“Kulturak beldurrak hausteko eta jendearengana hurbiltzeko aukera ematen dizu”

Kolonbia-Euskadi Elkartea duela 15 urtetik ari da elkarbizitzaren, herritarren parte-hartzearen eta kultura ardatz duen garapenerako lankidetzaren alde lanean.

Elkarteko presidentea den Jhon Freddy Hernandez / Yone Estivariz

5.371 kolonbiar bizi dira gaur egun Araban. 80ko hamarkadan hasi eta 2008ko krisi ekonomikora arte izandako oparoaldi ekonomikoaren garaian izan zuen etorrerarik handiena. Gasteizen lurreratu berri ziren pertsonentzat hirian erreferentziazko talde bat izateko beharrak Kolonbia-Euskadi Elkartea sortzea eragin zuen. 

Elkarte hori Kolonbiako dantza talde baten inguruan sortu zen, eta Hego Amerikako herrialdearen folklorea, kultura eta historia Euskadin zabaltzea zuen helburu. Denborarekin, herritarren partaidetzarako, elkarbizitzarako, kulturartekotasunerako eta garapenerako lankidetzarako ekintzak sortu dira Kolonbiako eremu kaltetuenetan. 

Bertako kideek Gasteiz Gaztea saria jaso dute Arabako hiriburuan eta Kolonbiako Ibagué hirian egiten duten lanagatik. Bertan, sormenaren bidez hainbat arazo dituzten gazteei laguntzen diete. Elkarteko presidente den Jhon Freddy Hernandezekin hitz egin dugu. 

15 urte dira Asociación Colombia Euskadi sortu zenetik. Nolakoak izan ziren hasiera horiek? 

2000. urte inguruan kolonbiarrek migrazio handia egin zuten Espainiara. Horietako asko hemen kokatu ginen, Gasteizen. Elkartea sortu genuen elkarrekin egoteko eta Kolonbiako tradizioak eta kultura mantendu eta zabaltzeko. Gerra, gatazka eta narkotrafikoaren gaiengatik Kolonbia ezagutzeaz haratago, gure ustez esportagarria den kultura eta folklorea du herrialdeak.

Hasiera batean Kolonbiako dantza folklorikoen talde bat ginen, baina denborarekin hiritarrekin bat ekintzak sortuz joan gara. Hiriaren egunerokoan inplikatzen gara, eta integrazio ekintzak sortzen ditugu. Gure aniztasunak gasteizko gizarteri ekarpena egitea nahi dugu, eta hartara, elkarbizitza ona izan.

Kolonbiako dantza taldearen emanaldietako bat. /Lagatutakoak

Zeintzuk dira gaur egun esku artean dituzuen proiektuak?

Bi norabidetan ari gara lanean. Alde batetik, Kolonbiako kultura zabaltzeko proiektuak ditugu, eta, bestetik, bizikidetza eta kulturartekotasun ekintzak. Kultura zabaltzeko, dantza-talde bat dugu, Euskadi osoan zehar ekitaldi, azoka eta jaialdietara joaten dena, eta Kolonbiako zati txiki bat dantzen bidez erakusten duena. Zine Forum bat ere antolatzen dugu, eta gure herrian ekoitzitako filmak ematen ditugu; hango bizimodua, gure tradizioak eta ohiturak zeintzuk diren erakusten dute filma horiek. 

Elkarbizitzarekin eta kulturartekotasunarekin lotutako hainbat proiektu ere garatzen ditugu; guztiak artearen eta sorkuntzaren ingurukoak dira. Horietako bat “bizikidetzaren aldeko Comic-nicando” da, eta hor sortzen ditugu, komikiaren bidez, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka sustatzen duten egoerak. Arabako hainbat ikastetxetan lan egiten dugu, eta ikasleek ekoitzitako komiki guztiekin erakusketa bat egingo dugu, probintzia osoko hainbat espazio publikotan ikusgai izango delarik.

Koldo Mitxelenako ikasleek mural bat sortu zuten. /Lagatutakoak

Gure beste proiektuetako bat Youtubera igotzen diren bideo txikiak egitea da. Bertan, migratzaileek beren bizipenak kontatzen dituzte, positiboak zein negatiboak. Horrela, nahi duten pertsona guztiek lehen eskutik ezagutu dezakete bizimodu berri baten bila zure herrialdea utzi behar izatearen esperientzia. 

Azkenik, online irrati bat eta blog digital bat ditugu, Radio Prisma. Musika programazio anitza du, eta Gasteizen ematen diren hainbat irrati tailerretan grabatzen diren programei lekua ematen diegu. Bloga kultur aniztasunari buruzko albisteekin elikatzen dugu, betiere ikuspuntu positibo batetik, elkarbizitza hobea lortzen lagunduko duena.

Hemen Gasteizen lan egiteaz aparte, Kolonbian ere hainbat proiektu dituzue. Izan ere, duela hilabete batzuk Gasteiz Gaztea saria jaso zenuten.

Bai, errekonozimendu itzela izan zen Ibaguén egiten dugun lanari. Gazteentzako ekimenak egiten ditugu, bai Gasteizen, bai Kolonbian. Proiektu honetan ahultasun-egoeran dauden gazte kolonbiarrekin lan egiten dugu. Mutil eta neska horiek alde artistikoan eta kulturalean mugitzen diren elkarteetako kideak dira; kaleko artea, hip-hopa, dantza eta abar, baina beren jarduerak aurrera ateratzeko aukerarik ez dute. 

