PROIEKTUAK"Nahiz eta euskarazko sorkuntza hain anitza ez izan, Araba gero eta presenteago...

“Nahiz eta euskarazko sorkuntza hain anitza ez izan, Araba gero eta presenteago dago”

Etxepare Institutuak hamarkada bat dihardu euskal hizkuntza eta kultura mundu osoan zabaltzen, euskal sortzaileen nazioarteko hedapena diziplina artistiko guztietan sustatuz

irene-larraza
Irene Larraza, Etxepare Institutuaren zuzendaria. / Yone Estivariz

Hamar urte igaro dira Etxepare Institutuak lehen aldiz ateak ireki zituenetik. Ordutik erakundeak bi arlo nagusiren sustapenean eta hedapenean dihardu: Euskal kultura eta euskara. Institutuak gehienbat hizkuntza horretan egindako kultura hartzen du, baina euskaldunek beste hizkuntza batzuetan edo testurik gabe egindako lan kulturalei ere erreparatzen die.

Etxeparek 3 milioi euroko aurrekontua du 2020an programa ugari garatzen jarraitzeko. Esanguratsuenen artean, euskal hizkuntza eta kultura irakurletza sarea, mundu osoko 35 unibertsitate ospetsuetan dagoena, eta bederatzi unibertsitate-katedrak, berriena Amale Artetxe Katedra, Argentinan.

Etxepare Institutuak egiten duen lana sakonago ezagutzeko, Go Gasteiz Kulturak Irene Larraza, gaur egungo zuzendariarekin hitz egin du.

Lurralde bateko hizkuntza eta kultura sustatzen diharduten erakunde asko dago, baina zertan da desberdina Etxepare Institutuaren eredua Cervantes Institutuarekiko edo Goethe Institut erakundearekiko?

Institutu guztien helburua berdina da: hizkuntza eta kultura kanpora eramatea. Gure kasuan, euskal kultura eta euskera. Neurri aldetik ezberdinak gara gure lurraldea txikiagoa delako, baina eredua pittin bat ezberdina ere bada. Normalean kultur institutuek kanpoan izaten dituzte egoitza ezberdinak eta hor txertatzen dituzte bai hizkuntza eskolak bai jarduerak. Gure ereduan, egoitza bakarra daukagu Donostian eta hortik antolatzen dugu gure lan guztia. Euskera irakaskuntza unibertsitateetan eta euskal etxeetan gauzatzen da eta kulturaren sustapena kulturgune, jaialdi eta beste toki batzuetan.

Atlantik 1050′ proiektuak euskal eta eskoziar dantza tradizionalak uztartzen ditu./ Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Institutua existitu izango ez balitz, euskara eta euskal kultura kanpoan zabaltzearen inguruan gertatu den guztiaz, zer ez litzateke errealitate izango gaur egun?

Etxepare existitu izango ez balitz, seguru asko ahulagoa izango zen sortzaileek jasotzen duten laguntza edo babesa kanpoan lan egiteko eta euskeraren kanpoko presentzia ere ahulago izango litzateke. Gauza batzuk egingo lirateke baina modu sakabanatuago batean. Etxeparek sendotasun eta kokapen finko bat ematen du institutua existitu aurreko mapa horri. 

Etxeparek bi lan ildo ditu: euskararen irakaskuntza eta euskal kulturaren sustapena. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, zer datu maneiatzen dira gaur egun: zenbat pertsona/ikastetxe parte hartzen dute sarean?

35 unibertsitate daude mundu osoan euskal kultura sustatzen. Gehienak Europan eta Ameriketan kokatzen dira eta 1.800 ikasle inguru daude euskara eta euskal kultura ezagutzen. ‘Euskara Munduan’ sarean beste 1.900 ikasle inguru ditugu euskara ikasten guk lagundutako 80 euskal etxeetan. Hauek batez ere Hego Ameriketan eta Estatu Batuetan daude.

Zein izan da euskararen irakaskuntzaren bilakaera azken urteetan? Ba al dago herrialderen bat euskarari harrera berezia egiten diona? 

Unibertsitate sareak Europan indarra asko du baina Estatu Batuetan badago foko handi bat ere. Gure irakurleen eta katedren banaketak ala erakusten du; 9 katedratik 5 Estatu Batuetan daude, eta bada akademikoki toki interesgarri bat indarra egiteko. Unibertsitatean ikasketak egiten ari diren ikasleak dira hemen gure helburu, beste kultura ezberdin baten inguruan gehiago jakin nahi duten horiek. Hortik iristen dira Euskal Herria ezagutzera.

Euskal etxeetan alderantziz gertatzen da. Hartzaileak normalki euskal diasporako ondorengoak dira. Hauek badute konexio bat euskara eta euskal kulturarekin eta hori jantzi egiten dugu hizkuntzaren bitartez. 

Huntza taldearen emanaldia Queen Margaret Unionen, Eskoziako Glasgow hiriko Celtic Connections 2019 musika jaialdian. / Etxepare Euskal Institutua

Bada euskal kultur ekoizpenetik zerbait nazioarteko testuinguru osoa erakartzen duena? Edo funtsezko elementuren bat laguntzen duena beste herrialdeetako ateak irekitzen?

Ateak irekitzen duena batez ere talentua da. Hemengo sortzaileek duten talentua eta gaitasuna nazioarte mailan lehiatzeko neurrikoa da. Gure euskal zinema, antzerkia, dantza eta literatura badabiltzate nazioartean besteen mailan. Kontuan hartuta gure herri dimentsioa, harro egoteko sortzaileak ditugula uste dut.  

Askotan izaten dugu sentsazioa euskaraz sortzea oztopo bat dela kanpora begira. Neurri batean bada muga bat baina neurri berean erakargarritasun puntu garrantzitsu bat da. Gure hizkuntza, momentu honetan Europan bizirik dagoen hizkuntza zaharrena da, eta baditu bere izaeragatik oso ezaugarri bereziak kanpoan jakin-mina handia sortzen dutenak. Ez da erraza halako sorkuntza maila izatea hizkuntza gutxitu batean eta horrek erakargarritasun handia sortzen du baita ere.

Zein azpisektore kulturalez arduratzen da gaur egun Etxepare?

Kultur sorkuntzari dagokionean diziplina guztiekin egiten dugu lan. Gure helburua zabalkundea da, ezagutaraztea. Adibidez, idazle bat toki batera eramaten badugu ez da idazle horren promozioa egiteko, gure helburua lekukotza bat uztea da.

Batzuetan guk produktoreak gara eta programazioak sortzen ditugu kanpoko eragileekin. Beste batzuetan hemengo eragileei mota desberdinetako laguntzak ematen dizkiegu edo sortzaileei zuzenean laguntzen diegu mugikortasunean, proiektu bat kanpoan dutenean bidaian, hostatuan eta horrelako gastuei aurrera egiteko laguntzekin.

Tio Teronen Semeak konpainiak FreshCool emanaldia eskaini zuen Edinburgoko Fringe jaialdian / Etxepare Euskal Institutua

Etxeparek euskal kultura-eragileen sustapena bultzatzen du. Ba al duzue daturik horrek salmentetan/kontratazioetan zer neurritan eragiten duen jakiteko? Zein azpisektorek dute lan-jarduera gehien atzerrian eta zeini kostatzen zaie gehien, eta zergatik?

Naiz eta salmentaren eremua gure helburu ez izan, gure dinamiketan saiatzen gara sektoreekin koordinatzen. Adibidez, iaz Eskozian proiektu bat egin genuen eta munduko musiken jaialdi batera lau euskal talde joan ziren. Horrekin batera foro txiki bat sortu genuen musika beste enpresa batzuk Eskoziara joan zitezen beste jaialdi eta programatzaile batzuk ezagutzera. Saiatzen gara gure erakusleihoak eta sektoreak loturak egin ditzaten. Berdin egiten dugu azoketan. Azoka jaialditxoetako programazioaz arduratzen gara baina eragile bakoitzak bere standean beren lana saltzen du. 

Zein izan da bilakaera azken urteotan programetan parte hartzearen eskaerei dagokionez? Kultur eragile berriak sartu dira?

Kulturgintza oso anitza da eta oso zaila da alderatzea bata bestearekin. Mugikortasunerako diru-laguntzetan adibidez ikusten dugu eskaera gorantz doala. Musikan adibidez errazagoa da kanpoan bira bat lortzea, eta gure deialdian parte hartzen dute talde askok. Aldiz, arte eszenikoetan, konpainiek modu profesionalago batean lan egiteko aukera daukate eta ez da hain erraza birak kanpoan lortzea. Baina ikusten dugu urtetik-urtera eskaerak gorantz doazela eta horrek esan nahi du badirela askok kanpoan lan egiten ari direnak.

Deabru Beltzak kale antzerki taldearen The Wolves ikuskizuna, Chalon dans la Rue jaialdian./ Etxepare Euskal Institutua

Euskadin, Europako testuinguruan gertatzen ari denarekin bat etorriz, administrazioa KSIak (kultura eta sormen-industriak) bultzatzearen aldeko apustua egiten ari da, beste profil eta jarduera profesional batzuk barne hartzen baitituzte, artistiko hutsetatik harago. Jarrera horrek Etxepare Institutuaren ekintza-ildoak berrikustea dakar? Hala balitz, zer aldaketa zehatz egingo dira eta zein epetan?

Gure kasuan garbira pasatu behar izan dugu nazioarte mailan zer gauzak egiten zituen Etxeparek eta zer gauzak Kultur Sailak, eta lan banaketa birpentsatu dugu. Azoka edo salmenta eremuko sektoregintza Sailak hartu du eta guk zabalkunde ekimenak koordinatuko ditugu. 

Gaur egun asko hitz egiten da berritzearen beharraz, baita kulturaren sektorean ere. Ikusten al duzue, Etxepare Institututik, euskal eragileak berritzen ari direla? Hala balitz, zer zentzutan? 

Bizirautea beti da zaila, kulturgintzan baita ere. Hori dela eta, nahitaezko gauza bat da berritzea. Musika eremuan, adibidez, aldaketa asko gertatu dira. Orain dela 10 urte diskoetxeak existitzen ziren eta orain sortzaileak dira beraien produktuen produktoreak. Egiturak indartzea da zailena, profesionalizatzean dago erronka, eta hor oraindik lana dago bai sortzaileengandik bai administrazioarengandik. 

Krego-Martin dantza konpainiak emanaldia eskaini zuen Edinburgoko Fringe jaialdian./ Etxepare Euskal Institutua

Nola baloratuko zenuke Arabako kultura-eragileek zuen programa eta jardueren parte hartzea?

Kultur sustapenean euskaraz sortzen diren produktuak mugitzen ditugu, baina gure diru-laguntzetan ez ditugu baztertzen beste hizkuntza batean sortzen direnak. Araban euskal sorkuntza ez da hain anitza beste lurraldeekin konparatuta eta hor ikusten da presentzia apalagoa dela. Bestela, Araban ere igoera bat ikusten da eta oso partaidetza osasungarria dauka.

Etxepare Institutuak Tabakaleran du egoitza, Donostian. Lehen pertsonan bizi izan duzu proiektu horren bilakaera, aldaketa asko izan baititu azken urteotan. Zein da Tabakalera gaur egun dagoen uneaz egiten duzun balorazioa? 

Tabakaleran ez gara partaide tipiko bat. Gure lan guztia kanpoan dago eta ez diogu ekarpenik egiten Tabakalerari gainontzeko proiektuak bezala, baina hor egotea oso interesgarria da distantzia motza daukagulako eragile askorekin. Tabakalera sendotzeko momentu oso onean dago. Oso anitza da, koordinazioan asko aurreratu da eta oso momentu interesgarrian dagoela ikusten dut.

Kalakan taldearen kontzertua Glasowko Celtic Connections Music jaialdian./ Etxepare Euskal Institutua

2019. urtea amaitu berri da; balantzea eginez gero, zer lorpen nabarmenduko zenituzke? Zer ikasi duzue etorkizunean aplikatzeko?

Bi mugarri izan ditugu batez ere. Batetik, euskararen irakaskuntzan “Euskara munduan” programa 100% hartu dugu. Harreman berri bat eraiki dugu euskal etxeekin, hurbilketa berezi bat lortu dugu. Bestetik, kulturaren sustapenean protagonismo handia izan du Scotland Goes Basque programak. Lehen aldiz hartu dugu jomuga zehatz bat urtean zehar ekimenak antolatzeko. Oso emaitza ona izan du, jaialdietan zentratu gara eta lan itzela izan da. Asko ikasi dugu hurrengo urteetan horrelakoak antolatzeko eta nola egin jakiteko. Hori dela eta, 2020an eta 2021ean Quebecken egongo gara.

Zer ekintza/programa/proiektu berri aktibatuko dira aurten?

Proiektu asko ditugu esku artean. ZABAL proiektuan adibidez Nazioarteko Bienaletako komisarioak ekarriko ditugu bisitan eta bilatzen dutenaren arabera agenda bat sortuko diegu artistak eta lan tokiak zuzenean ezagutzeko. Literaturan ere nazioartekotzea indartu nahi dugu urrats berri batzuk ematen, Quebeckeko proiektua ere martxan da eta gero puntualki toki zehatzetan egingo dira gauzak. Adibidez, uztailean Japonen egongo da ekintza bat, Estatu Batuetako Boise jaialdian ere egongo gara, Berlingo Bienalean Azucena Vieites artista plastikoa egongo da eta Galway kultur hiriburuan ere parte hartuko dugu.

Eider Rodríguez euskal idazlea FIl Guadalajara liburu azokan izan zen./ Etxepare Euskal Institutua

Azken urteotan hainbat funtzio bete dituzu Etxepare Institutuan, beraz, etxea ondo ezagutzen duzu. Hala ere, zuzendari lana hasi zenuenetik, zer izan da zailena eta zer pozgarriena?

Zailena pertsonen kudeaketa da. Atera nahi den guztia aurrera ateratzea ere erronka bat da. Pozgarriena kanpora joatea da eta euskal sortzaileak ikustea kanpoan bere burua defendatzen, gauzak ondo egiten eta besteekin buruz-buru eta maila berean lehiatzen, poza handia ematen du horrek.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar