Kultura, zuzenean, Printzipal Antzokira itzuliko da

Osasun-alerta garaian ere antzokiko talde teknikoa lanean egon da buru-belarri, bertan behera utzitako obrak berriro programatu ahal izateko eta obra horiek modu seguruan disfrutatzeko protokoloa diseinatzeko. Marta Monfort, Anabel Duque, Julio Alvarez eta Esther Ramirez de la Piscinarekin hitz egin dugu Gasteizko Antzoki Sarea barrutik nolakoa den ezagutzeko

Anabel Duque, Esther Ramírez de la Piscina, Marta Monfort eta Julio Álvarez Gasteizko Printzipal Antzokian./ Endika Postillo

Gasteizko Printzipal Antzokiak ostiral honetan irekiko ditu bere ateak, koronabirusaren krisiaren ondorioz hiru hilabete baino gehiago itxita egon ostean. Ruper Ordorika euskal kantautorea arduratuko da San Prudentzio kaleko eszenatokia bizitzaz eta musikaz betetzeaz. Antzokiak, programatuta zituen ikuskizunetatik 44 bertan behera utzi behar izan ditu.

“Harridura handiz bizi izan dugu egoera guzti hau. Taldeak etengabe lan egin du ikuskizun guztiak birprogramatzeko eta Printzipal Antzokia berriro irekitzeko modurik seguruenean”, dio Marta Monfortek, Gasteizko Antzoki Sareko zuzendari eta programatzaileak.

Bertan behera geratu diren ikuskizunetatik 35 berreskuratu dituzte, eta datorren udazkenetik 2021era bitartean gozatu ahal izango dira. Hala ere, udalak kalte-ordaina eman die kontratuak eten behar izan dituzten konpainia guztiei. “Guztien nahia data berreskuratu eta jardun ahal izatea izan da. Hala ere, 2021ean birprogamatu nahi ditugun konpainietako batzuk oraindik ez dakite bulegoa datorren urtera arte zabalik izango duten ala ez”, azaldu du Julio Alvarez kultura teknikariak. “Zoritxarrez, badira eutsiko ez dioten egitura txikiak. Sektore eszenikoak asko sufrituko du egoera honekin”, dio Monfortek.

Zauri horien lekuko izaten ari da Antzokiko lantaldea, ‘Enredados’ eta ‘Off Lokal’ deialdietan hain zuzen. “Testu post pandemikoak eta oso apokaliptikoak jasotzen ari gara. Sektoreari inoiz baino ukituago antzematen zaio“, adierazi du zuzendariak.

Elkarrizketako une bat Printzipal Antzokian./Endika Portillo

Oihalaren beste aldean publikoa dago; arte eszenikoen maitaleak, sarrerak erosi zituzten obrak bertan behera nola uzten ziren ikusi dutenak. Pertsona horiei ere dirua itzuli zaie. “Jendeak ulermen eta pazientzia amaigabea izan du”, dio Anabel Duquek, kultura teknikariak. “Online saldu ziren sarreren diruaren %100a itzuli dugu, eta orain leihatilan saldutakoekin gaude. Oraindik jendea falta da etortzeke”.

Esther Ramirez de la Piscina leihatilako kudeaketa eta arreta arduraduna da eta berak dioenez publikoa “antzokira itzultzeko irrikan dago. Berriro antzokia noiz zabalduko dugun galdetzen digute, noiz gozatu ahal izango duten bertan behera utzitako obrekin edo zein izango den programazio berria. Antzerkia maite dutenek obrak zuzenean gozatzeko beharra dute. Oso publiko fidela da hau”.

Zuzeneko kulturarik gabeko hilabeteak

Alarma egoera dela eta, “hilabeteak eman ditugu zuzeneko kulturaz gozatu ezinik, eta une honetan garrantzitsua da hau balioan jartzea”, Martaren esanetan. Antzerki Sareak konfinamendu garaian eduki digitalik ez eskaintzearen aldeko apustua egin zuen, taldearen arabera, arte eszenikoen esentziaren aurka zihoalako. “Aktoreek eskertu egin digute. Lana balioan jarri behar da, eta lanbidea duindu”, dio.

Marta Monfort, Julio Álvarez, Esther Ramírez de la Piscina eta Anabel Duque./ Endika Portillo

Orain, hiru hilabetez publikoari itxita egon ondoren, Printzipal Antzokia prest dago uztailaren 17an ateak irekitzeko. Edukiera %50ekoa izango da, maskara derrigorrezkoa izango da eta ikusleen mugimenduak nolakoak izan behar diren adieraziko duen zirkuitu bat egongo da lurrean. Ateak ikuskizuna hasi baino 30 minutu lehenago irekiko dira eta aretoak 12 aretozain izango ditu, egoera normal batean baino 3 gehiago. Irteera mailakatua izango da, eta online erosketa sustatu da, prezio merkeagoekin, leihatilan ez saltzeko. Gainera, ikuskizun bakoitzaren ondoren erabat desinfektatuko dute antzokia. “Oso gogor lan egin dugu Printzipala leku erabat segurua izan dadin. Lasaitasuna transmititu nahi dugu”, dio Martak.

