Oroitzapenak nola sortu, kontserbatu eta berreskuratu

Nahikari Morak eta Clara Sánchez-Dehesak HAZ kultur kooperatiba eratu berri dute, argazkiak eta film analogikoak berreskuratzeko eta teknika tradizionalen bidez material berria sortzeko

Nahikari Mora eta Clara Sánchez-Dehesa./ Endika Portillo

Argazkigintza eta zinema analogikoa berreskuratzea, sortzea eta kontserbatzea. Honela aurkezten da HAZ, Nahikari Mora, argazkilari analogikoa, eta Clara Sánchez-Dehesa, ikus-entzunezko materialaren kontserbazioan eta zaharberritzean espezialistaren proiektu berria. Arte bisualen bi maitale hauen bideak hainbat proiektutan gurutzatu ziren lehendik, eta amankomuneko interesek bat egin zuten abentura berri honi ekiteko.

Bi urte daramatzate HAZ prestatzen, baina duela aste batzuk arte ez ziren kooperatiba gisa erregistratu, eta lokal berriaren lanei ekin zioten. “Orain, datorren ikasturteko formakuntzaren egitarauan eta laborategiaren beraren muntaian ari gara lanean, Palentzia kaleko 14. zenbakian”, azaldu du Nahikarik.

Enelu eta Fosforo elkarteen lan ildoak bateratzen ditu kooperatiba berriak; lehen Nahikari eta Clara aritzen ziren bertan, hurrenez hurren. Ofizialki martxan jarri ez badira ere, dagoeneko hasi dira lehen tailerrekin, eta 2020/2021 ikasturtean garatzeko bi programa prest dituzte.

Baina uztail honetarako bertan ‘Fotografiar lo invisible’ izeneko sormenezko topaketa esperimental bat antolatu dute. “Ingurune natural batean, talde dinamika batzuk planteatzen ditugu, ikusezina baina beste zentzumenek hautemateko modukoa den horri guztiari buruz hausnartzeko. Ideia teknika analogikoekin argazkitan islatzea da, kamerekin edo kamerarik gabe egindako argazkien bidez”, azaldu du Morak.

“Fotografiar sin cámara” tailerra./HAZ

Datorren ikasturtean zehar, ‘Al margen del deterioro’ proiektua gauzatuko dute, eta horrekin zinemaren, zaharberritzearen eta berreskurapenaren inguruko hainbat ekintza planteatzen dituzte. Horietako bat filmak ikustea izango da, autozine bat eta hainbat zinema saio inguru naturaletan. Kontserbazioaren eta zaharberritzearen arloko hainbat eragilerekin ere topaketa bat antolatuko dute, horrelako proiektuak jendeari irekitako hitzaldi baten bidez ezagutarazteko. Horrez gain, Super-8 filmekin eta familia albumekin egingo dituzten bi sorkuntza tailer antolatu dituzte. “Lehendik sortutakoaren bidez zerbait berria sortzea” da tailer horien helburua.

Azkenik, ‘Al margen del deterioro’ ekimenaren barruan, ‘Rollos de familia’ proiektua sartu dute. “Gasteizko etxeko zinemaren berreskurapen aktiboa da. Super-8ko etxeko filmak dituzten pertsonekin harremanetan jartzen gara, berreskuratu eta ikusi egiten ditugu. Zinta horiek Red de Cine Doméstico-an sartzen dira, etxean egindako ehunka film zintzilikatzen dituen plataforman, eta Espainiako etxeko zinemaren datu-base handia bihurtu dena”, azaldu du Clarak. Bideo horiek ikerketarako balio izatea da helburua, “baina partikular batek irudiak beste erabilera baterako nahi baditu, orduan jabearekin harremanetan jartzen dugu, eta haien artean akordio batera iristen dira”.

Baina bi horiek ez dira Nahikari eta Clara esku artean dituzten proiektu bakarrak. Datorren urriaren 10ean ‘Home Movie Day’ ospatuko dute. Munduko hainbat tokitan egiten den etxeko zinemaren inguruko dibulgazio proiektua da, urrian zehar, ondare bisualaren hilabetea. “Guk, edukia zabaltzeaz gain, berrerabili egiten dugu, hainbat artista gonbidatuz material hori beren lan-fluxuetan erabil dezaten, eta, horrela, ospakizunean egindako sorkuntzez gozatzen dugu. Aurten ikus-entzunezko artista bat izango dugu, programa osoa aurkezten dugunean argituko duguna”, aurreratu dute.

Sortzaileen aholkularitza

“Artistak askotan harritu egiten dira beren obrek ez dutelako irauten eta hondatu egiten direlako”, dio Clarak. Hori da, halaber, HAZ-en beste helburuetako bat: artistei aholkuak ematea beren materiala sortzeko eta kontserbatzeko teknikarik onenak zein diren jakiteko. Dioenez, “Bezeroa hezi behar da, gaur egun apenas ematen baitzaio garrantzirik kontserbazioari, eta urte batzuen buruan konturatzen dira, materiala dagoeneko kaltetu denean”.

Clara Sánchez-Dehesa eta Nahikari Mora elkarrizketa bitartean./Endika Portillo

Nahikarik azaldu du hezkuntzan gauza bera gertatzen dela. “Jendeak teknika analogikoa ikastea nahi du, argazki onak egitea, baina oso garrantzitsua da euskarria ulertzea, duela ehunka urte egiten zena, eta zergatik orain gauzak modu batera edo bestera egiten diren. Tailerretan, argazkiak egiteaz aparte, hori guztia praktikaren bidez ere erakusten dugu, ukigarria denaren bidez”.

Izan ere, horixe da, hain zuzen ere, Nahikari argazkilaritza analogikoaz maitemindu zuena. “Koldori esker deskubritu nuen mundu hau, Arte Eskolan izan nuen irakasle bati esker. Gehien gustatzen zaidana prozesua da, azken emaitza baino gehiago, ukigarria dena, ukitu dezakedana. Arlo digitalean harremana hotzagoa da, eta ez duzu zure arrastoa uzten, analogikoan bai “, dio.

Clarari antzeko zerbait gertatu zitzaion. “Madrilen dokumentu grafikoak zaharberritzen ikasi nuen, baina ezezagunak ematen zidan atentzioa; beraz, zineman eta argazkigintzan espezializatu nintzen, ni hasi nintzenean inork egiten ez zuen zerbait“. Zaharberritzetik gehien erakartzen duena “prozesu analogikoen atzean dagoen ezagutza guztia, ezagutza horietaz jabetzea eta nire gustura erabiltzea” dela dio.

“Fotografiar sin cámara” tailerra./HAZ

Azaldu dute jendea ez dagoela ohituta argazkiengatik edo zaharberritzeengatik ordaintzera. Horregatik da HAZ-en beste helburuetako bat: “Gure lana balioan jartzea eta jendeak atzean dagoen prozesu guztia ulertzea; horrela bakarrik ulertuko dute gauzek zergatik balio duten dirua”.

Biek onartzen dute Irudiaren aroan gero eta zailagoa dela zerbait desberdina egitea eta arreta piztea. “Argazkigintzaren arloan zaila da leku bat izatea, eta argazkiak egiten bakarrik aurrera egitea; eta zaharberritzean, edo erakunde publiko batean lanpostu bat lortzen duzu edo zerbait asmatu beharko duzu”, dio Clarak. Eta hori da bikote honek egin dutena; indarrak batzea, ezagutzak partekatzea eta balio handiko proposamen baten alde egitea. “Super berritzailea da. Inork ez du guk eskaintzen duguna eskaintzen“.

HAZ kooperatibaren webgunea eraikitzen ari dira une honetan. Nahikari eta Clararekin harremanetan jartzeko idatzi helbide honetara: Kaixo@somoshaz.com