FORMATUAKELKARRIZKETAK«Ez dago soinu txarrik ez onik: soinuak daude»

«Ez dago soinu txarrik ez onik: soinuak daude»

Talde Guneko Jon Bellidoren estudioan mahai gainean pilatzen diren kable eta zirkuitu andan ikusita, berehala ulertzen da bere musika ez dela soilik tekletatik jaiotzen, baizik eta soinua bere forma guztietan esploratzeko jakin-minetik ere.

Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina

Pianista formazioz eta sortzaile autodidakta, Bellido elektroakustikaren, sintesi modularraren eta esperimentazioaren artean dabil, bai bakarka, bai Lohi Ensemble proiektuan. Gasteiztik abiatuta, hiriari entzuten dioten piezak konposatzen ditu, ustekabean edertasuna bilatuz. Ohiko abestietatik harago, Jonek soinu-paisaiak eraikitzen ditu, non testura eta soinu bakoitzak bere lekua duen.

Teklatuak eta ekipoa ekarri dituzu…
Bai, eramangarria dena ekarri dut. Etxeko estudioan daukadanaren eta hemen dagoenaren artean banatuta daukat, eta dena ekartzea ezinezkoa zen.

Zure aita eta ama diseinatzaileak dira. Etxean artea eta kultura zegoen? Eta musika?
Bai, txikitatik jarri didate musika asko etxean. Nire amari, adibidez, asko gustatu izan zaio musika klasikoa, eta txikitatik gogoratzen dut Mozart, Chopin… entzuten. Nire aitak, berriz, gehiago rocka: Pink Floyd, Triana… Cat Stevens. Ez dira musikariak izan, baina musika asko entzun dut etxean.

Eta noiz hasi zinen zu jotzen?
Sei edo zazpi urterekin hasi nintzen pianoa jotzen; klaseetara apuntatu ninduten, eta gero Luis Aranburu musika eskolan sartu nintzen, hamaika urterekin gutxi gorabehera. Hamazazpi urtera arte egon nintzen han. Hizkuntza musikala, harmonia eta pianoa ikasi nituen. Eta hamazazpi edo hemezortzi urterekin bide autodidakta bat jarraitzea erabaki nuen: teklatuekin, rockarekin edo musika garaikidearekin. Eta gero musika elektronikoa, sintesi modularra eta halako kontuak.

Bide nahiko bakartia izan da neurri batean. Gero, ordea, zorte handia izan dut Gasteizen musikari lagunekin, elkarrekin frikiarena egiteko. Hori hemezortzi edo hogei urterekin etorri zen gehiago, zu bezain “zoro” dagoen jendea aurkitzen hasten zarenean.

Zure musika entzunda, argi dago ez zaizula interesatzen “ohikoa”. Nola hasi zinen edozein tramankulurekin soinuak bilatzen?
Ez dakit oso ondo. Uste dut bide baten parte dela. Gustu musikala ere eboluzionatzen doa zure momentuaren arabera, non zauden, norekin zauden. Oso interesgarria eta dibertigarria iruditu zitzaidan. Eta adierazteko modu bat ere bazen, momentu jakin bat adierazteko.

Hasieran nire kabuz gauzak egiten hasi nintzen, Entropian ez zirela ondo kabitzen ikusita. Entropia esperimentazioan oinarritutako taldea zen, bai, baina erro rockeroekin. Esperimentazioa gehiago zihoan psikodeliatik edo efektu jakin batzuetatik. Beraz, nire aldetik beste bide batzuk probatzen hasi nintzen.

Zein erreferentek ireki zizuten ate hori?
Musique concrète hasi zutenek, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo garaian: irratiekin, landa-grabazioekin, eguneroko soinuekin, sukaldekoekin… esperimentatzea eta hortik musika egitea.

Modu bat zen ere musika klasiko tradizionala akademizismo batera iritsi zela aldarrikatzeko, non baziren soinu “hobeak” eta arau oso zorrotzak musika “ona” izan zedin. Haiek horren aurka matxinatu ziren, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan.

Gero musika elektronikoa ezagutu nuen krautrock alemaniarraren bidez, psikodelia alemaniarretik zetorren mugimendua, sintetizatzaile modularrak erabiltzen hasi zena. Hortik iritsi nintzen Stockhausen, Steve Reich, Éliane Radigue… eta emakume aitzindari askorengana. Arauak apurtzen ziren mundu bat da, eta beharrezkotzat jotzen dut musikak aurrera egin eta beste bide batzuk esploratzeko.

Esan izan duzu hiria entzuten duzula. Zer neurritan daude Gasteiz eta bere soinuak zure musikaren barruan?
Gasteiz izeneko munduko leku honetan jaio naiz, eta gustatzen zait entzutea. Egunero bide berak egin arren lanera joateko, lagunak edo familia ikusteko edo zerbait hartzera… txikitatik gustatu izan zait entzutea.

Eta beti iruditu zait ez dagoela soinu txarrik ez onik: soinuak daude. Eta denak dira interesgarriak beren neurrian, eta haiekin ere musika egin daiteke. Gitarra elektriko baten soinua ez da zertan hobea izan ihes-hodi baten soinua baino.

Nolakoa da zure sormen-prozesua? Nola hasten zara hutsetik?
Askotan pianoaren aurrean eserita hasten naiz eta soinuak ateratzen ditut, probatzen, esperimentatzen, pianoari berari soinua aldatzen, teklak isilarazten… Hortik abiatuta zati txikiak grabatzen ditut, ideia txikiak, gero guztiz eraldatzen ditudanak. Collage bat edo puzzle bat egiten dut: erritmoak sartzen ditut, eta erabakitzen dut non joango den gauza bakoitza.

Elektronikan antzekoa da, baina ere berean bestelakoa: gehiago pentsatzen dut testuretan, erritmo zehatzetan… buruan eskema bat egiten dut.

Hainbat proiektu uztartzen dituzu: Entropia, Lohi Ensemble, zure lan pertsonala… Zer ematen dizu bakoitzak?
Entropiak musika egiten irakatsi dit. Niretzat musika egitea entzutea da. Hemezortzi urtetatik ezagutzen dugu elkar eta hazten lagundu diguten esperientzia asko partekatu ditugu. Uste dut haiekin ikasi dudala nire ibilbide akademiko osoan baino gehiago.

Orain nire talde nagusia Lohi Ensemble da, Aitor García Vicuñarekin. Esperimentazioa lantzen dugu musika elektroniko eta elektroakustikoaren bidez, estilo bakar batera itxi gabe. Piano baten arpatik abiatuta tresna propio bat sortzetik, club edo gaueko formatuetara bideratutako kontzertuetaraino egin dugu. Proiektu irekia eta bizigarria da, emanaldi bakoitza desberdina delako.

Bi proiektu pertsonal ere baditut. Bata Jon Bellido izenpean: Sonidos para la ciudad EP-a (pandemian egina) eta Echoes Echo Ech E diskoa, elektronika eta musika klasikoa uztartzera gehiago bideratua. Eta bestea, Mindtape, zuzeneko proiektu bat: elektronika, teknoa, tresna modularrekin.

Nola ikusten duzu eszena esperimentalagoa Gasteizen eta Euskal Herrian?
Eszena txikia da, baina ez du publiko handirik bilatzen. Eroso sentitzen da periferian, undergroundean. Eta ondo dago horrela, sormen-askatasunean oinarritutako musika delako.

Zaila da batzuetan emanaldiak aurrera ateratzea, baina Gasteizek oraindik baditu leku autogestionatuak jotzeko, nahiz eta gero eta zailagoa izan itxierengatik eta murrizketengatik.

Euskal Herrian talde eta artista asko daude honetan interesatuta, eta gero eta sare gehiago dago. Eta ez bakarrik esperimentazioan: underground osoan gero eta itxikeria gutxiago ikusten dut estiloekin. Ez da jada “heavyak heavyekin” edo “punkiak punkiekin”. Gaztetxe batean rock stoner, flamenco eta elektronika gau berean entzun ditzakezu. Interesgarria da: ortodoxiarik ez egotea eta musika partekatzea, periferiako sortzaile moduan elkar babestea.

Teknologia zure lanerako tresna nagusietako bat da. Nola ikusten duzu AAren agerpena musikan? Baliagarria iruditzen zaizu? Kezkatzen zaitu?
Nahiko negatiboa naiz AAren inguruan artearekin lotuta. Uste dut artea bera desitxuratzen duela, zerbait gizatiarra eta sortzailea dena.

Kezkatzen nau, eraldaketa oso azkarra bizitzen ari garelako eta hausnarketarik ez dagoelako. Erantzun azkarrak bilatzen ditugu: zalantza bat dugu eta mugikorrera jotzen dugu. Dena ona da baliagarria bada; utilitarismoa dago, kontsumo azkarra. Musika ez da jada esperientzia eraldatzaile gisa ulertzen, baizik eta hype azkar gisa, janari azkarra bezala. Eta ez gara gelditzen hausnartzera, entzutera.

Uste dut aldaketa handiak etorriko direla, beti bezala elite handiei mesede egingo dietenak eta langileei kalte. Litekeena da urte gutxiren buruan benetakoa dena eta ez dena bereiztea oso zaila izatea. Eta bereizteko gai ez bagara, berdin axola izango zaigu. Hor dago artea sortzen dugunok zer esana dugun lekua.