Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina.
Badira plangintza zehatz baten ondorioz jaiotzen diren proiektuak, eta badira lagunarteko solasaldi batetik sortzen direnak ere. Bigarren multzo horretakoa da La Lokala. Asteburu bat elkarrekin igarotzen ari zirela, argazkigintzarako zaletasunak batutako lagun talde bat bere espazioa izateko aukera irudikatzen hasi zen. «Beti izan dugu argazkigintzarekin zerbait egiteko gogoa, horri lotuta jarraitzekoa, baina ez genekien ez non, ez nola», gogoratu du Sandra Sastrek. Galdera berez etorri zen: eta lonja bat alokatuko balute? «Hamabost egunetan lokala hartuta geneukan. Berotu egin ginen».

Erabaki hark Gasteizko Badaia kalean hartu zuen forma. Bertan, hainbat hilabetez lokala egokitzen aritu ondoren, maiatzean igo zuen pertsiana La Lokalak. Proiektuaren atzean Itziar Agirre, Silvia Terreros, Juanjo García, Iñigo Otalora, Carolina Cubero, Oihana Garitano, Sandra Sastre eta Piko Zulueta daude. Guztiek dute lotura hiriko Arte eta Lanbide Eskolarekin: zazpi ikasleak ziren eta Piko, berriz, irakaslea. Hala ere, bakoitzaren ibilbidea eta argazkigintzara hurbiltzeko modua desberdinak dira.

Hasieran lagunarteko lonja bat izango zena harago joan da. «Egia esan, lagunarteko lonja gisa sortu zen, eta handitzen ari zaigu», aitortu dute barrez. Ez zen hori hasierako asmoa, baina espazioaren aukerek, bidean sortu diren proposamenek eta argazkigintzaren munduko beste pertsona batzuen interesak eremua zabaltzea ekarri dute.
Egiletzatik elkarlanean sortzera
Barrura sartzean, La Lokala artisau-tailer moduko bat dela iruditzen zaigu, baina baita topagune bat ere. Ehun metro koadro inguruko espazioan lanerako gune bat, bilerak egiteko txoko txiki bat, argazkigintza analogikorako laborategi bat eta kafe bat partekatzeko lekua daude. Baina, beharbada, lau mahai mugikorrak dira haren filosofia hobekien islatzen duten elementuak, unean uneko beharretara egokitzeko moduan antolatu baitaitezke.



«Artisauen tailer baten modukoa da. Hona etortzen gara, lan egiten dugu, partekatzen dugu, begiratzen dugu eta berriro begiratzen dugu», azaldu dute. Mahaiek aukera ematen dute inprimatutako argazkiak zabaltzeko, elkarrekin aztertzeko, haien antolaketaz eztabaidatzeko eta esanahi berriak eraikitzeko. Lan egiteko modu horrek norberak bere irudiekin duen harremana ere eraldatzen du.
«Uste dut dena aldatzen dela pixka bat, egiletza alde batera uzten duzulako», adierazi du Carolina Cuberok. Espazioan ikusgai dagoen erakusketa kolektiboan, argazkiek ez dute egileen izenik. «Mahai gainean jarri eta partekatzen diren unetik, pertsona bakar baten lan bakarra bihurtzen da. Ez gara zortzi». Norberaren protagonismoari uko egiteak askatasun handiagoz lan egiteko aukera ematen die, norberaren irudiekiko atxikimendutik askatu eta batzuen eta besteen argazkien artean ustekabeko loturak aurkitzeko.


Taldekide bakoitzak bere lengoaia propioa duen arren, argazkigintza ulertzeko modu bat partekatzen dute, erregistro dokumental hutsetik urruntzen dena. Haien lanak denbora luzean garatu ohi dira, irudietan pixkanaka forma hartzen duten intuizio, sentsazio edo galderetatik abiatuta. «Kontua ez da inguruan gertatzen dena objektiboki dokumentatzea, bizitzarekin esperimentatzea baizik», hausnartu dute. Sandrak beste modu batera laburbildu du: «Zure sentsazioari irudia jartzea».
Begiratzeko denbora berreskuratzea
Irudiak abiadura zorabiagarrian sortzen eta kontsumitzen diren garai honetan, La Lokalak argazkigintzarekin harreman motelagoa izatea proposatzen du. Eta ez soilik bertako laborategi analogikoak eskatzen dituen arretagatik eta xehetasunekiko zaletasunagatik. Denbora lasaiagoaren aldarrikapena harago doa.
«Denbora kontua da, argazkigintzara beste modu batera hurbiltzen zarelako, mantsoago, irudiak berehala ikusi gabe», azaldu du Piko Zuluetak lan analogikoari buruz. Pantailetatik aldentzea ere bada kontua. Argazki asko digitalak izan arren, inprimatzeko ohitura dute, fisikoki behatu eta editatu ahal izateko. «Horrek ematen dizu partekatzeko eta beste modu batera ikusteko aukera. Guk edizio-lana deitzen diogu, mahai gainean egiten duguna da».



Gailu mugikorren berehalakotasunaren aurrean, gelditzearen, aukeratzearen eta berriro begiratzearen garrantzia aldarrikatzen dute. Izan ere, argazki gehiago egiteak ez du esan nahi hobeto behatzen ikasi dugunik. «Jendea segundo batean argazki pila bat ikustera ohituta dago, eta askoz zailagoa da gehiago pentsatutako, hausnartutako argazki bat estimatzea», diote.
Arreta horrek eguneroko begirada ere eraldatzen du azkenean. Argazkigintza ez da kamera batekin egiten den jarduera hutsa; ingurunearekin harremantzeko modu bihurtzen da. «Munduaren bidez geure mundua kanporatzeko modu bat da. Azken batean, barruan duzuna ateratzen duzu, baina kanpoan dagoenaren bitartez», adierazi dute.

Hirira zabaltzen den espazioa
La Lokalaren bitxikerietako bat da inoiz ez zuela kultur programazioa eskaintzen duen espazio bihurtzeko asmorik izan. Zortzi kideek elkarrekin lan egiteko leku bat besterik ez zuten nahi. Baina lonja egokitzen ari zirela, beste aukera batzuk irudikatzen hasi ziren. Mahaiak bazituzten, tailerrak antola zitzaketen. Hormak bazituzten, erakusketak egin zitzaketen. Eta norbait interesgarria Gasteiztik pasatzen bazen, zergatik ez gonbidatu?
Lehen esperientzia inaugurazio ofiziala baino lehen iritsi zen. Álex Llobet argazkilariak asteburuko tailer bat eskaini zuen, eta kolektiboko zortzi kideek eta beste hamar lagunek hartu zuten parte. Entsegu orokor moduko bat izan zen, espazioak eskaintzen zituen aukerez behin betiko jabetzeko balio izan ziena.
Ondoren, ekimen bereziak iritsi ziren. Esaterako, irudigintzaren munduari lotutako pertsonei gutun-azalak bidali zizkieten, barruan argazki bat, testu bat eta hazi batzuk zituztela. Ohiko bideetatik kanpo beren burua ezagutarazteko modu bat izan zen. Hilabete batzuk geroago, hazi haietatik hazitako tomateen eta kalabazen argazkiak jasotzen hasi ziren. Badaia kalean gertatzen ari zenaren ustekabeko metafora txikiak.


Argazkilari eta sortzaileekin solasaldi-ziklo bat ere jarri dute martxan. Gonbidatuen artean Juanan Requena izan da. Topaketek edukiera mugatua dute, hogeita hamar lagun ingurukoa, eta eskaerak plazak baino gehiago direnean, zozketa egiten dute. Gertutasuna ez da leku faltari aurre egiteko baliabide hutsa, esperientziaren funtsezko osagaia baizik.
La Lokala antzerki-agertoki ere bihurtu da. Off Lokal programan parte hartzeari esker, antzezlan bat hartu zuten bertan, eta ordura arte proiektura hurbildu ez ziren pertsonak erakarri zituzten. Esperientzia hark hasieratik presente zegoen ideia bat indartu zuen: argazkigintza elkargunea izan arren, ez dute diziplinen artean mugarik jarri nahi.
«Argazkigintzan aritzen gara, baina ez gaude beste arte mota batzuetara itxita. Norbaitek deitu eta elkarlanerako proposamen bat egiten badigu, ongi etorria izango da». Taldekideen artean badira margotzen dutenak, idazten dutenak edo collagearekin lan egiten dutenak ere. Irudiak beste gauza askoren abiapuntu izan daitezke.

Ideia gehiago, denbora baino
Kultur espazio independente bati eusteak sorkuntza artistikoarekin zerikusi gutxi duten zailtasunei ere aurre egitea eskatzen du. La Lokala osatzen duten zortzi lagunek beren lanbideak dituzte, eta aisialdian garatzen dute proiektua. Ez dute dirulaguntzarik jasotzen, eta, orain arte, gastuak beren gain hartu dituzte.
«Hau gure jostailua da, gure zaletasuna», azaldu dute. Funtzionamendua ere ez da ohiko galeria batena. Ez du jendearentzako ordutegi finkorik, eta denbora gehienean itxita egoten da. Elkarte gastronomiko batekin alderatzen dute: zaletasun bat partekatzeko lagun talde bat elkartzen den lekua, eta tarteka beste pertsona batzuk gonbidatzen dituena.

Hala ere, jarduerak ugaritu egin dira. Proiektuari eusteko asmatu dituzten formulen artean sorpresazko gutun-azalak daude: taldekideen argazki original txikiak, bost euroan eskaintzen dituztenak, kontu handiz bilduta eta erosleak aldez aurretik jakin gabe zein egokituko zaion. Artelan bat etxera eramateko eta, aldi berean, espazioaren jarraipenean laguntzeko modu bat.
Argazki-bermutak ere antolatzen hasi dira, ateak ireki, solasean aritu eta beren lanak publikoari hurbiltzeko topaketa informalak. Lehenengoa Piko Zuluetaren Ruperta fanzinearen aurkezpenaren inguruan antolatu zuten. Torreviejan egindako argazkietatik abiatuta, eskuz landutako argitalpena da. La Lokalaren espiritua ondo laburbiltzen duen proposamena: irudiak disko gogorretik atera, forma fisikoa eman eta partekatzea.

Datozen ekimenen artean mail art deialdi bat ere badago, gutun-azal batean sartzen den sorkuntza artistiko bat posta arruntez bidali nahi duen edonorentzat irekia. Marrazkiek, argazkiek, partiturek edo bestelako adierazpenek lekua izango dute jasotako ekarpenekin osatuko duten erakusketa kolektiboan. Gutun-azala bera ere artelan bihur daiteke.
Pertsiana igo zutenetik hilabete gutxi batzuk baino igaro ez diren arren, La Lokalako kideek gauzatu ditzaketenak baino proiektu gehiago dituzte dagoeneko. Eta, beharbada, horretan datza haren erakargarritasunaren zati bat. Programa itxi batekin jaio beharrean, gauzak gertatzeko prest dagoen espazio gisa sortu izana. Nolanahi ere, zortzi begirada horiek mahai baten inguruan elkartzen, argazkiak zabaltzen eta munduari arretaz begiratzen jarraituko dute.



