Lagunartean zinemaz gozatzea eta zinemaz hitz egitea. Premisa horren pean sortu zen duela bost urte Gasteizko Zinema Foruma, hilabete batez luzatuko zen ekimena, baina dagoeneko seigarren denboraldia aurreikusten ari da. “Zinema maite zuen lagun talde baten bat-bateko ideia izan zen. Film onak eskaini nahi genituen poltsiko guztien eskura, eta zinema taldean ikusteko ideia iraultzaile hura berreskuratu eta horren inguruan hitz egin“, azaldu du Mamen Peso antolatzaileetako batek.
Horren haundia izan zen lehen deialdi haren arrakasta, Gasteizko Zinema Foruma bere lekua egin zuela. Asteartero Florida zinema-aretoetan mota guztietako filmak proiektatzen dira. Woody Allenen ‘Delituak eta faltak’, Percy Adlonen ‘Bagdad Café’, Stanley Kubricken ‘Senderos de Gloria’, Sofia Coppolaren ‘Lost in traslation’, Robert Bentonen ‘Kramer contra Kramer’, edo Monty Pythonen ‘La vida de Brian’
Sareak ehuntzen
Hilabete bakoitzaren hasieran, antolatzaileek erabakiko dute zein film proiektatuko diren datozen asteetan. “Zinematografikoki interesgarriak iruditzen zaizkigun filma guztien zerrenda egiten dugu. Sare sozialen bidez ere iradokizunak jasotzen ditugu eta programatzerakoan aktualitatearekin bat egiten saiatzen gara “, esan du Mamenek. Horrela, martxoan proiektatutako film guztiak emakumeek zuzendu zituzten, Emakumearen Nazioarteko Eguna zela eta: “Asociación Derecho a Morir, Komedialdia, Magialdia edo Asociación Africanista elkarteekin ere elkarlanean aritu gara. Oso garrantzitsua da kultur eragileen artean koordinatzea, sareak ehuntzeko eta hiriaren alde zerbait komuna egiteko“.
Egitaraua burutzeko irizpide nagusia “zinema ona izatea eta hainbat genero nahastea” da. Aukeratutako filmak asteartero programatzen dituzte, 3 euroren truke: “Ezin da zinema gaurkotuegia izan, kanon oso altua ordaindu beharko litzatekeelako. Floridaren beraren fondoetatik ateratzen ditugu filka, oso zabala baita. Horrela, prezioa mantendu dezakegu eta pantaila handian ikusi ezin diren filmak ikusten ditugu”.
Filmen inguruko eztabaidak
Ikusitakoaren ondoren, iritziak eta hausnarketak trukatzeko txanda da. Hizlariak zinta testuinguruan kokatzen du, zuzendaritzaz, filma egiteko moduaz eta haren edukiaz hitz egiten du, eta, ondoren, bertaratutakoen arteko eztabaida sortzen da. Hizlariaren izena filmaren beraren gaiaren arabera aukeratzen da; ohikoenen artean, Antonio Rivera EHUko irakaslea, Kepa Sojo zuzendaria, Marisol Ortíz de Zarate idazlea edo Mamen Peso bera, zeinak filma etxean pare bat aldiz ikusten duen aurkeztu aurretik, informazioa bilatzeaz edo lantzen dituen gaiekin lotutako liburuak irakurtzeaz gain.
“Zalantzan jartzeak eta hausnartzeak jarrera kritikoagoa ematen dizu. Era berean, sentipen kolektiboa sortzea espero dugu, eta asteartero bertaratzen direnentzat Zinema Foruma kultura sustatzeko eta partekatzeko topagunea izatea“, azaldu du Mamenek.
Ez dago publiko profilik zehaztuta, baina, oro har, 50 urtetik gorako pertsonak dira. “Gazteek ikus-entzunezko kultura handia dute, baina zinema ikusten dute etxean. Gehiago etortzea eta haien iritziak eta ikuspuntuak ezagutzea gustatuko litzaiguke”, esan du Mamenek. Helburu hori lortzeko, Zinema Forumak unibertsitateko hainbat ikasleri ikusi nahiko lituzketen filmen zerrenda bat eskatu zien: “Horietako batzuk programatzen joan gara publiko gehiagorengana iristeko, eta lortu dugu”.
2020a oso urte zaila izan zen industria nazionalarentzat, eta 446 milioi euroko galerak izan zituen. Zinemak, hitzaldiek, eztabaidek eta sarrera merkeak dozenaka pertsona erakartzen dituzte astero: “Topagune bihurtu da. Hona etortzea, kanpoan gertatzen ari denaz tarte batez ahaztea eta interesatzen zaizkigun gaiei buruz hitz egitea berezia izaten ari da askorentzat pandemian“, adierazi du Mamenek.
Espazio berriak
Ohiko zinema-aretoak, Artiuma, 55 urtetik gorakoentzako gelak edo adinekoentzako zentroak dira Gasteizek filmak modu arruntean ikusteko dituen guneak: “Zoragarria litzateke programazio jarraitua duen filmoteka bat egotea, film onekin eta arrazoizko prezioan. Hori bai, horretarako erakundeen babesa beharko litzateke “.
Espazio berriak sortzen diren bitartean, Zinema Forumak asteartero jarraituko du programazioarekin. Uda honetan, gainera, aretoa ez da ixten. Uztailean zehar, film arinagoak eskaintzen jarraituko dute, ondoren eztabaidarik izan gabe, hizlariak indarberritzeko eta irailean inoiz baino gogotsuago itzultzeko: “Lehen zinemara inoiz joaten ez zen jendea dago, Zinema Forumari esker, gureganatu ditugu. Zaletasuna sortzen ari gara“.