FORMATUAKELKARRIZKETAK«Nekiena egiten nuen, ez gustatzen zitzaidana»

«Nekiena egiten nuen, ez gustatzen zitzaidana»

Egurra Ukitzen-eko tailerrean ez dago egurrari begiratzeko modu bakarra. Bertan, pitzadura bat ez da zertan akatsa izan behar, eta pieza inperfektu bat ez da zertan baztertu behar.

Argazkiak: Isabel González Ortiz de Urbina

Koloretako erretxinak, goroldio kontserbatua eta arotzeriako tresnen artean, Gaizka Olartek eta Elena Buenok artisau-proiektu bat eraiki dute, etengabeko ikaskuntzatik, saiakera eta akatsetik eta materialak ulertzeko modu oso pertsonal batetik sortua.

Hau guztia eguneroko behar batetik eta eskuekin gauzak egiteko gogo zehatz batetik hasi zen. Gaizkak orduan “egurrarekin zerikusirik ez zuen beste zerbaitetan” egiten zuen lan, ordenagailu baten aurrean, planoak eginez. “Nekiena egiten nuen, ez gustatzen zitzaidana”, gogoratzen du. Dena aldatu zen Kuartangoko herri batean etxe bat alokatu zuenean. Lorategirako altzariak behar zituzten eta ez zegoen aurrekonturik. “Lanean nengoen tokian palet eta egur hondar asko geratzen ziren, eta eraman ahal nituen. Horrekin hasi nintzen gauzak egiten: sofak, mahaiak… Beti gustatu izan zait eskuekin gauzak egitea, baina inoiz ez nuen bereziki egurrean pentsatu”.

Paletekin egindako lehen altzari haietatik zerbait gehiago sortzen hasi zen. Gaizka erretxina epoxiarekin esperimentatzen hasi zen, egurrarekin nahasten, intuizio hutsez gidatuta. Gero Udaleko arotzeria ikastaro bat etorri zen, aurreko lana amaitzen ari zen garai berean. “Asko ikasi nuen arotzeriaz. Eta bitartean nire gauzak egiten jarraitzen nuen, hobby moduan, erretxinarekin probak egiten. Ikastaroa amaitu nuenean esan nuen: edo edozein lan bilatzen dut edo honekin saiatzen naiz, hau baita gustatzen zaidana”.

Lehen bultzada hark beste izen batekin hartu zuen forma: Palet Jauna. Zentzua zuen lehengai nagusia paletak ziren bitartean, baina galdu egin zuen enkargu serioagoak iristen hasi zirenean, egur nobleekin egindako lanak eta erretxina jada esperimentu hutsa ez, baizik eta nortasun-ezaugarri bihurtu zenean. “Jendeak deitzen zidan paletak saltzen ote nituen galdetzeko”, gogoratzen du irribarrez. “Eta ni kalitatezko egurrarekin eta erretxinarekin egindako piezak saltzen ari nintzen”. Aldaketa behar zen. “Ezin duzu Palet Jauna deitu eta 500 euroko mahaiak saldu”, laburbiltzen du. Horrela jaio zen Egurra Ukitzen.

Lau eskuren artean hazten den proiektua

Bidean, Elena agertu zen, eta berarekin proiektuak oreka erabakigarria hartu zuen. “Nik ere beste lan bat nuen, baina beti izan naiz trebea. Gainera, ‘maña’ ere bai”, dio Elenak barrez. “Akaberetan laguntzen hasi nintzen, rotulazioan, diseinuan…”. Gaizkari falta zitzaiona, berak findu egiten zuen. “Piezak bukatzeko behar den pazientzia, azken lixatzea, dena fin gera dadin… ni pixka bat zakarragoa nintzen”, gehitzen du Gaizkak.

Gaur egun, biak oso ondo koordinatutako talde bat dira. Elena arduratzen da batez ere rotulazioaz, diseinuaz, sare sozialez eta antolakuntzaz; Gaizkak fabrikazioa, atal teknikoa eta tailerreko lanaren zati handi bat hartzen ditu bere gain.

Urteekin katalogoa handituz joan da, eta gaur egun anitza bezain bereizgarria da. Alde batetik, egur eta erretxinazko piezak daude: mahaiak, mozteko oholak, botila-irekigailuak, belarritakoak, erretiluak edo poltsiko-hustekoak. Bestetik, haur produktuak, hala nola ikaskuntza dorreak edo neurgailuak. Animalientzako ontziak, papioiak, egurrezko azaleko koadernoak eta trofeo pertsonalizatuak ere egiten dituzte. Eta duela gutxi lerro berri bat gehitu dute, oso ondo funtzionatu duena: goroldio eta liken kontserbatuen koadroak. “Azkena atera duguna da eta azoketan egia esan asko gustatu zaio publikoari”, azaldu du Elenak.

