SAKONEAN"Kultur-politika sendoak zituzten herrialdeak izan dira modu egokian erreakzionatzen jakin dutenak"

“Kultur-politika sendoak zituzten herrialdeak izan dira modu egokian erreakzionatzen jakin dutenak”

Begoña Guzmán UNESCO Etxeako Gizarte Eraldaketarako Kulturaren arduradunarekin hitz egin dugu. UNESCOren printzipioak eta programak Euskadin sustatzeko sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da UNESCO Etxea.

BegoGuzman_1
Begoña Guzmán, Gizarte Eraldaketarako Kultura arduraduna Unesco Etxean

UNESCO Etxea 1991tik ari da Bake Kulturaren eta Giza Garapen Iraunkorraren alde lanean. UNESCOren (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen) printzipioak, programak eta ekintza-ildoak Euskadin zabaltzea du helburu. Gainera, informazioa, dokumentazioa eta esperientziak trukatzea sustatzen du, batez ere nazioartekoak, gobernuko eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin.

Go Gasteiz Kulturak Begoña Guzman Gizarte Eraldaketarako Kultura arduradunarekin hitz egin du kultur zuzenbideaz, ResiliArt mugimenduaz eta osasun krisiaren ondorioz bizitzen ari garen egungo egoeraz. 

UNESCO Etxeak Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak egiten duen lana Euskadin sustatzea du helburu. Zer ekintza abiarazi dira UNESCOk COVID – 19aren krisia hasi zenetik 3 eremu horiei laguntzeko? 

UNESCO Etxeak bere programa eta proiektuekin UNESCOk eta Nazio Batuek ezartzen dituzten helburuak lortzen laguntzea du helburu, eta beste zentzuan ere lan egiten dugu, hau da, Euskadin garatzen diren esperientzia eta ekimenei nazioarteko foroetan ikusgarritasuna ematea. Osasun-krisia hasi zenetik, UNESCOk bere tresnak aktibatu ditu Estatu Kideengana iristeko eta Estatu Kide horiek neurriak martxan jartzeko lan egiten duten sektoreetan zer eragin izan duten jakiteko. 

Hezkuntzaren kasuan, ahulezia egoeran dauden ikasleengan jarri du arreta; ehuneko handi batek ez ditu online prestakuntzarekin jarraitzeko behar diren baliabide teknikoak, eta agerian utzi du gure gizartean dagoen eten digitala. Horretarako, UNESCOk, beste neurri batzuen artean, COVID-19 Hezkuntzarako Mundu mailako Koalizioa abiarazi du, baliabideak mugiarazteko eta konponbideak emateko. Bestalde, zientzian, teknologian eta berrikuntzan inbertitzea UNESCOren xedeetako bat da; profesionalen trebakuntzan, ikerkuntzaren sustapenean eta emakume zientifikoen errekonozimenduan egindako ibilbidea bereziki garrantzitsua da garai hauetan. Resiliart mundu mailako mugimendua ere plazaratu du, artearen, kulturaren eta sormenaren alde. Kultur ekosistema bereziki kaltetu du krisi honek, eta, hala ere, kulturak erresilientziaren eta gizarte-kohesioaren eraikuntzan duen funtsezko eginkizuna erakutsi du. 

Gainera, UNESCOren beste ekintza-ildo bat komunikazioaren ingurukoa da, hau da, prentsa-askatasunari eta informazioa eskuratzeari buruzkoa, eta bere sare sozialetan COVID-19aren inguruko fake news-ei buruz ohartarazten ari da, eta sarbide libreko webguneak antolatzen ari da horiek identifikatzeko.

Kultur sektoreari erreparatuz, ResiliArt mugimenduak, UNESCOk bultzatutako ekimenetako batek, “Kultura-larrialdiaz” hitz egiten du. Zer adierazle edota datu hartu dira kontuan baieztapen hori egiteko?

Apirilaren 14an, UNESCOk datu hau jaso zuen: kultura-erakundeak itxita zeuden 128 herrialdetan, eta partzialki itxita 32 herrialdetan; munduko ondareko lekuen% 80 ere itxita zeuden. Munduko zinema industriarentzat 7.000 milioi dolarreko diru sarreren galerez hitz egiten zuen. Kontuan izan behar dugu, halaber, zuzeneko ekitaldi guztiak bertan behera geratu direla edo, hobeto esanda, atzeratu egin direla. Datu horien atzean kulturaren profesionalak daude: beren enpleguak galdu dituzten edo arrisku larrian dauden artistak, sortzaileak, teknikariak, kudeatzaileak, komunikatzaileak, etab. Kopuru handi batek lanaldi partzialean lan egiten zuen jada, modu informalean edo pandemia baino lehen kontratu prekarioekin. Beraz, egokia da “larrialdi kulturalaz” hitz egitea. 

Nola hasten da eta norantz doa mugimendu hau? Zer helburu ditu eta zer ekintzaren bidez lortuko ditu?

2020ko apirilaren 15ean, Artearen Munduko Egunean, UNESCOk ResiliArt mundu mugimendua jarri zuen abian, UNESCOren zuzendari nagusiak eta Kulturako zuzendariorde nagusiak artearen, giza eskubideen eta kultura-politiken sektoreko pertsona ospetsuekin batera zuzendutako inaugurazio-eztabaida birtual batekin. Resiliart-en helburua da COVID-19ak kulturaren sektorean duen eraginari buruzko kontzientzia sortzea; sorkuntza garaikidea ikusaraztea eta estatu kideei laguntzea egungo krisia gainditzen lagun diezaieketen finantza-politikak eta mekanismoak diseinatzen eta garatzen.

Resiliart mugimenduaren esparruan, Estatuei gonbita egiten zaie euren hausnarketak online foroetan eztabaidatzeko eta partekatzeko; web plataforma bat sortu da, munduko eskualde guztietako herrialdeetan hartutako neurri espezifikoak kontsultatzeko; eta, gainera, astero argitaratzen da gai horri buruzko albiste interesgarriak biltzen dituen ingelesezko eta frantsesezko buletina.

UNESCO Etxean ere mundu mailako mugimendu horretan lagundu nahi dugu. Lehenengo ekintza, Artgiarekin batera eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, #ResiliART artistentzako deialdia abiaraztea izan da. Eraiki eta bizi nahi dugun etorkizunaren inguruan hausnartzeko eta sortzeko gonbita egin diegu, Garapen Iraunkorreko Helburuak eta kultur eskubideak oinarri hartuta. 30 artista aukeratu dira eta galeria birtual bat sortu da beren ekoizpenak saltzeko. Erakusketa birtuala Artgiaren webgunean bisita daiteke.

Gizarte Sarearen topaketa Artgia sorkuntza eta erakusketa gunean

ResiliArt programan hainbat herrialdetako profesionalek parte hartzen dute. Zein gobernuk babestu dute gehien (edo hobekien) sektorea (eta zein neurri motaren bidez) eta zein gutxiagok?

Galdera horri erantzuteko, datuak bildu eta aztertzen ari gara une honetan. Esan daiteke, ordea, sormen eta kultura-industriak babesteko, eta sustatzeko kultur-politika sendoak zituztenak izan direla bizkorrago eta egokiago erantzuten jakin duten herrialdeak. Zalantzarik gabe, orain kultur politiken berrikuspena eta ebaluazioa egitea ere tokatzen da. Egungo krisiari erantzuten dioten berariazko neurriak hartu dira, baina etorkizunean eta sektorearen iraunkortasunean pentsatu behar da, ez bakarrik eragin ekonomikoagatik, baita kultura-aniztasuna eta kulturaren gizarte-inpaktua zaintzeagatik ere. 

Profesionalen lan-egoeraz gain, zein beste amankomuneko kontuk kezkatzen dute gehien kulturaren sektorea nazioartean? 

Konfinamenduak eta zuzeneko ekitaldiak bertan behera uzteak mugimendu handia eragin du artisten eta sortzaileen artean, eta horiek eduki eta produktu kulturalak jarri dituzte herritarren eskura, etxetik baliabide digitalen bidez kontsumitu eta gozatzeko, horietako asko doan. Alde batetik, premiazkoa da kultura-eskubideetan lan egitea eta aurrera egitea, hain zuzen ere bitarteko digital horietan: kultura eskuratzeko, ekoizteko eta parte hartzeko aukerak eta egiletza-eskubideak. Krisi honek ahuleziak aurkitu ditu, baina baita indarguneak ere; beraz, sektorea berrasmatzea eta egiteko beste modu batzuk esploratzea lehenetsi behar dira. ResiliArt-en leloa “because art makes us resilient” da. 

