugu plaza. Horiek dira egin beharreko lanak; Santa Ageda bultzatzea, Lardero ostegunak, Dantza plazan… Jendeak oso modu positiboan erantzuten die jarduera horiei guztiei “. Robertok nortasuna ez galtzea “garrantzitsua” dela azpimarratu du. “Euskal folklorea gal ez dadin borrokatu behar da, nortasuna galduz gero galduta gaude“, dio.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar