FORMATUAKERREPORTAIAKUrte t 'erdi Kultura bizian

Urte t ‘erdi Kultura bizian

Go Gasteiz Kultura abian jarri eta 18 hilabete geroago, proiektuaren ebaluazioa egin dugu honek sektorean eta herritarrengan duen eragina ezagutzeko.

GO Gasteiz Kulturak 2019ko uztailean ekin zion bideari. Gasteizko Udaleko Kultura Sailak bultzatuta, Arabako hiriburuko kulturaren aldeko eta kulturarentzako komunikazio-proiektu gisa sortu zen ekimena. 18 hilabete geroago, proiektuaren ebaluazioa egin dugu, honek sektorean eta herritarrengan duen eragina ezagutzeko. Horretarako, iritzia eskatu diegu orain arte elkarrizketatu ditugun pertsonei, podcastetako parte-hartzaileei, sare sozialek jarraitzen dituztenei eta buletinaren harpidedun direnei, Kulturako Elkargunean parte hartzen dutenei, Kultura Saileko lantaldeari eta Instituto Ciudad Jardín-eko Marketin eta Publizitateko goi-mailako zikloko ikasleei. Jarraian, balorazio prozesu honetan ateratako ondorio nagusiak partekatuko ditugu zuekin.

GO Gasteiz Kultura komunikazio digitaleko estrategia bat da. 2019ko abenduan, hiriko hainbat lekutan aurki daitekeen informazio-liburuxka bat argitaratu zen paperezko bertsioan, baina bloga, sare sozialak (Facebook, Twitter eta Instagram) eta aldizkari digitala dira GO Gasteiz Kulturaren lan-kanal nagusiak. Jasotako iritziek ondo adierazten dutenez, proiektuak eten digitalean eta Interneten ez dauden publikoetan ditu bere mugak. Irtenbide gisa, pertsona batzuek proposatzen dute online estrategia ekintza presentzialekin osatzea, dela jai-girokoa (kultura-programazioarekin) eta GO herritarrengana hurbiltzea, dela proiektua publiko jakin batzuen artean zabaltzeko helburuarekin. Horixe bera egin da ebaluazio-ariketa honen bitartez, Instituto Ciudad Jardín-eko ikasleen eta irakasleen konplizitateari esker. Gehienek ez zuten GO ezagutzen, baina topaketa oso baliagarria izan zen proiektua helarazteko eta, aldi berean, emandako iritziekin aberasteko. Jarraian, lan-saioan egindako ilustrazio batzuk partekatuko ditugu.

Digitalean mugak egon badira ere, datuek erakusten dute GOren kanal guztiek hazkunde positiboa izan dutela duela 18 hilabete martxan jarri zenetik.

Blogak 11.000 erabiltzaile bakarren bisita jaso du, hileko batez bestekoa 650ekoa izanik. 38.000 orrialde bisitatu dituzte, eta 2020ko apirila eta maiatza jarraipen handiena izan duten hilabeteak izan dira. Jarraitzaileen % 65 emakumeak dira (hori gainerako sare sozialetan ere gertatzen da), eta irakurleen adin-tarte ohikoena 35 eta 54 urte bitartekoa da. Bloga astean behin du sarrera berri bat, eta galdetutako pertsona gehienek bisitatzen dute, hilean bitan; izan ere, horietako askok diote sare sozialetatik zuzenean sartzen direla asteko artikuluak, erreportajeak eta/edo podcastak kontsumitzera. Kanal hori hobetzeko proposamenen artean, diziplina artistikoen araberako etiketen erabilera aktibatzea planteatzen da, adibidez, musikarekin, antzerkiarekin, dantzarekin, zinemarekin eta abarrekin soilik lotutako edukiak eskuratu nahi dituzten erabiltzaileek zuzenean jaso ahal izan ditzaten.

Sortzen diren edukiek ikusgarritasuna eman nahi diete artista eta sortzaileei, kultura eta sormen-espazio eta proiektuei, bai eta kulturarentzat interesgarriak diren gaietan espezializatutako pertsonen ahotsei ere. Aipamen berezia merezi du zureago atalak. Udaleko kale hezitzaileekin elkarlanean egiten da, eta gazteek eurek aukeratzen dituzten artistak podcast formatuan elkarrizketatzera gonbidatzen ditu. Haiek arduratzen dira elkarrizketatua aukeratzeaz, baina baita harekin harremanetan jartzeaz, elkarrizketa diseinatzeaz eta grabazio-egunerako eskaleta egiteaz ere.

Eduki propioak testua, ikus-entzunezkoa, argazkia edo soinuak dute euskarri, eta guztiak hiriko kultura eta sormen-sektoreko argazkilarien, errealizadoreen eta beste profesional batzuen lanari esker sortzen dira. Ebaluazioan parte hartu duten pertsonek oso modu positiboan baloratu dute formatu-aniztasun hori, bai eta gai, diziplina eta azpisektore mota desberdinei (bereziki ezezagunenei) arreta eskaintzea, edukien tonu positiboa, eta gaiak garatzeko sakontasun eta azterketa-maila ere.  Egin diren proposamenen artean, besteak beste, eduki esperimentalagoak sortzea eta proiektu alternatiboagoei arreta ematea, bai eta sortzaile berriei eta euskarazko sorkuntzari sustapena emango dieten atal espezifikoak sortzea, edukiak batera erabakitzeko sistema bat egituratzea edo Euskadi mailako eta tokiko beste hedabide batzuekin lankidetza ezartzea ere, hiriko sektorearen presentzia haz dadin, bai hirian, bai ondoko probintzietan.

Orain arte 66 eduki sortu dira. Hona hemen laburpena:

Elkarrizketatutakoen eta ebaluazioan parte hartutakoen %80k interesgarritzat jo dituzte GOk bere proiektuei buruz planteatutako gaiak, eta positibotzat jo dute argitaratutako edukien azken emaitza; diotenez, horien bidez kulturak eta sormenak gizartearen funtsezko elementu gisa duten balioa nabarmentzea lortzen da. Hala ere, proiektuaren irekieran oraindik ere hobetzeko tartea dagoela ondorioztatu da; izan ere, hainbat erakundek adierazi dute edo ez zekitela GOri gaiak proposatzeko aukera zutenik, baina ezta ere proposamen horiek nola helarazi. Dagoeneko proposamenak helarazi dituztenen artean (eremu publikokoak zein pribatukoak), GOk emandako erantzunarekiko asebetetze-maila ona da.

Sare sozialei dagokienez, jarraian zehazten dira haiei lotutako zifra batzuk (oharra: abenduko zenbakiak zertxobait alda daitezke testu hau idazten den egunetik argitaratzen den egunera):

Hazkundeari dagokionez, Facebook da jarraitzaileen kopurua motelago handitzen duen sare soziala, eta, beraz, hilabete hauetan zehar, GOk bere zozketa gehienak kontu honen bidez egitea erabaki du. Emaitza positiboa izan da, zozketek profilaren jarraipena aktibatu baitute. Zozketen euskarria ikuskizunetarako sarrerak edo Gasteizko saltoki espezializatuetan kultura-produktuak erosteko kupoiak izan dira.

Sare sozialen bidez zabaldutako edukiei dagokienez, aipatu behar da horiek blogaren berezko edukietatik haratago doazela; izan ere, kanal horien bidez hiriko hainbat kultura-eragilek argitaratzen dituzten edukiak partekatzen dira, bai eta sektorearentzat edo publikoarentzat interesgarriak diren beste informazio batzuk ere, hala nola agenda. Azken horri buruz aritu dira, hain zuzen ere, ebaluazio-prozesu honetan kontsultatutako pertsona batzuk: zergatik ez sartu eguneroko kultura-hitzorduei buruzko atal bat? Beste modu batera egin zitekeen, baina, egia esan, GOk hasieratik erabaki zuen ez zela proiektuaren lehentasunetako bat izango, gai horri espreski erantzuten dioten beste bitarteko batzuk daudelako (komunikabide inprimatuak, irratiko agenda-atalak, Kulturklik bezalako web-atariak edo udalaren beraren orria, etab.). Sareetan argitaratutako beste eduki mota batzuei dagokienez, deialdiei eta sektorearentzako laguntzei buruzko informazioa da baloratuena. Ebaluazioan parte hartu duten pertsonek sare sozial berriak gehituko lituzkete? Gehienek ez, nahikotzat jotzen dituzte, baina batzuek Pinterest, Tik tok, Twitch edo Whatsapp aipatzen dituzte.

GO hileko lehen ostegunero bidaltzen du bere informazio-buletina. Gaur egun, 165 dira harpidetuta dauden pertsonak; 100ek gaztelaniazko bertsioa jasotzen dute eta 65ek euskarazkoa. Oraindik ere newsletter hori jasotzen duten pertsonen kopurua hobetzeko tarte handia badago ere, positiboki baloratzen da irekiera-tasa, harpidedunen erdiek baino gehiagok buletina kontsultatzen baitute. Eduki arrakastatsuenak erreportaje propioak eta profesionalei zuzendutako laguntzei edota ikastaroei buruzko informazioa dira.

GO Kultura Plan Estrategikoaren (KPE) baitako komunikazio-estrategia da. Hiria plan horretan sartuta dago 2021era arte, eta, beraz, GOren azken helburuetako bat da sektorea finkatzen laguntzea. GOk eragin positiboa al du hiriko egitura kultural eta sortzaileentzat (publikoak eta pribatuak)? Bai, kontsultatutako pertsona gehienen arabera, baina sektorearen indartzean benetako eragina izateko, beste izaera bateko ekintzekin osatu behar dela diote.

GOren jarraitutasunari eta sendotzeari dagokionez, Covid – 19ak sortutako krisia eta balizko aurrekontu-murrizketak dira proiektu honen mehatxu nagusiak; era berean, kultura-komunikazioan espezializatutako foro profesionaletan jardunbide egokiaren adibidetzat jarri behar dela diote.

Azkenik, eskerrik asko ebaluazio-lan honetan zuen denbora eman duzuen guztioi. GO Gasteiz Kulturako taldeak ekarpen guzti hauek besapean, lanean jarraituko du Gasteizko kultura eta sormen-sektorearen alde.  2021a ilusio berrituez betea etor dadila. Urte berri on!

 

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar