Nola izango da mundua hemendik 50 urtetara?

2017tik, Arrakala Kooperatiba, Gasteizko Baratza aretoaren kudeatzailea, I will be everything (Dena Izango Naiz | Lo seré todo) proiektuaren kidea da, zeinetan 7 eta 11 urte bitarteko neska-mutilekin etorkizuneko ideiari buruz lan egiten den.

Hannah Frances Whelan eta Jemima Cano. / Yone Estivariz

Nola izango da mundua hemendik 50 urtetara? Zer gauza berri egongo dira? Zerbait desagertuko da? Galdera hauek eta beste batzuk erantzun dituzte 7 eta 11 urte bitarteko Europako ikastetxe desberdinetako 3.000 umeek, haien artean, Gasteizko sei ikastetxeetakoak.

Europako herri desberdineko beste sei kultur erakunderekin batera, umeen irudimena, sormena eta ahalduntzea landu dute  “Nola izango den hemengo mundua 50 urtetara?” galderaren bitartez.

Tailerretan sortutako materialarekin, nazioarteko talde sortzaile batek ikuskizun bat sortuko du Alex Dyrne-n (New International Encounter) zuzendaritzapean, eta parte hartu duten 7 herrialdeetatik biratuko dute.

Hannah Frances Whelan eta Jemima Cano, Unai López de Armentiarekin batera (Baratza aretoaren zuzendarikidea, azken hau) proiektu honetan parte hartzen ari dira, Europa Batasunak finantzatzen duena Europa Creativa 2014-2020 programaren bitartez. Lankidetza-programa hau kultura eta sormen industriak bultzatzera zuzenduta dago eta helburu nagusia sektore honen ahalmena indartzea da mugaz bestaldeko eta nazioarteko mailan jarduteko.

Beraiekin hitz egin dugu proiektuaren eta parte hartzearen esperientziaren gainean.

Nola sartu zineten Europako proiektu honetan?

Hannah F. Whelan [H.F.W]: Unai, Baratzako zuzendarikidea, eta nik New International Encounter antzerki konpainia britainiarraren zuzendariarekin dugun erlazioaren bidez. Ingalaterran elkarrekin hainbat alditan lan egin genuen, eta Gasteizera etorri ginenetik berriro elkarrekin lan egiteko modua bilatzen genuen. NIE proiektuaren burua da eta sartzera gonbidatu gintuzten. 

Zein erakundek hartzen dute parte proiektuan?

H.F.W: Guztira zazpi gara: NIE Erresuma Batuan, buru bezala jarduten duena, eta gero bazkide bezala Danimarka-ko Odshered Teater, Nuremberg-eko Theatre Mummpitz, Norvegia-ko Nordland Teater, Figur Krakow Polonian, Austriako TaO!, eta guk, Baratza. Hauetako batzuk antzokiak dira, beste batzuk konpainiak eta beste batzuk, Baratza bezala, antzokiak dira baina konpainia egoiliar batekin.

Zer helburu lortu nahi ditu proiektuak?

H.F.W: Lehenengo helburua ko-kreazioa da. Gure inguruneko 7 eta 11 urte bitarteko umeei ahotsa eman nahi diegu sorkuntza prozesuan, gainera aukera gutxiago duten ikastetxeekin lan egiteko konpromisoa dugu. Familien profilagatik edo kokatuta dauden lekuagatik kultura ekintzetara sartzeko zailtasunak dituzten ikastetxeak gonbidatu behar ditugu proiektura. Beste helburuetako bat kultura eta artea umeak dituzten familietara nola hurbiltzeari buruzko hausnarketa bat egitea da. Hirugarren helburua zeharkakoagoa da, kultura arloko profesionalen arteko mugikortasuna erraztea eta beste leku batzuetan gauzak nola egiten diren ikastea litzateke. 

Proiektuak hiru urte irauten du, zeintzuk dira bere fase nagusiak?

H.F.W. eta Jemima Cano [J.C] : Hiru fase nagusi daude. Lehenengoa 2017ko ekainean hasi zen, proiektua diseinatzen hasi ginenean. Bilera asko egon ziren. Herrialde desberdinetara bidaiatu eta talde guztia elkartu ginen proiektua nola antolatuko genuen ikusteko. Herri desberdinetako lantegi prototipoak probatu genituen beste artista batzuek nola lan egiten zuten ikusteko eta proposatzen zutenari buruz ikasteko. Behin definituta, praktikara eraman ziren eskoletan. Artearen bidez erremintak eman ziren umeek “Hemendik 50 urtetara…” galderari erantzuna eman ziezaioten marrazkien edo istorioen bidez. Bigarren fasea ikuskizunaren sorrera da. Bakoitzak umeekin landu duen materiala eramaten du eta sortutako material honetatik abiatuta antzerki-pieza bat sortzen da. Gaur egun, ikuskizunaren parte izango den lantaldea lanean dihardu. Hirugarren fasea, ikuskizunaren bira izango litzateke.

“Kulturara heltzeko zailtasunak dituen jendearekin lan egiteko konpromisoa dugu”.

Zein ikastetxeekin lan egin duzue Gasteizen eta nolakoa izan da esperientzia umeekin?

H.F.W : Samaniego, Lakuabizkarra, Odon de Apraiz, López de Guereñu, Ramón Bajo eta Aranbizkarrarekin lan egin dugu. Kulturara heltzeko zailtasunak dituen jendearekin lan egin behar genuen. Tailerrek ez zuten inongo kosturik ikastolentzako, hori dela eta, guztiek onartu zuten. Esperientzia irakasleekin eta umeekin oso positiboa izan da. Erabateko askatasuna ematen genien idazterako orduan. Kasu honetan ez zen funtsezkoa ez ortografia ezta adierazpena ere. Erosoago sentiarazten zien hizkuntza aukera zezaketen. Horrek askatasun handia suposatzen zuen eta hobeto erantzuten zuten.

