PROIEKTUAK«Hezkuntza-guneek ekintza pedagogikora gonbidatu behar dute»

«Hezkuntza-guneek ekintza pedagogikora gonbidatu behar dute»

Ahinitze Errasti eta Alejandro Gonzálezek 2016tik, arkitektura eta hezkuntza batzen dituen proiektuak garatzen dituzte Gasteizen egoitza duen estudio batean

 Ahinitze Errasti eta Alejandro González Nondik estudioa zuzentzen dute. / Yone Estivariz

Biek arkitektura ikasketak egin zituzten Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoan. Bidea elkarrekin jarraituta, Holandako hainbat estudiotan garatu zuten beren ibilbide profesionalaren zati bat, eta, horri esker, kulturari eta hezkuntzari lotutako arkitektura-proiektuetan espezializatu ziren. “Holandan ikasi genuen diseinu prozesuaren garrantzia, ideiei buelta ematearena. Horrek indartu egin gintuen gure ideian, Euskadira itzuli nahi genuela egiteko modu hori aplikatuz, gure lanaren zati hori zainduz eta jarraipena emanez”, dio Errastik. Enpresaren izenak islatzen du, beren esanetan, prozesuari ematen dioten garrantzia, izan ere, klabea de beraientzat proiektu bakoitzaren prozesuan ematen den ikaskuntza kolektiboa, bai erabiltzaileekin egiten den lankidetzan, bai enpresa mailan ere. “Nondik hitzak nondik abiatu eta nora heldu adierazten digu”.

Aspaldi honetan, Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako guneak diseinatzeko Gida Plana edo Atxondoko kultur etxe berrirako parte-hartze prozesua garatu dituzte, besteak beste. Duela hiru urtetik hona, E3 Ezina Ekinez Egiteko bultzatzen dute, diziplinarteko esku-hartze proposamen bat, azken bi urteotan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Bitartez diru-laguntza jasotzeko aukera eman diena: “Horri esker, ikastetxe gehiagotara iritsi ahal izan gara, eta modu aberasgarriagoan egin ahal izan dugu gure lana, antropologia, artea, diseinua eta pedagogiatik datozen profilak lan eta diseinu-prozesuan txertatuz eta diziplina arteko begirada sustatuz”.

Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan, goiko solairuan dagoen bulego batean dihardute lanean. Bertan, joan-etorrian ari diren maketa, plano eta ideien artean, arkitekturaren eta hezkuntzaren arteko begirada hori sustatzeko garatzen duten lanaz solasten aritu gara. 

Zeintzuk dira Nondik-en lan ildo nagusiak?

Ahinitze Errasti [A.E.]: Alde batetik, arkitekturari buruzko formakuntza eskaintzen diegu bai irakasleei bai haurrei. Hau oso garrantzitsua da, arkitekturak guztioi eragiten digulako eta inguruan dugunarekiko begirada ezberdina izatea funtsezkoa delako. Ikastetxeetara goazenean irakasleari galdetzen zaio: nolakoa izatea nahi duzu zure espazioa? Eta erabaki horiek hartzeko nolabaiteko ezagutza izan behar da, bestela erdipurdiko gauzak egiten dira. 

Alejandro González [A.G.]: Beste lan ildo bat aholkularitza da. Askotan, aldaketa-prozesuetan dauden edo aldaketak egin nahi dituzten ikastetxeekin aurkitzen gara. Altzariak aldatu nahi dituzte, koloreak, berregituraketak egin… Plan zuzentzaileak egiten ditugu, zer dagoen aztertuta espazioen erabilera hobetu ahal izateko. Azkenik, obran amaitzen diren proiektu arkitektonikoen diseinua eta gauzatzea egiten da.

Ahinitze Errasti eta Alejandro González. /Yone Estivariz

Prozesua funtsezko kontua da zuen lanean… Nola ulertzen duzue?

A.G: Beti esaten dugu konstelazio moduko bat eraikitzen dugula. Badakigu puntu batean hasi eta beste batera iritsi behar dugula, baina ez dakigu bukaera zein den, ezta nolakoa den ere, ez baitugu amaieraren aurretiko ideia bat sekula egiten. Hori da “prozesua”, gure lan tresna. Baina prozesuaz ari garenean gure barneko lanaz ere ari gara. Proiektu bat hasten dugunean ez dugu inoiz ideia bakar batean oinarrituta lan egiten; froga asko egiten ditugu, batzuk zentzugabeak,beste batzuk ez, baina guztiek esaten digute zer egin behar dugun edo nondik jo behar dugun. Frogatu, akats egin eta berriz frogatu ibiltzen gara etengabean.

A.E: Gure abiapuntua hezkuntza-espazioetan espezializatzea izan zen, prozesu parte-hartzaileetan lan eginez. Guretzat ez dago bezerorik, espazio batzuk biziko dituzten pertsonak baizik, eta uste dugu funtsezkoa dela hasiera-hasieratik hauek inplikatzea diseinu-prozesu osoan. Ikasleekin lan egiten dugu, irakasleekin, baita familiekin ere. Profil desberdinak nahastea benetan interesgarria da, konturatzen zara beldur asko dagoela. Batzuetan, komunitateak berak martxan dituen parte-hartze sistemetan murgiltzen gara.

Nola lantzen duzue arkitekturaren eta hezkuntzaren arteko hartu-eman hori?

A.E: Begirada komun batetik. Proiektu batekin hasten garenean, normalean, planteamendu pedagogiko bat espazio bihurtu nahi izaten da, eta kontzeptu pedagogiko eta metodologiko hori espaziora eramateak, proiektua ikuspegi horretatik ulertzea suposatzen du. Hezkuntzak nola funtzionatzen duen ulertu behar dugu, agian ez arlo horretako profesional batek bezainbeste, baina begirada hori izan behar dugu eta dauden korronte pedagogikoak, ikasteko prozesuak eta metodologiak ezagutu. Horrek etengabeko formakuntza eskatzen du. Ikuspegi hori oso kontuan hartzen dugu gure proiektu arkitektonikoetan txertatzeko.

Zuen ustez, nolako izan behar du XXI. mendeko hezkuntza-espazio batek?

A.G: Lehen esan bezala, ez dugu aurretiko ideiarik egiten, baina argi dago irakaslea eta arbela aurrez aurrez aurre duten pupitrez betetako ikasgela aldatzen ari den zerbait dela. Izan ere, pedagogiak jada ez dio eskema horri jarraitzen, eta norabide anitzekoa eta konplexua den sistema baterantz jo behar dugu, espazio hori bizi duen pertsona bakoitzari erantzungo diona. Kasu bakoitza ezberdina eta oso pertsonala da, eta gaurko hezkuntza espazioek ahalik eta modu zabalenean erantzun beharko liokete harremanak izateko eta ikasteko modu horietako bakoitzari.

A.E: Aldatzea ez da helburua bere horretan. Sistema baten eraldatzea da helburua, eta horrek aldaketa pedagogiko eta hezkuntzaren aldaketa bat dakar nahitanahiez. Orain dela gutxi arte garrantzi handia ematen zitzaion irakaslearen profilari; orain, hori aldatzen ari da, eta esperimentazioa, talde-lana eta ingurunea proposatzen dira ikasketa egoki baterako. Horretarako, beste espazio batzuk behar ditugu. Aldi berean, ikuspegi inklusibo batetik begiratu, ikastetxeetan aurkitzen dugun aniztasunari erantzuteko modu bakarra espazio anitzak eta konplexuak eskaintzea da.

Espazio konplexuak…

A.G: Konplexutasunak eskema sinple eta ulergarri bati erantzuten dion zerbait izan behar du, baina, ulertzeko modukoa edo eraikitzeko erraza izanda ere, gai ezberdin eta anitzei erantzuten diena. 

A.E: Modu ezberdinetan egin ahal izango den ikaskuntza-prozesua: esertzeko espazioak, etzanda egotekoak, modu ludikoagoan edo kontzentratuagoan ikasi ahal izatekoak, eta horrek funtziona dezan konplexutasuna da bide bakarra. Hertzberger hezkuntza arkitekturan aditua da, eta artikulazio eta definizio mailaz mintzo da. Espazioek behar bezain abstraktuak eta irekiak izan behar dute, bertan bizi diren pertsonek beren erabilerak bilatu ahal izan ditzaten, baina beti ekintza pedagogiko batera egokituak egon behar dute. Espazioa artikulatu behar dugu, hainbat ekintza egitera gonbidatzeko eta non egon aukeratu ahal izateko, baina, aldi berean, leku erabat ireki edo malguak sortu gabe, non irakasleek erabaki behar duten nola egituratu, kaos horrek ez baitu laguntzen. Konplexutasuna ez da kaosa, konplexutasuna aniztasuna da.

Arizmendi ikastolan proiektu bat hasi eta liburu bat idazten bukatu zenuten…

A.G: Kasu berezia izan zen. Batxilergoko irakasle eta ikasleekin lan egiten genuen. Prozesu parte-hartzaile bat planteatu genuen dinamikekin, non espazio idealen analisia, diagnostikoa eta sorkuntza lantzen ziren, eta, ondoren bateratze-lan batek beharren eta helburuen dekalogo bat egitera eraman gintuen. Baina alderantzizko prozesu parte-hartzailea ere egin genuen. Talde pedagogikoak berak prestakuntza batzuk eman zizkigun arkitekto eta ingeniari taldeari, eta haiek benetan lortu nahi zutenaz blaitzen ginen. Handik atera ziren orain gure proiektuetan erabiltzen ditugun irizpide arkitektonikoak.

A.E: Prozesuari garrantzi handia eman zitzaion, eta hasieratik nahi zuten hura ondo gordetzea. Lortzen joan ginen mugarri bakoitza, erabakiak, ibilitako bideak … “Arquitectura en bachillerato. Pedagogía de la confianza” izeneko liburu batean isladatua gelditu zen guztia.

Nolakoa da ikastetxeekin garatzen duzuen diseinu lana?

A.G: Guztia ideia batekin hasten da, aldaketarako beharrak ikuskatzen dituen talde sustatzaile baten aldetik. Elkartzen gara, eta haien funtzionamendua azaltzen digute, haien egunerokotasuna. Hemen sartzen da lehen aipatzen nuen konstelazio hori, fase askorekin, batzuk parte-hartzaileagoak, beste batzuk teknikoagoak … eta puntu horietako bakoitzean espero ez genituen gaiak agertzen dira: ideiak, gorabeherak, gai ekonomikoak, segurtasunekoak… Modu abstraktuan elkartzen ditugu jakina eta prozesua garatu egiten dugu. Egiten dugun lehen galdera “zer” eta “zergatik“ zer nahi dugun argiago izan dezagun, eta prozesu parte-hartzaile bat planteatzen dugu, imajina dezakezuen modu guztietan, dinamika, denbora eta eragile desberdinekin, bilatu nahi denaren arabera parte hartzen dutenak. Normalean, gida-plan bat ere egiten dugu, espazioa edo eraikina, haren puntu beltzak eta abar ezagutzeko aukera ematen diguna, behar horri erantzuna eman ahal izateko.

A.E: Arkitekturaren sektorean askotan ohituta gaude metroez hitz egiten duen programa bat erabiltzera, baina ez du sentipen edo emozioez hitz egiten. Guk uste dugu programa hori berrinterpretatu eta berregituratu egin behar dela. Lehen aipatzen genituen irizpide arkitektonikoak, pedagogiari lotutakoak, hasieratik eta sakonean idazten ditugu, lan arkitektoniko hutsarekin hasi aurretik. Irizpide horiek ez dira literalak, aldatu egin behar dira, edo agian ezin dira lortu, baina bide bat ematen digute, eskolekin lan egiteko gida gisa balio digute, proiektu pedagogikoaren inguruan egin nahi denari buruz elkarrekin hausnartzeko. Adibidez, zer suposatzen du bakarka lan egiteak? Segurtasuna behar dugu, hesi batzuk gertu, ez isolatzea, etab. Hau guztia aldatu egiten da proiektutik proiektura.

A.G: Gure datu-poltsa aurrera eraman nahi den pedagogia motak baldintzatzen du, baita prozesu parte-hartzaileak ere, baina aldagai objektiboagoak eta fisikoagoak ditu. Adibidez, zenbat argi edo itzal dagoen espazioan, zoru gogorra edo biguna duen, zirkulazio-fluxuak zeintzuk diren, edo baita aurretiazko erreformak ere… Dokumentazio eta datu-bilketa hori guztia, lekua bisitatzeak, jendearekin hitz egiteak… guztiak ematen dizu pertzepzio bat, eta honela, hemen estudioan garatzen ditugun ideia desberdinak forma hartzen doaz. Gero, hainbat bateratze daude. Eta oinarrizko proiektu arkitektonikoa zehazten eta garatzen joan bezain laster, gauzatze proiektua dator, eta gero hasiko litzateke obra. Obra ez da beti berez obra bat bezala hasten. Batzuetan prozesu parte-hartzailera itzultzen gara, baina modu aktiboan, auzolanaren bidez esaterako, segurtasun mailak ahalbidetzen badu betiere.

Parte-hartze prozesuak ikastetxeetan (Ezkerretik eskuinera, goitik behera): Ramón Bajo ikastetxea, Arizmendi ikastola, Txintxirri Ikastola, Elkar Hezi ikastetxea (2), Mariaren Lagundia ikastetxea / Lagatutakoak

E3 Ezina Ekinez Egiteko, aurten hirugarren aldiz martxan jartzen duzuen diziplinarteko proiektua da… Zertan datza?

