FORMATUAKELKARRIZKETAK«Ustezko arrakasta hor zegoenean, musika gehiago gorrotatzen nuen»

«Ustezko arrakasta hor zegoenean, musika gehiago gorrotatzen nuen»

Alkimia aurrezina

Argazkiak: Sara Berasaluce

Coca-Cola y Mentos ez da ohiko taldea. Ez dute entseatzen, ez dute publizitaterik egiten, ez dute ibilbide-orri finkorik, ezta manager bat ere. Eszenatokira igotzen badira, nahi dutelako da; ez bada, etxean geratzen dira. Hala ere, haien kontzertu batera joan den edonork badaki hau ez dela txantxa bat edo esperimentu hutsala. Arte efimeroa da. Haiek dioten moduan: “Mentos batzuk Coca-Cola botila batean sartzea bezalakoa da: lehertu, eta kitto”.

DJ Parrucho eta Kloy MC osatzen duten bikote artistikoak urteak daramatza hip hoparen, jazza-ren, spoken word-aren, rap politikoaren, umore garratzaren eta gozamenerako soinuaren ertzetan barrena. Eta biek, bakoitzak bere bide propioan, musikaren arrakasta daztatu duten arren —Parruchoren kasuan, Ortophonk taldeko kide gisa Gasteizko Jazzaldian jo zuen lehen talde gasteiztarrean; eta Kloyren kasuan, RedBull Batalla de los Gallos-en 20.000 ikusleren aurrean—, onartzen dute proiektu honek arrakastaren ideia berridaztera eraman dituela.

Aspaldian ezagutu zuten elkar, kasualitatez, kontzertu batean. Parrucho jada figura errespetatua zen tokiko eszenan; Kloy, berriz, 14 urteko mutiko bat zen, mingain zorrotza eta asko esateko. “Etorri ziren bera eta bere anaia, eta kontzertua salbatu ziguten”, gogoratzen du Parruchok. “Ikaragarria izan zen”.

Industria baino lehen, terapia

Bi artistak bat datoz oinarrizko ideaia batean: musika ez zen helburu bat izan, salbazioa baizik. Parruchorentzat, “musika beti egon da etxean. Aitak Lenco bat zuen eta oraindik ere primeran entzuten diren bozgorailuak. Biniloak leku guztietan zeuden, liturgia bat zen”. Kloyrentzat, berriz, abiapuntua bestelakoa izan zen: “Etxean zarata asko zegoen, gurasoek oso harreman txarra zuten. Nik txikitatik idazten nuen poesia, eta rapa irteera bat izan zen niretzat. Bizitza salbatu zidan”.

Urteak pasata, salbamendu-taula hori da haien musika ulertzeko modua. “Arrakasta gehiago izan duten proiektuetan egon naiz”, aitortzen du Kloyk, “baina Coca-Cola y Mentos-ekin izan da gehien gozatu dudana. Presiorik ez dagoelako. Ezer frogatu behar ez delako. Dirurik atera beharrik ez dagoelako”.

Anti-proiektua

Askotan errepikatzen duten hitza da: askatasuna. Entseatu gabe egoteko askatasuna, inprobisatzeko, akatsak egiteko, ondo pasatzeko. “Gu gara anti-proiektua”, diote barrez. “Inprobisazioak badu magia hori: sekula ez da berriro errepikatuko”.

Eszenatokian, DJ Parruchok ehunka fitxategiren artean hautatutako baseak jaurtitzen ditu, eta Kloyk, berriz, letren metraila-improbisazioa egiten du. Batzuetan gonbidatutako musikariak gehitzen dira —Andino anaiak, edo Iñaki ‘El Puma’, adibidez—, eta beste batzuetan ez. Dena gerta daiteke. “Arte efimeroa da, mendian jartzen den instalazio bat bezala, naturak jaten duen hori”, dio Parruchok.

Norberaren eta lanaren arteko muga lausotuak

Coca-Cola y Mentos-en ez dago mugarik. Norberarena eta lanekoa nahastu egiten dira, lausotu, fusionatu. “Lehen, beste talde batzuetan, kontzertu batera joanda sorbaldak belarrien parean nituen, dena perfektu ateratzeko presioarekin. Orain, kontzertua prestatzen dugu, elkarrekin jaten dugu, garagardo bat hartzen dugu… prozesu osoaz gozatuz. Hori da arrakasta”, laburbiltzen du Kloyk.

Hurbiltasun hori publikoari ere transmititzen zaio. “Ez dago jarrerarik. Ez dago mozorrorik. Gu gara, maskararik gabe. Eta jendeak nabaritu egiten du. Giro sanoa eta benetakoa sortzen da”.

Barrutik egindako kritika

Prekaritatea idealizatu gabe, kritika zorrotza egiten diote sistema musikal eta kulturalari. “Orain inoiz baino rap gehiago dago, baina hip hop gutxiago”, dio Kloyk. “Dena irentsi du sistemak. Diskurtsoa irentsi, murtxikatu eta Bad Bunny bat jaurti digu”. Eta gehitzen du: “Kapitalismoak mugimendua erakusleiho bihurtu du. Urrezko kateak eta kotxeak. Gu geure artean borrokatzera bultzatu gaituzte”.

Kale-pedagogia

Kritika horretatik jaio da, baita, haien Artes Trece proiektu pedagogikoa ere. Hezkuntza-, gizarte- eta kultura-zentroetan tailerrak eman dituzte. “Gazteak aho zabalik geratzen dira lehenengo kanta idazten dutenean, jazarpenaz, familiari buruz, ahoz esatera ausartzen ez diren gauzez hitz eginez”.

“Hau eskoletan egon beharko litzateke. Musika, graffitia, dantza, hitza. Idazketa da, margolaritza da, entzutea da, komunitatea da. Benetako eskola bat da”, aldarrikatzen dute.

Arrakasta berriz definitzea

Haientzat, arrakasta ez dago nazioarteko biratan edo urrezko diskoetan. “Arrakasta da zure lagunekin kontzertu bat eman ondoren zure ohean lo egitea, zure katuari sabelaldetik igurtziz”, dio Kloyk. Parruchok buruarekin baieztatzen du: “Bai, eta flipatuta geratzea ez dugula ezer entseatu. Hori da ordainsaririk onena”.

Ez dute pabiloiak bete nahi, bihotzak baizik. Ez dute nahi artista deituak izan, “erromantiko pobre” izatea nahi dute. Ez dute nahi manager-rik, lagunak nahi dituzte. Ez dute jarraitzailerik nahi, konplizeak nahi dituzte.

Eta orain, zer?

Inprobisatu. Hori da plana. Argia den gauza bakarra da berriro itzuliko direla Tasca de las Abuelas-era, Dublín-era, edo zainduta sentitzen diren edozein txokotara. Bertan, “eguna jendeari eta geuri hobetzeko, ez izorratzeko” aukera dutelako.

Adi egon. Agian ez duzue jakingo noiz edo non. Baina zerbait entzuten baduzue, dantzan bazabiltzate ulertu gabe zergatik, agian Coca-Cola botila bat ireki dute. Eta norbaitek Mentos bat bota du barrura.