Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina & Iris Audiovisual-en lagapena.
Proiektuaren atzean David Alvarez dago, Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua, Zinexpress Jaialdiaren, Begirada film kolektiboaren eta Baaldo: una emergencia pop dokumental berriaren sustatzailea. Iris Audiovisualen bidez, zinea, antzerkia eta komunitate-sorkuntza landu ditu Alvarezek, beti belaunaldi berriei eta LGTBI+ kolektiboari gertuko begirada eskainiz.

Aspalditik dator zure ikus-entzunezkoekiko harremana. Noiz konturatu zinen honetara dedikatu nahi zenuela?
Beti gustatu izan zait ikuskizunen mundua. Antzerkia asko gustatzen zitzaidan eta, nerabea nintzela, kamera bat hartu nuen eta ohartu nintzen horrek bereziki erakartzen ninduela. Argi nuen ikus-entzunezkoekin lotutako zerbait ikasi nahi nuela, eta azkenean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen EHUn. Gero, Madrilen, Radio Televisión Españolan master bat egin nuen.
Gasteizen ere antzerki amateurra egin nuen, baina azkenean beti hurbildu izan naiz gehiago ikus-entzunezkoetara. Hor sentitzen naiz erosoen.

Eta noiz sortu zen Iris Audiovisual?
Elkartea oraindik unibertsitatean geundela sortu zen. Uste dut 2015ean izan zela. Iaz hamar urte bete genituen. Ordutik oso proiektu desberdinak garatu ditugu.
Gasteizko Zinexpress Jaialdiarekin hasi ginen; gero etorri zen Begirada, hiriko sortzaile gazteek egindako lehen film kolektiboa. Duela gutxi, berriz, Baaldo: una emergencia pop dokumentala estreinatu dugu.


Nolakoak izan ziren lehen urrats haiek?
Dena Zinexpress jaialdiarekin hasi zen. Haziak-ekin batera antolatu genuen eta oso ondo funtzionatu zuen. Udaletik Gauekoak-engana hurbiltzea gomendatu ziguten eta azaldu ziguten horrelako proiektuak garatu ahal izateko komeni zitzaigula elkarte gisa eratzea.
Hala, tramite guztiak egin genituen eta aurrera jarraitu genuen. Hasieran burokraziaren zatia nahiko astuna egiten da, baina denborarekin ikasten duzu kudeatzen.
Noizbait ekoiztetxe bihurtzea pentsatu duzue?
Bai, askotan. Ekoiztetxe bat sortzea, lokal bat alokatzea eta egitura profesionalizatzea izan dugu hizpide. Baina beti iruditu zaigu jauzi handiegia. Gaur egun etxetik egiten dugu lan eta askoz errazagoa egiten zaigu elkarte moduan jarraitzea. Agian etorkizunean aldatuko da, baina momentuz gustura gaude horrela.


Zuen proiektu potoloenetako bat Begirada izan zen. Nola sortu zen ideia hura?
Ikusten genuen Bilbon edo Gipuzkoan bazirela ikus-entzunezko proiektu kolektiboak, baina normalean dagoeneko finkatutako zuzendariek gidatzen zituzten. Guk antzeko zerbait egin nahi genuen Gasteizen, baina hasten ari zen jende gaztearen aldeko apustua eginez.
Hogeita hamar urtetik beherako hamar zuzendarik parte hartu zuten. Besteak beste, Ainhoa Ordóñez, Jorge Moneo edo Maitane Carballo zeuden. Arte eta Lanbide Eskolak ere parte hartu zuen.
Vital Fundazioaren eta Gauekoak-en finantzaketa lortu genuen eta 2020ko otsailean estreinatu zen film kolektiboa aurrera ateratzea posible izan zen, Euskal Zinemaren Astearen barruan.

Pandemia hasi aurretik, hain zuzen ere.
Hori da. Otsailean estreinatu zen eta martxoan konfinamendua iritsi zen.
Askotan pentsatu dugu zein ibilbide izango zuen proiektuak beste egoera batzuetan. Hala ere, uste dut izan behar zuen bizitza izan zuela. Parte-hartzaile bakoitzak bere pieza banaka zabaltzen jarraitu ahal izan zuen, eta batzuk jaialdietara ere iritsi ziren.
Zuen ibilbidean lotura argia dago LGTBI+ kolektiboarekin ere.
Bai. Guretzat errealitate hurbila da eta gure kezka kulturalen parte ere bada.
Horregatik bultzatu genuen Udagora, LGTBI+ kolektiboari zuzendutako zinema eta arte eszenikoen jaialdia, baina izaera oso parte-hartzailearekin. Nahi genuen jendea ez joatea soilik jardueretara, baizik eta eztabaidatzea, esperientziak partekatzea eta komunitatea sortzea ere. Uste dugu hirian LGTBI+ kolektiboari lotutako aisialdi kulturalerako espazio gehiago behar direla. Ikusgunek garatzen dituenak bezalako ekimen oso baliotsuak badaude, baina uste dugu oraindik badagoela topagune berriak sortzeko tartea, eta horretan ari gara lanean. Laster horren inguruko berriak ematea espero dugu.


Aurkeztu duzuen azken proiektu handia Baaldo: una emergencia pop izan da. Zer kontatzen du dokumentalak?
Baaldoren istorioa kontatzen du. Mallorcako artista LGTBI+ bat da, eta prekarietatetik abiatuta bere musika-ibilbidea aurrera ateratzen saiatzen da.
Prozesu horren erdian, eztarrian nodulu bat duela jakiten du, eta ebakuntza egin behar diote. Horrek zalantzan jartzen du abeslari gisa duen etorkizuna. Dokumentalak ziurgabetasun une hori jarraitzen du: zer gertatzen den musikatik bizi den pertsona batek bere ahotsa galtzeko arriskuari aurre egin behar dionean.
Nolakoa izan da publikoaren harrera?
Oso ona. Atlàntida Mallorca Film Fest jaialdian estreinatu genuen eta harrera bikaina izan zuen. Gasteizen ere proiektatu dugu eta erantzuna oso positiboa izan da.
Gustatuko litzaiguke proiektatzen jarraitzea eta ikusle berriak aurkitzen jarraitzea.



Nola ikusten duzu Gasteizko ikus-entzunezkoen panorama?
Uste dut jende oso interesgarria dagoela gauzak egiten. Jakina, Paul Urkijoren moduko izenek ikusgarritasun handia dute, baina badago beste belaunaldi bat ere beste leku batzuetatik lanean ari dena.
Batzuek ibilbide komertzialagoa edo mainstreamagoa bilatzen dute, eta beste batzuek nahiago dute ertzetan mugitu. Bi aukerak iruditzen zaizkit baliagarriak. Garrantzitsuena da begirada-aniztasun hori existitzea.
Adimen artifiziala ikus-entzunezkoen sektorea eraldatzen ari da. Nola ikusten duzu?
Uste dut erabilgarria izan daitekeela zeregin tekniko jakin batzuetarako. Nik, adibidez, audioak garbitzeko edo prozesu batzuk errazteko erabili izan dut.
Baina sormenaren alorrean gizakiaren esku-hartzea egon behar dela pentsatzen jarraitzen dut. Bideoklip oso bat adimen artifizialarekin egiten baduzu, nabaritu egiten da. Eta, gainera, funtsezko zerbait galtzen du.
Teknologiak lagun dezake, baina sormena pertsonengan egon behar da.
Amaitzeko, zer lan gomendatuko zenizkioke zure kultur erreferentziak hobeto ezagutu nahi dituenari?
Asko gustatzen zait Xavier Dolan, bereziki Mommy. Telesailen artean, The White Lotus aipatuko nuke.
Hemengoen artean, Paul Urkijoren Gaua aukeratuko nuke, eta Telmo Esnalen Amama, lehen aldiz ikusi nuenean izugarri gustatu zitzaidan.


