Argazkilaria: Isabel González Ortiz de Urbina.
Nazioarteko Sleepwalk Collective taldearen sustatzailea eta eszenaren ertzak etengabe astintzen dituen sortzailea, Iara ez da moldeak apurtzen dituen artista bakarrik: desiratik, ikerketatik eta afektibitatetik berrasmatzen ditu. Elkarrizketa honetan, bere ibilbide pertsonala, artistikoa eta erlazionala jaso dugu.
Zein izan ziren zure lehen urratsak artearen munduan? Etxean ba al zenuen erreferenterik?
Zorte ona izan dut. Nire aita eskultorea da, baina ez gintuen inoiz artista izatera bultzatu. Bai, ordea, etxean oso argi defendatzen zen sormena eta askatasuna. Hainbat eskolaz kanpoko jardueretara apuntatzen gintuzten, denetarik probatzeko. Esaterako balleta dastatu nuen, helduekin MS-DOS programazioa ere probatu nuen… eta konturatu nintzen nire bidea sortzea, zuzentzea, hutsetik imajinatzea zela. Gabonetan lehengusinarekin antzerkitxoak muntatzen nituen. Hori izan zen hasiera.

Eta interpretatzeaz harago, prozesu osoa kontrolatzeko beharra… handik dator ere?
Guztiz. Ez nuen inoiz soilik antzeztu nahi. Eszenikoarekiko ikuspegi orokorrago eta artisauago bat interesatzen zitzaidan. Multzoa diseinatu, kontzeptua pentsatu, oinarritik sortu. Oso azkar ulertu nuen, nahiz eta “kudeaketa” hitza ez erabili. Intuizio argia zen.
Nola iritsi zinen zure bokazio horri erantzuten zion formakuntza bat aurkitzera?
Kasualitate kate bati esker. Unai López de Armentiaren izebak nire izebarekin egiten zuen lan, eta haren bitartez ezagutu nuen Londresko Rose Bruford College. Dossierra ikusi nuen eta flipatu egin nuen: nik nahi nuen hori zen zehatz-mehatz. Hara joan nintzen, proba ofizialik egin gabe, eta zuzendariarekin hitz egin nuen. Gutun bat idatzi nion, testu bat… eta onartu egin ninduten. 17 urte nituen, modu ez-ofizialean sartu nintzen, baina edo hori edo ezer ez.

Nolakoa izan zen Rose Bruford College-eko etapa? Zer eman zizun?
Erabat eraldatzailea. European Theatre Arts izeneko programa batean ikasi nuen: performatibotasunetik, hizkuntza propioa sortzetik, diziplinartekotasunetik. Irakasle zoragarriak genituen, artista aktiboak, eta asko ahalduntzen gintuzten. Han jaio zen Sleepwalk Collective, Sammy Metcalferen eskutik.
Sleepwalk Collective 2006an sortzen duzue. Zer bilatzen zenuten?
Formatu tradizionalekin hautsi nahi genuen, bai. Performatibotik gentozen, hizkuntza postdramatikotik, sorkuntza propioaren alde. Hasieran oso prekarioa zen, lagunentzat egiten genuen antzerkia, baina Krea zenekoaren lehen laguntza jaso genuenetik, Gasteizera itzuli eta bira haundiak egin genituen. Lau kontinentetan aritu gara: Kubatik Australiara, Europa osoan zehar. Oso bizia izan da.

Hasieratik uztartu izan duzu sortzaile rola programatzaile eta eragile kulturalarekin. Zergatik?
Guk egiten genuenarentzat ez zeuden testuinguruak. Inork ez zigun antzoki bat uzten, eta tabernetan programatzen hasi ginen. Scratxe Gauak sortu genituen, prozesuak partekatzeko. Bidea irekitzea zen helburua, guretzat eta beste askorentzat. Pertsonala eta profesionala nahastu egiten dira. Testuingurua sortzea ezinbestekoa da obra sortzeko. Niretzat funtsezkoa da.
Hortik jaio zen inTACTO jaialdia ere, zortzi urtez programatu zenuena. Zerk bultzatu zintuen sortzera?
Kanpoan ikusten genituen gauza hura guztiak —ikaragarriak, beharrezkoak, apartekoak— Gasteizera ekartzeko desirak. inTACTO hizkuntza eszeniko garaikide horiek partekatzeko apustua izan zen. Eta duintasunez amaitu genuen: jaialdiaren unerik onenean, ez zela jasangarria ikusi genuen. Eta hori ere erabaki politiko eta poetikoa izan zen.

Urte batzuetan Madrilgo espazio ezberdinetan artista elkartua izan zara. Nolakoa izan da esperientzia?
Asko ikasi dut. Madril basatia da, baina oso formatzailea. Conde Duquen gazteekin lau formatu eszenikori buruzko programa bat egin genuen. Teatro de la Abadian, berriz, asko landu genuen auzokoekin lotura eta bitartekaritza. Baina konturatu nintzen nire oinarriak ezin zuela Lavapiés izan. Zarata handiegia, sendatzeko leku gutxi.
Eta sendatzeari buruz ari garela: orain Valentziako herri batean bizi zara. Zer ematen dizu?
Bai, Valentziak sendatzen nau. Komunitatea elkartuago dago, artista artean babes gehiago dago. Baina badago beste zerbait ere: argia, tenperatura, dardara… Pentsatzeko eta sortzeko leku bat da. Gorputzak nabaritzen du.


Antropologia ikasten ari zara. Zer eman dizu bide berri honek?
Burua leherrarazi dit! Konturatu naiz nire lan eszenikoak pentsamendu antropologikoa artistikoki gorpuzten duela. Bestea ulertzea, loturak sortzea, esperientziak erraztea. Nituen intuizio asko marko teoriko batek babesten ditu orain. Trantsizio errituak, liminaltasuna, komunitatea… Denak egiten du klik.
FIAR, arte erlazionaleko jaialdia itxi berri duzu Gasteizen. Zer nabarmenduko zenuke lehen edizio honetaz?
Intentsua, nekagarria eta ederra. FIAR harremanetatik sortutako topagune bat da, belaunaldien artekoa, afektiboa. Ez da soilik lanak erakusteko: konexioak sortzeko da. Inoiz antzerkira joaten ez den jendea etorri da, eta gero euren ama ekarri dute. Gauza garrantzitsuak gertatu dira, nahiz eta oraindik ebaluatzen ari garen.


Uste duzu arte eszenikoetan afektibitatearen norabide berri hau etorkizuna dela?
Bai. Orain ez da bakarrik dramaturgia tradizionalarekin apurtzea, baizik eta partekatzea, berriro konektatzea. Antzerkiak presentzia eta lotura sortzeko gaitasun paregabea du. Jende gero eta gehiagok parte hartu nahi du, bizi, gorputza jarri. Giza izaeraren muina da.
Eta zer dator orain zuretzat?
Esploratzea, laguntzea, ikastea. Batzuetan artista izango naiz, beste batzuetan bitartekari, beste batzuetan programatzaile. Guztia dago konektatuta. Eta guztiak du zerikusia konfiantzarekin. Bestearekiko, prozesuarekiko, oraindik ikusten ez den horrekiko.




