PROIEKTUAK“Merkatu prekarioetan hain ohikoa den 'eta nirea zer' horretatik, 'elkarrekin noraino' batera...

“Merkatu prekarioetan hain ohikoa den ‘eta nirea zer’ horretatik, ‘elkarrekin noraino’ batera pasatu behar gara”

Roberto Gómez de la Iglesiarekin hitz egin dugu, Conexiones improbables-en zuzendariarekin, enpresa eta sormena hibridatuz berrikuntza-proiektuak sustatzen dituen plataformarekin

Roberto Gómez de la Iglesia, Conexiones improbables-en zuzendaria./ Yone Estivariz

Conexiones improbables 2010ean hasi zenetik, ehunka proiektu sortu dira, bai Euskadin, bai atzerrian. Plataforma Gasteizen kokatutako c2+i, Kultura, Sormena eta Berrikuntza aholkularitza-enpresatik sortu zen, Roberto Gómez de la Iglesia ekonomialari eta kultura-kudeatzaileak zuzenduta. Harekin hitz egin genuen aipatutako proiektuari buruz, bai eta COVID-19aren krisiari buruz ere.

Conexiones improbables proiektuan eta ikuspegian zentratu aurretik, COVID-19ak eragindako egoera hori guztia nola bizitzen ari zareten jakin nahi genuke.

Egia esan, biharko eguna nolakoa izango den ziur izan gabe. Zorionez, oraindik proiekturen bat amaitzen ari gara eta barne-gaietan telelana egiten, proiektu gehienak bertan behera utzi ez direnean atzeratu egin baitira. Eta, bistan denez, ez dago ezer merkaturatzeko aukerarik.

Egoerak etorkizuneko estrategia batzuk birpentsatzera garamatza, batez ere gure nazioartekotze-prozesuari ekiteko moduari dagokionez, orainaldirako egokiagoak diren proiektu zahar batzuk kaxoitik ateratzen eta abar. Nire lagun Eduard Mirallesek esaten zuen bezala: “Ez dakigu nora helduko garen, baina gero eta gutxiago geratzen da”.

Zeintzuk dira, zure ustez, epe laburrean euskal kultur sektoreari laguntzeko beharrezkoak diren premiazko neurriak?

Askotarikoak dira, eta dagoeneko hainbat dokumentu propositibo mugitzen dira sareetan. Diru-laguntza generikoak eta abar alde batera utzita, kontuan hartu behar da sektore horren berezitasuna. Erakundeen %98 3 langile edo gutxiagokoak dira, gehienak autonomoak, batzuetan aldizkako profesionalak.  Deitzeke dauden diru-laguntzen programak eta geldirik dauden kontratazioak bizkortu behar dira; aldez aurretik hartutako konpromisoak betetzeko epeak malgutu behar dira; ikuskizunak, prestakuntzak, bertan behera utzitako edo geratutako ekitaldiak birprogramatu behar dira, baina logikaz egin behar da, ezin baitugu kultur merkatua paroxismora arte tentsionatu 2020ko azken hiruhilekoan; epe labur eta luzerako finantzaketa lortzeko bidea erraztu behar da, sektorearen berezitasunak ulertuta, batez ere diruzaintzako beharrak; fakturak azkar ordaintzea…

Une horretan ikusiko da benetan sektorearen bultzada esaten den bezain garrantzitsua den. Kudeaketa edo beste alderdi batzuk babesteko deialdi asko daude oraindik, baian euren dimentsioa dela eta sektoreko erakundeen % 2k baino ezin dute horietara jo. Malgutu edo hil egingo gara.Hori argi dago. Eta bada garaia proiektuak eta egiturak finkatzeko ere. Eta horrek ausardia eskatzen dio sektoreari eta eremu politikoari ere.

Oraindik konfinamendu eta ziurgabetasun asteak geratzen zaizkigun honetan, nola imajinatzen duzu etorkizuna, epe ertainera, euskal kultur sektorearentzat?

Arteak, kultura, sormena eta pentsamendua eztabaidaren erdigunean jartzeko gai izan behar gara. Gure tramankuluetan pentsatzeari utzi, eta mundua eraldatzeko zer ideia, begirada, metodologia eta abar ditugun pentsatzera pasa. Merkatu prekarioetan hain ohikoa “eta nirea zer” horretatik, gizarte aurreratuen eremu den “Elkarrekin noraino” batera pasa behar gara. Hori lortzen ez badugu etorkizuna oso iluna izango da. Erakundeen hilkortasuna oso handia izan daiteke. Eta “guztiontzako pixka bat” moduko etika batetik, etika utilitarista batera igarotzeko unea izango da, oso ondo pentsatu beharko baita nor salbatzen dugun, gogorra badirudi ere.

Izugarriena, izan ditzakegun drama pertsonalak eta amets hautsiak alde batera utzita, gal dezakegun esperientzia eta ezagutza da. Pobretze kolektiboa alegia. Baikorra izatea gustatuko litzaidake, eta sinestea hurrengo egunean, osasun publikoarekiko estimu handiagoa izateaz gain, Errenazimentu berri bat gertatuko dela, non arteak eta zientzia gizartearen leku pribilegiatuan kokatzen diren, begirada pertsonengan jarrita. Bai, baikorra izan nahiko nuke. Edo gutxienez behar dut. 

Gomez de la Iglesia Go Gasteiz Kulturarekin izandako elkarrizketan./ Yone Estivariz

Garai zail hauek alde batera utzita, ospakizunetan zaudete: Conexiones Improbables 2020an 10 urte beteko ditu. Nola azalduko zenioke ez artearekin, ez kulturarekin, ez enpresako prozesu estrategikoekin inolako zerikusirik ez duen norbaiti zer egiten duzuen?

Kultur sektorean espezializatutako aholkularitza enpresa bat gara. Ekonomia sortzailearen hiru esparru desberdinetan lan egiten dugu. Bata, kultura- eta sormen-erakundeentzako aholkulari gisa, orkestra batetik zirkuko konpainia batera. Bestetik, aholkulariak gara, lurralde sortzaile eta berritzaileen garapenean; funtsean, gobernuekin, klusterrekin eta sormenari lotutako garapen-prozesuetan dauden erakundeekin lan egiten dugu. Eta azkenik, kultur eta sormen tresnak erabiltzen ditugu berrikuntza aholkularitza bat egiteko, ez kultur sektorean bertan, beste sektore batzuetan baizik. Hau da, arteen metodologiak eta profesionalak sartzen ditugu industrian, osasunean, hezkuntzan edo edozein sektoretan berrikuntza-prozesuak egiteko, artelanik sortzeko beharrik gabe.

Zein da proiektu hau hasi zenetik, duela 10 urte, eragin duzuen konexiorik ezustekoena?

500 proiektu baino gehiago egin ditugu. Denbora asko daramagu arte-enpresa harremana lantzen, Conexiones Improbables-ekin hasi aurretik ere. Adibidez, hezkuntza zentro batean artista bat lanean jarri dugu, irakasleak eta ikasleak berritzaileagoak izan zitezkeen modua birpentsatzeko. Brasilen dagoen banku handi batekin lan egin dugu banku horrek 7 milioi bezerorekin zuen harremanean berrikuntzak egiteko, a priori errentagarriak ez direnak, eta diruaren balio emozional eta hezitzailearen gainean lan egiteko. Moda denda txiki batekin ere lan egin dugu, jendeak arropak adin bati lotuta daudela dioen ikuspegia aldatzeko. Arreta gehien erakartzen duen kasua aeronautikako, zentral nuklearretako eta astronautikako sistema kritikoetako software-enpresa bat da, artistekin lan egin duena Martera tripulatutako etorkizuneko ontzien pertsona-interfaze harremana nolakoa izan behar zuen pentsatuz. Ikuspegi sortzailea sartzen dugu, sortzaileak erantzun desberdinak lortzeko galdera desberdinak egiteko duen gaitasuna sartzen dugu.

Zerk pentsarazi zizuen hasiera batean, enpresa-artista tandema interesgarria izan zitekeela? Denborak arrazoia eman dizue?

Niretzat harreman hori beti izan da naturala. Ekonomialaria naiz, eta kultur sektorean lan egin dut bizitza osoan. 2005ean berrikuntzara bideratutako arte-enpresa proiektuekin hasi nintzen, eta jauzi kualitatibo oso garrantzitsua eman genuen. 2010ean, Conexiones Improbables-ekin, erakundeak eraldatzen hasi ginen, sormen-prozesuetan oinarrituta. Horrek guztiak honako galdera hau ekarri zigun: “Egonaldi artistikoak, zergatik izan behar dute beti  espazio artistikoetan eta artisten artean?”. Hor hasi ginen gogoeta egiten arteek eta kulturak berrikuntzaren sustatzaile izateko eta erakundeak eraldatzeko duten aukeraren inguruan.

Denborak arrazoia eman digu. Oraintxe bertan Europan atentzioa ematen duen programetako bat ‘Stars’ da, non artistak enpresetan sartzen diren tramankulu artistikoak egiteko. Hori jada egin genuen guk 2005ean, eta konturatu ginen eskasa zela, tramankulu artistikoaren hesia zeharkatu behar zela. Arteek eraldatzeko beste gaitasun bat dute, eta hori aplikatu dugu osasunean, teknologian, industrian edo kirolean. Gakoa da oso metodologia sendoa eraiki izana, hibridazio-prozesu horiei heltzen jakitea ahalbidetzen diguna.

Osakidetzak eta Innobasque Berrikuntzak egindako Osakidecum proiektua, Innopal Programaren barruan dagoena./Conexiones improbables

Nolakoa da prozesua enpresarekin edo erakundearekin lanean hasten zaretenetik esperientzia amaitzen den arte?

Egiten dugun lehenengo gauza erronkak identifikatzea da. Desenfokatu egiten dugu, gero berriz enfokatzeko. Nolabaiteko kaosa sortzeak erronka berriz bideratzen laguntzen digu, eta ezarri beharreko metodologian asmatzen. Hortik aurrera, kolaboratzaileak bilatzen ditugu, harreman-esparruan edo testuinguru-arteetan lan egiten duten artistak.

Prozesu honek enpresetan edo erakundeetan duen eraginaren jarraipenik egiten al duzue?

Bai, erakundeetako berrikuntzaren esparruan, kultura-eragileekin lan eginez ebaluazioak sistematikoki egiten ditugu. Orain arte, kanpoko eragile batek egin ditu, Berlingo WZB ikerketa sozialeko zentroak. Orain inpaktua aztertzen hasiko gara, kanpoko laguntzaile batekin ere bai. Emaitzak urteetan zehar bakarrik ikusten direlako. Ikusten duguna da prozesu horietan inplikatuta egon diren pertsonek txipa aldatzen dutela berritzeko moduari dagokionez, eta arteen eginkizunari eta ekar dezaketenari buruz duten pertzepzioari dagokionez.

Kultura eta sormen-aholkularitzaren esparruan, hizkuntzak nola eboluzionatu duen ikusi dugu. Duela 8-10 urte jendeak ez zuen ulertzen zer zen hibridazioa edo polinizazio gurutzatua; orain, jada mundu guztiak hitz egiten du zeharkakotasunaz. Agian hau ez da eragin ezaguna, baina eragin erreala da.

Zer gaitasun izan behar ditu artista edo sortzaile horrek horrelako prozesu baten buru izateko?

Prozesu ez-artistikoetan esku hartu nahi duen artistak edo sortzaileak prestakuntza artistiko ona izan behar du eta artefaktu ukigarria alde batera uzten jakin behar du. Hau da, prozesu horietan, artistak ez du lan egiten bere obra egiteko, sormen-prozesu batean lan egiten du beste erakunde baten erronkari heltzeko. Enpatia gaitasun hori funtsezkoa da. Bigarrenik, ikertzaile ona izan behar du. Artista-sustatzaile on batek besteen sormen-gaitasun ezkutuak suspertzen jakin behar du. Eta hirugarrenik, artista on bat mugetan ondo mugitzen den pertsona da, artista ez den batek aurkitzen ez dituen gauzei potentzialtasunak aurkitzen dizkiena. Ezaugarri horiek guztiak funtsezkoak dira horrelako prozesuetan lan egiteko. Baina garrantzitsuena da kontziente izatea ez duzula zeure obra egingo, beste erakunde baten erronkara bideratutako sorkuntza prozesu bat gauzatuko duzula.

Orbea All Use Creative Experience programaren garapena/ Conexiones improbables

Ba al dago horrelako prozesuetara bereziki irekia den sektore edo erakunderen bat? Eta, alderantziz, ba al da inor bereziki ezkorra denik?

Erakunde gehienei ez zaie gustatzen horrelako prozesuetan “arriskatzea”. Beldurra sartzen zaizue oinarri artistikoko tresnekin lan egingo duzula esaten diezuenean. Gure esperientziak dio berrikuntza prozesu horiek ez direla besteak baino arriskutsuagoak, ezta emaitza txarragoak ematen ere. Izan ere, tradizionalek baino askoz emaitza hobeak ematen dituzte.

Horrelako metodologiekin lan egiteko sektorerik ezkorrena kultura-sektorea bera da; ez dute kultura-oinarriko tresnekin lan egin nahi beren berrikuntza-prozesuetan. Industria txikiari ere kostatzen zaio, txikia delako, eta industria handiari ere bai, baina bere erabaki prozesuak oso konplexuak direlako. Industria ertainarekin egiten dugu lan hobekien. Sektore publikoa gero eta gehiago irekitzen da prozesu horietara, baina ez hainbeste konbentzimenduz, baizik eta funtzionatzen ez dioten beste gauza batzuk probatu dituelako.

Euskadin zenbat geratzen da “berrikuntza” teknologiari soilik lotuta ez egoteko?

Dagoeneko zerbait aldatzen hasi da, oso poliki. Oraindik berrikuntza teknologikoaz eta ez-teknologikoaz ari gara, positiboan definitzen denari lehentasuna emanez. Berrikuntza mota asko daude, antolakuntzari edo harremanei dagokiena, adibidez. Burdinan pentsatzen duen herrialde batean gaude, eta orain gakoa da ikustea nola ematen dugun jauzi bat ulertzeko badirela beste sektore batzuk funtsezkoak izan daitezkeenak herrialdearen eraldaketa ekonomikorako, eta sormen sektorea dudarik gabe funtsezkoa delakoan gaude. Apurka-apurka zirrikitu horiek irekitzen ari dira.

Conexiones Improbables beste herrialde batzuetan garatzen du bere jardueraren zati handi bat. Zenbateraino izan da zuen hautua eta zein neurritaraino beharra?

Gehiago izan da aukera bat behar bat baino. Une batean beharrezkoa ikusi genuen kanpora irtetea, barruan ezagutuak izateko. Hau klasiko bat da. Horrek Europako proiektuetan parte hartzera eraman gintuen, Latinoamerikan, Hego Korean, Txinan eta Finlandian, besteak beste. Europako zenbait esparrutan dugun marka-posizionamendua hemen baino hobea da. Horrelako harremanak oso garrantzitsuak dira ekonomia mailan, baina are interesgarriagoak dira ezagutza trukaketa mailan eta barne posizionamendu mailan.

Conexiones improbables Perun, tokiko kultur kudeatzaileen prestakuntzan lan eginez./ Conexiones improbables

Kultur sektoreko egitura askok duten erronka garrantzitsuenetako bat belaunaldien arteko erreleboa da, gaur egun belaunaldi gazteenei ibilbide luzea duten profesionalek eman diezaieketen ezagutzaren transmisioa. Zer neurri aktibatu beharko lirateke horri dagokionez?

Sistematizazio, argitalpen eta bilketa edo dokumentazio prozesuak babestu behar dira. Eskualdaketa hori ahalbidetuko duten formakuntza-eredu berriak bultzatu behar dira. Administrazio publikoan, langileen% 70ek erretiroa hartuko dute hurrengo 8 urteetan. Hor badago ezagutza bat galduko dena, enpresa pribatuan ere gauza bera gertatuko da. Nik egiten dugunari buruz idatzi nahi badut, ez dut babesik aurkitzen, eta idatzi ahal izateko beste gauza batzuk egiteari utzi beharko diot. Ezagutza asko galtzeko zorian gaude.

Hainbat unibertsitaterekin hitz egiten ari gara, norabide horretan lan egingo duen proiekturen bat egiten saiatzeko. SOS bat atera genuen duela 3 urte, eta hainbat erakundek lagundu nahi izan ziguten. Hemengo eta Latinoamerikako hainbat unibertsitaterekin proiektu bat martxan jartzen saiatuko gara, baina beharrezkoa litzateke UNESCO edo ministerioren bat sartzea. Zerbait egin behar da, eta ez dugu denbora askorik.

Euskadi lanean ari da kultura eta sormen-industriak ardatz izan daitezen bere herrialde-estrategian. Zein esango zenuke dela garatzen ari denaren alde positiboa, eta zertan egon behar da adi akatsik ez egiteko?

Arlo batek gobernu batentzat duen garrantzia aurrekontuetan ikusten da. Eusko Jaurlaritzaren kultura aurrekontuek oso txikiak izaten jarraitzen dute, ETBrenak alde batera utzita. Kultura eta sormen-industriak bultzatzeko proiektuak egitea ondo dago, baina hobe ‘industria’ deituko ez bagenio; izan ere, antzerkia, adibidez, ez da inoiz industria bat izango. Gauzak egiten ari dira, baina adin txikikotzat jotzen dute sektorea; ez zaio heldutzat jotzen, eta jarrera eta begirada aldatu behar zaizkio.

Euskadik adi-adi begiratzen dio Europako berrikuntza-indizeari, eta horrek ez du sormen-adierazlerik barne hartzen. Horrek esan nahi du gizartearen eraldaketa osoan sormenari pisu handiagoa ematen ez diogun bitartean ez garela sektorea serio hartzen ariko. Poliki doaz, nire gusturako, motelegi.

Zer balorazio egiten duzu gaur egun Gasteizko Udalean zein Arabako Foru Aldundian gauzatzen ari diren planei buruz? Arabako kulturaren eta sormenaren sektorea hobetzen lagundu dutela uste duzu?

Zerbait bai. Udalaren plana gutxi ezagutzen dut, baina Aldundiarena guk geuk egin dugu, kanpoko aholkularitza-enpresa gisa. Gauzatze-maila txikia izan da gauzatzeko zailtasunari dagokionez. Gure esperientzia profesionala dela eta, oso pragmatikoak gara, eta gauzatu daitezkeen planak baino ez ditugu diseinatzen. Arabakoa, Batzar Nagusietan aho batez onartu zena, ez zen bereziki konplexua, nahiz eta kulturaren sektoreari ez zaion inoiz erraza jartzen, ezta administrazio publikoen barruko sail espezifikoei ere; pena ematen dit maila handiagoan gauzatu ez izanak, baina Araban azkenik  kultura-plan bat egon dela ospatu behar, besterik ez bada ere.

Baina argi dago bizitzen ari garen osasun-krisiak gure lehentasunak, sortzeko moduak, harremanak… aldatuko dituela. Izango al da unea arteak, kultura eta pentsamendua beharrezko eraldaketaren elementu nagusitzat hartzeko? konfinamendu garaiko entretenimendurako elementu izateari utziko al diogu, aldaketaren benetako sustatzaile izateko?

Roberto Gomez de la Iglesiak Conexiones improbables aurkezpenean Brasilen. /Conexiones improbables

Zure ustez, zer da garrantzitsua kontuan hartzea etorkizuneko planei begira?

Feedbacka. Sektoreari bere ikuspegia eskatzen diozunean, emaitzak itzuli behar dizkiozu, eta hori ez da ondo egin. Txikia dirudien kontua da, baina ez da. Plan baten arrakasta sektorean bertan behar besteko aliantza sendoak izatea da. Sektorearentzat ona den kultur politika bat egin nahi baduzu, harekin kontatu behar duzu. Hori ez da ondo betetzen ari, prozesua ez delako bilateral izaten, eta hori nekagarria da sektorearentzat. 

Esparru publikoak askotan etsai gisa ikusten da sektorea. Protestazale eta negarti garen ustea sortu da. Arduradun publiko askok, eta gizartearen zati handi batek,  topiko hauengatik eta beste batzuengatik identifikatzen gaituzte; esaterako, sektore inproduktiboa garela. Zerbaiten alde lan egitea zaila da mespretxatzen duzunean, eta batzuetan hori sentitzen dugu. Baina kultur sektorea berez da kritikoa. Kultura kritikoa ez bada, orduan nor izango da?

Horregatik, une hau funtsezkoa da sektorearentzat. Planek leher egin dute, ezer ez da berdina izango epe laburrean, baina agian ezta luzean ere. Ez da nahikoa izango kultur sektorearen disko gogorra berpiztea; sistema eragilea aldatu beharko dugu. Eta ez dakit jende gehiegi dagoen horretarako prestatuta. Espero dezagun baietz.

Gasteizko kultura eta sormen-sektoreari buruzko AMIA express bat egin beharko bagenu, zer Ahultasun, Mehatxu, Indar eta Aukera definituko zenituzke?

Kritika eza da haren ahultasuna. Hiri hau garai batean zenetik bizi da, kulturalki aspaldi ez dena. Aldi berean, bere sendotasuna ehun pribatu izugarri berritzailea duela da. Bizkaiak eta Gipuzkoak baino dentsitate berritzaile handiagoa dugu, baina ezer ez da betiko. Oso lotura gutxi dago sektore publikoaren eta pribatuaren artean. Aukera ehuna dagoela da. Eta bere mehatxua aurrekontuena da, baina baita Estokolmoko sindromearena ere. Batzuek kulturaren dimentsio ekonomikoa bakarrik defendatzen dute, burujabeak izan behar dugula uste dute, geure burua finantzatu behar dugula eta diru publikoa eskatzeari utzi behar diogula. Mehatxu nagusiak gu geu elikatzen ari garen pentsamendu-esparruarekin du zerikusia. Harriak botatzen ari gara geure buruari.

Kulturaren balio ekonomiko handiena gizartean nagusi den balioaren ideia eraldatzeko duen gaitasunean dago. Balioak eraldatuz ekonomia eta gizartea eraldatzen ditugu. Eta une honetan hori da ardatza: balio berriak bizimodu berri baterako.

Zein da, zure ustez, Euskadiko kultura-kudeatzaileen egoera?

Euskadin ez gaude beste leku batzuetan bezain gaizki, baina kulturaren sektorea garrantzirik gabeko sektorea da politikoki ia leku guztietan. Kultura-kudeatzailearen lanbideak eraldaketa konplexuak izan ditu azken 30 urteetan, eta une honetan berrasmatze-fasean dago. 80ko hamarkadaren hasieran, publikoa zena zuen nagusitasuna, eta animatzaile soziokulturalak izaten hasi zirenak kultura-kudeatzaile bihurtu ziren, eta azkenean programatzaile ere izan ziren, jendearen egunerokotasunetik aldenduz. Gaur egun, sektore publikoa joera berrietatik, praktika artistikoetatik eta biztanleak eskatzen ari direnetik nahiko urrun dago.

Kultur kudeatzailearen ofizioa defendatu behar da, kultur kudeatzailearen lanbidea baino gehiago. Kultura-kudeatzaile batek ikuspegi globalerako gaitasuna izan behar du, ingurune batean gertatzen diren elkarreraginak ulertu behar ditu, kultura-proposamenak ulertu behar ditu, planifikatzeko eta kontrolatzeko gaitasuna izan behar du. Baina, funtsean, gizartearen konplexutasuna ulertzeko gaitasuna egon behar du. Orain inoiz baino gehiago. Edo transzendenteak gara edo ez gara ezer.

Etorkizunari buruz hitz egitea zaila da une honetan, baina egin dezagun ariketa: hamarkada honen ondoren, zein egoeratan nahiko zenukete zuen proiektua hurrengo 10 urteetan egotea?

Gure proiektuak bi ildo nagusi ditu. Bata da hemengo eskaintza jakin bat sendotzea eta nazioartean proiektatzea. Marka globala izan nahi dugu, baina txikiak izateari utzi gabe. Eta bigarrena metodologien sistematizazioa da, ikusteko nola batzuek hemen egoteari uzten diogun egunean, honek bere horretan jarraitzen duen.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar