
Artgia sorgune & aretoa sormen eta erakusketa-gune bat da, etengabe eraikitzen ari dena, malgua, non dena gerta daitekeen. Duela hiru urte jaio zen Irantzu Lekue artista gasteiztarraren eskutik. Denbora horretan 40 erakusketa baino gehiago, hitzaldiak, mikroteatroak, kontzertuak eta performanceak izan dira.
Zortzi urte ikasten eta Gasteiztik kanpo bizitzen eman ondoren, Irantzu etxera itzuli zen. “Hirian hutsune bat zegoela konturatu nintzen. Ez zegoen ia erakusketetarako tokirik”, azaldu du. “Tailer bat egitea pentsatu nuen, baina azkenean artistek beren lanak erakusteko aukera izango zuten herritarrentzako espazio baten alde egin nuen“.
ARTgiaren helburua sortzeko baldintzak erraztea da. Katalizatzailea izango den leku bat, non trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa sortuko diren, sormena oinarri hartuta eta sorkuntza garaikidea helburu izaki. Gainera, espazio feminista da; emakumeen autonomia eta ahalduntzea garatzen laguntzearen eta genero-kontzientzia hartzearen aldeko apustua egiten du, eta balioak aldatzea sustatzen du, rol eta estereotipo sexistak ezabatuz. Generoa zeharkako lerroa da bere ildo estrategiko guztietan.

“Proiektuaren beste helburuetako bat artista berriei laguntzea da, hainbat deialdiren bidez. Euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzearen aldeko apustua ere egiten dugu, eta berrikuntza arteari eta kulturari aplikatzen diegu eraldaketa sozialerako”, azaldu du Lekuek. Horretarako, galerian bertan zein kanpoan lan egiten dute; instalazio artistikoak, performanceak eta happening-ak egiten dituzte ekitaldi ezberdinetarako, mural parte-hartzaileak margotzen dituzte eta ekimen sortzaileak antolatzen dituzte. “Galerian saltzea ez da beti erraza. Lan hauek alderdi ekonomikoa orekatzen dute eta gure egitura mantentzen laguntzen digute”, esan du.
ARTgiara belaunaldi ezberdinetako jendea joaten da. “Asko aldatzen da erakusketaren arabera. Adibidez, buztinaren erakusketa bada, buztinarekin lan egiten duten artistak etortzen dira, argazkilaritzakoa bada argazkizaleak, eta abar. Uste dut horrek proiektua aberasten duela, oso jende ezberdina hurbiltzen delako eta sinergiak sortzeko espazio paregabea delako”, dio Irantzuk.

Hala ere, jendea, oro har, artetik oso urrun dagoela dio Lekuek: “Ulertzen da zer den figuratiboa, baina ez hainbeste abstraktua. Lan handia egin behar da zentzu horretan”. Zentzu honetan, ARTgiak bere ekarpena egin nahi du. Datorren ikasturterako, artista batek egindako proposamenari jarraituz, tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte, artea adin ezberdinetako pertsonei hurbiltzeko asmoz. “Gure helburua publiko heterogeneoarengana iristea da, kontzientzia kritikoa lantzea eta horrela zerbait aldatzen saiatzea”, azaldu du.
Sektoreari laguntzea
Pandemiak gogor jo du kultura. Irantzuren arabera, sektorea erabat ahulduta geratu da, “ezarritako neurriak oso kaltegarriak dira sektorearentzat, batez ere musikarentzat. Egin behar dena da sektorea bultzatu eta erraztasunak jarri. Guk kontzertu txikiak antolatzen ditugu, osasun-neurri guztiak hartuz, artistak ikusaraziz eta sinergiak sortuz”.
Arabako emakume artista eta sortzaileen lana ikusarazteko, ARTgiak urtero EmART deialdia argitaratzen du. Deialdi publikoa da, arte-sorkuntzaren, kultura-dibulgazioaren eta gizarte-eraldaketaren esparruen barruan, emakumeek beren lanak profesionalki erakusteko, sortzeko eta ikusarazteko aukera izan dezaten. “Gainera, gure datu-basean sartuko ditugu, eta hainbat lan egiteko deituko diegu”, azaldu du Lekuek.

Konfinamenduan aretoa itxi zuten, baina lanean jarraitu zuten. “#ARTdemia eta #ResiliART plazaratu ditugu, bi erakusketa kolektibo eta birtualetarako bi deialdi, euskal artisten lanak sustatzeko eta saltzeko. Arrakasta handia izan zuten biek”, esan du. “Etengabe ikasten ari gara. Askotan gauzak egin nahi ditugu, baina ez ditugu behar adina baliabide. Oso zaila da galeriaren kudeaketa, kanpoko lanak eta proiektuen aurkezpenak aldi berean uztartzea”, esan du.
ARTgiaren etorkizuna
Konplikazio horiekin guztiekin ere, ARTgiaren agenda ia osatuta dago datozen hilabeteei begira. 12 emakume artisten lanak bildu zituen Neguko Arte Azokaren ondoren, Gazte Klik Klak deialdiaren txanda izango da, baita EmART deialdiaren hiru irabazleen erakusketa ere, non bakoitzak hilabetez egongo den ikusgai arte-aretoan. “Artista ezberdinekin ere hitz egiten ari gara, euren lanekin hona etortzeko aukerarik dagoen ikusteko. Lan asko dugu”.

Baina Irantzu Lekueren nahia da ARTgiaren kudeaketa artistena izatea: “Beraiek zuzentzea galeria, proiektuak aurkeztea eta artearekiko interesa bultzatzea. Elkarlan bat izatea nahi nuke eta horretarako tresna on bat dugu. Areto hau “. Izan ere, Irantzurentzat oso zaila da arteaz bizitzea: “Hirian ez dago ia babesik, ezta mugimendu handirik ere, eta, zentzu horretan, laguntza publikoak bultzada handia dira. Ezinezkoa izango zela uste nuen eta hiru urte daramatzagu bizirik”, dio harro. “Eta datorrena datorrela”.