
Feminista, jasangarria, sortzailea, gizatiarra, erreala eta tokikoa. Sei balio horietan ditu errotuak bere sustraiak Akelarrek, Laura Quintana gasteiztarrak pandemia betean sortu eta merkaturatu zuen arropa-markak, eta bigarren bildumaren martxan duena jada.
Zortzi urtez Madrilen publizista gisa bizi eta lan egin ondoren, Laurak Irlandarako bidea hartu eta bere bizitza erabat aldatzea erabaki zuen. Baina hegazkinera igo baino egun batzuk lehenago, alarma-egoera ezarri zuten eta Gasteizko gurasoen etxean geratu behar izan zuen.
“Akelarreren ideia aspaldidanik neukan buruan. Diseinua eta ilustrazioa oso gustuko ditut, beraz, konfinamendua aprobetxatu nuen tajua emateko “, esan du. “Argi neukan arropa jasangarria izango zela. Ekoizpena eskariaren araberakoa izatea erabaki nuen, eta horregatik ez nuen inbertsio handirik egin behar izan hasteko, lasaitasuna eman zidan horrek”. 2020ko abenduan, Lauraren lehen bilduma plazaratu zen.
Feminista eta tokikoa
Akelarreren ekoizpena guztiz lokala da. Hornitzailea Gasteizkoa da, eta arropak inprimatzeko tailerra ere bai. Laura bera arduratzen da arroparen diseinuaz, baita webguneaz eta sare sozialez ere. “Tokikoa izatea oso garrantzitsua iruditzen zait. Hemen ekoizten ez duten marka handiekin lan egiteko joera dugu beti, eta ez dakigu zer prozesu daramaten”, azaldu du. Izan ere, bere kamisetak %100 organikoa den kotoizko jantziak dira eta tote bag-ak ekologikoak dira.

Markaren beste balio nabarmenetako bat feminismoa da. “Margotzeko eta diseinatzeko orduan, nire inspirazioa emakumeak dira eta nire diseinuen ardatz nagusia irudi femeninoa da”, adierazi du Laurak. Bere lehen bildumarako, greziar sei emakumeren bustoa erabili zuen, eta bere keinu serio, triste eta apatikoak, garai hartan espero zenaren guztiz kontrakoak ziren espresio trangresoreengatik aldatu zituen.
Laurarentzat, bere diseinuak adierazpide pertsonal bat dira: “Zerbait kontatzea gustatzen zait, eta diseinu horiek daramana identifikatuta sentitzea beraiekin, eta ematen ari den mezua gustatzea”. Gainera, marka handiek adierazpen artistikoaren izaera hori “masan ekoiztea ardatz duten unean” galtzen dutela adierazi du.
Ekoizpen-ostegunak
Akelarrek eskatzen denaren arabera ekoizten ditu bere jantziak, gainprodukzioak saihestuz. “Ehungintzaren arazo handienetako bat produktuen soberakina da, material asko alferrik galtzen da. Argi neukan nire marka ez zela horrela izango”, azaldu du Laurak. Horregatik, diseinuak inprimatzeko, ostegunetan bakarrik pizten dute makina. Horrela, ahalik eta energia gehien aurrezten dute, eta prozesua askoz ere garbiagoa eta errespetuzkoagoa izatea lortzen dute.

XXI. mendean, eta fast fashionaren aroan murgilduta, gizartearen kontsumitzeko modua aldatzen ari dela uste du gasteiztarrak: “Konturatzen ari gara baliabideak mugatuak direla eta frenatzen ez badugu planeta guztiz izorratuko dugula. Horrek industria handiak lan egiteko modua birplanteatzera behartzen ditu. Hala ere, uste dut proiektu txikienak askoz gehiago jabetzen garela arazo horretaz”.
Gizarte-eraldaketa
Kontsumitzaileen jarrerak eta jarduteko moduak markatzen du zer motatako enpresak sortzen diren eta merkatuan daudenen bilakaera. Laurak kontsumitzaileen eraldaketa sozialaren ahalmenean konfiantza du: “Aldaketa gara eta munduak nola funtzionatzen duen kontrolatzeko ahalmena dugu”. Hala ere, publizista den aldetik ondo ezagutzen du markek gizartean duten eragina: “Egunero iristen zaizkigun mezuek eta bidaltzen dizkiguten moduek eragina dute gure erosketa erabakietan. Burua lurrean eduki behar dugu, eta eskaintzak edo prezio jaitsierak ez gintuzkete azkar kontsumitzera bultzatu behar”.
Horregatik, Akelarrek merkealdirik ez egitea erabaki du. Laurak azpimarratu du bere jantzien prezioa “ahalik eta estuena” dela. Horrela, prezioen gerratik aldendu nahi du, “Kontsumo masiboa sustatzeko aitzakia besterik ez direlako”.

Ekoizteko etika falta da Lauraren ustez sektorearen arazo nagusietako bat: “Marka handi askok beste herrialde batzuetan dute ekoizpena, eta lan-baldintzak oso txarrak dira. Balio guztiak galdu dira eta produkziorik merkeenaren alde egitea erabaki dute. Uste dut enpresa-politika zintzoa izan beharko luketela, langileez eta ingurumenaz aprobetxatuko ez dena”.
Lau hilabeteko ibilbidearen ondoren eta merkatuan bigarren bilduma egin ondoren, Laura pozik dago online dendak izan duen harrerarekin. “Pandemiaren ondorioz, jendea lokalaren erosketaren garrantziaz jabetu da eta gertu dagoenari babesa eman dio bizirik irauteko”, esan du. Denbora honetan guztian, gasteiztarrak publizista gisa musika industrian lana aurkitu badu ere, argi du bere diseinuekin jarraituko duela: “Ahalegin ikaragarria izan da marka aurrera ateratzea eta egunero ezagutzen ez dudan jendearen eskaerak jasotzen ditudala ikusteak indarra ematen dit Akelarreren aldeko apustua egiten jarraitzeko”.