SAKONEANZinema eta historiaz blai 10 urtez

Zinema eta historiaz blai 10 urtez

Aitor Gonzalez de Langaricak eta Nerea Garciak ikus-entzunezkoetan hamarkada bat beteko dute, eta laster kaleratuko dituzten hiru proiekturekin ospatuko dute.

Aitor González de Langarica eta Nerea García Go Gasteiz Kulturarako. / Endika Portillo

Hamar urte igaro dira Area Audiovisual ekoiztetxe gasteiztarrak zinemaren munduan lehen urratsak eman zituenetik. 2010eko urriaren 25ean, krisialdian, Aitor Gonzalez de Langaricak bere enpresa sortzea erabaki zuen hiru lagunekin batera. Hainbat zinema generotako proiektuak egiten hasi ziren, baina denborarekin dokumentalean espezializatu ziren.

Gaur egun, Area Audiovisual Aitor Gonzalez de Langaricak eta Nerea Garciak osatzen dute. Aitor errealizazioaz, ekoizpenaz eta ikerketa historikoaz arduratzen da, eta Nerea produkzioaz. “Enpresa bat sortzea erraza da, zaila dena da zu ezagutzea, kontratatzea eta hortik bizitzea”, dio Nereak.

Dokumentalaren generoa da gehien gustatzen zaiena. “Zinema egitea oso garestia da, eta gurea bezalako ekoiztetxe txiki batentzat dokumentala da egokiena”, defendatu du Gonzalez de Langaricak. Gainera, Aitor Historia eta Zineman lizentziaduna da, bi diziplina “elkartze perfektua” osatzen dutenak, Nereak diozkunez. Hala ere, horrelako proiektu bat 3 edo 4 urtez luza daiteke, eta, beraz, bideo korporatiboak ere egiten dituzte; “lan hauek dokumentalak egiten ditugun bitartean bizirauteko aukera ematen digute”, dio Nereak.

Aitor González de Langarica eta Nerea García ‘En busca de la ciudad perdida’ dokumentalaren grabaketan./ Rafa Gutiérrez

Interes pertsonalak

Bi gasteiztarrek gidoilari, zuzendari, errealizadore, ekoizlearen lana egiten ditu. “Orkesta-gizon eta emakumea gara”, esan du Aitorrek. “Gauza bera gertatzen da Gasteizko ekoiztetxe guztietan; izan ere, gutako askok ez dugu ekoizpena ikasi, baina azkenean denok egiten dugu lan hori”. Izan ere, Area Audiovisual-en beren gai, ideia eta interes pertsonalak bultzatzen dituzte, eta gero pantaila handira eramaten saiatzen dira.

‘La batalla de Vitoria’ bere lehen proiektuetako bat izan zen. “Dokumentala laguntzarik gabe abiatu genuen, dena gure poltsikotik ordainduta, asko arriskatu behar izan genuen”, dio Nereak. Zailtasunak zailtasun, zinta hau Gasteizko zine aretoetan ikusi ahal izan zen. Izan ere, “Supermani hiru astez jarraian irabazi genion”, diote harro. “Baina dirua telebista batek proiektua erosten dizunean irabazten da, ez txartelekin”, azaldu du Nereak. Eta horrelaxe izan zen, EITBk dokumentalarekiko interesa agertu zuen eta erosi egin zuen. Honek beste errodajeei bidea ireki zien.

Bere azken estreinaldietako bat ‘En busca de la ciudad perdida’ izan da. Proiektu honek Peruko oihan menditsuetara eraman zituen, Vilcabamba mendebaldeko eskualdera, inken azken erresumako enigma eta misterio ezkutuak ulertzeko pisten bila. “Aitor aspalditik da Miguel Gutierrezen laguna. Miguel abenturazale petoa da. Afrikan eta Hego Amerikan egindako bidaien berri bagenekien, eta Aitorrek berarekin elkartzea erabaki zuen, egiten zuena oso interesgarria iruditzen zitzaigulako. Horrela sortu zen proiektu hau “, dio Nereak. 2015ean Perurantz abiatu ziren, eta lurralde mailan zein historikoki galdutako inka santutegi bat aurkitu zuten bertan. Televisión Española-ko 2. katean eman zuten, “saririk potoloena” bikote honentzat. “Espainian dokumentalak ikusle gutxi ditu, oso genero zaila da. Horregatik da garrantzitsua telebisten laguntza izatea. Ekinaren poderioz lortzen dugu azkenean “, azaldu dute.