Proiektu honen bidez, Gasteizko eta Ibagué-ko gazteak harremanetan jartzen ditugu, bai batzuek eta bai besteek beren herrialdeetan egiten duten lana ezagutzeko, bai kultura bizitzeko dituzten moduak ezagutzeko. Ekintza artistikoak eta kulturalak partekatzeko aukera izan dute, baita beste espresio-bide batzuk ezagutzeko ere. Horrelako ekintzek gasteiztarrak eta kolonbiarrak aberasten dituzte.

Elkarteak Gasteiz Gaztea saria jasotzen./Cedida

Zergatik da garrantzitsua Gasteizen bizikidetza eta kulturartekotasun proiektuak aurrera eramatea? 

Beste kultura batzuk eta pentsatzeko beste modu batzuk ezagutzea sustatu behar da beldurrak bertan behera uzteko. Beldurraren bidez gatazkak sortzen dira, bazterketa egoerak. Jarduera horiek pentsatzeko eta bizitzeko beste modu batzuk ezagutarazteko aukera ematen dizute, migratzaileak bertakoentzat arriskutsuak ez direla erakusteko. Munduaren zilborra ez sentitzeko modu bat da. Kultura da beste pertsona batzuei desberdintasunak aditzera emateko modurik errazena. Garrantzitsua da guztiok beste identitate batzuk ezagutzea eta errespetatzea.

Nola hartzen ditugu Gasteizen elkartetik egiten dituzuen ekimenak? 

Folklorearekin zerikusia duen guztia beti ongi etorria izaten da. Kolonbiako musika eta dantza oso bizia da, eta, beraz, atentzio handia ematen dio hemengo jendeari. Bizikidetzarekin lotutako ekintzak aldiz publikoaren araberako harrera izaten dute pixka bat. Lehenik erresistentziarekin topo egin ohi dugu, baina pixkanaka jendea irekitzen joaten da, eta horrela mitoak eta estereotipoak erortzen hasten dira.

Ikastetxeei dagokienez, zuzendaritzek asko errazten digute lana. Badakigu curriculumaren karga oso handia dutela, baina ateak ireki eta espazioak lagatzen dizkigute. Haurrak oso irekiak dira informazioa jasotzeko eta jarduerak egiteko.

Kidez-Kide da esku artean duzuen beste proiektu bat, Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza eta Gazteria Zerbitzuek bultzatutakoa.

Hiriko hiru ikastetxetan egiten ari den proiektua da: Federico Baraibar BHI, CPEIPS Corazonistas eta Ekialdea BHI. 14-18 urteko gazteei zuzenduta dago, pertsona kritikoak, arduratsuak eta solidarioak prestatzeko, kolektibo desberdinen artean dauden desberdintasun sozio-ekonomikoen aurrean kontzientzia hartzeko eta horren arabera jarduteko gai izango direnak. Kidez-Kideko partaideek beren adin bereko eta beste ikastetxe batzuetako neska-mutilak ezagutzeko aukera dute Ibagué-n, Kolonbian, Gasteizekin senidetutako hirian, teknologia berriak eta sare sozialak erabiliz. Horrela, esperientziak, kezkak, zaletasunak, interesak eta abar partekatzen dituzte.

Hiru ikastetxeetako gazteak oso desberdinak dira, eta, beraz, lan egiteko modua ere aldatu egiten da. Batzuk errealitateaz gehiago jabetzen dira eta beste batzuk errealitate paralelo batean bizi dira, beraiengandik erabat urrun, baina guztiek parte hartzen dute eta bakoitzak bere onena ematen du.

Kulturak borrokatu al dezake azkenaldian entzuten ditugun mezu xenofoboen aurka?

Bai, hori da haiei aurre egiteko modu bakarra. Datuek ere laguntzen dute, baina ematen ditugun datu eta informazioak ez dituzte sinetsi nahi zenbaitzuk. Kulturak jendearengana hurbiltzen laguntzen dizu. Pasio bera partekatzen duten bi pertsona badaude, pintura adibidez, grina horrek batu egingo ditu, eta, behin hor egonda, elkarrizketan hasten dira, elkar ezagutzen, arazoak partekatzen direla sentitzen. Kulturak gizakiaren onena erakusteko aukera ematen dizu, beldurrak apurtu.

Uste duzu egunen batean kulturen arteko mestizaje horrek eta mundu osoko herrien mugimenduak lortuko duela atzerriko kultura batek exotikoa izateari uztea eta gure idiosinkrasiaren parte izatera iristea?

Nik uste dut jada egunerokoaren parte dela. Iraultza teknologikoak beste errealitate batzuetara hurbiltzeko eta modu zuzenagoan ezagutzeko aukera ematen dizu. Errealitate hori dagoeneko bizi da hemen, baina beldurra da orain azkenaldian entzuten dugun diskurtso erreakzionario guztia. Gasteizen, kulturartekotasunaren alde lan handia egiten ari da, Alde Zaharrean Goian hezkuntza-proiektua dago, hainbat ikastetxetako guraso-elkarteak… proiektu txikiak dira, baina bizikidetzan sakonduz eta lagunduz doaz.