A.E: E3 diziplinarteko metodologia bat da, ikastetxeetako espazio funtzionalak hezkuntza-espazio bihurtzeko. Horrek esan nahi du, adibidez, askorentzat ibiltzeko eta mugitzeko bakarrik balio duen korridorea bezalako espazio bat, harremanak izateko, jarduerak egiteko edo ikasteko espazio hezitzailea bilakatzea. Berdin gerta daiteke jangela, patio edo ekitaldi-gelarekin. Azkenean ikastetxeen harremanetarako espazioak dira, eta bertan jarduera kultural eta artistikoa sor daiteke, modu kolektiboan ikasteko espazio gisa erabil daitezkeenak. Guk egiten duguna da deialdi bat ireki ikastetxeek problematika bat plantea dezaten espazio bati dagokionez, eta hori gure azterketa-kasu bihurtzen da.

A.G: Aurten hiru azterketa-kasu egingo ditugu, espazioaren eta inklusioaren arteko lotura jorratzen dutenak. 15 ikastetxe aurkeztu dira deialdira, eta inklusioarekin lotutako arazo edo egoera bat planteatu dute, mugikortasunarekin, migrazioarekin, generoarekin, bullyingarekin, autismoarekin eta abarrekin lotuta. Hiru kasuak aukeratu ondoren, ikastetxeekin, adituen batzorde batekin eta ikastetxean instalatuko den artefaktu artistiko baten sorrerarekin lan egingo dugu. E3 hausnarketa kolektibo bat da, eta, bertan, zenbait ondorio ateratzen ditugu, errezeta moduko bat, modu abstraktu eta irekian arazo bat konpontzeko moduari buruz, eta, gainera, beste zentro batzuentzat lagungarri ere izan daitekeena. Arkitekturari eta hezkuntzari buruzko jardunaldi bat ere antolatuko dugu, hainbat hitzaldi eta tailerrekin. Deialdi irekia egingo dugu, alor hauetan lan egiten duten pertsonek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Ikastetxeek edota administrazioek bideratzen al dituzte behar adina baliabide?

A.E: Administrazioak eraikinak mantentzeko erabiltzen ditu baliabideak. Arrazoi pedagogiko batengatik espazioak berritzeari edo eraldatzeari dagokionez, inbertsioa ez da existitzen. Ikastetxe publikoetan hasten ditugun proiektu gehienak zuzendaritzatik edo guraso-elkarteetatik bultzatzen dira, aldatzeko gogo horiengatik, baina gero ateak itxita aurkitzen dituzte, administrazioan ez dagoelako dirurik honetarako. Adibidez, Gasteizko Udaletik, Partaidetza Sailetik laguntza jaso dugu, eta laguntza garrantzitsua da, baina, oro har, baliabideak mugatuak dira.

A.G: Administrazioak eraikin berriak sortzen ditu, eta horiek lehiaketa bidez gauzatzen dira. Enpresak hartzen duen arriskuaz gain, lehiaketen arazoa da ez dela maila pedagogikoan baloratzen proiektua hobea edo okerragoa den. Eskatutako programa betetzea baloratzen da: hainbeste gela, hainbeste metro koadro … eta, batez ere, ekonomikoki. Prezioa jeisten duenak lortzen du proiektua. Zer gertatzen da honekin? Ikastetxe berri guztiak berdinak direla, adibidea hemen bertan daukagu, Gasteizen. .

Ahinitze Errasti eta Alejandro González. /Yone Estivariz

Horrenbestez, bultzatzen dituzuen proiektuak hasierako prozesu honetan geratzen dira edo gauzatzen dira?

A.E: Gauzatu ditzakegun proiektu gehienak itunpeko ikastetxeetan dira. Eskola publikoan proiektuak egin ditugu batez ere ideien proiektuaren fase horretan, aholkularitza parte-hartzailearen fase horretan, eta ikastetxe askotan lanean ari dira orain administrazioarekin, hura eraikitzeko finantzaketa lortu nahian. Prozesua motelagoa da. Batzuetan proiektuak idatzi behar izaten ditugu, denboragatik edo arrazoi ekonomikoengatik asumigarriak direnak. Eta askotan finantziaziorik ez dagoenez, auzolana egitea planteatzen dugu. Guk gidalerroak, ideiak edo aholkularitza ematen dugu, eta ikasleekin edo familiekin batera egiten dugun lanaren bidez, egiten joan gaitezke.

Etorkizunari begiratzen badiozue, norantz jotzen duzue?

A.E: E3-ko proiektu pilotu horiek beste sektore batzuetara esportatu ahal izatea nahiko genuke. Askotariko pertsonak hartuko dituzten eraikinen kontzepzioa, adibidez, kulturalak, horrela landu ahal izatea, diziplina anitzeko begiradekin eta parte-hartzea modu integratuagoan lantzeko ekipoekin. Baina horrek arkitektura begiratzeko modu ezberdina eskatzen du, eta prozesu konplexuak dira. Bide hori jorratu nahiko genuke, hori da gure diseinatzeko modua.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar