Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina
Ángelek —Ardiluzu— eta Davidek —Burugabe— musika zuzenean marrazten dute, kronika bisualak, animazioak eta bideoklipak egiten dituzte, festak eta bestelako saltsak antolatzen dituzte, artistak harremanetan jartzen dituzte, eta beren abestiak jotzera ere ausartu dira. Haiek nahiago dute beste modu batera laburbildu: «sormen-ekintzarako komando» bat dira. Go Gasteiz haiekin solasean aritu da Gasteizko Andén 21 taberna enblematikoan.

Zuzenders 2016an sortu zen. Nola elkartu zenituzten zuen bi ibilbideak proiektu bakar batean?
Urteak ziren elkar ezagutzen genuela, batez ere kontzertuetan topo egiten genuelako. Biok marrazten genuen musika, baina modu desberdinetan. David argazki baten gainean esku hartzen edo mugikorrean hatzarekin marrazten egon zitekeen, eta nik nire marrazkiak egiten nituen.
Zakatumban eta marrazkilariak elkartzen zituzten beste ekimen batzuetan ere egin genuen topo, Dibupoten, esaterako. Halako batean, elkarrekin erakusketa bat egiteko aukera sortu zen, eta galdera nahiko sinple bat etorri zitzaigun burura: «Eta zergatik ez dugu zuzenean marrazten erakusketan bertan?».
Eta hortik hasi zen dena hazten.
Abiapuntuko ideiak ia ezinezkoa dirudi: musika marraztea. Marraztu daiteke benetan entzuten ari den hori?
Musikaren eta arte plastikoen arteko loturak betidanik egon dira. Artista askok eta askok musikatik abiatuta egin dute lan, eta badira erritmo handia duten konposizio piktorikoak ere. Ez zaigu hain gauza arraroa iruditzen.
Sinestesiarik ere ez dugu egiten. Ez dugu nota bat entzun eta automatikoki kolore bat ikusten. Gureak zerikusi handiagoa du musikak une horretan eragiten digunarekin. Azken batean, pixka bat nahi duguna egiten dugu —diote barre artean—.
Eta asko aldatzen da entzuten ari zarenaren arabera. Jazzetik hasi eta rock-and-rolla edo funka marraztu ditugu. Musika lasaiago batek, adibidez, zerbait abstraktuagora eraman zaitzake. Baina norberaren aldartearen eta kontzertua bizitzen ari zaren moduaren araberakoa ere bada.


Lagatutako irudia. The Zuzenders.
Berdin marrazten duzue zuen kabuz kontzertu batera joaten zaretenean eta Zuzendersek enkargu profesional bat jasotzen duenean?
Ez. Egoera desberdinak dira.
Alde batetik, alderdi profesionala dago: enpresa edo jaialdi batek kontratatzen gaituenean, aurretik planteamendu bat, behar batzuk, garatu beharreko animazio batzuk edo entregatu beharreko emaitza bat egoten dira.
Eta gero alderdi pertsonala dago. Larunbat batean kontzertu batera zoaz, talde bat ikusten ari zara eta marrazki bat egiten duzu, gogoa eman dizulako. Davidek ideia oso polita dauka horren inguruan: kontzertuetako sarrera fisikoak ia desagertu direnez, marraztea zeure oroitzapena sortzeko modu bat da.
Gure sareetan biak bizi dira elkarrekin. Lan profesionalak daude, eta bat-batean eskuz egindako marrazki bat agertzen da, edo han geundelako besterik gabe egin dugun zerbait.


«Sormen-ekintzarako komando» gisa definitzen duzue zeuen burua. Zergatik komando bat?
Gerrilatik zerbait badu, berehalakotasunetik ere bai, eta baita gauzei handitasuna kentzetik ere.
Funtzionatzeko modu ludiko hori gustatzen zaigu. Hemen gaude, hau gertatzen ari da eta zerbait egiten dugu. Kontzertu bat gogoratzeko marrazki bat izan daiteke, edo zuzenean gertatzen ari den zerbait.
Baina «sormen-ekintzarako komando» horrek badu zentzua beste arrazoi batengatik ere: aspaldi utzi zion Zuzendersek musika marraztea soilik izateari. Jaialdiak, erakusketak, dibupintxadak, musika… egiten ditugu. Eta Gasteizko jende desberdinaren arteko lotura sortzeko elementu gisa ere funtzionatzen dugu.
Egin ditugun gauzarik politenetako bat, hain zuzen ere, elkar ezagutzen ez zuten pertsonak gure saltsaren bati esker elkarrekin gauzak egiten amaitu izana da.
Ez diogu atea gauza askori ixten.

Lagatutako irudia. The Zuzenders.
Zuzenean marrazten duzuenean, zer da garrantzitsuena: geratzen den obra ala sortzen ari zineten bitartean gertatu dena?
Proiektuaren arabera.
Kontzertuak gogoratzeko egiten ditugun marrazkietan, adibidez, beharbada marrazki bakoitzak bere horretan ez du zentzu handirik. Baina urteak daramatzazunean hori egiten, memoria bat eraikitzen hasten zara. Kontzertu batera joaten zaren bakoitzean zerbait uzten duzu, eta pixkanaka artxibo bat, arrasto bat sortzen da. Hor hartzen du zentzua proiektu gisa.
Beste lan batzuetan, aldiz, garrantzitsuena une horretan bertan gertatu da. Musika bati laguntzen ari zara, irudiak musika entzuten den bitartean agertzen dira, eta horixe da haien unea. Gero arrastoren bat gera daiteke, berriro ikus dezakezun zerbait, baina garrantzitsuena ordurako gertatu da.
Prozesuaren oso zaleak gara. Askotan, bideak berak emaitzak baino asebetetze handiagoa ematen digu.

Aurten musikaren eta plastikaren arteko nahasketa hori beste esparru batera eraman duzue Azkena Rock Festivalen irudi grafikoarekin. Zer esan nahi du horrelako enkargu batek?
Gure jarduera profesionalaren zati batek diseinu grafikoarekin du zerikusia, baina Zuzenders gisa egiten duguna ez da zehazki diseinu grafikoa.
Gu baino askoz diseinatzaile hobeak daude. Eta marrazkilari hobeak. Eta musikaz guk baino askoz gehiago dakien jendea. Baina urte asko daramatzagu gauza horiek guztiak nahasten eta hortik abiatuta irtenbideak bilatzen.
Hizkuntza eta ibilbide propio bat ditugu musikaren, grafikaren eta hiriaren inguruan. Eta hor uste dugu badugula zer ekarri, agian beste norbaitek guztiz bestelako modu batean planteatuko lukeena.
Azkenarako aurkeztu genuen proposamena, adibidez, ez zen irudi bat soilik. Bideoa, animazioa, musika, erreferentziak… zeuden. Guztiak ziren egin nahi genuena azaltzeko moduaren parte.



Zuen webgunean «kronista bisual» gisa ere definitzen duzue zeuen burua. Hainbeste urteren ondoren, Gasteizko kulturaren memoria grafiko handia pilatu duzue. Eszena bat dokumentatzen ari zaretela sentitzen duzue?
Ez daukagu «Gasteizko kultura-bizitza dokumentatuko dugu» esateko asmorik. Horretarako badaude lan askoz sistematikoagoa egiten duten hedabideak, argazkilariak eta profesionalak.
Guk begirada pertsonal bat eskaintzen dugu.
Nahi dugunera joaten gara, nahi duguna marrazten dugu eta interesatzen zaizkigun gauzak nahasten ditugu. Beraz, ez da inoiz hiriko kulturaren ikuspegi orekatu bat izango.
Baina begirada berezi eta freskoa izan daiteke. Eta, urteak igaro ahala, hori guztia hor geratzen ari da. Beharbada, denborarekin, memoria-balio hori ere hartuko du.

Teknikoki, nola marrazten da kontzertu bat zuzenean? Zerbait prestatuta eramaten duzue?
Normalean iPadekin joaten gara, eta oso azkar marraztu eta animatzeko aukera ematen diguten tresnak erabiltzen ditugu.
Gure lan egiteko moduak «komando» kutsu handia izaten jarraitzen du, nahiko punka da: oso bizkor ibili behar duzu. Abesti bat hasi, eta amaitzerako animazio txiki bat muntatuta izan dezakezu.
Normalean ez dago ezer aurrez prestatuta. Batzuetan taldearen izena edo elementu oso zehatzen bat eraman dezakezu eginda, baina emanaldian gertatzen dena bertan sortzen da.
Gero, aukera teknikoen araberakoa ere bada. Batzuetan lortu dugu marrazten ari garena zuzenean pantailetan agertzea taldea jotzen ari den bitartean. Beste batzuetan kontzertuan bertan egiten dugu eta gero proiektatzen da, edo jaialdiaren edo bezeroaren sareetan erabiltzen da.
Eta badira, halaber, kontzertu osoa bizi ondoren, hurrengo egunean lasai-lasai amaitu ditzakezun marrazkiak.

Lagatutako irudia. The Zuzenders.
Hainbeste urte musikariak marrazten eman ondoren, zuek ere instrumentuak hartzea erabaki zenuten. Nola gertatu zen?
Musika entzutea gustatzen zaigu, kontzertuetara joatea, etengabe hitz egiten dugu musikaz… eta halako batean geuk ere «exekutatzeko» pausoa eman genuen. «Exekutatu» izango da seguruenik hitzik egokiena —diote algaraka—.
Pandemiaren inguruan izan zen. Hainbat bideoklip eginak genituen eta pentsatu genuen: «Ba, egin dezagun geure bat». Aplikazio batekin abesti bat egiten hasi ginen, gure marrazkiak sartu genituen eta, pixkanaka, kontua hazten joan zen.
Musikalki eskarmentu handia falta zaigu, badakigu. Baina sekulako musikariak gurekin jotzera igotzea eta ondo pasatzea lortu dugu.
Eta hor berriro agertzen da Zuzendersen oso berezkoa den zerbait: loturak sortzea. Musika ere jendea elkartzeko beste aitzakia bat da.

Lagatutako irudia. The Zuzenders.
Jendea elkartzeko ideia hori Pixkat ta Pista bezalako proiektuetan ere agertzen da. Zer bilatzen duzue horrelako ekimenekin?
Pixkat ta Pista Habemus Estudiorekin batera egiten dugun Tiny Desk-en gure bertsio moduko bat da: bi talde, bakoitzak bi abesti, hamar minutu eta fuera. Formatu oso sinplea eta zuzena bilatzen dugu, eta saio bakoitzeko fanzine txiki bat ere egiten dugu.
Horrelako egoerak sortzea gustatzen zaigu. Gauzak gertatzeko aitzakia bat sortzea.
Eta orain El Txoko de Txiki ere jarri dugu martxan Vinylorarekin. Ideia oso gauza sinple batzuetatik abiatzen da: disko-denda bat, sofa bat eta gitarra bat. Musikariak biniloen artean begiratzen du, disko bat eta abesti bat aukeratzen ditu, eta gero sofara joan eta gitarrarekin jotzen du.
Azkenean, beti itzultzen gara antzeko leku batera: musika, marrazkia, jendea eta topaketa bat errazten duen egoera bat.
Shut Up! Band at Work ere bultzatu duzue, itxuraz nahiko gauza sinplea eskatzen duen ekimena: taldeari lan egiten uztea. Hain gaizki entzuten ditugu kontzertuak?
Gu, beste ezer baino lehen, publikoa gara. Kontzertu askotara joan gara eta kontzertuak entzutea gustatzen zaigu. Eta ez da beti posible, jendeak izugarri hitz egiten duelako.
Shut Up! Band at Work arreta-dei gisa sortu zen. Hasieran ideia handinahiagoa zen, jende gehiago inplikatu eta kanpaina handiago bat egin nahi genuen, baina horrek guztiak lan handia eskatzen du eta, azkenean, pegatina eta txapetan geratu da batez ere.
Baina mezuak hor jarraitzen du. Eszenatokian lanean ari direnekiko errespetu kontua da.
Eta orain guk ere jo dugunez, beste aldetik ikusten duzu: han zaude, soinu-ekipo guztiarekin, jotzen, eta aurrean jende mordoa daukazu berriketan.
Noizean behin publikoari errieta txiki bat egitea ere ez dago gaizki.


Eskerrak: Bar Andén 21

