PROIEKTUAKIkusleak lehen unetik bertatik

Ikusleak lehen unetik bertatik

KunArtera joan gara bisitan. Arte berrikuntzarako zentro horretan, 0 eta 6 urte bitarteko haurrek munduari so egiten diote arteen bitartez.

KunArte_1

“Zenbat eta goizago sartu kontaktuan arteekin, hainbat eta aukera gehiago dugu etorkizunean ere benetako kontaktua izateko”, dio KunArte arte berrikuntzarako zentroko zuzendari Pilar Lópezek. Duela zortzi urte sortu zen zentro berritzaile hori, Teatro Paraíso taldearen eskutik.

0 eta 6 urte bitarteko herritar orok familiekin batera arteez gozatzeko aukera ematea da KunArteren azken helburua eta, horretarako, hainbat lan-ildo jorratzen dituzte. Proiektu “bakana” da, eta haren bereizgarri eta berrikuntza nagusia da “KunArtek zein herritar multzori begiratzen dion. Izan ere, hala familiengan nola komunitate artistikoan, eskoletan eta hirian zentratzen gara”, azaldu du Pilarrek.

Gainera, Teatro Paraísok audientziak garatzeko metodologia propioa landu du, kultur alfabetatzearekin lotutakoa. Metodologia (COMEX deritzona) esperimentatze eta hausnartze bide luze baten emaitza da. “Lana ikusteaz gain, esperimentatzean” datza kontua, talde artistikoko kide Rosi Garcíaren hitzetan. Hartara, antzezpena amaitu ondoren, umeak eta familiak esploratzeko eta jolasteko espazio batera doaz, eta arteen mundua zuzenean ezagutzeko aukera dute bertan. “Jaiotzean hamaika lengoaia ditugu, baina galduz goaz haztean. Gure asmoa da lengoaia horiek garatzea, ez galtzea”, adierazi du.

Pilar López eta Rosi García./Endika Portillo

40 urteko esperientzia

Teatro Paraísok Arabako hiriburuan 40 urtez metatu duen esperientzia luzeaz baliatzen da KunArte. Konpainiak, besteak beste, Txoroleku gunea antolatu eta kudeatu du, Beñat Etxepare antzokian publikoak sortu eta prestatzeko garatzen den proiektua eta Nazioarteko Antzerki Jaialdiko Haurtxoak proiektua. Ibilbide horri esker, Haur eta Gazteentzako Antzezte Arteen Sari Nazionala jaso zuen 2012an.

KunArteren taldeak erantzukizun “benetan handia” sentitzen duela dio, umeek dena xurgatzen baitute. “Gizakien ikaskuntza garrantzitsuena jaiotzen denetik 3 urte bete arte gertatzen da. Arreta jartzeko oso ahalmen handia dute umeek, beraz, xehetasun oro zaindu beharra dago”, dio PilarrekGainera, lehenengo haurtzaroan konexio neuronalak “izugarriak” dira; horrenbestez, “oso garrantzitsua da inprobisaziorako ahalmen magnetikoa eta sortzailea maila gorenean egotea”.

KunArten umeek zein helduek hartzen dute parte kultur eta arte esperientzia batean, horregatik, biek ordaintzen dute sarrera, berdin-berdin. Umeak lehen unetik dira ikusleak; sarrera kobratzea nortasuna ematea da. Gainera, proiektuak iraunkorra izan behar du, baita ikuskizun eta jarduera bakoitzak ere”, aldezten du Rosik. Kontzeptu horrek ehunka familia erakartzen ditu urtero. “Gure lanaren sentiberatasuna eskertzen digute eta, batez ere, haien umeei onena eskaintzen saiatzea”, Pilarrek dioenez.

Conversaciones con las familias de KunArte: Parte1. Recuerda KunArte from TEATRO PARAISO on Vimeo.

Egoitza artistikoak

Artistak dira KunArte proiektuaren beste ardatzetako bat. Esate baterako, zentroak egonaldi artistikoak egiteko aukera eskaintzen die sortzaileei, beren sorkuntzak eta ikerketak lantzen jarrai dezaten. Horretarako, KunArtek bere instalazioak jartzen dizkie eskura, baita industria-pabilioi bat ere biltegi gisa erabiltzeko, eraikuntza lanak egiteko eta/edo esperimentatzeko, baita txikienen aurrean beren proposamen artistikoak probatzeko ere. “Ezagutzaren transferentzia oso garrantzitsua da. Guk denbora luzea daramagu honetan, eta egunen batean erretiroa hartuko dugu; hortaz, espazio bat eman baino gehiago, haien proiektuak elikatzen saiatzen gara, haiekin gure
jakinduria guztia partekatuz”, adierazi du zuzendariak.

2012tik, hamarnaka artista igaro dira KunArtetik beren lanak garatzeko asmoz, eta hemendik urte bukaerara arte horietako zenbait berriro aterako dira Abetxukuko agertoki txiki horretara, esperimentazio artistikoko lantegietan parte hartzera. Berrelkartze horretan, 3 eta 6 urte bitarteko haurrek jakin-mina pizteko aukera izango dute magia, musika, dantza eta perkusioaren bitartez, besteak beste.

Proiektu europarrak

KunArte nazioarteko zenbait agenterekin harremanetan izan da hasieratik. Gaur egun Europako bi proiekturekin dago lotuta: Mapping eta POCTEFA Mind the Gap. Horien bitartez, beste eragile batzuek nola lan egiten duten ikas dezake lantaldeak, eta “elkar aberastu”.

‘Mapping’ arte ikerketako proiektuaren helburua da 0 eta 6 urte bitarteko umeekin harreman sentsoriala sortzea, arte eszenikoen bidez. Bereziki, ideia hau landu nahi dute: “umeak gaurko ikusleak ere badira, ez bakarrik gerokoak”. Europako 17 herrialdetako 18 bazkidek hartzen dute parte, ikerketa garatzeko beren ezagutzak eskaintzen dituztenak.

‘Mind the Gap’ proiektuak, berriz, Pirinioen eskualdean garatzen ari diren hezkuntza eta kulturaren alorreko esperientzia berritzaileak harremanetan jartzeko xedea du. Lurraldean diharduten erakundeen zein hezkuntza eta kultura eragileen gaitasunak hobetzea du helburu nagusitzat, gazteen gizarte-inklusioa bermatzearren.

Covid neurriak eta etorkizuna

Familientzat zenbait hilabetez itxita egon ondoren, KunArte prest dago urrian ateak irekitzeko. Edukiera % 50era murriztuko da, 6 urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute derrigorrez, eta sarrerak eta irteerak mailaka egingo dira. Gel-ontziak ere jarriko da sarreran, eta tapiz desinfektatzaile bat. Horretaz gain, gune osoa desinfektatuko da jarduera bakoitzaren ondoren. “KunArte segurua da”, diote arduradunek, “kultura baino ez du kutsatzen”.

Rosi García eta Pilar López./Endika Portillo

“KunArtetik igaro diren eta igarotzen diren ume guztiek une gogoangarria bizi izanaren sentipena eramatea izan da beti gure asmoa, baita une zail hauetan ere”. Rosik eta Pilarrek erantsi dutenez, urte batzuk barru “taldearen zati bati erretiroa hartzea tokatuko zaigu, baina bitartean artearen garrantzia aldarrikatzen jarraituko dugu. Kultura ez baita herentzian jasotzen, konkistatzen baizik, eta gure umeei lagundu egin behar diegu hori lortzen”.

Esta web utiliza Cookies propias y de terceros para ofrecerte una mejor experiencia y servicio. Si continúas navegando, aceptas el uso que hacemos de ellas. Puedes cambiar la configuración de cookies en cualquier momento.<BR> Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horiek erabiltzea onartzen duzu. Konfigurazioa aldatu nahi baduzu, hurrengo linkaren bitartez egin dezajezu. Cookien politika ikusi Ver política de Cookies / Cookien politika ikusi

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar