“Eguneroko bizitzako objektuak, hala nola bitrozeramika edo pixoihalak, espazio lasterketari esker existitzen dira”

Susana Malon zientzia dibulgatzaileak astronomia hurbiltzen die Arabako ikastetxeei, planetario mugikor baten bidez

lumínica hambiental-9
Susana Malón, astronomoa, fisikaria eta dibulgatzaile zientifikoa./Yone Estivariz

Susana Malonek gogoan du nola txikitan belarretan etzan eta ordu luzeak pasatzen zituen izarrei begira. Hor hasi zen astronomiarekiko duen grina. UBIn argi zuen biologia ikasiko zuela, baina irakasle baten etorrerak bere etorkizuna aldatu zuen. “Inoiz ez dut ahaztuko Escalona andereñoa, fisika ematera etorri zen eta liluratu ninduen. Etengabeko motibazioa zen klasean, beraz, fisikaren alde egin nuen azkenean”, dio Susanak.

Malon, orain, astronomoa, fisikaria eta argi-kutsaduraren arloan espezializatutako dibulgatzaile zientifikoa da. “Nire pasioa lanbide bihurtu dut”, dio. Azaldu duenez, duela urte batzuk argi kutsadurari buruzko hitzaldia ematea proposatu zioten ikastetxe batean, “Ondo atera zen, baina faltan bota nuen aparteko tresnaren bat hitzaldia emateko”. Ideia hau buruan zuela, ‘Cosmium, viajeros de las estrellas’ izeneko proiektua garatu zuen, diziplina anitzeko hezkuntza ekimen bat, astronomia  360ºko planetario digital mugikor baten bitartez hurbiltzea helburu duena, argi kutsaduraren inguruan sentsibilizatuz.

“Irakasleei laguntzeko ikastetxeetara joan-etorririk egin beharrik gabe eramaten dugun proiektua da, eta jarduera erabat esperientziala da”, dio Susanak. “Kontua ez da dibulgazioa bakarrik, ikasleak ere motibatu behar dira“. Astronomoaren arabera, haurrek “ikasteko gogo handia dute eta zientzialari bat zentrora gerturatzeak asko motibatzen ditu”.

Susana Malón Odon de Apraiz ikastolan./ Yone Estivariz

8 urte dibulgatzen

2012tik 300 ikastetxetara baino gehiagotara joan da, eta milaka ikaslerengana hurbildu du astronomia. “Izarrak begiratzen ez ditugun lehen zibilizazioa gara. Eta ez ditugu begiratzen, ez ditugulako ikusten “, adierazi du. Full Dome 360º teknologiak gaueko zerua denbora errealean eta gizateriaren historiako edozein unetan ikusteko aukera ematen du. Horrek aukera ematen die ikasleei jaio ziren egunean zerua nola zegoen jakiteko, beste bitxikeria batzuen artean.

Gainera, Lurraren mugimenduei, konstelazioei eta zeruko objektuei buruzko ezagutzak eskuratzen dituzte. Izarren azpian orientatzen ere ikasten dute, planeta guztietan zehar ibilaldi bat egiten dute, eta zibilizazioen mitologia eta kulturari buruzko informazioa jasotzen dute.

Planetarioaren barruan gauza zoragarriak gertatzen dira“, dio Susanak. Kontatzen du nola behin irakasle batek ohartarazi zion talde batean arreta falta zuen haur bat zegoela, eta, beraz, agian eskola hainbat aldiz etengo zuela. “Haur honek galdetu zidan zein zen Grantecan-a osatzen duten segmentuen bibrazio maiztasuna. Une horretan jakin genuen ez zuela arreta gabeziarik, gaitasun handiak baizik “, azaldu du.

Planetarioaren barruan./Yone Estivariz

Argi kutsadura da saio horietan jorratzen den beste gaietako bat. Gaueko gehiegizko argiztapenak ez ditu soilik zeruko izarrak ezkutatzen, baizik eta ondorio energetikoak ere baditu, biodibertsitatearen, osasunaren, klima aldaketaren eta kulturaren inguruan. “Gure etxea diren izarretatik deskonektatzen ari gara. Hutsune bat da, eta kultur arazo nahiko handia“, azaltzen du.

Gizartearen eta zientziaren arteko aldea

Populazioak, oro har, ezagutza astronomikorik ez duela dio dibulgatzaileak. Zientzia komunitateari egozten dio ardura, hein handi batean, gizartearen eta zientziaren artean isolamendua egon dela uste baitu. Baina Susanak hori aldatzeko lan egiten du, “Tematuta nago zientzia kalera ekartzen, hitz errazekin azaltzen unibertsoan gertatzen dena. Ulertu behar dugu gaur egun daukagun kultura teknologikoa izarrei eta horiei buruzko galderak egin zituzten pertsonei esker dugula”, azaldu du. “Eguneroko bizitzako objektuak, hala nola bitrozeramika edo pixoihalak, espazio lasterketarii esker existitzen dira”.

Susana Malón Go Gasteiz Kulturarekin hitz egiten. /Yone Estivariz

Internet asko laguntzen ari da alde horretatik. Dozenaka zientzia-dibulgatzailek igotzen dituzte egunero bideoak sare sozialetara zientziaz hitz eginez. Publiko anitz batentzat pentsatutako bideoak. “Hori da behar duguna”, dio Susanak, “Amantala kendu eta denok ulertzeko moduan hitz egiten digun jendea”.

Bizitza Nazioarteko Espazio Estazioan

COVID-19ko krisiarekin ikastetxeetan planetarioak bertan behera utzi behar izan direnez, Susana Malon ikasleei zuzendutako espazioko bizitzari buruzko bideotutorial batzuk egiten ari da. Horietan, Nazioarteko Espazio Estazioan astronauten bizitzaz hitz egiten du, muturreko konfinamendu proba bat, “Gai hau oso ondo datorkigu etxetik atera gabe gauden egun hauetarako”.