FORMATUAKELKARRIZKETAK«Kultura da inguratzen gaituena, konturatzen ez bagara ere»

«Kultura da inguratzen gaituena, konturatzen ez bagara ere»

Gorka Basterretxea galerista eta kultur kudeatzailea da. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du atzean, eta ez du ilusiorik galdu artearekin hunkitzen jarraitzeko.

Gorka Basterretxea kultur eragileak 25 urte baino gehiago daramatza kultur guneen eta erakusketen kudeaketan. Lehenik, Donostiaren eta Gasteizen arteko erakusketen muntatzaile gisa, geroago eta 17 urtez Zuloa liburudenda eta erakusketa-aretoan, eta, azkenik, berak irekitako arte garaikideko Talka Galerian. Pandemiaren ondoren galeriak ateak itxi behar izan zituen arren, Gorkak bere esentzia bizirik mantentzen jakin du.

Komisarioa eta kultur kudeatzaile ibiltaria, Gorka Euskal Herri osoan zehar mugitzen da eta dagoeneko finkatuta dauden sortzaile eta artista berrientzako bidelaguna da. Nestor Basterretxearen semea, kulturak eta arteak presentzia handia izan dute beti bere etxean, eta modu naturalean ere bere bizibide eta bizimodu bihurtu da.

Argazkia: Kike Gómez

Nor da Gorka Basterretxea?

Kultur munduarekin lotuta dagoen pertsona bat. Edo, behintzat, horretan saiatzen naiz, mundu horretan egotean eta mundu hori sakontzean edo ikertzean. Beti kulturarekin lotuta egon naiz, izan ere familia, era batean edo bestean eta bakoitzak bere esparrutik, kultur-zalea eta kultur-eragilea daukat.

Lehenengo Zuloa liburu-dendan izan nintzen lanean, gero arte garaikideko Talka Galeria ireki nuen. Baina ordurako aitaren erakusketa askotan izanda nintzen, prestatzen eta muntatzen. Pandemia zela eta, Talka espazio gisa itxi behar izan nuen, baina proiektuarekin jarraitzen dut. Gaur ditudan lan eta proiektu guztiak Talka espazioan hasitako bidearen ondorio dira, horietan agertzen da bere ikurra.

Aita, Nestor Basterretxea izanik, kulturarekiko eta artearekiko lotura ezinbestekoa izan da. Nola izan ziren zure lehenengo urratsak mundu honetan?

Aita artista zen eta etxean betidanik ikusi, sentitu eta ikasi dugu kultura. Arteak beti izan du presentzia garrantzitsua gure etxean. Gure ateak beti irekita zeuden, eta gure mahaitik artista eta kultur arloko pertsona asko pasa dira. Horrek, nolabait, zure nortasuna moldatzen du, erraza da ikusi eta ikasi duzun bidetik jarraitzea. Ia familia guztia artista daukagu, bakoitzak bere erara, baina guztiok daukagu nolabaiteko erlazioa artearekin. Aita artista izateak eragin handia dauka.

Zure lehen pausuak Zuloa liburu-denda eta erakusketa-aretoan izan ziren. Nola da horrelako espazio bat kudeatzea?

Garai horretan zen liburu-dendaren arduraduna nuen ezagunea eta bion arteko elkarrizketa batez geroztik, nirekin harremanetan jarri eta beraiek zeukaten propiektuarekin jarraitzeko proposatu zidan. Beraiek oso argi zuten Zuloan komikia zela protagonista (eta dela, gaur egun baita ere). Niretzat oso erronka polita izen zen beraiek hasitakoarekin jarraitzea eta Zuloaren esentzia mantentzea.

Komikiaz aparte, arte-liburuak eta ilustrazio-liburuak bazeuzkaten, eta ildo horretik jarraitu nuen nik ere bai. Gaur egun hala jarraitzen du Zuloak, komikien eta arte-liburuen erreferentziazko espazioa da, hain zuzen ere.

Beheko solairuan erakusketak egiteko areto bat dago. Gehienetan goiko solairuan daukaten zerbaitekin edo aurkeztu berri duten komiki batekin lotuta dauden erakusketak badira ere, beste eratako artista plastikoek badaukate bertan beren artelanak erakusteko aukera.

Ni hasi nintzenean liburu-dendan bakarrik nengoen eta areto horretan bazegoen Iñaki Larrimbe arduradun gisa. Urte batzuk geroago, Iñakik beste proiektu batean murgildu zen, liburu-denda zabaldu eta lantalde polit bat geneukan jada. Hori dela eta, guk geuk hartu genuen beheko solairuaren aretoaren ardura eta liburuen, diskoen eta komikien aurkezpenetara bideratu genuen. Baina, dena den, beti izan da, eta bada, artistei irekitako esparrua.

Zergatik zu?

Bion arteko proposamena izan zen. Berak atzerrira joan nahi zuen eta proiektua norbaitengan esku utzi nahi zuen. Hilabetez berarekin izan nintzen ikasle bezala eta guzti-guztia ikasi ez banuen ere, berak alde egin zuen eta ni utzi ninduen bertan. Eta zergatik ni? Beti izan naiz kultur mundu polit honetan murgiltuta, zegoeneko Donostian egonda nintzen, erakusketa-muntatzaile bezala. Gasteizen baita ere. Eta, tira, egia esan, liburuak beti gustatu izan zaizkit, mundu polita deritzot.

Hala ere, sartu nintzenean lan “erraza” izango zelakoan nengoen. Eta, ezta gutxiago ere, lan potoloa da horrelako esparru kulturala eta liburu-denda kudeatzea. Zorionez irakasle ona izan nuen eta buru-belarri sartu nintzen.


Argazkia: Kike Gómez

17 bat urte geroago beste bide bat hartzea erabaki zenuen: Talka Galeria. Ausarta zu. Arte galeria Gasteizen.

Urte asko izan ziren bai Zuloan izandakoak, baina denbora hori pasa eta beste bide bat jorratzeko momentua iritsi zitzaidan. Une hartan ez zegoen Gasteizen arte galeriarik, areto kulturalak eta sormen-espazioak bai noski. Baina arte galeria tradizionalik ez zegoen Gasteizen. Niretzat berri zen baita ere, galeria eta erakusketa askotan egonda banintzen ere, aitaren erakusketa asko muntatu izan nituen zegoeneko eta galeria asko ezagutzen nituen jada. Baina galeria baten kudeaketa guztiz berria zen niretzat. Gertu nuen mundu ezezagun hori barrutik ezagutzeko aukera izan nuen, bertan ematen ziren nondik norakoak eta talkak ezagutu nituen. Oso esperientzia polita. Eta zer esan artistekin izandako harreman zuzen horren inguruan.

Proiektu berri batean sartzen zarenean ilusioz gainezka egiten duzu, zure indar guztiekin eta apustu handi egiten duzu horren alde, aurrera eramateko. Eta galerian ni batez ere banengoen ere, emaztearen eta semearen laguntza izan nuen, eta horrek baita proiektuak oso zentzu polita hartzera bideratu zuen.

Sortzaile berriak eta hemengo artistak.

Aitaren erakusketa batekin ireki nuen, baina nire ideiak edo galeriari eman nahi nion bideak bazeukan helburu zehatz bat. Alde batetik, sortzaile berriei galeria batean erakusketa bat egiteko eta beren artelanak erakusteko aukera ematea eta, bide batez, beraiek ezagutzeko arte galeria batean erakusketa bat egitea zer den. Izan ere, askotan artistek ez dakite erakusketa batek dakarren ardura eta barne-lan guztia. Era batean edo bestean, ezagutza prozesu horretan laguntzeko asmoa hartu nuen.

Eta, bestetik, izena hartuta daukaten artistekin lan egin nahi nuen. Hasieran hemengo artistekin hasi nintzen, Arabako artistekin, gertutasunagatik. Baina, pixkanaka, Euskal Herria osora zabaldu genuen Talka.

Nola da galeria/galerista baten “praxia”?

Askok ez badakite ere, galeria baten lana ez da artelana erakustea bakarrik. Lehenik eta behin, artistarekin erlazio estua izan behar duzu. Agian “estua” ez da hitza, baina bai “ezagutza-erlazio” bat, non batak bestearen nahiak ezagutzen dituen. Erlazio hori nahigabe sortzen da, egia esan; ia hasieratik, lehenengo elkarrizketatik zuk artista, eta artistak zu, ezagutzen hasten zarete. Artelanak aukeratu, espazioaren arabera, gaiaren arabera, baldintza asko daude erakusketa bat osatuko duten artelanak aukeratzen direnean. Erakusketaren ibilbidea diseinatu behar da. Artistak badauka bere ideia eta zuk zeuk badaukazu zurea. Akordio batera ailegatu behar da, non bai artistaren esentzia zein galeriaren nortasuna islatzen diren.

Eta diruarena. Arte galeriaren helburuak bi dira: artea erakustea eta saltzea. Eta, beraz, artistaren eta galeriaren ehunekoa adostu behar da. Hori dela eta, garrantzitsua da artistaren eta galeriaren arteko erlazioa, komunikazioa eta gardentasuna. Ez da beti erraza, baina intentzioarekin elkarrekiko onura lortzen da.

Zailagoa da artista bat baino gehiagok osatzen dutenean erakusketa, beraien artean ere ados jarri behar direlako. Baina, hala ere, nik oso esperientzia politak bizi izan ditut. Oraindik ere mantentzen ditudan harreman asko.

Argazkia: Kike Gómez

Talka Galeria, espazio fisiko gisa, itxita badago ere, Talka proiektua martxan jarraitzen du.