Zer ematen digu zehazki Kulturak garai zailetara hobeto molda gaitezen? 

Kulturak identifikatzen gaitu, lotzen gaitu, gure hazkunde pertsonalean laguntzen du. Giza garapenaren funtsezko osagaia da, berrikuntza eta sormen-iturria da. Gaur egungoa bezalako krisi-egoeretan, beharrezkoa da aparteko agertokien alternatibak ekarriko dituzten sormenezko begiradak egitea. Gainera, nortasun eta kidetasun-sentimendua indartzen du, gizartean parte hartzeko rol aktiboak sustatzen ditu eta, ondorioz, gizarte-kohesio handiagoa sortzen du. Kultura landare baten sustraia bezalakoa da; gure kasuan, ezagutzak, esperientziak eta emozioak ematen dizkigu; sostengatu eta finkatu egiten gaitu maila indibidualean, baldintza txarrak gerta daitezkeen arren; eta, gainera, sustraiak lurzorua finkatzen duen bezala balizko higaduren aurrean, kulturak kohesionatu egiten gaitu gizarte gisa. Hori guztia kontuan hartuta, hazi egiten gara, eta gai gara kultura-adierazpenak sortzeko, aldatzeko eta aberasteko, eta tradizioak eta praktikak egokitu ahal izateko bizi behar ditugun garaietara, une honetan ondare immateriala daramaten komunitateak egiten ari diren bezala. 

Ukigarria ez denaz ari gara, justifikatzen oso zailak denaz, ziurrenik ohituegiak gaudelako zenbakiei arreta jartzera. Zertan hobetu dezake sektoreak zentzu horretan?

Lehen adierazi bezala, gaur egun kultura-estrategiak eta politikak berrikusi eta ebaluatu behar dira. UNESCOk tresna bat garatu zuen kulturak garapenean duen eragina neurtzeko, onura ekonomikoetatik harago, hain zuzen ere beste onura ukiezin batzuk aztertzeko, hala nola gizarte-kohesioa, tolerantzia eta inklusioa. Horretarako, hezkuntza, gobernantza, parte-hartze soziala, genero-berdintasuna, komunikazioa eta ondarea bezalako dimentsioak lantzen ziren. Adierazle horiek herrialde bakoitzera egokitzen dira kultura-politikak eraikitzeko eta indartzeko; izan ere, munduko 11 herrialdetan probatu ziren, eta emaitzak kultura 2030 Agendan sartzea sustatzeko aurkeztu ziren. Euskadin, Kultumetriak arlo ekonomikotik harago egindako inpaktu-neurketaren esperientziak ditugu, eta UNESCO Etxean arte-hezkuntzari buruzko adierazle batzuk garatzen ari gara hezkuntza formalaren esparruan. Lan hori egiten ari gara Irene Intxausti (Teklak proiektukoa), Oihane Gulin eta Regina Guerra EHUko Artikertuz ikerketa-taldeko kideekin eta guztiak UNESCO Etxeak koordinatzen duen Gizarte Sareko (Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Artistikoaren Euskal Sarea) kideekin. 

Kultura-profesionalei eta erakundeei laguntzeko neurriez gain, gogoratu beharra dago pertsonok kulturarako eskubidea dugula. Zeintzuk dira gakoak dagoeneko bizi dugun eta datozen hilabeteetan pairatzen jarraituko dugun krisiaren aurrean? 

Hala da. Ez dugu ahaztu behar kultura-eskubideak giza eskubideen parte direla, eta kultura-bizitza ekoizteko, parte hartzeko, eskuratzeko eta gozatzeko eskubideaz ari garela, eta kultura-aniztasunari zuzenean lotuta daudela. 2019ko azken txostenean, Nazio Batuen Goi Komisarioaren kultura-eskubideen arloko errelatorak adierazten zuen kultura-eskubideak garatu behar zirela ziberespazioarekin duten harremanean. Une ezin hobea bizitzen ari gara informazioa biltzeko eta kultura-eskubideen erabilera arriskuan jartzen duten alderdiak eta kausak identifikatzeko, zalantzarik gabe, teknologiarako sarbidea horietako bat da.

Flashmob “Mugi zaitez GHI-en alde”

Ildo horretan, eta azken aste hauetan kultur kontsumo digitalaren finkapena azkartu egin denez, gobernuek zer gai hartu beharko dituzte kontuan eten digitalak pertsona batzuen kulturarako sarbidearen eskubidea murriztu ez dezan?

Aurre egin beharreko erronka argia da, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-modu berri bat behar du, biztanleek gailu elektronikoetarako sarbidea izango dutela bermatzeko eta Interneterako konexioa unibertsalizatzeko. Halaber, herritarren gaitasun digitalak indartu beharko dira, eta arreta berezia eman beharko zaie ingurune digitalean kultura-eskubideak baliatzean arazo handienak izan ditzaketen pertsonei, hala nola adinekoei edo desgaitasunen bat dutenei.

Hezkuntza da, hain zuzen ere, edozein pertsonari Kulturaren sarbidea bermatzen dion esparruetako bat. Ikastetxeek gaur egun dituzten zailtasunen aurrean, eta datozen hilabeteetan ere aurre egin beharko dietenez, zer egin daiteke arteak eta kultura ahaztuta gera ez daitezen?

UNESCO Etxean, Gizarte Sarea osatzen duten kulturaren eta artearen esparruko artista, irakasle eta profesionalen eskutik, arte-hezkuntzaren presentzia indartzeko apustua egiten dugu, bai hezkuntza formalean, bai ez-formalean. Osasun-krisiaren ondorioz, ikastetxeetan Teatro Paraiso, Begira Elkartea, Horman Poster eta Utopian Getxorekin lankidetzan egiten ditugun jardueretako batzuk atzeratu egin behar izan dira, baina beste batzuk online formatuan mantentzen ditugu artistekin, ikasleekin eta irakasleekin, ikasgeletan hasitako sormen-lanarekin jarraitzeko. Zer egin daiteke? Geure burua berrasmatzea, egokitzea, sormena ateratzea eta eskolaren eta kulturaren topaketa hori erraztuko duten bitartekoak eta moduak identifikatzea.

Hezkuntza eta Kultura funtsezkoak badira honelako krisi bat gainditzeko, Zientzia ez da gutxiago. Azken batean, hiru esparru horiek komunean dituzte, besteak beste, ezagutza sortzea eta pentsamendu sortzailea bultzatzea. Horien inguruan lan egiten du UNESCOk. Ba al dago hiru sektore horietako erakundeen eta profesionalen arteko lankidetza-proiektuak sustatzen dituen ekimen nahikorik, edo horretan eragin behar da, horrela, publiko desberdinengana iristeko, ezagutza zabaltzeko eta, azken batean, elkar indartzeko modu berriak sortzeko? Agian esperientzia jakin bati buruz hitz egingo ahal diguzu.

Urteak dira Euskadiko zenbait ikastetxetan Steam estrategiak sartu direla (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) ikasleekin lan egiteko eta zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa pizteko, ikaseredu praktikoagoen eta diziplina guztiak integratzen dituztenen bidez. Azpimarratzekoa da “a” (artea eta diseinua) sartu berria dela; denbora luzez eta zenbait espaziotan pentsatu izan da berrikuntzaren alde hausnartzeko eta lan egiteko kulturatik ekarpen gutxi egin zitekeela. Hezkuntza-berrikuntzaz hitz egiten zenean, ez ziren arte-adierazpenen irakasleak gonbidatzen. Oraintxe bertan ezinezkoa litzateke ez sartzea. Sormena, egiteko eta ulertzeko beste modu batzuk, hainbat begirada, esperientzia, hizkuntza eta balioak irudikatzen ditu.

Beste esperientzia bat Zientziapolisena izango litzateke, Gizarte Sareko kideak, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren esparruan metodologia propioarekin lan egiten baitute haur eta nerabeekin, ezagutza espezifikoak eta terminologia egokia eskuratzeaz gain, hain aldakorra den mundu horretara egokitzeko gaitasun eta trebetasunak ere eskura ditzaten.

Azken batean, ezingo dugu gizarte jasangarririk sortu, zeinetan berdintasunean elkarrekin bizi eta giza eskubideak errespetatuko diren, elkarrekin lan egiten ez badugu, ezagutza partekatuz eta aliantzak sortuz. Horretarako, une honetan, Agenda 2030 eta Garapen Jasangarriko Helburuak dira lankidetzan aritzeko esparru ideala.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar