“Kultur sektoreak bere burua berrasmatu beharko du aurrera jarraitu ahal izateko”

Álvaro Fierro Cultumetriako koordinatzaile eta ikertzaileak COVID-19aren krisiak kulturaren sektorean izaten ari den eragina azaldu digu

Álvaro Fierro, coordinador e investigador en Cultumetría, nos explica el impacto que está teniendo la crisis del COVID-19 en el sector cultural.
Álvaro Fierro, Cultumetriako koordinatzaile eta ikertzailea./ Eva Máñez

Joan den apirilaren 3an, Karraskanek (Euskal Autonomia Erkidegoan kultur berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko elkarte profesionala) Koronabirusa euskal kulturaren eta sormenaren sektorean izaten ari den eragin ekonomikoaren laburpena osatu zuen. Txosten horren arabera, erakunde bakoitzak batez besteko 16.000 euroko injekzioa beharko du pertsiana berehala jeitsi behar ez izateko. Kultur sektorearen egungo egoera aztertu dugu Alvaro Fierro Cultumetria enpresaren arduradunarekin. Erakunde horrek adierazleak diseinatu eta kultur proiektuak eta politikak ebaluatzen ditu.

Karraskanek bere bazkideen artean Koronabirusaren krisiak ekartzen ari den eraginei buruz argitaratu duen “Eragin ekonomiko negatiboa Kultura eta sormena sektorean’ txostena egiten lagundu du Cultumetriak. Zein ondorio atera dituzue orain arte?

Lehenik eta behin, galdera batzuk egin genizkien sektoreari eta bazkideei, ikusteko zer etorkizuneko perspektiba ematen ari zitzaien hau  guztia fakturazioari dagokionez. Sektorearen errealitatea aztertzen aritu gara eta Karraskanekoarekin alderatu dugu, egiaztatzeko, hain zuzen ere, gehienak autonomoak edo urtean 150.000 euro asko jota fakturatzen dituzten mikroenpresak direla. Autonomoen alten eta bajen errotazio handia dago, eta oso zaila da jakitea zer-nolako eragina izango duen langile horien enpleguan. Asmoa zen informazio bakarra bilatzea, eta 2020an pixkanaka indarrak berreskuratzen joateko beharko genukeen zenbatekoa zein izango litzatekeen jakitea, erakundeari diru kopuru zehatza eskatzen saiatzeko.

Eta zenbat diru beharko luke erakunde bakoitzak bere burua berreskuratu ahal izateko?

Sektoreak duen galera osoa milioi 1 euro baino gehiagokoa izango da, 44.000 euro erakunde bakoitzeko, batez beste. Gure kalkuluen arabera, batez besteko 16.000 euroko injekzioa beharko luke erakunde bakoitzak pertsiana berehala jaitsi behar ez izateko.

Karraskanez gain, zenbait erakundek, bai Euskadin, bai Estatu eta Europa mailan, lehen azterketa bat egin dute orain dela egun batzuk, COVID-19aren krisialdi honek kultura eta sormen sektorean izan duen eragin negatiboaren inguruan. Informazio hau guztia bateratuz, zein da sektorearen egoera gaur egun?

Sektorearen egoera txarra da oraintxe bertan, baina proiekzio okerragoa du zain. Kontuan izan behar dugu alarma-egoera hilaren 14an ezarri zela, eta adierazle ekonomiko fidagarri batengana joaz, gizarte-segurantzako afiliazioan eguneratu diren datuen arabera, 15 egun baino gutxiagoan ia 500 baja egon dira sektorean. Apirila askoz okerragoa izango da, eta maiatza are okerragoa. Ekonomiari dagokionez, egoera txarra izan du beti sektore honek, eta orain, noski, gehiago larrituko da.

Ba al dago krisiaren lehen une honetan bereziki kaltetutako azpisektorerik?

Arte eszenikoen azpisektorea, hots, zuzeneko musika eta dantza, antzerki eta abarreko ikuskizunak, jende asko bildu eta sarrerak saldu behar dituztenez, gehien fakturatzen duten sektoreetako bat izanik, krisi hau gehien pairatuko duten sektoreetako bat ere izango da. Gainera, ez du, beste batzuek bezala, eskala-ekonomiarik, eta azpiegitura eta kostu finko eta aldakor oso handiak behar ditu bere jarduera aurrera eramateko.

Zeintzuk dira krisi honi hobekien aurre egin diezaioketenak?

Esparru zeharkakoagoak aipa daitezke, hala nola aholkularitza edo bitartekaritza kulturala, nahiz eta berez oso eremu prekarioa den. Ekonomiari dagokionez, kostu gutxien dutenak dira hau guztia hobekien jasango dutenak. Denok gureak eta bat pairatu behar izan ditugun arren, pixka bat handiagoak diren enpresak, krisialdi honek sortuko dituen altxortegi-tentsioei eusteko gaitasuna dutenak, dira epe ertain-laburrean hobekien eutsiko diotenak. Uda ostean bai izango dutela eragina, eta askok itxi beharko dute.

Zein motatako eragileak dira kaltetuenak une honetan?

Gizarte-segurantzako afiliazioari buruzko datuetan ikusten daitekenez erregimen orokorrean kontratatuta dagoen jendea, eta uste dut, oraindik informazioa falta zaigun arren, arte eszenikoen sektoreak baldintzatutako pertsona guztiak izango direla. Pertsona horientzat  jada ez du zentzurik lan egitera joatea, jarduerak sine die eten direlako. Kontuan izan behar dugu normaltasunera itzultzean ezin izango dela jende asko elkartu espazio berean. Zentzu horretan, ikusten dut beste batzuek baino kostu finko eta aldakor txikiagoa duten autonomoek edo mikroenpresek aguantatzeko gaitasun handiagoa izan dezaketela.

Nabarmendu nahi nuke gauza bat dela kulturaren alorra eta beste bat sormenarena. RIS3ak (Europar Batasunak hala aginduta, lurralde bakoitzak ekonomiaren esparru jakinetan espezializatzeko ezartzen duen estrategia) zaku berean sartzen ditu, baina sormen-sektore hutsean, adibidez, publizitate-agentziak, arkitektura-estudioak eta abar daude, eta horiek fakturazioaren eta kulturaren esparruan kontratatutako langileen zati handi bat dira. Karraskanek egin duen azterketan, guk 93ko CNAE hartu dugu ardatz, hau da, arte-, jolas- eta entretenimendu-jarduerak.

Egoera honen aurrean eta epe laburrean, zer datu (adierazle) aztertu behar dira COVID – 19ak sektorean izaten ari duen eraginaren inguruan ahalik eta informazio errealena lortzeko?

Erakundeek neurriak hartu nahi badituzte – Dagoeneko egiten ari dira kreditu bigunen finantzaketa-ildoei dagokienez –,  adierazleak fakturazioarena eta altxortegi tentsioarena dira, jakina. Gutxienez, erakundeak erdi-salbatzen saiatzea; izan ere, 2020rako fakturazio-muga gutxi gorabehera zuten arren, orain zailago ikusten dute eta buelta ematea kostatuko zaie. Altxortegi adierazleak dira, batez ere, kontuan hartu behar ditugunak.

Azterketaren lehen une honetan, izaera kualitatiboagoko adierazleei ere erreparatu beharko litzaieke? Hala balitz, zeini?

Kulturaren inpaktu sozialaren defendatzaile sutsua naiz, ekonomikoarena baino gehiago. Uneotan, eztabaidaezina da paradigma aldaketa erabatekoa izango dugula. Hutsetik hasi behar dugu, ahal dugun guztia berrasmatu, aurrera jarraitzeko. Aldaketara egokitzeko gaitasuna izatea, lehen erronka oso garrantzitsua bazen, orain ezinbestekoa izango da. Adierazle kualitatiboen artean, online antolatzeko gaitasunarena, online lan egitekoarena… oraingoz, epe labur honetan, badirudi argi geratzen ari dela.

Egunotan egiten ari diren txosten ezberdinek antzeko adierazleak hartzen al dituzte kontuan?

Bai, krisialdiak sortutako lehen eragin honetan kontuan hartzen diren adierazleak ekonomikoak dira. Sektore bakoitzak, bere elkarteen eta abarren bidez, inkestak kaleratu ditu, sektorea pairatzen ari zen kaltea egiaztatzeko. Kulturan gertatu ohi dena gertatzen ari da, bakoitzak bere kasa egiten dituela gauzak, eta eragin hori deszentralizatu egin da. Orain, Kulturaren Euskal Behatokia azterketa orokorra egiten ari da sektore guztientzat, eta, agian, zentralizatu ahalko du dena pixka bat eragin hori. Baina uneotan, mundu guztia ari da ekonomiaren ikuspegitik abiatutako adierazleak egiten. Epe luzeagora, hau da, adierazle sozialak tajua hartzen dutenean, ikusiko dugu ea jendea modu kualitatiboagoan erantzuten ari zaien erronkei.

Zertan laguntzen du eta zertan zailtzen du erakunde bakoitzak bere azterketa egiteak?

Nik uste dut kalte egiten diela, batez ere, erabaki politikoak hartu behar dituztenei, errealitatearen ikuspegi alboratuagoa dutelako. Segur aski, kultura sailari txosten eta informazio mordoa iristen ari zaizkio oraintxe bertan, eta kosta egingo ari zaio puzzle hori osatzea. Ikusten dudan alde ona sektore honek bere burua antolatzeko duen gaitasuna da, beti izan duena. Atzera egin eta lanean hasi zerotik, irtenbide bat bilatzeko. Hainbeste txosten eta hainbeste azterketa sektorial egon izana ona izan daiteke zentzu horretan. Jendea lehen minututik martxan jarri den seinale.

Komenigarria al litzateke, epe ertainean, Euskal Autonomia Erkidegoan, gutxienez, analisi bakarra adostea?

Bai, horixe da Kulturaren Euskal Behatokia egiten ari dena, imajinatzen dut berehala botako dizkigula hainbat galdera. Kontuan izan behar da, halaber, zaila dela galdetegiei erantzutea, beti ziurgabetasunean igerian ari den sektorea delako, eta ez dakigulako hemendik 6 hilabetera gauza bat edo beste fakturatuko dugun, edo bihar, bat-batean, zerutik diruxka bat eroriko zaigun… Gure errealitatean oinarrituta dauden estimazioak dira, aurreko urteetako kontabilitate-ariketen esperientzietan, baina oso estimatiboak dira, eta oso konplikatua da azterketa bat egitea. Baina bai, uste dut txosten bakarra egon behar duela, eta egin diren gainerako azterlanek erreferentzia gisa balio diezagukete bakar hori eta gerokoak hobetzeko.

Uste dut, halaber, litekeena dela berriro ere horrelako egoera bat sortzea. Agian ez pandemia moduan, baina prest al gaude horrelako erronkei aurre egiteko? Orain arte ikusitakoaren arabera ez, baina ondo dago esperientzia hau izatea horretan pentsatzeko.

Orain arte COVID – 19ak zuzenean sektorean izaten ari den eraginaz hitz egin dugu, baina inpaktu horrek, zeharka, gizarte mailan ere ondorioak izango ditu. Hau da, kultur eta sormen proiektu eta egiturei gertatzen zaienak eragina izango du herritarren egunerokoan. Nola egin daiteke honen azterketa bat?

Nik bi modutara ikusten dut. Kultura-jarduerak, sektore ekonomiko gisa, eragina du ekonomiaren gainerako sektoreetan. Kontuan hartu behar da kulturan inbertitzen den euro bakoitzak efektua sortzen duela orain galduko den ekonomian. Eta bi, uste dut krisiak ere aukerak direla eta pentsatzeko balio behar digutela. Uste dut aukera bat izan daitekeela jendeak, oro har, kulturaz pentsatzeko, hausnartzeko, bere espiritu kritikoa pizteko, sintesirako gaitasun handiagoa izateko eta etorkizunerako antolatu ahal izateko.

Gaur egun, armada etorri da gu antolatzera, kaleak garbitzera, etab. Beti bilatzen dugu norbait guri laguntzeko, gu antolatzeko, zergatik ez gara gai geure burua antolatzeko eta horrelako egoerak elkarrekin konpontzeko, hirugarren batek salbatzea espero izan beharrean?

Cultumetrian, zu buru zaituen proiektuan, kultura-proiektuen eragina neur daitekeela defendatzen duzu, ez dela hain konplikatua, baina egitura askok zailtasunak aurkitzen dituzte beren proiektuen ekarpena neurtzeko, funtsean, balio ukiezineko ekarpenez betea dagoelako. Zein da zure errezeta edo formula magikoa?

Errezetak eta formula magikoak ez daude. Neurtzeko moduak dira, erreferentzia-ereduak, etab., baina zerikusia du askok dugun kulturaz pentsatzeko modu desberdin horrekin, pertsona hobeak izateko eta, batez ere, etorkizunak eta orainak aurkezten dizkiguten erronkak ulertzeko kultura kontsumitzea ona dela pentsatzeko modu horrekin. Neurtzeko zailagoak diren adierazle batzuek epe luzerako etorkizuna eskatzen dute, eta arte-diziplina batzuekiko interesa erakusterako orduan errealitatearen pertzepzioa aldatu ote zaizun jakiteko balio dute, adibide bat jartzearren. Pertsona kritikoagoak egiten gaituen hori neurtzen saiatu behar dugu, eta irtenbideak emateko balio diezagula.