Mortadelo eta Filemon, Matilda, Batman eta bere ama berak, Txabi Arnal (Ermua, 1967) goizero Ratita Presumidaren abentura eta zorigaitzekin esnatzen zuena, dira literaturarekiko duen pasioaren errudunak. “Idaztea beti gustatu zait eta irakasle izateak eragina izan zuen haur literaturarekin animatzeko” dio.
Txabi aspaldidanik bizi da Arabako hiriburuan, eta Haur eta Gazte Literaturako eskolak ematen ditu EHUn. Bere liburuak ‘White Ravens’ sarietan eta Venezuelako Liburu Bankuan aukeratuak izan dira, eta 2012an Vittoria Samarelli saria eskuratu zuen.
Bere abenturek Atlantikoa zeharkatu dute aurten Txileko ikastetxeetara iristeko. Bertan ‘Roni’ ipuina sartu dute Irakurketa Plan Nazionalaren barruan. “Sekulako albistea izan da. 10.000 haurrek baino gehiagok gozatu ahal izango dute nire istorioetako batekin “, dio Txabik.
Arnalentzat liburu on baten osagai nagusia umorea da, “baina galdu egin dugu”, dio, “didaktikakeriak umorea lapurtu digu, eta umorerik ez daukan gizarte bat gizarte gaixoa da. Haur literaturan, zoritxarrez, batzuetan hori gertatzen da”.