Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina.
Hirira itzuli ondoren, Estudio de Arte Infinito sortu du; haur, gazte zein helduek sormena, lasaitasuna eta adierazpen pertsonala ardatz hartuta artea bizitzeko espazioa.
Atzera begiratuz gero, noiz hasi zen marrazkiarekiko zure harremana?
Egia esan, ez naiz gogoratzen noiz hasi nintzen marrazten. Beti izaten nuen koaderno bat alboan, eta edozein lekutan marrazten nuen. Etxean beti babestu izan dute nire alderdi sortzailea, eta bereziki gogoan dut nire aita marrazten. Oso ondo egiten zuen, nahiz eta sekula ez zuen bide hori sakondu. Txikitatik sentitzen nuen barruan neramana adierazteko beharra, eta hitzez egitea beti gehiago kostatu izan zaidanez, marrazkian aurkitu nuen komunikatzeko modurik naturalena.
Maitasun handiz gogoratzen ditut San Martinen hartzen nituen eskolak ere. Pinturaz betetako espazio txiki bat zen, akriliko eta aguarras usainez blai. Niretzat jolas-parke batean sartzea bezalakoa zen.


Gaur egun ilustratzailea, idazlea eta irakaslea zara. Nolakoa izan da bide hori?
Neurri handi batean autodidakta izan da. Izan ere, Arte eta Lanbide Eskolan Dekorazioa ikasi nuen, garai hartan ez bainuen pentsatzen ilustratzaile gisa profesionalki aritu nintekeenik.
Nire lehen semearekin haurdun geratu nintzenean hasi zen dena. Album ilustratuak prestatzen hasi nintzen, eta hainbat argitaletxetara bidali nituen nire kabuz. Zortea izan nuen Ingalaterrako argitaletxe batek nire lehen liburuaren, Sardines of Love-en, alde egin zuelako, eta horrek ate asko ireki zizkidan. Gero testuliburuak etorri ziren; benetako eskola dira, epe oso zorrotzekin lan egiten delako eta denbora gutxian ehunka ilustrazio egin behar direlako.
Urteekin askotariko proiektuak iritsi dira. Nire albumetako batzuk zortzi edo bederatzi hizkuntzatara itzuli dira, eta horietako lau ez ditut bakarrik ilustratu: nik idatziak ere badira.



Urte luzez zure lanbidea eta seme-alaben hazkuntza uztartu dituzu. Nola lortzen da oreka hori?
Antolakuntza eta diziplina handiarekin. Kanpotik ematen du etxetik haur txikiekin lan egitea erraza dela, baina egia da entregak dituzula, kontzentrazioa behar duzula eta askotan bakarrik zaudela.
Nire familia urrun bizi zen, eta garai batzuetan nire senarrak ere kanpoan egiten zuen lan. Horregatik, ordutegiak oso ondo antolatu behar izaten nituen. Goiz-goizetik egiten nuen lan, eta gero eguna seme-alabekin ematen nuen. Ez zen beti erraza izan, baina oso garai polita izan zen; profesionalki hazteko aukera izan nuen, haiek hazten ikusten nituen bitartean.

Etapa horren ondoren sortu zen Estudio de Arte Infinito. Nola jaio zen ideia?
Behar oso pertsonal batetik sortu zen. Nire seme-alabak dagoeneko nagusiak dira, eta urte hauetan guztietan ikasitakoa beste pertsona batzuekin partekatzeko gogoa nuen. Betidanik gustatu izan zait irakastea.
Gainera, sinetsita nago arteak gure bizitzetan askoz ere leku handiagoa izan beharko lukeela. Ez dakit behar bat dela esango nukeen, baina ia bai. Tarte batez marrazten esertzea, arkatzaren edo pintzelaren soinua entzutea, presiorik gabe sortzea… horrek guztiak lasaitasun handia ematen du.
Ilustrazioa, narrazioa, idazketa eta, batez ere, artearen bidez adierazteko aukera batzen zituen espazio bat sortu nahi nuen.


Dos Hermanasen proiektua martxan jarri ondoren, Gasteizera itzuli eta bigarren espazio bat ireki duzu hemen. Nolakoak izan dira lehen hilabete hauek?
Erronka handia izan da. Dos Hermanaseko estudioak martxan jarraitzen du beste irakasle batekin, eta nik hilean behin joaten jarraitzen dut. Baina Gasteizen espazio berri bat irekitzea ia hutsetik hastea izan da.
Gasteiz plaza zorrotza da. Ez zaituztenean ezagutzen, zailagoa da martxan jartzea, eta gainera gure planteamendua ez dator guztiz bat jendeak pintura-akademia batetik espero duenarekin. Hala ere, pixkanaka ahoz ahokoak funtzionatzen du, eta gero eta jende gehiago sartzen da ate honetatik.
Zerk egiten du Estudio de Arte Infinito ohiko akademia baten aldean desberdin?
Ilustrazioaren mundutik nator eta teknikak garrantzi handia du niretzat. Hemen marrazkia, akuarela, grabatua, collagea edo modelatua lantzen dira, besteak beste.
Baina estudioaren filosofia ez dago teknikaren ikaskuntzan soilik oinarrituta; sormena bizitzarako tresna gisa garatzea da helburua. Etengabe behar dugu sormena: arazoak konpontzeko, egoera berrietara egokitzeko edo bestelako irtenbideak aurkitzeko.
Gaur egun asko hitz egiten da adimen emozionalaz edo enpatiaz, eta bikaina iruditzen zait. Baina uste dut sormena pertsona ororen oinarrizko printzipioen artean egon beharko litzatekeela.


Zuen lanean “lasaitasuna” hitza ere behin eta berriz agertzen da.
Bai, oso modu naturalean gertatzen den zerbait delako. Familia asko lehen aldiz sartzen dira eta esaten duten lehen gauza hau izaten da: «Zein ondo egoten den hemen».
Duela gutxi bost urteko neskatxa batek gauza bera esan zuen: «Hemen ez dago zaratarik». Harritu egin ninduen hain txikia izanda hori hautemateko gai izateak.
Etengabe estimuluen artean bizi gara. Hemen denborak beste erritmo bat izan dezan saiatzen gara, pertsona bakoitzak kontzentratzeko, esploratzeko eta prozesuaz gozatzeko aukera izan dezan.

Lau urtetik hasi eta adin handiko pertsonetara arte egiten duzue lan. Nola aldatzen da artearekiko harremana adinaren arabera?
Haurrak beldurrik gabe etortzen dira. Esploratu, probatu, materialak nahastu eta izugarri gozatzen dute.
Helduengan, ordea, bestelakoa izaten da. Ia denek esaten dute: «Nik oso gaizki marrazten dut». Eta nik beti galdetzen diet: zer da zehazki ondo marraztea?
Ondo marraztea marrazki perfektua egitea bada, agian bai. Baina niretzat ondo marraztea barruan duzuna adierazteko gai izatea da. Eta hori askoz zailagoa da.
Gure lanaren zati handi bat blokeo hori haustea da. Papera zikintzen hasten gara, akatsari garrantzia kentzen diogu eta gogorarazten diegu beti dagoela beste paper bat zain.



Estudio de Arte Infinito espazioaren ikasleen sormenak.
Zer bilatzen dute estudiora hurbiltzen diren helduek?
Gehienak ez datoz artista profesional bihurtzeko. Margotzen dutenean ondo sentitzen direla badakitelako etortzen dira.
Eguneroko errutinatik deskonektatzeko tarte bat bilatzen dute; lanaz, kezkez eta eguneroko erritmoaz ahazteko espazio bat. Arteak on egiten du. Egunero ikusten dut.
Gainera, oso gauza polita gertatzen da askotan. Akuarela bat lehortzen uzten dute hemen, eta hurrengo egunean, beste ikuspegi batekin ikusten dutenean, harrituta galdetzen didate: «Hau nik egin dut?». Uste dut horrek ere erakusten duela etengabe geure burua epaitzen ari garela.



Estudio de Arte Infinito espazioaren ikasleen sormenak.
Zergatik “Infinito”?
Artea bera infinitua delako.
Adierazteko modu infinituak daude, kolore infinituak, begiratzeko eta ikasteko modu infinituak. Ez da inoiz amaitzen.
Gainera, uste dut ez dagoela sortzeari uzteko adinik. Lau urterekin hasi zaitezke, edo hirurogeita hamar urterekin, eta beti izango duzu zerbait berria deskubritzeko. Niretzat hori da artearen funtsa: beti dagoela egiteko bide bat.
Nazioarteko ibilbide baten ondoren, zer esan nahi du gaur egun zuretzat irakasteak?
Niretzat irakastea ikastea ere bada.
Ikasle bakoitza begirada desberdin batekin iristen da, eta horrek ikertzen, galderak egiten eta ilustratzaile zein pertsona gisa hazten jarraitzera behartzen nau.
Azken finean, urte hauetan guztietan bizi izan dudanak —liburuek, irakaskuntzak eta nazioarteko proiektuek— zentzua hartzen du beste pertsona batzuekin partekatu dezakedanean. Hor sentitzen dut benetan nire ibilbide osoak merezi izan duela.


