BERRIAKAbestientzako museo bat

Abestientzako museo bat

Egilea: Joserra Rodrigo, "El Club del LP" ekimenaren sustatzailea (Ignacio Aldecoa Kultura Etxea)

Abestientzako museo bat

Nork ez du inoiz sentitu free tour bateko gida on baten ilusioaren kutsadura, haren ondoan hiri, herri edo paisaia baten txokoak deskubritzen dituzunean?

Gogoratzen dut Mariana, Mourariako lisboarra, fadista baten biloba. Harekin gorputzean sentitu genuen fadoaren espiritua, hone jaioterrian bertan. Hunkituta negar egin nuen Alfamako eskailera batzuetan, bere mugikorreko bozgorailu txikian Amália Rodriguesen ahotsa entzunda. Ez zen informazioa jasotzea bakarrik: esperientzia bat bizitzea zen.

Eta orduan galdera datorkit: zergatik ez gauza bera egin musikarekin?

Zergatik ez tratatu disko bat historiaz betetako hiri bat tratatzen den bezala? Badira album batzuk, hain aberatsak, non haien gakoetan, misterioetan eta nondik-norakoetan barneratzea esperientzia oso bat izan daitekeen, bai hasiberriarentzat bai entzule trebatuenarentzat.

Lehenik, gidatutako aurkikuntza. Gero, etxera buelta: prozesu hori norberak jarraitzea, tresna berriekin eta bihotza piztuta. Eta bat-batean, dena aldatzen da. Abestiak ez dira berdin entzuten.

Izan ere musikak badu zerbait berezia: bere horretan mantentzen da, baina zu ez. Abesti bilduma hori beti egon da hor, mugiezin, baina entzunaldi bakoitzean pixka bat gehiago eraldatzen zaitu. Azkenean, zure parte bihurtzen da.

Ideia horretatik sortu zen Rockaren Eskola Emozionala eta, geroago, El Club del LP. Helburu argi bat duen proiektua: Long Play izeneko objektu horrekiko pasioa transmititzea; bere itxurazko sinpletasunean, istorio, sekretu eta emozio agortezinak gordetzen dituzten abestiak biltzen dituen objektua.

Askok — ni barne— diskoetan aurkitu dugu bizitzaren eskola. Artelan osoak dira: ez dira soilik entzuten, sentitu egiten dira. Zentzumenak aktibatzen dituzte, oraindik izendatzen ez dakizkigunak ere bai.

Eta, hala ere, bada oraindik harrigarria den zerbait: ez dago abestiei eskainitako museo iraunkorrik.

Bai, badira aldi baterako erakusketak, artisten ingurukoak edo diskoen artwork-ari buruzkoak. Badira figura zehatz batzuei eskainitako museoak ere. Baina ez dago leku egonkor eta bizi bat, non abestiak —eta haiek biltzen dituzten diskoak— esperientziaren erdigune diren.

Irudika dezagun une batez espazio hori.

Areto bat, non audio kalitate ezin hobean entzuteko aukera dagoen Like a Rolling Stone, In My Life edo Waterloo Sunset bezalako abestiak. Edo Mediterráneo, La Stagione dellAmore eta Una Décima de Segundo. Entzuteko ez ezik, adi entzun, ulertu, testuinguruan kokatu eta sentitzeko pentsatutako lekuak.

Eta harago ere: disko osoei eskainitako aretoak. Beach Boysen Pet Sounds diskoari buruzko instalazio bat? Palmondoen artean ibilbidea, Kaliforniako estetikarekin, azken gela batera eramango gaituena, non God Only Knows entzuten den, maisulan gisa aurkeztua, bere testuinguruan, bere dimentsio emozional eta sonoroan.

Ez litzateke museo bat bakarrik izango. Entzuten ikasteko modu bat ere izango litzateke.

Izan ere, arretaz entzutea —etenik gabe, presarik gabe— gaur egun ekintza iraultzailea da. Berreskuratzeko lurraldea. El Club del LPn sarri ikusten dugu: hurbiltzen diren gazteek musikarekin harremantzeko beste modu bat deskubritzen dute. Geldoagoa. Sakonagoa. Partekatua.

Eta hor gertatzen da zerbait garrantzitsua: musikak berriro hartzen du bere lekua, eraldaketarako tresna gisa.

Abestiek lagundu egiten gaituzte, eraiki egiten gaituzte. Sentikorrago egiten gaituzte, enpatikoago. Batzuetan kalera ateratzera bultzatu; beste batzuetan, gelditu eta pentsatzera gonbidatzen gaituzte. Pertsona, leku eta oroitzapenekin konektatzen gaituzte. Laguntzen digute ulertzen nor garen eta nor izan garen.

Abestiak irakurri, entzun, sentitu egiten dira. Negar, barre, bizi ere bai.

Horregatik, galderak airean jarraitzen du:
Noizko abestien museo iraunkor bat?

Agian berandu gabiltza jada.

AAren bitartez autoreak sortutako irudia.