SAKONEAN“Gasteiz hiri ezin hobea da publiko fidela sortzeko, baina programazio egonkor bat...

“Gasteiz hiri ezin hobea da publiko fidela sortzeko, baina programazio egonkor bat behar da”

Garbiñe Ortega zinema-kuradorearen lana ezagutuko dugu, eta Gasteizko ikus-entzunezko programazioa aztertuko dugu harekin.

Garbiñe Ortega zinema kuradorea eta ekoizlea da./Endika Portillo

Garbiñe Ortega zinema kuradorea eta ekoizlea da. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da EHUn, eta zinema esperimentalean eta ez-fikzioan espezializatuta dago. Bere praktika komisariotzan, hezkuntzan, publikoak eraikitzean eta esperientzia kolektibo zinematografikoa zabaltzen duten esparru espezifikoak sortzean oinarritzen da.

Azken urteetan Kalifornian eta Mexikon bizi izan da, eta bere kuratorio-lana Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako hainbat jaialditan erakutsi du nazioartean. Duela egun batzuk amaitu zuen Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian, azken lau urteetan zuzendari artistikoa izan eta gero.

Urteak daramatzazu zinema-kuradoretzan, pertsona askorentzat ezezaguna den lanbide batean. Zein da kuradore baten lana?

Zinemaren kuradoretza nahiko lanbide ezezaguna da munduaren alde honetan, nahiz eta museoetan 40ko hamarkadatik dagoen profil bat izan. Arte komisarioaren antzeko ofizioa da, eta ez ditu artelanak bakarrik aukeratzen, baizik eta hautaketa horren bidez diskurtsoa sortzen du. Zineman, editorearenarekin aldera dezakegu; ikuslearentzako diskurtso bat edo mezu edo ibilbide batzuk sortzeko harremanetan jartzen dituzun material batzuekin lan egiten duzu.

Nola prestatu zinen horretarako?

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Leioan. Ia modu intuitiboan hurbildu nintzen lanbidera, egiten ari nintzena komisario filmikoa zela jakin gabe. Zinema modernoaren historiari buruzko ikastaro bat ematen ari nintzela, parte-hartzaile batek, Artiumeko langilea zenak, museoan aldizka kolaboratzera gonbidatu ninduen. Laborategi zoragarria izan zen, eta interesatzen zitzaizkidan gaiak praktikan jarri ahal izan nituen, modu guztiz intuitiboan, hala nola, hezkuntza, zabalkundea eta ezagutzen transmisioa. Zinema-jaialdietan probatzen eta lan egiten aritu ondoren, beste zerbait zegoela susmatzen nuen, eta AEBra joan nintzen, San Frantziskoko Pacific Film Archivera. Han egonaldi profesional bat egin nuen, eta nik susmatzen nuen sakontasun horretatik ikasi nuen, baita lanbide honetan kontuan hartu behar dituzun teknika eta gai horietatik ere.

Zure kuratoretza-lana nazioartean erakutsi da Anthology Film Archives (NYC), San Francisco Cinematheque, La Casa Encendida, Tabakalera edo Moreliako Nazioarteko Zinema Jaialdian. Nola lortu duzu nazioartean lekua egitea sektore honetan?

Bideak aztertzen, ez dago formularik. Beti jarraitu izan diot nire intuizioari eta gehiago jakiteko gogoari. Asko interesatzen zait ikertzea eta lan berriak aurkitzea, eta, beraz, AEBetatik hasi nintzen proiektuak aurkezten Europarentzat eta Europatik AEBentzat. Pixkanaka-pixkanaka, aukerak zabaltzen eta eremu berriei buruzko ikerketak egiten joan nintzen. AEBko abangoardia ekartzen zuen Madrilgo La Casa Encendida edo Bartzelonako CCCB bezalako toki ezberdinetara, Espainian inoiz erakutsi ez ziren lanak.

Garbiñe Orteka elkarrizketa bitartean./Endika Portillo

Esperientzia duzu estatuko eta atzerriko jaialdietarako programatzen. Ba al dago alderik programatzerakoan? Nola aldatzen da zure lana proiektu batetik bestera?

Aldatu egiten da lan egiten duzun jaialdiaren edo museoaren arabera. Jakina, Mexikon, AEBetan, Frantzian edo Espainian modu desberdinean lan egiten da, baina nire kasuan gehiago dago espazio edo jaialdi bakoitzaren ildo editorialaren mende, bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Jakin behar duzu non zauden, norentzat lan egiten duzun, nortzuk diren zure publikoak, zein diren programazioak, eta abar. Alderdi asko hartu behar dituzu kontuan, proiektu bakoitzaren arabera.

Kuradorea lanetan, zure gustu pertsonalak antolakuntzak edo jaialdiak berak eskatzen dizunetik bereizi behar dituzu? Eta horrela bada, nola egiten duzu?

Zortea izan dut beti interesatzen zaizkidan film eta lerroekin lan egiteko. Jakina, begirada zabala eta eskuzabala izan behar duzu. Lantzen duzun testuingurua ulertu behar da, eta ikusi nola eraiki dezakezun programazio koherente bat.

Kontua ez da zuri interesatzen zaizuna programatzea, baizik eta zure programazioarekin erantzutea zure ustez espazio horrek behar duenari. Baina subjektiboa izango da beti, zure ustez beste norbaitentzat garrantzitsua dena agian ez baitzaio gustatzen. Kuradoretzak kuradoreen begiradetan sinesten du, eta horixe da, hain zuzen ere, kuradoretza lanak ematen duena. Ez zaio beldurrik izan behar subjektiboa izateari, subjektibotasun hori besarkatu behar da, begirada propio hori.

Globalizazioarekin eta Interneterako sarbide handiagoarekin, oztopo geografikoak desagertzen ari dira, eta imajinatzen dut aukeraketa horren obren kopurua asko handituko dela azken urteotan. Nola kudeatzen da hau?

Proposamenak biderkatu egiten dira, eta, ondorioz, bilaketa fin eta zaindu hori zailagoa da. Beste era bateko erronkak dira; 70eko hamarkadan, lana ikusi gabe programatu behar zuten kuradoreek, eta orain guztiz kontrakoa da, 20.000 film dituzu zure helbide elektronikoan. Erabat aldatu da lan egiteko modua. Ikuslearentzat lan digerigarri eta jasangarriak antolatzeko eta taldekatzeko lana askoz garrantzitsuagoa bihurtzen da.

Lau urteko epea amaitu berri duzu Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistiko gisa. Nolakoa izan esperientzia eta zer ikasi duzu bidaia honetan?

Oso esperientzia aberatsa izan da, oso bizia eta oso atsegina. Interes handia sortu duen proiektu bat aurkeztu dugu. Nire helburu nagusietako bat normalean zinema-hitzordu horietan zinemara joaten ez diren publikoak erakartzea zen. Ikusleen eta artisten arteko benetako gurutzaketa bat izan da, eta programazioaren bidez apelatuak eta interesatuak sentitu direnak. Niretzat hori izan da poztasun handienetako bat. Esperientzia kolektiboari lotutako zinema performatiboago baten aldeko apustua egin dut, hibridoaren ideia hori bilatu dut, baina baita kolektiboarena ere. Oso pozgarria izan da programarekin hain sutsua eta konprometitua den erantzuna ikustea.

Garbiñe Ortega Punto de Vista Jaialdian./ Punto de Vista

Punto de Vista jaialdiko zuzendaritza artistikoa lehiaketa publikoaren bidez aukeratzen da. Ona al da kultur jaialdi batentzat zuzendaritza aldian-aldian aldatzen joatea? Zer ekarpen egin diezaioke horrek jaialdiari berari?

Funtsezkoa iruditzen zait horrelako prozesu gardenak izatea, lana duintzen dutelako, eta kuradoreen berariazko ezagutzari eta esperientziari balioa ematen diotelako. Gainera, aurpegi eta izen berriak ezagutzera ematen ditu, ziur aski bestela horrelako postuetarako sarbiderik izango ez luketenak. Bestalde, oso osasungarria iruditzen zait proiekturako zuzendaritza artistikoari berriro ekitea, nahiz eta ziklo laburra den eta ibilbide luzeagoa behar den ildo jakin batzuk garatzeko.

Zinemako publikoak, dantzako publikoak eta museoetako publikoak aipatzen dira, baina dagoeneko proiektu askok proposatzen dute arte-diziplinek bat egitea. Zure esperientziaren arabera, zenbateraino eragiten du diziplina artistikoak kulturaren kontsumoan, eta zenbateraino proiektuen “kontakizunak/esentziak”?

Proiektua zein den, ideia zein den, ardatz tematikoak zein diren eta egoera horretan jartzen dituzun eragileak zein diren jakinarazten jakin behar da. Kuradoretzan esperientzia kolektibo batera deitzen dituzu pertsona batzuk, eta aurreiritzirik gabe zeharkatzeko eskatzen diezu, ‘Hori zinema da eta ni ez naiz hurbiltzen dantzakoa naizelako’ pentsatu gabe, eta alderantziz. Hori izan da nire lan egiteko modua eta hori izan da Punto de Vista Jaialdiaren programa pentsatzeko modua. Lau urte hauetan lortu da helburu hori, izan ere, musikariak, koreografoak, dantzariak, soinu-artistak hurbildu dira eta mundu guztia sentitu da esperientzia horren parte. Ez dira bakarrik joan ‘dantza’ kategoriako jarduerara, baizik eta sentitu dute dantzarekin lotuta egon zitekeen pieza espezifiko hori osotasun baten parte zela.

Azken urteotan Montehermosoko Zinema Gaur programaren buru izan zara, eta Artium eta Tabakaleraren arteko lankidetzatik sortutako “zinema feministaren istorioak” zikloan parte hartzen duzu. Zer profil hurbiltzen dira horrelako proposamenetara eta zer baldintza bete beharko lirateke Gasteiz bezalako hiri batean ikus-entzunezko publikoen lanean eragin ahal izateko?

Programazio egonkor bat behar da. Gasteiz hiri ezin hobea da publiko fidela sortzeko; gogoa, jakin-mina eta erantzuna ikusten ditut, ikus-entzunezko edozein proposamenekiko aurreiritzirik gabe. Proposamen batek publiko bat sortu duenean, desagertu egiten da. Horrelako ekintzak ikusteak pena handia ematen dit, kultur eragileok badakigu konplikatuena fideltasuna eta erantzuna sortzea dela, jendea programa baten parte sentitzea.

 

Garbiñe Ortega./Endika Portillo

Ildo horretan, nola jorratzen da Gasteizen haur eta nerabeakiko lana, publikoekin lan egiteko zutabe baitira?

Ez ditut argi ikusten hiri honetako kultur politikaren ildoak. Helburuak eta planak ulertu nahi nituzke, gauzak norantz doazen. Proposamen zoragarriak daude hainbat eremutan, baina urriak dira egin litekeen guztiarekin alderatuta. Gasteizek kultur hiria izateko aukera handiak ditu, oso jende baliotsua du, oso eragile artistiko interesgarriak ditu, baina, hala ere, nolabaiteko konstantziarik ez dagoenez, ekosistema hau ezin da izan behar lukeen bezain indartsua eta oparoa.

Artiumen eta Tabakaleraren arteko lankidetzaren kasua aipatu genuen. Beste kultur eragile batzuekiko lankidetza formula interesgarria al da Gasteiz bezalako hiri baten ikus-entzunezko eskaintza aberasteko?

Jakina. Asko sinesten dut horrelako lankidetza eta sinergietan, beti praktikatu izan dudan zerbait da, oso osasungarria iruditzen zait. Espainian premiagatik nagusitu da, baina munduko beste leku batzuetan oso modu naturalean egiten da, esklusibotasuna bilatu gabe. Zorionez, hemen gero eta gehiago egiten ari da borondatez, baina oraindik formula gehiago daude praktikan jar daitezkeenak eta nahiago nuke emango balira, horrekin denok irabazten baitugu.

Ikus-entzunezko eskaintzaren arloan Gasteizen landu beharreko premiazko gaien zerrenda bat egiteko esatuko bagenizu, zein izango lirateke zure lehen puntuak?

Gasteiz jatorrizko bertsioko zinema-aretorik ez duen hiria da, eta horrek atentzioa ematen dit. Kalitatezko programazio jarraitua, jaialdi bat edo hainbat jaialdi izatea ere mereziko lukeela uste dut, programazio askotarikoa, heterogeneoa, mundura irekia eta kalitatezkoa eskaintzen dutenak. Gainera, mugimenduzko irudian interesa duten artista berriak zaindu beharko lirateke, izaera ezberdineko prestakuntza-programen bidez.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar