SAKONEANVitoria-Texas Beñat Andueza dantzariarekin

Vitoria-Texas Beñat Andueza dantzariarekin

Artista arabar asko ari dira etxetik urrun lanean. Aurtengo abuztuan haiek bizi diren hirietara bidaiatu dugu, zerk eraman zituen hara jakiteko eta haiekin batera gogokoen dituzten lekuetan ibiltzeko.

Beñat Anduezak 5 urte besterik ez zuela izan zuen dantzarekiko lehen harremana. “Beti nenbilen etxean dantzan. Musika edozein zela dantzan hasten nintzen eta showa egiten nuen familiarentzat”, gogoratu du. “Gurasoei balletean izena emateko eskatu nien. Ikastolan ere animatu nintzen euskal dantzak ikastera, baina azkenean utzi egin nuen, dantzari ordu gehiago eskaini ahal izateko”.

Beti “oso burugogorra” izan dela aitortu du, beraz, lehenengo ballet-eskoletatik hasi zen pentsatzen nola jardun zezakeen horretan profesionalki. Jose Uruñuela kontserbatorioan 17 urte bete arte jarraitu zuen ikasten, eta aldi berean Batxilergoa ikasi zuen. “Ahal nuen guztietan ikastaroak egiten nituen atzerrira dantza egitera joandako dantzari profesionalekin, Bilbon edo Donostian. Udako ikastaroak ere egin nituen, Londresko The Royal Ballet School-en eta Monakoko Academie Princesse Grace-n, esaterako”, azaldu digu.

Etorkizuna Gasteiztik urrun

Beñatek oso argi zuen dantza zela bere etorkizuna, “baina ez Gasteizen ez Euskadin ez nuen profesionalki dantza egiteko aukerarik“. Izan ere, gaur egun ez dago antzoki batean aritzen den konpainia egonkorrik. “Egonkortasuna, errepertorioa eta produkzio handiak dituen gertuena Dantza Konpainia Nazionala da, Madrilen, baina publikoa izan arren ez du egoitzarik antzoki batean. Biarritzeko Balleta ere bada, baina haren errepertorioa oso mugatua da. Horiek ez dira Gasteizera etortzen, eta Principal antzokian ia ez dago tamaina ertaineko dantza ikuskizunik”, deitoratu du.

Egoera horren aurrean, atzerriko konpainia profesionalen eskoletarako probak egitea erabaki zuen. “Prestatzen jarraitu behar nuen, eta dantzari profesional izatera bideratuagoa zegoen giroan egon. Europako zenbait eskoletan probak egin ondoren, Holandako Ballet Eskola Nazionalaren alde egin nuen, garai hartako zuzendariak, Jean-Yves Esquerre-k, trainee (ikastun) leku bat eskaini baitzidan”, dio. Konpainia profesional bateki harremanetan jartzeko bide emango zion horrek, prestakuntzako dantzari gisa artean, eta teknika hobetzen jarraitu ahalko zuen, artistikoki hazi eta karrera profesional baten dinamikak ezagutuz joan.

Beñatek ez zuen bi aldiz pentsatu, maletak egin eta Amsterdamerako hegazkina hartu zuen. Han urtebete igaro zuen, eta ondoren kontratu bat lortu zuen Atlanta Ballet 2 konpainian, Estatu Batuetan. Han beste urte bat egin zuen, bigarren konpainiaren produkzioetan dantzatzen, baita konpainia profesionalaren zenbait lanetan ere; Atlantako Operako ‘Carmen’ produkzioan ere hartu zuen parte.

Leku bat Texas Balletean

Orduan, Texas Balletean leku huts bat zegoela aipatu zion norbaitek. “Proba egitera etorri nintzen eta Ben Stevenson zuzendariak kontratu bat eskaini zidan egunean bertan. Aireportura lasterka joan behar izan nuen Atlantara itzuli eta gau hartan bertan ‘Carmen’-en dantza egiteko”, gogoratu du.

Hori duela bi urte gertatu zen, eta geroztik Texas Ballet Theatre-n lan egiten du. “Beti amestutako balletetako batean dantzatzeko zortea izan dut. Lehen denboraldian William Forsythe-ren ‘In The Middle, Somewhat Elevated’ lanean aritu nintzen, eta Benen klasikoetan ere hartu dut parte; zoragarriak dira. Haren balletak eta bera oso garrantzitsuak dira dantzaren mundu honetan”, azaldu du.

Haren lanaldia ez da hain ezberdina beste lan batzuekin alderatuta. “9:00etatik 18:00etara egiten dut lan, astelehenetik ostiralera. Hasteko ballet eskola bat izaten dugu, teknika lantzeko, eta hartara egun osorako prestatzen gara. Lantzen ari garen produkzioaren araberakoa da dena: egun batzuetan, ez gara estudioetatik ateratzen, eta bestetan, berriz, entsegu ordu bat besterik ez dugu. Emanaldiak ditugun asteetan estudioen eta antzokiaren artean ibiltzen gara, Fort Worthen edo Dallasen. Asteburuetan ere izaten ditugu entseguak emanaldien aurretik”, erantsi du. Baina jardunaldia ez da amaitzen etxera heltzean: “normalean nekatuta iristen naiz, beraz, egonean egon behar dut hurrengo egunerako prestatzeko. Gorputza eta minak zaintzeak denbora eskatzen du”, aitortu du.

Asko eskatzen duen lana

Beñatek dioenez, dantzan aritzea oso zaila da mentalki, eskaera “erabatekoa” baita. “Gogorra da minez jaikitzea egunero-egunero, eta hala ere barrari heltzea eta urteak lantzen ari zarenaren gainean berriro eraikitzea”. Hala eta guztiz ere, “oso betegarria” dela dio. “Jantziak soinean jarri eta agertokira igotzen zarenean, ahaztu egiten zara sakrifikatu eta atzean utzi behar izan duzun guztiaz. Klixea dirudi baina hala da, ez dago agertokian egotea bezalakorik”. Nolanahi ere, Beñatek badu aisialdirako astirik: “beti egiten dut tarte bat kafe bat hartzeko, barbakoa bat egiteko edo inguruko tex mex jatetxe batean afaltzeko”.

Texasen bi urte eman ondoren, aitortu du oraindik ez dela ohitu edonora joateko autoa hartzera. Gasteiz bezalako hiri txiki baten falta nabaritzen du, bertan leku guztietara bizikletaz joan ahal baitzara. Dallasen lan egiterakoan duten abiadura du gustuko: “ballet baten entseguan zaude eta handik bost minutura guztiz ezberdina den beste batean ari zara lanean. Horrelaxe funtzionatzen du konpainiak; edo trenera igotzen zara edo galdu egiten duzu. Publikoa ere garrantzitsua da. Nork esan behar zuen cowboyen Texasen badela antzokira balleta ikustera etortzeko prest dagoen jendea?

Gasteiztarrak dio ez duela bere burua Estatu Batuetan betiko ikusten. “Oraindik denbora gehixeago eskaini nahi diot karrera honi, ikasteko eta lortzeko asko dut, eta hori ezin dut Gasteizen egin”. Familiaren, lagunen eta hiriko giroaren falta sentitzen du. “Izugarri gustatuko litzaidake Gasteizen kultura eta batez ere arte eszenikoak gehiago balioestea; gainditu gabeko ikasgaia dugu, hiriarentzat ia ezezaguna baita mundu hau”, aldarrikatu du.

“Amildegira jauzi egiten duten dantza garaikideko proiektuak” miresten ditu, “dantza sustatzeko piloa arriskatzen dutenak, bai Arabako hiriburuan bai Euskadiko beste leku batzuetan, erakundeen ia laguntzarik gabe. Gainera, publikoak ikasi eta hazi egin behar du dantzari dagokionez. Gasteizek ez du arteen alde egiten profesionalki, eta horregatik askok amore ematen dute, edo alde egiten dugu gustuko dugun horretan jarduteko”.

Texasen bi urtez bizi eta lan egin ondoren, Beñat Anduezak gogokoen dituen lekuak gomendatu dizkigu:

Fort Worth Stockyards

“Historia ukitua duen turismo atrakzio handiena da inguruan. Aitonaren etxean telebistan ikusten nituen mendebaldeko filmetan egotea bezalakoa da, eta Texasen ideia bat egiteko balio du: barbakoa, cowboyak eta mendebalde basatia”.

Trinity River

“Gasteizko Eraztun Berdearen antzekoa da, baina askoz handiagoa; hemen diotenez, “everything is bigger in Texas” (dena da handiagoa Texasen). Hainbat kilometro duten bideak dira, Trinity ibaiaren ertzetan. Texasen ez da natura gehiegirik ikusten, klima dela eta; beraz, noizean behin hara hurbildu behar da, eta ilunabarra ikusi downtowneko etxe orratzei begira”.

Downtown Dallas

“Dallas hiriaren erdialdea da. Hiriko finantza eta arte barrutia da, eta bertan dago AT&T Performing Arts Center, Dallasen dantzatzeko dugun lekua. Bereziki ederra da gauez, etxe-orratz guztiak argiztatuta daudenean, alegia, Estatu Batuetako hiri bateko postal tipikoa”.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar