“Gasteizko kultura-profilen arteko hurbilketa bultzatzea, Gasteizko eragile guztien informazioa bilduko duen artxibo bat diseinatuz”. Premisa horrekin sortu zen Artean Kolektiboaren ‘Red Artean’ proiektua. Kultur eragile ezberdinek, komunitate artistikoaren prekarietateak elkartuta, proiektu komun bat bultzatzea erabaki zuten, beren egoerari eta ehunka gazterenari irtenbidea bilatzeko helburuarekin.
“Bilboko Arte Ederren Museoan ezagutu genuen elkar beka batean. Profil desberdineko pertsonak gara, baina alderdi artistikoa komunean dugu. Gainera, beste zerbaitek ere lotzen gintuen: denok geunden egoera prekarioan eta lan-kontratu duinik gabe “, dio Sandra Sevilla Artean Kolektiboko kideak. Indarrak batzea eta kolektibo bat sortzea erabaki zuten orduan: “Gazteei lan-mundu kulturalean sartzeko aukera ematea zen ideia nagusia, espazioak artistekin konektatuz”.
Hala, hainbat deialdiei atea jo ondoren, 300 euroko beka txiki bat lortu zuten Bilbon, eta artxibo bat sortu zuten hiriko hainbat artistaren informazioa biltzeko. “Diziplina anitzeko ekitaldi bat antolatu genuen kolektiboa aurkezteko, eta dokumental labur bat proiektatu genuen, hainbat artistari egindako elkarrizketekin, gazteriari eta sektoreko lan-prekarietateari buruz hitz eginez. Ekitaldian parte hartu zuten artisten lanak ere ekoitzi genituen”, gogoratu du Sara Berasalucek.
Proiektua martxan jarri ondoren, Gasteizera joatea erabaki zuten, beste artxibo bat sortzeko asmoz, eta ‘Haziak – Gasteizko Udalaren Ideia Gazteen Lehiaketa’ bekan espazioa aurkitu zuten garatzen jarraitzeko. “Gasteizen ez dago nora jo, esaterako, diseinatzaile grafiko baten edo artista plastiko baten zerbitzuak behar badituzu; beraz, hiriko kultura-eragile guztiak arakatzen ari gara, informazio guztia web-plataforma batean sartzeko. Helburua aldebiko suspertze-prozesu bat sortzea da, gutxi ezagutzen diren edo sortzen ari diren eragileak mapan kokatzeko eta kolektibo osoaren artean sarea sortzeko aukera emanez”, adierazi du Sandrak.
Artean Kolektiboaren arabera, Gasteizi “alde artistikoa eta kultur guneak bateratzea falta zaio. Sorkuntzan aritzen den jende asko dago, baina bananduta gaude. Bat egiten badugu, indar handiagoa izan dezakegu eta jendea Bilbo bezalako hirietara joatea ekidin. Gasteizen kide izateko espazioak sortu behar dira”.
Gainera, kolektiboak bizi duen lan-prekarietatea azpimarratzen dute, batez ere gazteek: “Badirudi ezin zarela artista izan gaztea bazara, jendearen errespetua erakutsi eta irabazi behar duzula. Aukerak eman behar dira, eta aldarrikatu behar da artista bat hasiera-hasieratik publiko baten aurrean azaltzen dela, baloratu egin behar dela eta bere duintasuna errespetatu behar dela. Gainera, oso zaila da dagoeneko martxan dauden zirkuituetan sartzea. Gazteei bidea uztea oso zaila da”.
Baina Sararen eta Sandraren arabera, urteak daramatzaten kultur eragileen egoera orokorra ere ez da gazteenen egoeratik oso urrun: “Sortzaileoi gero eta gutxiagorekin gauza gehiago egitea eskatzen zaigu. Jendearen aisiari eta astialdiari eusten diegu, bizitzako larritasunetatik arreta galtzen laguntzen diegu, baina ez zaie eusten pertsona zoriontsuak mantentzen dituzten kultura-proiektu horiek guztiak ekoizten ditugunei. Eta grina eta gogoak amaitu egiten dira”.
“Erakundeen aldetik artistek dituzten kezkak ezagutzeko benetako interesa” ere faltan botatzen dute. “Zuk diru, beka eta diru-laguntza asko eskain ditzakezu, baina diru horrekin egindakoaren jarraipena egiten ez baduzu, ez du ezertarako balio. Dena anekdota batean geratzen da interesik ez badago“, adierazi dute.
Red Artean plataforma hilabete batzuk barru plazaratuko da, eta, horrela, artistak eta espazioak leku bakar batean bilduko dira. Parte hartu nahi duen orok arteankolektiboa@gmail.com helbidera jo behar du. “Ekimen honi esker kolektibo handi hori pixka bat batzea eta pertsonek lanak lortu ahal izatea lortzen badugu, gure helburua beteta egongo da”.