Esperientzia eta emaitza hain izan ziren onak, beste proiektu batean murgildu zirela, Miguel Gutierrez eta bere taldearekin. ‘Northabout: aldaketa klimatikoaren aurka’. Kasu honetan, 82. paralelora belaontzi batean iristen saiatuko ziren, klima-aldaketak eragindako urtzea salatzeko. “Dena bikain hasi zen. Udalaren eta Aldundiaren laguntzak genituen, baina trafiko-istripu larria izan genuen eta ezin izan ginen bidaiara joan. Rafa Gutierrez argazkilaria, Miguelen anaia, arduratu zen grabaketez “, dio bikoteak. “Filmaketa bat egiteke dago oraindik, baina udan bakarrik joan daiteke grabatzera, eta pandemiarekin dena zaildu da. Aukeraren zain dagoen proiektua da. Seguru amaituko dugula “, esan dute.

Finantzaketa

Denbora honetan guztian ikus-entzunezkoen munduari buruz zerbait ikasi badute, pazientzia izan behar dutela da. “Zerbait egingo duzula esaten duzunetik amaitu arte urteak pasatzen dira”, azaldu dute. “Finantzaketaren gaia da zailena. Filmatu aurretik aurrekontuaren % 80 izan behar duzu eta guk ez dugu hainbeste koltxoi. Askotan, prozesuko zatirik errazena filmatzea izaten da “, dio Aitorrek.

Aitor González de Langarica eta Nerea García Go Gasteiz Kulturarako. / Endika Portillo

Hala ere, azken urteetan Arabako egoera asko aldatu dela adierazi dute: “Kinoskopik, Sonora, Ikusgarri Films eta Juanma Bajo Ulloa eta David Pérez Sañudo bezalako zuzendarien ahaleginari esker, tokiko erakundeak gu babesten hastea lortu da“. 2017an, garapenerako, produkziorako eta gidoigintzarako laguntzak sortu ziren. “Laguntza gutxi da eta ez duzu ia ezer egiten berarekin, baina proiektu bakoitzak behar duen lehen bultzada da. Laguntza sinbolikoa da finantzaketa bilatzerakoan. EITBra joan eta udalaren eta Foru Aldundiaren babesa duzula ikusten badute, errazagoa da zu entzutea”.

Hala ere, Aitorrek eta Nereak uste dute oraindik bide luzea dagoela egiteko: “Erakundeek kontsultatu egin behar gaituztela uste dugu, sektorea ezagutu eta kontuan hartu. Egoera batzuk ezjakintasun hutsagatik gertatzen dira. Duela gutxi kultur sektorerako laguntzak atera zituzten eta ikus-entzunezko enpresok ezin izan genituen jaso”.

Proiektuak

Gaur egun, Area Audiovisual-ek hainbat proiektu ditu mahai gainean. Horietako bat ‘Bromo. El agente de Gernika’ Ameriketara emigratu eta II. Mundu Gerran agente bikoitza izan zen euskaldun baten istorioa kontatzen du. “Istorio ikaragarria da, eta aurrera egiteko gogo handia dugu”, esan du Aitorrek. Beste proiektu bat ‘Muerte en Amara’ da, Abel Garcia Roure ‘La línea invisible’ filmaren sortzaile eta ekoizle exekutiboak zuzenduta. 1960ko ekainean Begoña Urroz hil zuen DRIL talde terroristari buruzkoa da. Gainera, hainbat bideo egiten ari dira Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentrorako. Konfinamenduan aktibo mantentzea eragin dien lana. “Dokumental historiko txikiak dira, baina oraingoan erakunde batentzat. Horrelako lanek epe luzera dokumentalak egiten jarraitzeko aukera ematen digute “.

Aitorrek eta Nereak baikor begiratzen diote etorkizunari. Datozen 10 urteetarako helburua “dokumentalak sortzen jarraitzea eta aurrera egitea da”, dio Nereak. “Jendeak istorioak kontatzen jarraitzeko deitzen jarraitzea izango da gure arrakasta“.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar