“Orain ezin gara indibidualista bihurtu, hainbeste denbora gizarte kohesioaren alde lanean eman ondoren”

Goian elkarteak hezkidetza, euskararen sustapena, parte-hartzea eta aniztasuna lantzen ditu Gasteizko Alde Zaharrean, kultur eta kirol jardueren bidez.

Goian familiak Korrikan./ Goian

Bintou Traorek 17 urte ditu. 9 urte zituenean bere auzkideak Goian kultur eta kirol elkartean antzerki eskoletara joateko animatu zuen. “Nire bizitzako esperientziarik onena izan zen”, kontatzen du. Hilabete batzuk geroago saskibaloian jokatzen hasi zen, kirol horrek harrapatu egin zuen eta bere bizitzako zati oso garrantzitsu bihurtu da. Aurten debuta egingo du entrenatzaile gisa, elkarteko alebin talde batekin. “Goianek zoriona, energia eta lagunak ekarri dizkit, nire bigarren familia dira“, dio Bintouk.

Goian proiektu soziohezitzailea da, eta Gasteizko Alde Zaharreko pertsonen, kolektiboen eta erakundeen bizikidetzaren alde egitea du helburu. Aisialdiaren esparruan garatzen du bere lana auzoan bizi diren pertsonekin. Horren helburua da bermatzea Alde Zaharreko haur guztiek gozatu eta parte har dezatela kirol- edo kultura-arloko talde-proiektuetan, askotariko programazioaren bidez. Talde guztietan lantzen dira hezkidetza, euskararen bultzada, parte-hartzea eta aniztasuna balio gisa.

Proiektua hobeto ezagutzeko Natasha Rueda, Pilar Melguizo eta Bintou Traorerekin hitz egin dugu. Beren hitxetan  “Goain ez dira kontsumitzeko jarduerak, parte hartzekoak baizik”.

Natasha Rueda, Bintou Traore eta Pilar Melguizo. / Endika Portillo

Goian proiektuak Gasteizko Alde Zaharrean elkarbizitza bultzatu nahi du, gasteiztar guztiek ezagutzen duten auzoa, baina gehienek aisialdirako gune gisa bakarrik. Nolakoa da egunerokotasuna, eguneroko bizitza bertan?

Egunerokotasuna oso desberdina da gaueko aisialdiaren aldean. Gehiago da herri giroa auzokoa baino. Denok ezagutzen dugu elkar, haurrak kaleetan jolasten dira, parkean, jendeak dendetan erosten du… Auzo normal bateko bizimodua da, baina familiarragoa.

Zer arrazoik eraman zuten, bere garaian, proiektua sortzera? Zer zailtasun daude oraindik eta zein alderditan eman dira aurrerapauso garrantzitsuak?

Auzoa oso estigmatizatua eta oso zatitua zegoen. Problematika handia zegoen, eta kohesio sozial gutxi. Arrazoi nagusia auzoan batasun eta bizikidetza hori lortu nahi izatea izan zen. Kaleko Hezkuntzako talde ezberdinak, guraso elkarteak eta duela urte batzuk auzoan zegoen kirol elkarte bat biltzen hasi ziren, eta pixkanaka gaur egun Goian bezala ezagutzen duguna osatuz joan zen.

Egoera guztietara egokitzeko gaitasun handia dugu, betiere gure helburuak ahaztu gabe, baina gaur egun aurre egin beharreko zailtasunik handiena COVIDak berak sortutako egoera da. Oztopo asko aurkitzen ditugu jarduerak aurrera eraman ahal izateko.

Beste zailtasunetako bat da familiei ikusaraztea ez garela kanpoko haurrentzat edo zailtasunak dituztenentzat bakarrik lan egiten dugun elkarte bat; izan ere, guztiz kontrakoa gara, Goian guztiontzako espazioa da.

Goian futbol taldeetako bat entrenamendu batean./ Goian

Eusko Jaurlaritzak Elkarlan 2019ko bi sarietako bat eman dizue. Sari horiek gizarte-beharrak eta erronkak asetzeko balio publiko partekatua modu berritzailean sustatzen duten proiektuen lana aintzatesten dute. Nola eta zertan berritzen duzue Goianen?

Goianen hezkuntza-irizpide espezifiko batzuekin lan egiten dugu, eta egiten dugun guztian aplikatzen dugu. Irizpide horiek azaldu eta definitzeko hezkuntza-gida bat sortu dugu. Horrela, lanera datorren edonork eskuliburu hau kontsultatu ahal izango du eta bere tailer eta/edo jardueretara egokitu. Elkarlan Saria gida honengatik eman ziguten, eta hori ez dugu Goianen bakarrik aplikatzen. Komunitate mailan lantzea da asmoa. Ikastetxean eta Kaleko Hezkuntza taldean aurkeztu da. Horrela, gatazka bat baldin badago, denok modu berean heltzen diogu.

Zer baliabide ekonomiko ditu Goianek? Eredu iraunkorra da elkartearentzat ala beste sistema mota bat nahiko zenukete?

Baliabide ekonomikoak Udalarekin dugun hitzarmen baten bidez datoz, Aniztasun eta Bizikidetza Sailarekin. Proiektuaren zati bat hitzartuta daukagu, eta horri esker gure lana aurrera eraman dezakegu. Bestalde, dohaintzak eta kuotak daude. Eta hirugarrenik Goianek duen oinarri soziala, militantzia eta boluntariotza dago, eta hori gabe ez legoke ezer egiterik.

Daukagun hitzarmena oso ondo dago, baina ez da denerako iristen. Begirale gehiago kontratatu nahiko genituzke behar bereziak dituzten haurrekin lan egin ahal izateko, baina ez dago baliabiderik.

Elkartearen udalekuak./ Goian

Zuen fokuaren aldaketa garrantzitsuetako bat da, haurtzaroarekin eta gaztaroarekin lanean hasi zineten arren, jarduera helduengana zabaldu izana da. Zein alderdi positibotan eragiten ari da erabaki hau?

Helduei zuzendutako jardueretan pertsona guztiak sartzen dira. Nazioarteko tailerrak edo jarduerak bilatzen ditugu, non hizkuntza ez den oztopo bat, inor ez dadila kanpoan geratu arrazoi horrengatik. Horrek ekarri du lehen lotura handirik ez zuten familiak, orain komunitatean eta auzoan murgiltzea, eta Alde Zaharreko eta hiriko bizimoduaren parte sentitzea.

Antzeko proiektu askoren erronka handietako bat da gazteen arreta erakartzea. Nola gertatzen zaizue hau Goianen?

Goian elkarteko haur asko helduak egin dira eta dagoeneko ez dute ikasturtean zehar dauden jardueretan parte hartzen, baina ez diote elkartearekin lotura izateari utzi nahi. Honen ondorioz sortu zen Goian Gaztea, Bintou bezalako pertsonen proposamena izan zena. Ikasturtean zehar begiraleei laguntzen dien gazte-talde bat da, eta beren ibilbidea ere badute, non haiek aukeratzen duten zer egin nahi duten eta zer ardura hartu nahi duten elkartearen barruan. Goianekin konpromisoa hartu dute, baina Goianek ere konpromisoa hartu du euren beharretan eta interesetan laguntzeko. Aukera eman behar zaie zerbait egiteko, entzuteko eta haien beharretara egokitzeko.

Uda honetan askoz talde gehiago sortu behar izan genituen koronabirusaren gaia dela eta, eta jarduera guztiei kasu egin ahal izateko, boluntariotzaz tira egin behar izan genuen; auzoko 44 gazte aurkeztu ziren. Esperientzia ederra izan da, eta gure gazteek duten konpromisoa egiaztatu ahal izan dugu.

goian
Goian taldeko gazteak txango batean./ Goian

Sareak sortzea eta komunitatearen lankidetza dira zuen proiektuaren oinarri garrantzitsuak. Nolakoa da gako horietan oinarrituta lan egitea Gasteizen? Hiri iragazkorra al da gai hauekiko?

Alde Zaharrak bide ematen du modu horretan lan egiteko. Hasi eta bultzatu nahi izan behar da, sustraietatik hazi dadila, jendeak beharrezko ikus dezala. Une hauetan egoera dagoen bezala, gauzak bakarrik egitea guztiz ezinezkoa da. Gasteizen sare mugimendu handia dago, eta gero eta lan gehiago egiten dugu hiri mailan.

Elkarlanaz eta komunitateaz ari garela, nola artikulatzen da lana Goianen?

Eskolak, Ramon Baxuko guraso-elkarteak, Landázuriko guraso-elkarteak, boluntarioek, kaleko hezitzaileek eta koordinatzaileek osatutako talde eragile bat dago. Elkarrekin biltzen gara eta ikastaroaren ildo orokorrak eta estrategikoak lantzen ditugu; erabaki garrantzitsuenak hortik ateratzen dira. Baina mundu guztiari irekitako taldea da, zenbat eta aniztasun handiagoa, orduan eta aberatsagoa taldea, eta proposamen gehiago ateratzen dira.

Goian taldea bilera batean./ Goian

Aisialdia kulturatik eta kiroletik abiatuta lantzen duzue. Zer baliok edo alderdik ahalbidetzen dizuete beste modu batean zailagoa litzatekeen bi eremu horiei erantzutea?

Hezkidetza, elkarrekiko zaintza, euskararen erabilera, parte-hartzea, komunitatearekiko lotura eta aniztasuna dira lantzen ditugun hezkuntza-irizpideak. Jardueraren arabera, irizpide batzuk edo beste batzuk azpimarratzen ditugu. Belaunaldien arteko harremana ere lantzen dugu, eta jarduera horietan belaunaldi desberdinak jartzen ditugu harremanean.

Goain Alde Zaharrean egiten den proiektua da, baina gaur egun Gasteizko auzo gehienak multikulturalak dira, eta Goian eredua ezin hobeto uztartu liteke horietako edozeinetan. Goian hiriko gainerako lekuetara eramateko interesik ba al dago?

Hori izango litzateke proiektuan maila bat gora egite, baina asmoa da beste auzoetan bultzatu ahal izango den eredu bat sortzea. Ez hainbeste Goian beste auzo batzuetara zabaltzea, baizik eta auzo bakoitzak bere Goian propioa izatea. Gu prest gaude hasiera horretan laguntzeko, lan izugarria baita eta gauzak egiteko gogo handia duen jendea behar baita.

Ipuin kontalaria Goianeko txikientzat./ Goian

Zeintzuk dira Goianek 20/21 ikasturtean aurre egin beharreko erronka garrantzitsuenak? Eta epe ertain eta luzera?

Aurten erronka garrantzitsuena guri gauzak egiten uztea da. Uztailean eta abuztuan gauzak ondo atera ziren, beraz, ildo beretik jarraituko dugu. Jarduera bakoitzerako protokolo bat prestatu behar dugu, eta kontzientziazio orokorra lortu, gauzak egiten utz diezaguten. Neska-mutilak ezin ditugu jarduerarik gabe utzi, ezin gara indibidualista bihurtu gizarte-kohesioaren alde lanean hainbeste denbora daramagunean.