Pitzadura aukera bihurtuta

Egurra Ukitzen-en gakoetako bat materiala begiratzeko moduan dago. Arotz tradizionalago batek pieza akastun edo alferrikako bat ikusiko lukeen tokian, Gaizkak aukera bat ikusten du. “Erdian zulo bat duen zuhaitz-xafla bat primeran etortzen zait”, dio. “Ikusten dut eta pentsatzen dut: hemen erretxina sartuko diot. Jada pentsatzen dut zulo hori erretxinaren kolorearekin eta egurraren kontrastean”. Zuntz irregularrak, pitzadurak edo enborraren zatirik kaltetuenak ere piezaren azken edertasunaren parte bihurtzen dira.

“Arotz arrunt batek hori ezin du erabili”, azaldu du. “Zuloak estaltzen edo zatitzen ibili behar du. Niri gehiago kostatzen zait lantzea, baina emaitza, pitzadura horrekin edo urdina geratuko den marra horrekin, adibidez, oso polita da”.

Hala ere, horra iristeko lan handia, teknika eta ikaskuntza handia behar dira. Erretxinak, bideoetan sinplea dirudien arren, alde konplexu eta aurreikusezina du. Ez dagokion lekutik ihes egin dezake, burbuilaz bete edo emaitza hondatu. “Bideo bat grabatzen duzu eta dena oso polita dirudi, baina gero hasten zara ikusten nondik ihes egiten duen”, kontatzen du Gaizkak. “Edo hurrengo egunean bueltatzen zara eta burbuilaz beteta dago. Eta pieza hondatu egiten da”. Akats bakoitzak ikasgai bat uzten du: nahasketak gordetzea, oinarriak aldatzea, aurreikusten ikastea. “Gero eta gutxiago gertatzen da”.

Saiakera eta akats prozesu hori estetikan ere islatzen da. “Duela sei urteko piezak agertzen zaizkigu eta jada ez zaizkigu gustatzen”, dio Elenak. “Akaberak, adibidez, orain finago egiten dituzu”. Gaizka ere bat dator: “Lehen ondo zegoela pentsatzen zenuen, baina gero ikusten duzu eta…”. Nahiz eta batzuetan publikoak kontrakoa pentsatu. “Seguru norbaitek zaharrak aukeratuko dituela”, diote barrez.

Artisautza eta azokak

Urtearen zati handi batean, haien erakusleiho nagusia sare sozialak dira. Baina publikoarekin zuzeneko kontaktua funtsezkoa izaten jarraitzen du. Azokek ez dute soilik saltzeko balio, baita ezagutarazteko, materiala erakusteko eta jendeari ukitzen uzteko ere. “Lan handiak azoketan ezagutu gaituztelako ateratzen dira maiz”, dio Elenak. “Instagramen ikus dezakezu, baina ez da gauza bera produktua aurrez aurre ikustea, ukitzea”.

Azoka guztiak ez dira berdinak. Hasieran edozein merkatura joaten ziren, baina azkar ikasi zuten edozein testuinguruk ez diela balio. “Edozein azoka ez zitzaigun balio”, dio Gaizkak. “Artisautza azokak izan behar zuten”. Ez baita gauza bera beste artisau batzuekin egotea edo produktu industrialarekin. “Ezin duzu 28 eurotan belarritakoak saldu aurrean 2 eurotan saltzen badituzte Aliexpressetik ekarrita”.

Egutegia ulertzeko modua ere aldatu dute. Orain indarra artisautza azoketan eta batez ere Gabonetako kanpainan jartzen dute, errentagarriena baita. “Jendea detaile baten bila joaten da”, diote. Beste azoka txikiagoetan, berriz, jendea talo edo ardo baten bila joaten da, eta zerbait gustatzen bazaio, erosten du.

Horri guztiari kostuak, ziurgabetasuna eta nekea gehitu behar zaizkio. Horregatik baloratzen dute hainbeste Artisau, Arabako Artisau Elkarteko kide izatea. “Beste artisauen konpainia izatea batez ere”, laburbiltzen du Elenak. Askotan pertsona bakarra egoten baita tailer batean. Eta bi izan arren, badakite zein garrantzitsua den lagunduta sentitzea.

Zerbait kontatzen duten objektuak

Tailerrean, txoko bakoitzak istorio bat gordetzen du. Mendira edo furgonetara eramateko pentsatutako mozteko oholak, ezkontzetarako papioiak, arte egurrarekin egindako lanparak edo Kutxiko tabernetan edo mendi lasterketetan amaitzen duten trofeoak. Pieza bereziagoak ere badaude, Lichtenberg teknikarekin sortutako irudiak, elektrizitatearekin egindakoak. “Bi mila boltio jartzen dizkiot egurrari”, azaldu du Gaizkak. “Elektrizitateak egurra erretzen du eta tximisten antzeko formak sortzen ditu. Gero garbitu eta erretxinaz betetzen dut”.

Arotzeria, diseinua, intuizioa eta jolasa nahasten dira beraz. “Bururatzen zaigun guztia egiten dugu”, diote. Eta hor dago, agian, Egurra Ukitzen-en xarmaren zati handi bat: ez dagoela bide bakar bat, ezta egurra ulertzeko modu bakarra ere. Eta apurtuta, baztertuta edo inperfektua dirudienak ere beste modu batean iraun dezakeela.