Bertako sorkuntzari laguntzea

Antzezlekura igoko den lehen pertsona Ruper Ordorika euskal kantautorea izango da. Hau izan ere osasun krisia baino lehen bertan behera geratu zen lehenengo kontzertua. Beraz, Printzipal Antzokiak utzi zuen puntuan bertan ekingo dio berriro bere jarduerari.

Uda honetarako programatutako zortzi ikuskizunetatik sei euskal konpainietakoak dira. “Tokian tokiko sorkuntzari babes handiagoa eman nahi izan diogu, hori da une honetan tokatzen dena. Itzulera ludiko, entretenigarri eta dibertigarri bat ere bilatu dugu”, azaldu du Monfortek, “datozen hilabeteetako programazioa xumeagoa eta lokalagoa izango da, ez hain nazioartekoa, baina beti bezain ona”.

Gainera, prezioak jaistearen aldeko apustua egin dute antzokitik, egoera zailagoan dauden familiek obrak ikustera joateko aukera berdina izan dezaten. “Kultura eskubide bat da eta guztion eskura egon dadin eskaini behar dugu. Antzokia %80an betetzea da gure helburua. Badakigu ez dela beste edozein udako egitarau tipikoa, baina asko gozatuko dugu”, zehaztu du Martak.

Julio Álvarez, Marta Monfot, Anabel Duque eta Esther Ramírez de la Piscina elkarrizketan Printzipal Antzokian./Endika Portillo

Programazioak hilabeteak daramatza sukaldatzen, eta honek guztiak lantalde handia du atzean, pieza guztiak bat etor daitezen eta publikoak arte eszenikoez goza dezan. Programatzaile batek, bost kultura-teknikarik, bi administrarik, arte eszenikoetako sei teknikarik, bi atezainek eta garbiketako lau pertsonek osatzen dute udal-taldea. Horri gehitu behar zaizkio kanpoko hiru enpresetako langileak: Vitaki (kudeaketa eta arreta leihatilan), Eulen (akomodazioa eta aretoko langileak) eta Aisilan (laguntza teknikoa eta zamalanak).

Aurretiko laneko hilabeteak

Antzezlan batek San Prudentzio kaleko antzokian leku izateko, hilabeteak, bai eta urteak ere, dira beharrezkoak; aldez aurreko lan handia dago atzetik. “Lehenik eta behin, Marta konpainiekin harremanetan jartzen da eta datak adosten dira. Aurrerapen handiz gertatzen da hori. Martak kudeaketa-teknikariei helarazten dizkie akordioak, haiek baitira ekoizpenaz arduratzen direnak. Agertokiaren eta ikuskizunaren bideragarritasun teknikoa egiaztatu behar da. Ondoren, konpainiekin kontratuak eta produkzio-lana egiten dira; ostatua, dietak eta abar, eta, aldi berean, komunikazioa, sare sozialak, sarrerak eta informazioa web-orrian. Buruhausgarri handia da, fitxa guztiak oso garrantzitsuak dira, eta bat etorri behar dute. Talde lana da“, azaldu du Juliok.

Printzipal Antzokiak, gainera, etorkizun zalantzagarri bati egin beharko dio aurre. Datozen hilabeteetan ekingo diote eraberritzeari, eta instalazioak berriro itxi beharko dituzte. “Guztiz beharrezkoa da antzokia berritzea; besaulkiak ez dira erosoak, eszenatokia txikia da, eta talde teknikoak egunero borrokatzen du obren bideragarritasunarekin eta egokitzapenarekin. XXI. mendeko ikuskizunak egiten ditugu XIX. mendeko azpiegitura batean”, adierazi du Marta Monfortek. “Dena den, antzezlanak eskaintzen jarraituko du Gasteizko Antzoki Sareak, bere antzoki ezberdinetan”.

Espero den erreforma iristen den bitartean, taldeak datorren udazkenerako saioak ixten jarraitzen ditu, betiere ikusleak sortu eta trebatzeko helburuarekin. Printzipal Antzokiak “programazio plurala eta kalitatezkoa eskaintzen du. Lan esperimentalagoen aldeko apustuak ere egiten ditugu eta ikuskizunen %20a euskaraz da”, adierazi du Martak. “Kulturako zerbitzu publikoa gara, eta kalitate artistikoan bikaintasuna izango da beti gure nortasun zigilua“.