Gauza bitxia gertatu zen. Galeria ixteko erabakia hartuta nuela, Juan Celaya Fundazioa jarri zen nirekin harremanetan. Fundazio honek, oro har, Euskal Kultura, bere adierazpenik zabalenean, babestea eta sustatzea du helburu. Hori dela eta, euskal kulturarekin lotutako ekintza desberdinak bultzatzen dituzte. Eta atal hori kudeatzeko aholkulari bat behar zuten. Oso elkarlan aberasgarria da, proposamen desberdinak aurrera eramateko gai naizelako bere babesarekin.

Alde batetik, artista plastikoekin lan egiten dut zuzenean, beren artelanak Euskal Herrian zehar zabalduz. Adibidez: Miriam Isasiren “Tres ejercicios de tiro” erakusketa Zuloan; edo Zaloa Ipiñaren “Txepetx” Biasteriko Garcetas Etxean, besteak beste. Baina, bestetik, Fundazioarekin gai zehatz baten inguruko beste eratako erakusketak antolatzeko eta ekoizteko baliabideak ditugu. Azkena, Emakumea Ardogintzan izeneko proiektua eta erakusketa, non historialari, ilustratzaile eta itzultzaile bat egon diren murgilduta.

Espazio fisikoa ez badut ere, artista desberdinekin lanean jarraitzen dut eta Talka proiektuaren nortasuna bizirik jarraitzen du, artista hauek eta gune kulturalak elkartuz eta beren artelanak erakusteko aukerak bilatuz.

Zer deritzozu artista, sortzaile eta espazioen arteko sarea sortzearen inguruan?

Beti alde. Beti izan naiz sarea sortzearen alde. Sortzen saiatu naiz, eta horretan jarraituko dut. Zergatik ez dugu mugitzen Gasteizen dagoen erakusketa bat Bilbora? Edo Donostiak honera? Adibide bat jartzearren. Ba ez, ez da egiten. Eta saiatzean, konturatzen zara pentsatzen duzuna baina zailagoa dela. Erakusketak muntatu eta desmuntatu egiten dira. Egun batean hasi eta bestean bukatu, ez daukate mugimendurik ezta jarraipenarik. Pena bat. Egiturak sinplifikatu behar dira, erakusketa horiek ibiltariak izan daitezen eta jende gehiagorengana ireki daitezen.

Datorren urtean, 2024an, Nestor Basterretxearen jaiotzaren 100. urteurrena da, Chillidarena baita ere. Eta Basterretxearen omenezko erakusketa desberdinak prestatzen ari naiz Euskal Herriko esparru desberdinetan. Hori dela eta, nire asmoa da leku batean hasi eta beste esparru batzuetara mugitzea. Beraz, ahal dudan heinean, horretan ari naiz, sare hori josteko bidea eraikitzen.

Zaila da arte galeria bat mantentzea?

Galeria ireki nuenean askok ohartarazi ninduten, Gasteizen, Araban, artea erosteko ohiturarik ez zegoela.

Hala ere, aurrera egin nuen eta, egia esan beharra dago, espero nuena baino eragin txikiagoa lortu nuen. Arrazoia ez dakit, egia izango omen da hemen artea erosteko ohiturarik ez dagoela. Edo akaso erosteko eta artea lortzeko modua ere aldatu dela izan daiteke.  Orokorrean kontsumitzeko modua aldatu dugu, gauzak azkarrago lortu nahi ditugu. Artistek eurek ere beste era batera ulertzen dute sorkuntza, artea eta hau erakusteko eta saltzeko modua. Ez da ez okerragoa ez hobea, desberdina da, momentura egokitu eta egiten duzunarekin oreka bilatu behar duzu.

Artea gozatu behar da.

Gogoratzen naiz aitarekin txikitan El Prado-ra – edo Bilboko edo hemengo Arte Ederretako Museora- joaten ginela, Velazquez baten aurrean jarri eta urduritasuna eta emozioa zetorkion aitari. Horrelako artista baten obra baten aurrean jarri eta “beitu..” eta “adi hor…”, emozionatu egiten zen. Eta ondorioz gu ere bai. Emozio hori, urduritasun hori sentitzen duzu. Aldamenekoa horrela ikusteak, zuk ere sentiaraztera bultzatzen zaitu. Eta geroztik, ni ere koadro edo eskultura batena aurrean jartzen naizenean, urduri jartzen naiz, emozionatu egiten naiz. Musika on bat entzuten duzunean gertatzen den bezala ezta? Bat-batean negarrez hasten zara, irribarrea ateratzen zaizu, guztiok maitemindu gara abesti batekin.

Hori da kultura, hori da artea. Ez gara konturatzen, baina egunero ikusten, sentitzen eta ikasten dugu kultura.

Argazkia: Kike Gómez

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar