“Martxoaren 3an, soldata-igoerak eskatzeko lanuzte bat zenbait hilabetez luzatu eta gero, borrokan ari ziren enpresetako langile-batzordeek greba orokor bat antolatuta zeukaten Gasteizen. 1976ko martxoaren 3ko gertaeretan, poliziak bost langile hil zituen, greba luze baten ondoren. Begoñak, klase ertaineko neska gazte batek, bertatik bertara biziko ditu “sekula ezer gertatzen ez den hiri bat” astindu zuten gertaera horiek. Gero eta gehiago gogortuz doan gatazka baten erdian, bai bera, bai haren familia, zeinen alde jarri aukeratu beharrean aurkituko dira. Azkenean, sarraskiaren ondoren, Begoña, hiria, eta herrialde osoa ez dira gehiago berberak izango”.
Sinopsi horren pean aurkeztu zuten duela urtebete ‘Vitoria, 3 de marzo’, Victor Cabacok zuzendutako film luzea, Zaramaga Films AIE – Sonora Estudios eta Gariza Films ekoiztetxeek ekoitzia, eta Amaia Aberasturi, Mikel Iglesias, Ruth Diaz eta Alberto Berzal protagonista dituena.
“2019ko Espainiako filmik ikusienen artean 30. postuan da”, ezaldu du Victor Cabacok. “Kontuan hartuta aurrekontu txikia genuela eta film politikoa dela, oso pozik gaude lortutako emaitzarekin”, adierazi du. Guztira, 60.000 pertsona baino gehiago joan ziren zinemara 2017ko urrian eta azaroan Arabako hiriburuan filmatutako film luzea ikustera.
“Harrera ikaragarria izan da, batez ere Gasteizen, hiru hilabete baino gehiago eman baitzituen zinema-aretoetan“, azaldu du Cabacok, eta kritika positiboak zein negatiboak jaso dituela gaineratu du, “Filma kritikatzen duten pertsonek ikuspuntu ideologiko eta politiko batetik egiten dute. Gu saiatu gara gertaerak modu objektiboan kontatzen. Iritzi positiboak askoz gehiago izan dira, beti dekoratuak nabarmenduz eta garaiak eta gertatutakoak zein ondo islatu ditugun azalduz”.
Victorrek esan duenez, martxoaren 3a gasteiztar guztien egutegian markatutako data bada ere, estatuko gainontzeko lekuetan ez dute oraindik gertaera horien berri. Cabacok, hain zuzen ere, pelikulan parte hartzeko erabakia une haiek bizitzea egokitu zitzaiolako izan zen; aitak Gasteizen egiten zuen lan garai hartan, eta lehen eskutik kontatu zion une hartako giroa eta mina. “Pertsona batzuek filmari esker jakin ahal izan dute zer gertatu zen, eta ez bakarrik Espainian, filma honek Errusian eta Alemanian egindako jaialdietara bidaiatu baitu”, dio.
Zinema politikoaren handicapa
Lehen aurrestreinaldia 2018ko irailean izan zen, Donostiako Zinemaldian, eta apirilean Bartzelona-Sant Jordiko Zinemaldira joan zen. “Jaialdietara joateak entzute bat ematen dizu, filmaren inguruan hitz egiten da eta leku txiki bat aurkitzen duzu”, azaldu du Victorrek. Hala ere, filma jaialdi askotara aurkeztu dutela eta “loteria bat” dela esan du. Are gehiago zinema politikoa izanik”.
Filmaren gaia banaketarako “handicap” bat izan da. Cabacok azaltzen duenez, “Eduki gutxiko” komediak dira arrakasta handiena lortzen duten film luzeak. Hala ere, lortutako diru-kopuruarekin pozik agertu da eta “meritu bikoitza” duela esan du.
‘Vitoria, 3 de marzo ‘plataforma digital berrietara egokitu da eta gaur egun Movistar TV, Rakuten TV, Filmin eta Vodafone TVen dago eskuragarri. “Oraintxe bertan une bitxia igarotzen ari gara zineman. Zuzendari batzuek Netflix bezalako plataformen alde egin dute zuzenean beren filmak estreinatzeko, eta bigarren maila batean utzi dituzte zinema-aretoak. Ez da gauza bera zinta bat telebista batean edo pantaila handian ikustea, nahiko ezberdina da. Oraindik merkatua asko aldatu behar duela uste dut”, dio zuzendariak.
Gasteiz, zinema hiri bat
Victor Cabacok esker oneko hitzak baino ez ditu Gasteizekiko. 400 gasteiztarrek baino gehiagok hartu zuten parte filmean, estra gisa, baina 500 lagun joan ziren deialdira. Zuzendariak hiriaren erosotasuna nabarmentzen du filmatzeko orduan, “Hiri txikiek prestutasun handiagoa dute. Errodajearekin erabat egoten dira inplikatuak“. Baina Gasteizek ekoizpen gehiago har ditzan, “Dirua arriskatuko duen norbait egon behar du. Erakunde publikoen menpe gaude asko, filmatzea oso garestia baita. Gure ideiak aurrera eraman ahal izateko gure motorra dira”.
Martxoaren 3tik gertuko egun hauetan, Victorrek filmari eta duela 44 urte gertatutakoei buruzko hitzaldiak emango ditu. Zintaren estreinaldiak oroigarri gisa balio izan du, eta bogan jarri ditu gertaerak, politikoki aurrera pausorik eman ez arren. “Oraindik arantza bat daukat iltzatuta, eta da inor epaitu ez izana, denak linboan jarraitzea. Hori da niretzat gauzarik larriena”.