
Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola Euskadiko arautu gabeko ikastetxerik zaharrena da. Peñafloridako kondearen plazako eraikin historikoan milaka ikasle prestatu dira, besteak beste, Diaz de Olano artista, Manuel Iradier esploratzailea, Modesto Lomba jostuna eta Julio de Saracibar arkitektoa.
Marrazketa Eskola bezala jaio zen, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-ek 1774ko irailaren 21ean sortua. Zentroa, ingeniari eta marrazkilari trebatuak izateko hiriak zituen beharrengatik sortu zen.

Garaietara egokitzea
Eskola eraldatuz, eboluzionatuz eta gizartearen beharretara egokituz joan da. Hasierako marrazketa-klaseei arte eta artisautzako hainbat ikasgai gehitu zitzaizkien, baita industria-irakaskuntzen eta merkataritza-arlokoen aukera zabala ere. “Garai hartan, eskolak gauez ematen ziren. Ikasleak lanetik ateratzen zirenean, eskolara joaten ziren prestatzera”, azaldu du Elisabeth Palacios Arte eta Lanbide Eskolako zuzendariak. Ikastetxea diseinu, marrazki, arotzeria eta pintura klaseekin hasi zen. Geroago, beste lanbide batzuk sartu ziren, iturgintza eta elektrizitatea, esaterako. Urte batzuk geroago larrukigintza, koadernaketa, zeramika eta ehungintza gehitu ziren. Irakasgai horietako batzuk oraindik ere ematen dira.

Gaur egun, Arte eta Lanbide Eskolaren helburua nahi duen edonor artearen, sorkuntzaren eta gozamen artistikoaren mundura hurbiltzea da. Sorkuntza plastikoarekin, marrazketarekin, pinturarekin, eskulturarekin, teknika grafikoekin, zeramikarekin, larrugintzarekin, zurarekin, azaleztatzearekin, ikus-entzunezkoekin eta argazkigintzarekin lotutako ikasgaiak ematen dira. “Errioxako, Burgosko eta Euskadiko gainerako herrietako jendea joaten da. Komunitate honetan horrelako ezaugarriak dituen arte eta lanbideen eskola bakarra da. Ikasle gazteenak 3 urte ditu eta zaharrenak 90 baino gehiago”, adierazi du Elisabethek.
Ikastaroak eta tailerrak
Gaztetxoen ikastaroak adinaren arabera banatzen dira. 3 eta 4 urteko ikasleak ‘Artearen jolasa’ tailerrarekin hasten dira eskolan, eta bertan jolastuz ikasten dute sortzen. 4 eta 8 urte bitarteko haurrak ‘Haurren sormena’ ekimenera joaten dira. Proposamen horren bidez, jakin-minari bizirik eutsi nahi zaio, eta beren adierazpen eta sormen-potentziala bideratu nahi da, ‘abezedario grafikoan’ oinarritutako jardueren bidez, kolorearekin eta orbanarekin lotutako gaiak jorratuz.

‘Arte gaztea ‘tailerra 8 eta 16 urte bitarteko gazteentzat da. Edukiak espezifikoagoak dira ikasleak hazi ahala. Hala ere, eskolak “oso atseginak” direla azpimarratu du Elisabethek. Jada ez da sufritu behar marrazten edo margotzen ikasteko“.
Arte eta Lanbide Eskolak ere sormen-tailerrak ematen dizkie hiriko ikastetxeetako ikasleei. Jarduerak 16 urtetik beherakoentzat dira eta 6 orduko iraupena dute, bi saiotan banatuta. Helburua arte plastikoen berezko adierazpen-bitartekoak ezagutaraztea eta sormen-gaitasuna eta parte-hartze kolektiboa sustatzea da. “Humanitateak eta arteak desagertu egin dira, eta hori arazo handia da. Sormenaren eta gizatasunaren alderdia oso garrantzitsua da pertsona onak prestatzeko. Gizarte honek zerbait behar badu, jende sortzailea da, sortzerakoan arazo askoren konponbideak aurkitzen baitira “, adierazi du Elisabethek.

Eskolan uste dute arteen prestakuntza oso urria dela Araban eta Euskadin. “Araban badaude Batxilergo artistikoak, baina apustu handiagoa egin beharko litzatekeela uste dut”, dio Palaciosek. Hori dela eta, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek ‘Preparatorio’ egiteko aukera dute. Arte Ederretara edo Arkitekturara sartzeko azterketei begira ikasleak prestatzeko sortu zen ikastaroa. “Ikastaroa arrakastatsua da eta profil ezberdinetako gazteak joaten dira, nahiz eta dagoeneko ez den kolektibo horrentzat zehatza; nahi duen orok egin dezake”, azaldu du zuzendariak.
Helduek ere eskolako ikastaro eta tailerrez gozatzen dute. Argazkigintza, zinema digitala, zura zizelkatzea, zeramika, eskultura, pintura edo grabatua, besteak beste. Izan ere, ikasleen profila asko aldatu da bi mende baino gehiagoko historia luze honetan. “Gaur egun erretiratutako pertsona asko eta, batez ere, haurrak etortzen dira. Adin txikikoak hemen ikustea pentsaezina zen duela urte batzuk, helduak bakarrik etortzen baitziren lan egiteko prestatzera. Orain gazteentzako bideojokoen tailerrak ere baditugu”, azaldu du Palaciosek.

Digitalizazioa
Pandemiak eta konfinamenduak digitalizaziorako bidean beste urrats bat ematera behartu dute eskola. Irakaskuntza presentzialaren aldeko apustua egiten jarraitzen badute ere, online plataforma bat sortu dute, eduki guztiak zintzilikatzeko eta, beste konfinamenduren bat egonez gero, eskolekin jarraitzeko aukera izateko. Elisabethen hitzetan, “Irakasle guztiak ahalegin handia egiten ari dira egokitzeko. Gainera, ikasle guztiak prestatu ditugu plataforma erabiltzen jakin dezaten. Teknologiarekiko errezeloa dutenak ere konturatu dira oso tresna erabilgarria dela. Ikasi eta eboluzionatu egin behar dugu “.
2014an, Arte eta Lanbide Eskola Gasteizko kultura-ondare immaterial izendatu zen, eta aitorpen bera egin da Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean. “Hirian egindako lana aitortzeko eta, batez ere, oinordetzan jasotako ondare baliotsua bizirik gordetzeko nahia agerian uzteko emandako pausoak dira”.
