Bihotza lotuta dauka Andeetako paisaietara eta hauek irudikatzen duten musikara. Claudio Arctaña taldearen sortzaile eta zuzendaria da, 26 urteko ibilbidea duen taldea, “munduko musika Andeetako eraginekin” egiten duena; bertan instrumentu tradizionalak, konposizio propioak eta karga sinboliko eta emozional handia elkartzen dira. Bere lanaren bidez, Claudiok kulturak eta lurraldeak lotzen ditu, iragana eta oraina uztartuz, betiere begirada sakon eta gizatiar batetik.

Claudio, Arctañaz hitz egin aurretik, konta iezaguzu zeure buruari buruz: nolakoa izan zen zure lehen harremana musikarekin?
Bitxia da, izan ere nire aita eta amak ez baitzuten inoiz musikarik jo. Baina badaude une batzuk markatu nindutenak. Adibidez, irratiaren presentzia eguneroko bizitzan, eta nire aiton-amonak oso melomanoak izatea. Amaren disko-jotzailean musika orkestratua, klasikoa, eta hemendik iristen zen guztia entzuten nuen, Rafael edo Julio Iglesias, esaterako. Eta momentu oso indartsu bat izan zen: Pinocheten aurkako “EZ” kanpainan lehen aldiz zuzenean musika ikusi nuen, nire auzoko eszenatoki batean, Andeetako instrumentuak, argiak, soinua… Esperientzia magikoa izan zen. Une horretan sentitu nuen zerbait oso sakona.
Eta noiz erabaki zenuen zure taldea sortzea? Nola sortzen da Arctaña?
Unibertsitatean izan zen. Lehenago talde folkloriko batean aritu nintzen, baina pixkanaka gehiegi politizatzen hasi zen eta ez nintzen eroso sentitzen. Konpromiso gutxi zegoen eta sentitzen nuen esentzia galtzen ari ginela. Frustrazioa nuen, musikarekin serio aritu nahi nuelako, pasioz, eta ez bestelako plataforma modura. Orduan, hainbat kidekin hitz egin eta hiru lagunok alde egitea erabaki genuen. Gure kabuz entseatzen hasi ginen, piezak konposatzen. Nik proposatu nuen lehen piezarik instrumentalena, eta oraindik gure errepertorioan dago. Hortik aurrera, estilo propio bat definitzen hasi ginen, askatasunez, elkarrekin ikasiz. Horrela sortu zen Arctaña, 1999an. Eta denborarekin musikari gehiago batu ziren, lagun handiak, hala nola Mauricio Hidalgo, Rafael López, Américo Leppe, Clenardo Cortés, Eliel Fuentes, Luis Castillo, Álvaro Barrios… Guztiek ekarpen handia egin diote proiektu kolektibo honi.
Zergatik Arctaña izena?
Aymara hizkuntzako hitza da, “pausoen gainean ibiltzea” esan nahi duena. Gustatu zitzaigun, ibilbidea, oroimena eta jatorria irudikatzen zituelako. Baina batez ere bidaia eta etengabeko bilaketa sinbolizatzen duelako. Arctaña ez da soilik musika-ibilbide bat; gure bizitzako bidaia da. Aurrekoen pausoak jarraitzea eta gure aztarna uztea. Horregatik sentitzen dugu jotzen dugun bakoitzean musikaz harago igarotzen dugula: esperientzia bizia da. Izena bera Andeekin eta gure aintzinako sustraiekin konektatuta dago, baina baita aurrera egiteko borondatearekin ere.
Zuen musika asko eboluzionatu da geroztik. Nola definituko zenuke egiten duzuena?
Ez dugu folklore hutsa egiten. Horrela hasi ginen, baina gero gure musika instrumental propioa garatzen joan gara, Andeetako soinua eta munduko beste elementuak nahastuz. Quenak, zampoñak, charangoak, tiple kolonbiarra, lau venezuelarra… erabiltzen ditugu, baina egitura askearen bidez, erritmo arabiar edo flamenkoekin batzuetan. Horregatik esaten dugu Andeetako eragina duen munduko musika egiten dugula, paisaia sonoroaren elementuekin. Entzuten den guztia gizakiaren ekintzaren emaitza da, ez dago efektu digitalik.



Nola izan da hainbeste urtez urrundik lan egitea, zu Gasteizen bizita eta taldea Txilen egonik?
Zaila, baina ez ezinezkoa. Egia da distantzia fisikoa erronka bat dela, baina musika eta ideiak bidaiatzen dute. Gasteizera etorri nintzenean, taldea jada urteak zeramatzan jotzen, eta pixkanaka internet bidez hasi ginen funtzionatzen. Grabaketak, ideiak partekatu, moldaketak egin… Mikrofono, soinu-txartel eta ordenagailuekin hornitu ginen. Eta horrela aurrera egin genuen. Disko berriko %80 hemen, Gasteizen, konposatu da. Hiri honetatik sortu dira abesti berri asko.
Bai, faltan botatzen dut aurrez aurreko entseguak eta taldearen energia. Horregatik ari naiz hemen banda bat sortzeko lanean, Arctañaren isla edo jarraipen moduko bat, sentsibilitate hau eta naturarekiko lotura duten musikariekin. Esentzia bera da, gorputzak urrun egon arren. Urteen poderioz, Arctañako kideek konpromiso handia erakutsi dute: batzuk joan dira, beste batzuek hamarkadak daramatzate. Guztira hamabost musikaritik gora pasa dira talde honetatik eta haiek gabe hau ez litzateke posible izango.

“Tiempo” diskoari buruz hitz eginez. Zer adierazten du disko berriak?
Denboraren inguruko hausnarketa da. Denboraren iragateaz, baina baita orainaldian bizitzeaz ere. Gure historian, emozioetan eta bizitako paisaietan oinarritutako testigantza bat da. Konposizioek Andeetako egunsentiei, oroimenei, agurrei eta une presentea bizitzearen garrantziari buruz hitz egiten dute. Disko osoa autoproduzitua da: guk geuk grabatu, nahastu eta masterizatu dut, prozesu intimo eta kontziente batean.
Zein erronka izan dituzue zuen musika plataforma digitaletara eramaterakoan eta zer dator orain?
Hasieran ez nuen nahi. Ez zitzaizkidan sare sozialak, Spotify eta halakoak interesatzen. Baina konturatu ginen, hor ez bazaude, ez zarela existitzen. Beraz, pausoa ematea erabaki genuen. Eta dena guk geuk kudeatu dugu. Plataformetan gaude, baita Tidal-en ere, kalitate minimo bat eskatzen duen horretan. Horrek harrotasuna ematen dit, guk egin dugulako guztia. Orain “Tiempo” diskarekin biran jarraitu nahi dugu, lankidetza berriak bilatu, hemen Gasteizen formatu berri bat osatu. Latinoamerikan eta Europan proiektuak aurkezteko asmoa dugu. Enbaxadeekin, jaialdiekin eta erakundeekin harremanetan gaude. Gure musika leku gehiago bisitatzea espero dugu.


Argazkiak: Rocío López.