Gogoratzen duzue beraien erantzunetatik, kontaketetatik edota marrazkietatik atentzioa eman dizuen zerbait?

H.F.W: Etorkizunaz hitz egiten dugu beti eta hiru koloreetako txartel ezberdinak ematen dizkiegu. Berdean beti egongo den zerbaitetaz galdetzen genien, gorrian desagertuko den zerbaitetaz eta horian berria izango den zerbaitetaz. Erantzun asko errepikatzen dira baina, adibidez, beti egongo diren gauzen artean ‘harriak’, ‘aitona-amonak’ edo ‘etxeak’ aipatzen dituzte. Edo desagertuko diren gauzen artean ‘hartz zuriez’ hitz egiten dute, klima-aldaketaz. Umearen erantzunaren arabera bere ikuspegia ikusten duzu, munduarekiko duen ideia zabalagoa den edota behar pertsonalagoa duen.

Jemima Cano./ Yone Estivariz

Noiz ikusi ahal izango da azkeneko ikuskizuna?

J.C: Bira irailaren 26an martxan jartzen da Danimarkan. Hemen Gasteizen urriaren 28, 29 eta 30ean proiektuan parte hartu duten ikastetxeentzat egingo da ikuskizuna, eta azaroaren 2 eta 3an emanaldi irekiak. Ikuskizunak Beñat Etxepare antzokian egingo dira. 

Zein da zuen eginkizuna proiektuan eta kudeaketan?

J.C: Zazpi bazkideen artean erantzukizun partekatu batzuk daude. Bakoitzak bere zonaldeko ikastetxeetako umeekin tailer batzuk egiteko konpromisoa hartzen du, azken ikuskizuna programatzera eta jasotzera, eta administrazio, bilera eta ekintzen diseinuaren lanetan parte hartzera. Beste erantzukizun batzuk bakarrak dira, gurea konkretuki “barreiadura eta artxiboa” deitzen da. Proiektua egin eta gero, gizarteari zerbait emateko konpromisoa dugu. Gure kasuan bi gida entregatu behar ditugu, bata familia audientziekin lan egiteko eta bestea umeekin ko-kreazioa lan egiteko tresna gida. Behin gidak bukatuta, barreiatu behar dira eta jende kopuru gehiengoari helarazi.

Nolakoa da Europako puntu desberdinetako beste 6 entitate kulturalekin lan egitea? 

J.C: Oso interesgarria da. Lehenik eta behin ingelesagatik, ez delako nire ama-hizkuntza. Bidaiatzea eta 24 orduz ingelesez hitz egiten egotea erronka handia da. Bestalde, oso interesgarria da ikustea nola Norvegiarekin hitz egiterako orduan, gure aurrekontua baino 80 bider haundiagoa duen herrialdea izan arren, nola arazo eta pasio berdinak ditugun. Niri pertsonalki munduaren ikuspegia zabaldu egin dit.

H.F.W: Nuremberg-eko antzokiko hall-ean sartu nintzenean gogoratzen dut nola hori 30 urte barruko Baratza bat izan litzatekeela pentsatu nuen. Eredu bat izan daitezkeen beste areto batzuk ezagutzea oso positiboa da. Pertsonalki, tailerrekin begiak ireki ditut. Herrialde bakoitzaren heziketa eredua ezagutu ahal izan dut, Austria, Ingalaterra, Polonia eta Gasteizeko ikastetxeetan sartu naizelako.

Hannah F. Whelan. / Yone Estivariz

Zeintzuk dira Europako proiektu batean parte hartzearen zailtasun nagusiak?

J.C: Eskatzen duen ardura. Ez baduzu, gure kasuan bezala, beraien denbora eta ezaguera eskaini dezaketen bi pertsona, ezinezkoa izango litzateke. Oso balantze positiboa egiten dugu, aukera handia da, baina energia dosifikatu behar da. Zorroztasuna nabarmenduko nuke, Europako Batzordean oso zorrotzak dira gauza guztiekin.

“Uste dut artistak eskoletako ateak jotzen ausartzen badira, gauza oso interesgarriak egin ahal izango direla”. 

Zer gomendio emango zenioke Europako proiektu batera aurkeztea pentsatzen ari den beste eragile bati?

J.C: Lehenik eta behin, Europa Creativa proiektuetan ez sartzeko benetan prest ez badaude hiritartasuna eta ko-kreazioa lantzeko. Bigarrenik, pertsona bat izan behar dutela horretan soilik lan egiteko. Eta hirugarrenik, finantzei dagokionez ezin direla tranpak egin. Lehenik eta behin informatu, eta gero, sartzen badira, barruraino sartu. 

Zer garrantzia du heziketa eta arte ereduak proiektu komunetan batzeak?

H.F.W: Jende askok pentsatzen du eskola izan behar dela artistengana joan behar dena, eta gure kasuan adibidez, kontrakoa da; gu izan ginen eskoletara joan ginenak eta beso zabalka hartu gintuzten. Uste dut artistak ateak jotzen ausartzen badira, gauza oso interesgarriak egin ahal izango direla. 

J.C: Denbora askoan ulertu dugu artea beste heziketa bat bezala, “antzerkiari buruz dakien artista bat naiz ni eta zuk hau egin behar duzu” izango balitz bezala. Eta “Dena izango naiz” proiektuak egiten duena da artista bideratzaile moduan ikusi. “Goazen hitz egitera” dioen norbait gara, eta ez zerbait irakastera joaten den pertsona bat. Umeek, irakasleek eta kaleko jendeak esan behar dutena artistek esan behar dutena bezain garrantzitsua da.