Belar txarrak zirrikituetan hazten dira. Harresiak pitzatzen diren lekuetan, kontrola ahultzen den tokietan sortzen dira: iraunkorrak, aurreikusezinak eta menderatzen zailak. Halaxe funtzionatzen du Kultura-Bitartekaritzaren mekanismoak ere — sistemaren pitzaduretatik barneratzen da, politikotasuna tekniko bihurtu duen, kolektiboa prozedura bilakatu duen eta bizia protokolo bihurtu duen sistema horretan.
Gaur egun, burokraziak kultura-kudeaketa zurrun eta aspergarri bilakatu duen une honetan, ekoizpen-eraginkortasunaren estandarrak jarraituz, bitartekaritza den belar txar horrek berriro kokatzen gaitu entzunean, zaintzan eta komunean; kultura gizakion garapen osoaren osagai ezinbesteko gisa ulertaraziz.

“Etorkizuna ekintza kultural bat da” esaldia da Eskubide Kulturalen Plan berriaren leloetako bat; Pedagogías Invisibles taldeak Kultura-Bitartekaritzaren ardatz estrategikoan koordinazio- eta errelatoria-lanak egin ditugu. Bost hitz soil horiek begirada-aldaketa baten beharra iragartzen dute, paradigma-aldaketa baten seinale, non etorkizun desiragarri bat eraikitzea gure eskubide kulturalak praktikan jartzetik hasten den.
Horretarako, Kultura-Bitartekaritza eskubide kultural horien bideratzaile den praktika-esparru gisa agertzen da: kultura-politika tradizionaletatik (produktibitatean, sektorizazioan, ordezkaritza politikoan eta agendaren sorreran oinarrituak) prozesuan, zeharkakotasunean, testuinguruan eta parte-hartzean oinarritutako kultura-esparruetara igarotzeko aukera emanez.
Hortaz, Kultura-Bitartekaritza ez da “publikoak” gerturatzeko osagarri bat izan behar, baizik eta kultura ulertu eta egiteko modua birdefinitzeko ardatz estruktural bat, kulturari bere dimentsio politikoa, soziala eta gizatiarra itzuliko diona.

Inspiragarritzat jotzen dugu Tarragonako Udaleko Kultura Sailaren lana, zeinek kultura-plan estrategiko parte-hartzaile bat idatzi ondoren, non argi eta garbi apustu egiten den testuinguruaren eskubide kulturalak bermatuko dituzten politika kulturalen alde, Kultura-Bitartekaritzan aurkitu baitute planaren ardatz estrategiko nagusiak modu koherente eta jasangarrian aktibatzeko funtsezko praktika-esparrua.
Dokumentua ez da baliabideak antolatzera edo ekintza-lerroak zehaztera mugatzen; kultura ulertzeko modu berri bat proposatzen du bitartekaritzatik abiatuta, parte-hartzea, aniztasuna eta ekitatea benetan demokratikoak diren politika kultural baten zutabe gisa jarriz.

Testuinguru horretan, Kultura-Bitartekaritzak ez du zubi huts baten rola betetzen erakundeen eta herritarren artean, baizik eta elkarrizketa kulturala birdefinitzeko giltzarri bihurtzen da. Kasu honetan, Kultura-Bitartekaritzaz hitz egitea da prozesuaz, zeharkakotasunaz, testuinguruaz eta parte-hartzeaz hitz egitea. Ulertzea topaketaren denbora ezin dela neurtu eraginkortasun ekonomikoaren parametroen arabera; kultura ez dela bakarka eraikitzen, baizik eta beste sektoreekin (hezkuntza, gazteria, berdintasuna, gizarte-ongizatea…) elkarlanean; lurralde bakoitzak bere erritmoa eta beharrak dituela; eta parte-hartzea ez dela soilik bertaratzea, baizik eta sorkuntzan eta erabakietan parte aktiboa izatea.
Tarragona trantsizio-laborategi bat da gaur egun: erakusten du politika eta kultura-kudeaketa beste modu batean ulertzea posible dela, eta kulturari bere indar kolektiboa itzultzeko bideak badaudela. Apustu politiko eta, batez ere, etiko bat da: kultura administratu ez, landu egiten den ereduen bila aritzea.

Gaur egungo garai hauetan, Kultura-Bitartekaritza belar txar iraunkor bat da: ustekabean hazten dena, lurra aldatzen duena, egiturarik zurrunenetan pitzadurak irekitzen dituena eta, xume edo oparo, bere lekua hartzen duena, bizitza eta bizileku berriari bide eginez.
Pitzadura horietan arnasten du kulturak, eta birika bete airez oihuka dezakegu: kultura libreagoa, justuagoa eta humanoagoa nahi dugula.




