PROIEKTUAKIragana, begi kolpean

Iragana, begi kolpean

Arkikus enpresa gasteiztarrak hainbat aplikazio sortu ditu, 360º-tan ikusteko nolakoak ziren gaur egun gure ondare historikoaren parte diren toki horiek

Iker Ordoñok eta Arantxa Satrustegik errealitate birtualeko betaurrekoen bidez ikusten dute 1850eko Andre Maria Zuriaren plaza. / Yone Estivariz

Galdetu al diozu zeure buruari nolakoa izango litzatekeen XIX. mendeko Andre Maria Zuriaren plaza hartan paseatzea? Edo gaur egun lorategi botaniko bihurtutako Santa Katalina komentuak izango lukeen itxura? Sarritan, monumentu historiko bat bisitatzean, haren iraganaz galdetzen diogu geure buruari, nolakoa ote zen zehazki hura eraikitzeko unean, baina, askotan, lekua hondatuta egoteak imajinatzea eragozten digu.

Horixe gertatu zitzaien Iker Ordoño eta Arantxa Satrustegui arkitekto gasteiztarrei. Machu Picchun bidaiatzen ari zirela, hasi ziren pentsatzen nolakoa ote zen Inka hiria duela mende batzuk eta zein interesgarria izango litzatekeen han, beren mugikorrarekin, tokiaren 3D berreraikuntza bat ikustea. Eta arkitekto gisa etorkizunerako proiektuak egiten bazituzten, zergatik ez iraganera bidaiatu? Ideia horri hainbat buelta eman ondoren, Arkikus jaio zen, errealitate birtualeko mugikor, tableta eta betaurrekoentzako aplikazio bat, 360º-ko irudien eta ondarearen berreraikuntza birtualaren bidez aldaketak jasan dituzten edo denboraren poderioz desagertu diren lekuak nolakoak ziren ikusteko aukera ematen duena.

Iker Ordoño eta Arantxa Satrustegui./ Yone Estivariz

Proiektua besapean hartuta, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak antolatzen duen ‘ActúaUPM‘ start-ups programara joan ziren. Bertan, Negozio Ideia Onenaren kategorian sarituak izan ziren; bertan 500 proposamen baino gehiago aurkeztu ziren. Bultzada hari esker, konturatu ziren egun batean Perun izan zuten zorioneko ideia horrek indar handia zuela.

Kultur ondarearen zabalkundea

Aplikazioaren helburu nagusia da teknologiaren bidez kultura-ondarea ezagutzeko bidea erraztea, ondare hori sustatzen eta hedatzen laguntzeko. “Bisitariak erakartzeko oso zerbitzu ona da; ez du inbertsio handirik behar, eta laguntzen du sustatzen beste modu batera erakusten erraza ez den ondare bat “, dio Arantxak.

Ate asko jo ondoren, 2018. urtearen hasieran Iruña Okako Udalak proiektuarekiko interesa agertu zuen, eta Arkikus enpresari eskatu zion Santa Katalina komentu zaharra berreraikitzeko. Hala, Ikerrek eta Arantxak, Javier Ordoñorekin eta Gonzalo Arabarekin batera, enpresaren lehen app-a sortu zuten.

“Hainbat hilabetetako prozesua izan zen”, kontatzen du Arantxak. “Lehenik, Javierrek, gure arkeologoak, dokumentazio lan guztia egin zuen. Artxiboetan, plano zaharretan, marrazkietan eta azterketa historikoetan bilatu zuen nolakoa zen leku hori berreraiki behar genuen garaian. Ondoren, interesgarrienak iruditu zitzaizkigun ikuspuntuak aukeratu genituen, eta argazkiak egin eta datuak in situ hartu genituen. Hurrengo urratsa 3Dtan modelatzea izan zen. Iker eta Gonzalo arduratu ziren horretaz, eta, ordenagailuaren bidez, eraikinak jatorrizko egoeran modelatzen aritu ziren. Horrekin guztiarekin egin ziren fotomuntaketak, eta horiek dira app-ean ikusten direnak. Hori guztia, gehi interfazearen garapena amaituta, Binary Soul enpresara bidali genuen, eta enpresa horrek sortu zuen azkenean app-a”.

Arantxa Satrusteguik app bidez ikusten du nolakoa zen Andre Maria Zuria 1850ean. / Yone Estivariz

Hiru aplikazio

Gaur egun, hiru aplikazio dituzte errealitate birtualeko mugikor, tableta eta betaurrekoentzat: ‘Gasteiz 1850’, ‘San Vicente de la Sonsierrako gaztelua’ eta ‘Santa Katalinako komentua’.

Komentuak historian zehar izan duen bilakaera arkitektonikoa erakusten duSanta Katalina‘ app-ak, XIV. eta XVI. mendeak bereziki nabarmenduz. Bisitaria Lorategi botanikoan adierazitako edozein puntutan jar daiteke denboran zehar bidaiatzeko eta ezagutzeko koruaren itxura, elizaren erdiko nabearena, klaustroarena eta komentuaren kanpoaldearena. Horrez gain, gida gisa balio duten audioko eta testuko azalpenak ere ematen ditu. FITUR 2019ko Turismoaren Nazioarteko Azokaren esparruan, ‘ Espainiako Helmuga turistikoen Gida’ ren hiru aplikazio onenetako bat izan zen.

Vitoria-Gasteiz 1850‘ aplikazioak, bestalde, 1850ean Arabako hiriburuari zerion atmosfera erakusten du, bertako harresiak babesten zituzten atari nagusiak modernizatzeko asmotan eraitsi aurretik. Gidak ibilbidea eskaintzen du Andre Maria Zuriaren plazatik eta San Migel balkoitik, San Frantzisko komentutik pasatuz, Montehermoso jauregiraino. Halaber, azalpenak dauzka audioan eta testuan. Bere merkaturatze asteburuan ia 2.000 deskarga lortu zituen.

Arkikus enpresa gasteiztarrak hainbat aplikazio sortu ditu, 360º-tan ikusteko nolakoak ziren gaur egun gure ondare historikoaren parte diren toki horiek.
XIX. mendeko San Frantzisko komentua gaur egun Correos da./Arkikus

San Vicente de la Sonsierrako‘ gazteluaren gida da hiruretatik osatuena. XIII., XV., XVII. eta XIX. mendeetan zehar gazteluak izandako bilakaera arkitektonikoa erakusten du. Aplikazioak sei bistaratze-puntu ditu seinaleztatuta, harresi-esparruan barrena ibiltzeko. Haiek Plazatik abiatzen dira, Kale Nagusitik, Harategi kaletik, gazteluko Udaberriko Atetik edo Zubitik pasatuz, besteak beste. Eta bere aurrekoek bezala, audio eta testu bidezko azalpenak ere jasotzen ditu gida honek.

Aplikazioa oso arrakastatsua izan da. Hori dela eta, San Vicente de la Sonsierrako Udalak udatik errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz bisita gidatuak antolatzen ditu. Gaur egun ez dago lekurik Gabonak igaro arte. “Oso erakargarria da bisitariarentzat. Jarduera handia sortzen du ondarearen inguruan, eta turismo fluxua handitzen du”, dio Arantxak. “Askotan, aberastasun guztia museoetan edo historia liburuetan geratzen da, eta aplikazio horiekin saiatzen gara edonork eskura izan dezan”. Etorkizuna, dioenez, errealitate areagotuan dago, “Baina gailu gehienek teknologia egokia izan arte, ez dugu pausoa emango. Irisgarritasuna bilatzen dugu batez ere”.

Iker Ordoñok eta Arantxa Satrustegik errealitate birtualeko betaurrekoen bidez ikusten dute 1850eko Andre Maria Zuriaren plaza. / Yone Estivariz

Etorkizuna

Hala ere, Arantxak, Ikerrek, Gonzalok eta Javierrek eboluzionatzen eta aurrerapausoak ematen jarraitzen dute. Une honetan, Eusko Jaurlaritzaren programa batean sartu berri dira, enpresa nazioartekotzen lagunduko diena. “Horrek gure jarduera esparrua hedatzen joateko balioko digu, orain arte dena nahiko lokala izan baita”.

Urtebete jarraian hiru aplikazioak garatzen lan egin ondoren, gelditzeko eta bultzada hartzeko unea da. “Komunikazioaren gaia indartu behar dugu, ez gara adituak eta gure bezeroengana iristeko modua hobetu behar dugu”, azaldu du Ikerrek. Negozio-eredu berriak garatzeari begira, ondarea kudeatzen duten erakunde, fundazio edo enpresa pribatu gehiagotara iritsi nahi dute, eta horietan ere haien zerbitzuak eskainiko lituzkete. “Ondare historikoaz hitz egiten duzunean jende askok harresietan eta hondakinetan pentsatzen du, baina harago doa, gertaera historikoak, pertsonaiak, objektuak, egoerak eta abar berreraiki ditzakegu, baita industriakoa bezain zaharra ez den ondarea ere; ofizio, lantegi edo fabrika zaharrak. Nahi dugun guztia berreraiki dezakegu! “.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar